Gipuzkoa konkistatu zuen Gaztelako erregearen omenezko kaleari izena aldatu dio Arrasateko Udalak herritarren eskariz

  • Gipuzkoa Nafarroako Erresumatik aterarazi eta Gaztelarentzat konkistatu zuen Alfonso VIII. erregearen omenezko kaleari izena aldatuko diote. Horren partez, “17 emakume" deituko da kale hori, frankismoaren lege matxisten aurka borroka egin zuten herriko emakume batzuen omenez.


2023ko abenduaren 13an - 07:30
Azken eguneraketa: 09:33

1.200 urtera arte, egungo Gipuzkoa, Araba eta Durangaldeko lurrak Nafarroako Erresumaren parte izan ziren. Baina, bederatzi hilabete iraun zuen Gasteizko setioaren ostean, Gaztelako Erresumak, Alfontso VIII. buru, konkistatu egin zituen. Indarrez konkistaturiko lur horien artean Leintz bailara osoa zegoenez, Alfonso VIII. erregeak Arrasaten duen omenezko kaleari izena aldatzea proposatu du Zuztarrak Errotuz taldeak. Arrasate konkistatu zuen pertsonaren omenez kale bati bere izena eman eta gaur arte mantentzea "onartezina eta mingarria" dela azpimarratu du. Aurretik ere kale horren izaeraren aurkako ekimenak egin izan dituzte Arrasaten, adibidez 2021ean Ehun mugimenduak kalearen plaka aldatu zuen eta horren partez "Euskal Errepublika" kalea ipini zuen.

Kalearentzako alternatiba ere proposatu dute Zuztarrak Errotuzeko kideek: “17 emakume kalea”. Ezkondutakoan emakumeei lan egiteko eskubidea ukatzeko frankismoak ezarri zituen legeei aurre egin zien emakume taldeari egiten dio erreferentzia. Talde horrek, beren garapen pertsonala eta independentzia ekonomikoa lortzeko, Auzo Lagun kooperatiba sortu zuen 1969an. 1971n, hamazazpi emakume horien ekimenez, Espainiako Estatuko lan arloko lehendabiziko haurtzaindegia sortu zen kontziliazioa errazteko, haiek lanean zeuden bitartean bere seme-alabak zainduak izateko. Handik gutxira zerbitzu hori Arrasate osoko haurrengana zabaldu zen. Hamazazpi emakume horiek ondokoak dira: Guadalupe Agirreurreta, María Dolores Albisua, Raquel Antolín, Isabel Apraiz, Pureza Aranzabal, Amaya Arregui, Pilar Arzamendi, Pilar Barandiaran, Isabel Boix, Maite Ceciaga, Lucia García, María Luisa García, Amaia Gorroñogoitia, María Purificación Iturbe, Estibaliz Landa, Eulogia Lasaga eta Mercedes Mogilnicki.

11 alde eta bi kontra

Udalbatzara eraman dute proposamena eta gehiagoak babestu du aldaketa: EH Bilduk eta Arrasate Elkarrekinek alde bozkatu dute (11 bozka), EAJ-PNV abstenitu da (8 bozka) eta PSEk aurka egin du (2 boto).

Kaleari izena aldatzeaz gain, Arrasateko Udalak beste bi konpromiso hartu ditu bere gain. Batetik, Portaleko arkuaren eskuinaldean errotulu bat jarriko dute honako testuarekin: "Gaztelako konkistaren aurretik Arrasate, Atxorrotx izeneko tenentzian kokatua, egitura bateratu batean antolatuta zegoen: Nafarroako Erresuma". Testuaren gainean Nafarroako bandera zintzilikatuko dute. Eta bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatuko dio azter ditzala foru egoitzaren beirate batean aipatzen diren gertaera historikoak, Alfonso VIII.arekin loturik daudenak.

Gipuzkoa konkistatua izan zela berresteko

Zuztarrak Errotuz taldeko lagunek azpimarratu dute hainbat urtetan historiografia ofizialak aztertu izan duela ea Gipuzkoa Gaztelara erresistentziarik gabe entregatu ote zen edo konkistatua izan zen. Egun, konkistarik gabeko  teoria mantentzea ezinezkoa dela diote: "Ez dago inolako froga zehatzik horretaz eta tartean susmoak, dokumentu faltsifikatuak besterik ez daudelako". Eta aldiz, diote, bortizkeriaren froga ugari dago, tartean dokumentu historikoak eta gerra aztarnak.

