Zabor-jauziari buruzko ardura-banaketen fase honetan, proiektuaren egiletzan izan da azken eskandalua: Mondragon taldeko LKS-k 2004an egin zuen lehenbiziko proiektua eta Eusko Jaurlaritzak 2007an honi eman zion Ingurumen Baimen Bateratua (IBB). Baina proiektu hura ez omen da zabortegiaren jabe den Verter Recycling enpresak 2011n gauzatu zuena: 2007an bertan, IBB eskuratu berri zuen proiektua Geyser HPC ingeniaritza etxeari eman omen zion Verterrek, eta erabat eraldatu omen zen, Vocento taldeak argitaratu duenaren arabera. Geyser, bai, segur aski zure herriko hondakin kontuetan kontratatu izan dutena.
Irregulartasunen zerrenda luzean, bat gehiago planteatu du otsailaren 16an Diario Vascon eta El Correon David S. Olabarrik: 2007an Jaurlaritzaren Ingurumen Baimen Bateratua lortu berri zuen LKS-ren proiektua eskuan (hemen ikusgai proiektu horren ingurumen eraginaren txostenak, Jaurlaritzaren orrian), Verter Recycling enpresak Geyser HPCrengana jo zuela, zabortegiaren eraikuntza lanak, kudeaketa eta zabortegia ixteko lanak "optimizatzeko".
Informazio hau, kasualitatea edo ez, erantzukizunak eskatuko diren une beroan dator: otsailaren 18an eman beharko ditu azalpenak Urkulluk Legebiltzarrean, eta bakarrik ez, sailburuz inguratuta egingo du. Geyserri buruzko albisteak itxuraz LKS libratzen du arduren lohietatik, Mondragon taldeko enpresak 2004an egin zuen proiektu hura ez zela gauzatu aditzera ematen baitu, eta ederki zehazten du Verterrek LKSrekiko harremanak eten egin zituela. Baina albiste hau agian gehiago izan liteke zabortegiaren jabe den Verter Recycling enpresaren erantzuletza despistatzeko modua ere. Alegia, azpikontratari ardurak delegatzea, modako praktika, baita kasu honen arduradun diren politikarien artean ere ikusi dugun bezala. Izan ere, egoitza Leioan, Europako herrialde ia bakoitzean hanka bana, eta bihotza Alemanian dituen Geyserrek hau dio Zaldibarko zabortegiaz "bere webgunean" (dagoeneko ez dago bere webgunean ikusgai orri hori): "Aholkularitza teknikoa eskaini du proiektua ia osorik eraldatuz, eta Eraikuntza Proiektu berri bat egin du". Gehiago ere esaten du, ordea, zabortegiko bere funtzioez: "Eraikuntza lanen zuzendaritza, ikerketa ekonomikoak, ingurumen zaintza eraikuntza lanetan eta segurtasun eta osasun koordinazioa, ingurumen ikuskaritza programak". Egia esan, PDF orrialde bakarreko proiektuaren aurkezpen hau da Geyser eta Verterren artean Interneten dagoen arrasto bakarra, Vocento taldekoen albistearekin batera. PDF hori dagoeneko ez dago Geyserren webguneari lotuta. Diario Vascok dio kendu egin zutela webgunetik, eta Jaurlaritzaren webgunean dagoela ikusgai. Guk ez dugu aurkitu Jaurlaritzaren webgunean, baina erraz ekarriko dizu Googlek, "Geyser Verter Recycling" jarrita. PDF oso sinple bat, eta ia une honetan lapikoan dauden ardura askori buruzko galderak berari zuzentzeko moduan. Biribilegia dena? Hau frogatzen bada, sekulako eskandalua eta esklusiba? Gai honetan ikusi ditugunak ikusita, edozer izan daiteke.
Proiektuan edo hauek egiterakoan hanka-sartzerik egon bada, pentsa liteke azpikontratatutako Geyserrena zela "errua". Baina bada latzagorik: Geyserrek Zaldibarko proiektua "optimizatu" helburuari bi adjektibo hauek ere zehazten dizkio interneteko PDFan: "Optimizazio teknikoa eta ekonomikoa". Eta jarraian gertakizunek makabro egin duten esaldi hau gehitua du: "Proiektuaren jarraipena egitea ahalik gehien egokitzeko lanen errealitatera, bolumena eta egonkortasuna ahalik eta handienak izan daitezen". Vocentok albiste hau eman duen egun berean argitaratu du El Mundok titularretik beretik zabor-jausiaren zergatia seinalatzen duen artikulua: "Zabortegiak 13 urtean jaso zituen 35 urtean kudeatu beharreko hondakin industrialak". Eta hara non berriz ere Geyserren PDFak baduen esaldi bat, zabortegia hondorik gabeko zaku moduan bete izanarekin zerikusia duena: "Ustiaketan asistentzia teknikoa, eta ustiaketa planak".
