“Gezurrak esatea izan zen Renfek eta Adifek egin zuten lehenengo gauza gure senideen heriotzen ostean”

  • Raul Fuentesek (Urduña) eta Gonzalo Faustmanek (Arrigorriaga) ama eta alaba galdu zituzten tren istripuetan Gardean eta Aretan. Orain borrokan ari dira egia argitu dadin eta ezbeharrak ekiditeko neurriak har ditzaten.

Raul Fuentesek eta Gonzalo Faustmanek ma eta alaba galdu zituzten tren istripuetan. Argazkia: Aiaraldea.eus

2023ko apirilaren 13an - 08:10

Raul Fuentesen ama 2022ko abenduan hil zen Gardeako tren geltokian. Gonzalo Faustmanen alaba, aldiz, Aretakoan zendu zen, 2016ko irailean. Kasu bietan tren batek harrapatu zituen pasabidean eta bietan ere hainbat esperientzia errepikatzen dira. Hasteko, Renfe eta Adif (Administrador de Infraestructuras Ferroviarias) enpresa publikoek gezurrak zabaldu zituzten biktimei buruz. “Nire amaren kasuan, esan zuten taka-taka batekin zeharkatzen ari zela burdinbidea. Nire amak ez zuen erabiltzen horrelakorik. Gainera, bere adinari buruz ere gezurra esan zuten” salatzen du Fuentesek.

Faustmanek antzeko egoera bizi izan zuen: “Vocentoko egunkari batean irakurri nuen nire alaba aurikularrekin zihoala eta horregatik harrapatu zuela trenak. Hamar lekuko zeuden tren geltokian eta batek ere ez du hori adierazi. Galdetu nion kazetariari nondik atera zuen informazio hori eta erantzun zidan Renfe zela iturria”.

Renfek esan zuen Raul Fuentesen ama taka taka bat erabiltzen ari zela trenak harrapatu zuenean, baina berak ziurtatu du hori ez dela egia

Hortaz, biek abiatutako borrokaren lehen helburua da jakitea benetan zer gertatu zen istripuetan. “Nire amaren kasuan, Ertzaintzari eskatu behar izan genion gertatutakoa iker zezan, benetan jazotakoa argitzeko”, aipatzen du Fuentesek. Fautsmanek ere epaiketara jo behar izan zuen egiaren bila: “Nire alabaren kasuan Adifek orrialde bakarreko txostena egin zuen: tenperatura jasotzen zuen, denak ondo funtzionatu zuela esan zuten, eta zehazten zuten gauza bakarra zen lau euro balio izan zuela lokomotorra garbitzeak eta atzerapenak sortu zirela gorpua erretiratu arte”.

Sei urte eta erdi bete dira Faustmanek salaketa jarri zuenetik eta oraindik prozesua ez da bukatu. Gezurrei eta euren galderen erantzun ezari gehitu behar zaio jarrera oztopatzailea ere erakutsi dutela Renfek eta Adifek. “Duela hilabete pare bat EFE Agentziarekin joan ginen Gardeako tren geltokira erreportaje bat grabatzera. Kazetariak baimena eskatu zien han grabatzeko eta heldu ginenean segurtasun langile bat zegoen gure zain, azpiegituran ez sartzeko”.

Enpresek legea bete dezaten

Egoera latz horiek eta enpresen jarrerak galarazten dute dolua gainditzea, estatuak berak ezarritako legeak ez baitituzte betetzen. 2014ko uztailaren 19an onartutako errege dekretuaren arabera, Renfek eta Adifek biktimak lagundu beharko lituzkete psikologikoki, juridikoki eta ekonomikoki. Ordea, egiatan ez dute horrelakorik egiten.

“2014ko legea oinarri hartuta, eurak jarri beharko lirateke biktimen senideekin harremanetan, baina ez dute egiten. Guk deitu behar izan diegu eta errege dekretuari buruz galdetuta, erantzun digute ez dakitela ezer horri buruz. 2023an egindako salaketa kanpainaren ondorioz  Garraio Ministerioak eta enpresek bi telefono jarri dituzte biktimen arretarako, baina deitu dugu eta ez dute ezer eskaintzen. Psikologo batek deitzen zaitu eta berak adierazten duen mezu bakarra da ez dakiela ezer eta ez duela eskumenik babes psikologikoa, juridikoa edota ekonomikoa emateko. Enpresa handiak direnez, ez dute legea betetzen, baina inori ez zaio bururatzen enpresa pribatu txiki batek horrelakorik egitea”, azpimarratu dute biek.

Bizitzak edo dirua

Raul Fuentesen eta Gonzalo Faustmanen borrokek bi arazo jartzen dituzte mahai gainean. Alde batetik, esparru penalean oso zaila da ardurak zehaztea. “Prozeduraren aldetik, oso arraroa da norbaitek zerbait txarto egin izana, soilik geratzen zaigu bide zibila. Orduan, inork ez badu kale egin, zergatik gertatzen dira harrapaketak? Euren ustez, biktimaren errua da beti”, hausnartu du Fuentesek.

