Ehgam Euskal Herriko Sexu Askapenaren mugimendua berrasmatu, jende berria elkartu eta bide-orria elkarrekin lantzeko zikloak azaroaren 6an izan du egun handia. Egun osoko jardunaldia egin dute Bilboko Karmela espazio autogestionatuan. Hona egunaren kronika.
Genero disidentziak
Genero disidentzien inguruko mahai inguruan, Josebe Iturriozek hartu zuen lehenik hitza, feminismoak LGTB* mugimendu eta komunitatean jokatu izan duen paperaz eta egungo egoeraz hitz egiteko. Iturriozek ibilbide luzea du feminismoan, Medeak talde transfeministako kide ohia da eta Berdintasun teknikaria ere izan da. Hain justuki, feminismoaren ibilbideaz hitz egin zigun, Medeak taldearekin bizitako momentu interesgarriez, feminismoa eta transmaribibollo borrokak uztartuz. Aldi berean, egungo egoeran atzera jo dugunaren ikuspegia du, hamarkada askotan. Bere aburuz, botere handia duen feminismo hegemoniko batek fagozitatu egin ditu urte askotan aktibismoan eta kalean landutako diskurtsoak, proposamenak eta aliantzak, horren ordez planteamendu erredukzionista eta esentzialista bat jartzeko mahai gainean. Genero-disidentzien aferez gain, abolizionismoa bezalako korronteek hartu duten indarraz hitz egin zigun ere eta diskurtso hauek (trans baztertzaileak, abolizionistak) elkarren artean duten loturaz.
Ondoren, Brayan Altimasberes Loratuz Lotu trans helduen elkarteko kidea izan zen hizlari. Altimasberesek egungo legeen egoera azaldu zuen, estatu mailako nahiz Hego Euskal Herriko egoerari buruzko kokapena eginez. Trans legearen afera aipatu zuen arren, garrantzia handia eman zion egun irabazitzat ditugun eskubideak zalantzan jartzeari. Esaterako, osasun publikoan trans pertsonek pairatzen duten diskriminazioa bera. Alde batetik, legalki pertsona trans moduan onartua izan ahal izateko oraindik ere diagnostiko bat behar dela azaldu zigun. Bestetik, EAE mailan, Gurutzetako Genero Identitate Unitatea trans pertsonentzako unitate espezializatu bakarra dela azpimarratu zuen, baita honek itxaron zerrenda luzeegiak dituela ere.
Luqueren esanetan, arbuiatutako subjektu gisa ikusten da maiz genero adierazpen disidentea duen subjektu oro LGTB* espazioetan ere. Adierazteko aukera bakarra trabestientzat ikuskizuna izaten da maiz
Gainera, errezetatzen diren hormonak zis pertsonentzako egindakoak direla eta ez daudela trans pertsonentzako pentsatuak argitu zigun; hau dela eta, oraindik ez dago epe luzerako albo-ondorio posibleen berri. Estatu mailan interesgarriak diren beste eredu batzuk aipatu zituen ere bai, hain zuzen ere, Kataluniako Transit zerbitzua, zeinak erdigunean jartzen dituen trans pertsonen erabakiak, beharrak eta denborak.
Ostean, Ibai Luquek trabestismoaren inguruan hitz egin zigun. LGTB* kolektiboaren barruan gertatzen diren botere harremanen inguruan kritika egin zuen eta hausnarketarako hamaika gako ere bota zizkigun. Nabarmendu zuenez, kolektiboaren barruan ez zaie trabestiek pairatzen dituzten egoerei, bazterketei eta arriskuei garrantzirik ematen, edo ez behintzat gai zentral bat bezala ulertua. Espazio seguruak aurkitzea zaila izaten dela aipatu zuen ere, baita arbuiatutako subjektu gisa ikusten dela maiz genero adierazpen disidentea duen subjektu oro LGTB* espazioetan ere. Izateko eta adierazteko aukera bakarra trabestientzat ikuskizuna izaten da maiz, eta hortik kanpo beren bizipenak ez dira aintzat hartzen.
Mahai-inguruan Eneko Garcia izan dugu azkena hitza hartzen. Iruñeko Drag artista eta aktibismo trabestia egiten duen pertsona ez bitarra da. Garciak ere trabestismoaren inguruan hitz egin zigun baina, kasu honetan, ikuskizunetik zentratuta. Espreski, Drag-aren izaera politikoaz hitz egin zigun, hau genero arauekin apurtzen duen ekintza bat dela nabarmenduz.
Bestetik, kapitalismoak Drag artisten erabilpena egiten duela aipatu zuen ere. Eta, gaur egun, batez ere, ikusgaitasuna lortzen duten pertsonak gizon zis zuriak direla, oso feminitate hegemonikoa praktikatzen duten horiek, batik bat. Azkenik, boteretik genero-adierazpenen irakurketa oso sinplea egiten da dela eta dena mutur maskulinora edo femeninora eramaten dela azpimarratu zuen; hortik kanpo dauden adibideak oraindik eta ikusezinagoak direla esanez. Esaterako, Drag King-ak, hauen aurrean oraindik erresistentzia handia baitago. Alegia, emakume bezala irakurritako pertsonen adierazpen maskulinoak ikusgai egiteari erresistentzia.