Beste kale batzuk badira Arrasaten konkista eta biolentziarekin lotutakoak. ARGIAk argitaratutako Gure Heroiak liburuan ondokoak jaso ditugu:

Okendo "soldadu heroikoa eta kristau errukiorra"

Espainiako Itsas Armadaren Almirante eta Santiagoko Ordenako zaldun Antonio Okendo Zandategi donostiarrak (1577-1640) ere badu bere omenezko kalea Arrasaten. Jatorri feudaleko nobleziaren eta merkatarien arteko familia bateko kidea zen, eta bere ibilbide militar luzearen lehen helmuga Napoliko galerak izan ziren. Lehen guda-gertakari esanguratsua egin zuen artean Espainiako monarkia inperialaren zati zen Portugalgo kosta defendatzen, kortsario ingelesen aurka. Atlantikoan holandesen aurka eta Mediterraneoan amazigen kontra aritu zen borrokan gero, baita hainbat urtez Ameriketako Espainiako kolonien inguruan ere. Besteak beste, 1624an, Habanako koloniatik Espainiara bidaian, zaindu behar zituen bi ontzi eta haien zilar guztia galdu zituen Okendok.

Militarrez jantzita, ezpata eskuan duela, Okendok Donostian duen estatuan ondokoa irakurri daiteke gaztelania hutsean: “Antonio de Oquendo almirante handiari. Marinel zaildua, soldadu heroikoa, kristau errukiorra. Zeinak Espainiako ahalmena gainbeheran zenean, ehun borrokatan Aberriaren ohoreari eusten asmatu zuen”.

Arrasateko santua

El Santo deitzen zioten Jose Garro Artola (1623-1702) arrasatearrari XVII. mendean. 15 urterekin Espainia Berria koloniara (egungo Mexiko) heldu zen eta Espainiako armadan sartzea erabaki zuen. Horren ondoren aritu zen Flandeseko gerran Herbehereetako independentisten aurka, Kataluniako Segalarien Gerran matxino katalanen aurka, Galizan portugesen aurka, eta abar. Argentinako Tucumaneko gobernadorea, Buenos Aireseko koloniako burua eta 1682an Txileko kolonien gobernadore eta kapitaina izan zen. Valparaison izan zen hamar urteetan, “Indio araukanoak asimilatzen egin zuen lan, ikastetxe erlijiosoetara sarraraziz eta kapitainen eta kazike indiarren alaben arteko loturak sustatuz” . 1701ean Gipuzkoako Kapitain Jeneral izendatu zuen Felipe V.ak. “Santu” horren omenez, Garro Jenerala kalea dago Arrasaten, baina ez da “santu” bakarra.

Otalora

Otalora lizentziaduna da Arrasate herriko kale nagusietako bat, Espainiako Inperioan ardura goren asko izan zuen Miguel Ruiz de Otaloraren omenez (Arrasate, 1500-1578). Felipe II.aren aholkulari, Nafarroa okupatuaren erregeorde, Indietako Kontseiluko zuzendari, eta Espainia Berria koloniako buru izan zen.

Hiru horiez gain, Espainiako Inperioaren mesedetan egindako zerbitzuengatik azken urteotan Euskal Herrian ezagunagoa egin den Elkano eta Nao de Santiago (Magallaesen itsasontzietako bat) kaleak ere badira Arrasaten, besteak beste.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kale izendegia
Olaia Beroiz: “Emakume errepresaliatuen kemena gogoratzea ezinbestekoa da”

Iruñeko Txantrea auzoko kale-izendegian frankismoan errepresaliatuak izan ziren hamar emakume gogoratuko dituzte. Ekitaldia egin zuten atzo eta auzoaren hegoaldean dagoen plaza bat oroimen gune ere izendatu zuten. "Garrantzitsua da historian gertatutakoa gogoratzea;... [+]


Frankismoak errepresialatutako emakumeen izenez jantziko dira Txantreako karrikak

Hiru urteko lanaren emaitza jaso du Iruñeko Udalak sinatutako dekretuak. Auzotik sortutako ekimenari esker, zazpi kale eta hiru plaza izendatuko dituzte.