Faustmanen alabaren harrapaketa azaltzeko, Renfek aipatu zuen aurikularrak eramaten zituela, baina istripuaren lekukoek ukatu dute hori

2010etik 2021era bitartean 94 lagun hil ziren tren pasabideetan Estatu espainiarrean, hortaz, arazoa ez da txikia. “Harrigarria da dauden teknologia berriekin, ezer ere ez ezartzea dauden pasabide guztietan horrelako istripuak ekiditeko” aldarrikatu du Fuentesek. Gonzalo Faustmanek, bere aldetik, azaldu du segurtasun arduradunarekin bildu zela neurri berriak eskatzeko eta behin eta berriro esan ziola ezinezkoa zela.

Bientzat korapiloaren muina argia da: “Tren pasabide seguruak egiteko inbertsioak egin behar dira. Gaur egun diru guztia Abiadura Handiko Trenera bideratzen dute eta nahiago dute dirua horretan gastatu bizitzak salbatu baino. Izan ere, merkeagoa da epaiketa bat ordaintzea, galduta ere, behar diren inbertsioak egikaritu ordez”.

Ildo horretatik, Raul Fuentesek zein Gonzalo Faustmanek zorionekotzat jotzen dituzte euren buruak: “Guk bitarteko ekonomikoak, familia eta babes eta prestutasun psikologiko nahikoa ditugu horrelako prozesu bati aurre egiteko, baina jende askok ez du salaketarik jartzen. Bide honetan izan dugun laguntza bakarra pertsona harrapatuen elkartea izan da, inork gehiago ez du ezer egin, gehienez, hitz onak”.

Helburua: hildako gehiago ez egotea

Renfe eta Adif enpresen isiltasunarekin behin eta berriro  topo egiten badute ere, Raul Fuentes eta Gonzalo Faustmanen xedea oso argia da, Gobernuak eta enpresek neurriak har ditzaten, ekidin daitezkeen heriotza hauek gehiago ez gertatzeko. “Asko dago egiteke. Adibidez, tren geltokietatik igarotzean 120 kilometro orduko abiadura har dezakete trenek, baina Euskotrenen muga hori 40 kilometro ordukoa da. Ni ez naiz segurtasunean aditu, baina argi dago hobetzeko tartea dagoela”.

Raul Fuentesek uste du gizarteak, oro har, ez dakiela zer nolako arriskua dagoen, nahiz eta hildakoak ugariak diren. Horregatik, hain zuzen, eurei dagokie egoera aldatzeko ardura: “Erakundeek eta enpresek dena estali nahi dute. Ondorioz, guk bakarrik azaleratu dezakegu errealitate hau”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Istripuak
2023-06-02 | ARGIA
Cintruenigon sutea piztu eta hodei toxikoa zabaltzen ari dela jakinarazi dute suhiltzaileek

Ostiral eguerdiko albistea: Cintruenigon sutea piztu da eraikuntzako materiala eta edukiontziak zeuden pabiloi batean eta hodei toxikoa zabaldu da inguruetan. Larrialdi zerbitzuek herritarrei dei egin diete etxeetan sartu, leihoak itxi eta ez ateratzeko.


2022-01-17 | Leire Artola Arin
Bizikleta martxa jendetsua egin dute Gaintxurizketara, txirrindularientzako segurtasuna eskatzeko

Mila lagun baino gehiago elkartu dira bizikleta martxan, Irunen urtarrilaren 8an auto batek jota hil zen Jon Rodriguez txirrindularia omentzeko, eta ziklistek errepideetan segurtasuna izan dezaten galdegin dute. Egun berean gidari bat atxilotu dute txirrindulari bat nahita... [+]


2021-11-18 | ARGIA
Behobia-Donostiaren antolatzaileek ez dute El periódico de Aragon-ek plazaraturiko lasterkariaren heriotzaren berririk

Aragoiko egunkariak jakitera eman du Taustekoa (Aragoi) den 27 urteko lasterkari bat zendu dela aurtengo edizioan. Ategorrieta parean konortea galdu zuen eta Gurutze Gorriaren Kanpainako Ospitalean artatu ondoren, Donostia Ospitaleko ZIUra eraman zuten. Informazioa ez diote... [+]


2021-10-18 | ARGIA
Langile bat hil da Donostiako taberna batean piztutako sutean

Igandez, urriaren 17an, sua piztu zen Donostiako Gros auzoko Gure Txoko tabernan. Suhiltzaileek bertako langilea oso larri aurkitu zuten biltegian eta larrialdietako zerbitzuetakoak kanpoan suspertzen saiatu baziren ere bertan hil zen.


2020-08-17 | Mikel Eizagirre
Gizon bat ito da Bakioko hondartzan

51 urteko bilbotar bat zendu da igande gauean Bakioko hondartzan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren esanetan, herritar batzuek uretatik irteteko zailtasunak zituela ikusi zuten.


Eguneraketa berriak daude