Kontraesan oso handia planteatzen du egunkari horien artikuluak: antza denez Jaurlaritzaren Ingurumen Baimen Bateratua (IBB) ez zela aldatu, nahiz eta proiektua erabat diferentea egin omen zuen Geyserrek. Auskalo. 2007an eman zen IBB ikusgai dago, baina geroztik izan dituen aldaketak ez, eta tartean aldaketa handiak jasan ditu. Pentsa, IBBak berak hasieratik "arriskutsuak ez diren ondakinen zabortegia" izendatua du Zaldibarkoa, eta geroztik amiantoa onartzeko besteko aldaketak egin zaizkio IBBari. Hori diote Arriolak eta Zaldibarko alkateak, herritarrok ez dugu baimen horren agiririk ikusi. Baimen kontuetan, arreta deitzen du Geyserrek proiektu honi buruz webgunean ematen duen informazio apurrean adierazten duenak. Izan ere, berarekin lan eginda bezeroek lortzen duten "onuren" artean hauxe aipatzen du: "Ingurumen Organuarekin tramiteak / bezeroari laguntzea Ingurumen Organuaren baimeneraino". Buletin Ofizialetak aztertuta atera dugun informaziotik, hara: Geyserek 2007an, 2010ean eta 2013an Ingurumen sailarentzat gutxienez lau lan egin zituen. Zaldibarko proiektua "eraldatzen" hasi eta obra bukatu arteko tartea (2007-2011) barnean hartzen du epe horrek (ikus artikulu amaierako koadroan).
Zabortegiaren kudeaketa eta ingurumena kutsatzea kontrolik gabe egin zirela azaleratu da aste bakarrean. Obra zer kontrolekin egin ote zen? LKSren hasierako proiektua alegazioetarako irekia egon zen epe batean eta Bizkaiko Buletin Ofizialean iragarria. Hau ez zen egin Geyserren proiektuarekin. Zer dute esateko horretaz Zaldibarko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak?
Modu bakarra dago bi langileren bizitza eraman duen eta 20.000 pertsona bizi diren inguruneko airea (eta ikusteko dago ura) kutsatuz osasun publikoa arriskuan jarri duen eskandalu honetatik herritarrak eta erakunde publikoak duintasun apur batekin ateratzeko: Eusko Jaurlaritzak publiko egitea Verter Recycling 2002 enpresak Zaldibarren duen zabortegiari buruz duen dokumentazio osoa. Geyserrek egin zuen eta errealitatean gauzatu zela dirudien proiektu honetatik hasita. Ingurumen Baimenean egindako aldaketa guztiez jarraituta. Eta Verter Recyclingek erakutsi dezala Geyserrekin eta gainerako enpresekin egindako kontratuak (hondakinen kudeaketa ilunean herritarrek maiz egin duten eskaera da, kontratua erakustea).
Zenbat eta luzaroago ezkutatu Geyserrek aldatutako proiektua (martxan jarri zena, erreala), Eusko Jaurlaritzak IBBan egindako aldaketen dokumentuak, eta Ingurumen sailburuordetzak Verter Recycling enpresarengandik jasotako txostenak, herritarrari hipotesiak murrizten zaizkio pentsatzeko hondakinen kudeaketa pribatizatua eta osasun publikoa elkartzen diren kasuetan (guztietan, beraz), zein "harreman estilo" publiko-pribatuk egiten duen posible herritarren sudur aurrean delituak ere egitea enpresek, administrazioaren zigiluarekin.
GEYSER HPC ENPRESA HONDAKINETAN
- Ingurumen sailarentzat "Goiaingo industrialeko lurzoruaren kalitateari buruzko ikerketa" (2007). Ustez kutsatutako tokietan eraikitako industria-aldeen lurzoruen kalitatea ikertzea (2007). zabortegi publiko ez aktiboen ingurumen-eragina zaintzeko eta segimendua egitea (2010). Zabortegi publiko ez-aktiboen ingurumen-eragina zaintzeko eta segimendua egitea (2013).
- Donostialdeko San Marko zabortegiaren ingurumeneko baimen bateratua eskatzeko proietua (2011). Zabortegiko I. fasea ixteko eta berreskuratzeko proiektuaren zuzendaritza fakultatiboa (2004an). Zabortegiaren II. Fasea itxi eta berreskuratzeko xehetasun-proiektua idaztearen kontratua (2009). Aizmendiko zabortegian hondakin ez-arriskutsuetarako gelaxkaren I. faseari dagozkion obren zuzendaritza (2015).
- Beasaingo Sasieta zabortegia direktibaren esijentzietara egokitzeari buruzko ikerketa (2000). Sasieta zabortegiko 1 faseko berreskuratze eta itxiera proiektuko obra zuzendaritza (eta beste hainbat lan) (2008). Zabortegiaren mugak handitzeko proiektua idaztea (2008). Zabortegia berreskuratu eta ixteko 2a faseko proiektua (2016).