2022-09-23 | ARGIA
Kale izendegi parekidea helburu, Veronica Urkiola plaza inauguratuko dute Hondarribian

Hiriko paisaian eta zehazki kaleetan emakumeek duten presentzia urria orekatzeko asmoz, zazpi plazari emakumeen izenak jartzea proposatu zuen Hondarribiko Emeki emakumeen elkarteak. Zazpigarrena inauguratuko dute larunbat honetan: Veronica Urkiola Lekuona plaza.


Karriketako plakak euskaraz ere jartzea “gure hizkuntza kalean ikusgai egiteko aurrerapauso handia izan da”

Sartagudako esperientziari jarraiki, zonalde ez euskaldunean kokatuta dagoen Lodosan ere gaztelania hutsean zeuden karriketako plakak bi eletan jartzea lortu du Lodosa Bizirik ekimenak. "Euskara bere lekua hartzen eta poliki-poliki bidea egiten" ari dela kontatu digu... [+]


2022-07-14 | Peru Iparragirre
Axier Lopez
“Dekolonialitateari buruzko eztabaida pil-pilean dagoenean gure zilborrari begirako diskurtsoak gailendu dira hemen”

Gure heroiak liburua idatzi du Lopezek Elkanoren mundu biraren bosgarren mendeurrenaren aitzakian, eta ARGIAk argitaratuko du, irailean. Euskal Herriko kaleetan kolonialismoarekin eta esklabotzarekin lotura duten pertsonaiek duten presentzia aztertu du, nazioartean sinbolo... [+]


2022-04-22 | Axier Lopez
Espainiako kolonialismoarekin lotutako bost kaleren izenak aldatzea eskatu dute Orion

Orioko bost kaleri izena aldatu diete Etxeluze gaztetxeko kideek hilaren hasieran, bideo batean jaso dutenez. Espainiako Inperioaren zerbitzura aritutako hiru militar eta bi goi arduradunen omenezko kaleak dira. Aldarrikapen hau ez da berria. 2019ko Gazte Festen hasieran bost... [+]


2021-01-05 | ARGIA
Euskal Herriko emakume ahaztuen izenak Iparraldeko kaleetan

Les Bascos elkarteak abiarazi du "Berdintasunaren bideak" ekinema, Euskal Herriko historiako emakume ezezagunak gogora ekartzeko. 


2020-01-14 | ARGIA
Gasteizko Espainia plaza berriz ere Plaza Berria izan dadin, sinadura bilketa

Presio herritarra egin eta gaia Udalera eramateko asmoz, sinadura bilketa abiatu dute interneten, 1936ko Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz Espainia plaza izena hartu zuenak jatorrizko izena berreskuratu dezan: Plaza Berria.


Izen frankistak kenduko dituzte Erandioko kale-izendegitik

Aho batez onartu zuen Erandioko osoko bilkurak, urriaren 31ko saioan, frankismoagaz lotutako pertsonen izenak kentzea kale-izendegitik. Horien ordez zer izen ipini erabakitzeko herri-kontsulta egingo dute.


2019-06-18 | ARGIA
Katalina Foixekoaren etorbideari Espainiako Armada izena jarriko dio berriz Navarra Sumak

Hala jakinarazi du Iruñeko Udalak ohar bidez. Aurreko alkate Joseba Asironek apirilean aldatutako etorbidearen izena lehengora itzuliko dute.


Donostia: gizonen hiria?

Non daude emakumeen izenak? Donostiako espazio publikoen izendegian emakumezkoen izena aurkitzea lan zaila da. Grosen, esaterako, ez dago emakume izena duen elementu bakar bat ere. Emakumeak eta Hiria Foroak urte ugari daramatza hiria genero ikuspegitik lantzen, eta gabezia hori... [+]


2015-02-20 | Estitxu Eizagirre
“Andre kalea” izena berreskuratuko du Hernanik

Hernaniko udalak "Andre kalea" izena itzuliko dio ofizialki larunbatean herriko kaxkoko kale nagusietako bati. Etxetik aulkiak jaitsi eta elkarrekin kalean lan eta jolas egiten zuten haiei leku egingo die izendegiak.


Eguneraketa berriak daude