- Bergarako Epele: zabortegiaren egokitzapenari buruzko azterlana, hondakinak za¬bortegian utziz hondakinen ezabatzea arautzen duen Errege Dekretuaren eskakizunei jarraituz (2003).
- Bilbo, Artigas: gordailua zigilatzeko eraikuntza-proiektua idazteko laguntza teknikoa (2003an).
- Bermeoko erraustegiaren lehengo hondakindegia aztertzeko ikerketa (2006).
- Barakaldo: Bakea-Tellaetxe aldean lurzoruaren kalitatearen ikerketa eta ingurumeneko jarduketen azterlanak (2012)
- Urduña: zabortegia berreskuratzeko eta zigilatzeko proiektua eta Los Milanos kokalekua kontrolatzeko lanak egitea (2014).
- Igorre: hiri hondakinen deposituan ingurumen berreskurapena egiteko lanen aholkularitza eta zuzendaritza teknikoa. III Fasea: behin betiko ixtea. (2017)
- Galdakao: kutsatuta egoteko arriskua duten lurzoruetan jardutea: Tiro Zelaia eta Basabera bidea (2017)
- Bizkaiako Ur Partzuergoak kontratatu zuen 2018an Ibarra auzoan lurraren erresistentzia termikoa neurtzeko.
Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.
Baionako Auzitegiak ezarri duenez, Basusarrin dagoen Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta Donibane Lohizuneko CBA Artolak 100.000 eurokoa.
Enpresari eskatu dio lan horiek egiteko Arantxa Tapiaren sailak, baina Verter-ek ez du erantzun. Lanek “bospasei” urterako ziurtatuko dute zabortegiaren egonkortasuna, 750.000 euroko aurrekontuarekin.
Ostegunean ziren deklaratzekoak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko hiru teknikariak, baina justizia auzitegietako lanuzteen ondorioz ezin izan dute egin. Verter Recycling enpresari Ingurumen Baimen Bateratua nolatan eman zioten azaldu beharko dute.
Jaurlaritzaren Ingurumen Saileko hiru teknikarik deklaratuko dute, Zaldibarko zabortegian ingurumenaren kontrako delituak ikertzen dituen auzian. Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak elkarretaratzera deitu dute Durangoko epaitegi aurrean.
Hirien hondakinak bildu eta txikitzen diren lekuetara bisitaldia egitea eskoletako derrigorrezko txangoa izan beharko litzateke. Gaileta paketetxo bat ireki barneko bi gaileta irensteko, eta pakete azalaren ibilbidea mentalki eraiki. Helmugan paratzen da giza aktibitatearen... [+]
Hondamenditik hiru urte bete direnean prentsaren aurrean aitortu du Tapia sailburuak "ikuskapen teknikoak" egiten ari direla, zabortegia "egonkor eta seguru" dagoela, baina oraindik ez dela zigilatuko horretarako baimena eduki arren. Izan ere, Verter... [+]
Zaldibar Argitu plataformak deituta Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak omendu dituzte Eitzaga auzoan, zabortegian harrapatuta geratu zirenetik hiru urtera. Auzia argitzeko beharra berretsi dute eta ardura politikoak hartzeko eskatu.
Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaz geroztik hondakinen kudeaketan Bizkaian dauden hutsuneak nabarmendu ditu talde ekologistak txosten batean. Azaldu duenez, hondakinak kudeatzeko plan berriaren zirriborroa oraindik ez da onartu eta 2016koa dago indarrean. Hondakin organiko... [+]
Datorren igande eguerdian, otsailaren 5ean, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileak oroitu eta argipenak eta erantzukizunak eskatuko ditu Zaldibar Argitu plataformak.
Heriotza, drama, lana, luizia, mina, angustia. Mugak, neurriak, grinak, maitasuna eta sendia. Inauteria. Zaldibar eta pandemia; bizitza zabortegian. Estreinatzear da Axut eta Artedrama antzerki konpainiek elkarlanean sortu duten azken lana: Hondamendia. Urriaren 14an egingo dute... [+]
Europako Batzordeak beste behin adierazi du Eusko Jaurlaritzak legedia bete zuela Zaldibarko zabortegiaren kasuan. Zaldibar Argitu plataformak nabarmendu du Lakuak bidalitako informazioa soilik izan duela kontuan Bruselak.
Otsailean urte bi bete dira Zaldibarko zabortegia amildu zela. Martxoan pandemiaren bigarren urteurrena dator, bi hilabetez etxean geratu ginenekoa. Katastrofe bi. Bigarrenak lehenengoa estali zuen, baina Eitzagako hondamendiaren gestioak erakutsi zigun izurritea zelan kudeatuko... [+]