Dinamizatzaile lanetan ibili zen Amets Jordan Arrietak, gaien arteko lotura egin zuen eta hausnarketa bide batzuk ireki zituen galdera tartearekin hasi aurretik. Queer teorien irakurketa neoliberalaz hitz egin zuen, hauek jatorriz daukaten izaera politikoa estaltzeko saiakera gisa, zeinaren ondorioz, korronte esentzialistek indarra hartzen duten. Horregatik, trans eskubideen aldeko borrokan korronte hauek izan duten garrantzia azpimarratu zuen. Bere hitzartzea borobiltzeko, generoaren izaera eraikia ongi islatzen duen leloa aipatu zuen: "Denok jaio gara biluzik eta beste guztia Drag adierazpen bat da".
Publikoarekin eztabaidarako tartea irekitzean, genero-adierazpenen inguruko hausnarketa interesgarria planteatu zen. Pertsona batek aipatu baitzuen lehen aldiz ohartzen ari zela bere adierazpenaren Drag izaeraz (edo performatibitateaz) eta bere buruari galdetzen ziola zergatik erakusten duen bere burua erakusten duen bezala. Luquek, honi erantzunez, askotan gure buruak babesteko mekanismoak direla aipatu zuen, eta Iturriozen esanetan, garrantzitsuena noren alboan eta nor zainduz egin nahi duzun iraultza da.
Hausnarketa eta ideia anitz planteatu ziren mahaian, eguneko beste gaiekin ehunduz joango zirenak, berrameste prozesurako ideiei forma ematen hasiz.
Kultura ez heteroarautua
Mahai honetan kultura ez heteroarautuak Euskal Herrian bizi duen egoeraz hitz egiteko aukera izan genuen, gonbidatuek beren bizipen, ondorio eta iritziak partekatuz.
Danele Sarriugarte Mochales itzultzailea eta idazlea da eta elkarrizketatzaile zein gai-jartzaile aritzen da ere. Arrate Hidalgo Sánchez itzultzailea, editorea, kritikaria eta kultura-aztoratzailea da, lan ibilbidea atzerrian zein Euskal Herrian du. Kepa Errasti Gorroño aktorea da, telebistan nahiz antzerkian aritua, eta gidoilari lanak egindakoa ere bai. Oier Zuñiga Perez de Urabain aktorea eta irudigilea da, antzerki proiektu ezberdinetan ibilia eta publikazio eta afitxen irudiak sortu ditu ere bai.
Sarriugartek eta Hidalgok beren idazle esperientziatik hitz egin ziguten eta Errastik eta Zuñigak antzezle mundutik gehienbat. Eta solasaldiak galdera ezberdinen bitartez egin zuen aurrera. Lehenik, kultura ez heteroarautuaren inguruan hausnarketarik egin den eta horrelakorik badagoen galdera luzatu zitzaien. Orokorrean, denek bat egin zuten esanez adibide eta erreferente batzuk aurki ditzakegula euskal eremuan, baina gehienbat AEBetatik jasotzen ditugula gureak eta ez dagoela artikulatutako kultura ez heteroarautu jakin bat. Sarriugartek bere esparruko hainbat adibide jarri ditu, hala nola, Genero-ariketak liburua edo Ez dok armairu emanaldia. Errastik, aldiz, Lur antzezlana, 80 egunean filma edo Zinegoak zinemaldia aipatu zituen.
Bigarrenik, subkultura baten beharraz eta euskal subkultura bat izateko aukerez hitz egin zuten. Zuñigak eta Hidalgok azpimarratu zutenez, euskal kultura jada subkultura bat da bere horretan, nahiz eta askotan ez garen ohartzen, eta erronka bat da honen barruan LGTB* subkultura bat artikulatzea. Izan ere, Zuñigaren ustetan, garrantzitsua da kolektiboak bere errepresentazioak eta balioak partekatzeko espazioak edo medioak izatea. Honez gain, Sarriugartek industriaren logikatik eta kontsumo eredutik irteteko gure espazioak behar ditugula azpimarratu zuen ere (esaterako, bollo bertso saioak). Eta Errastiren esanetan, antzezle munduan sortzaile gehienen begirada heterosexualak LGTB* pertsonen errepresentazioa mugatu egiten du.
Euskal kultura jada subkultura bat da bere horretan, nahiz eta askotan ez garen ohartzen, eta erronka bat da honen barruan LGTB* subkultura bat artikulatzea
Honi loturik, hurrengo galderan, LGTB* pertsonen erabilpenaz galdetu zitzaien parte-hartzaileei, bereziki antzezle munduan. Hemen, Errastik eta Zuñigak bat egin zuten esandakoarekin, hau da, errepresentazio gutxi daudela eta ez dutela zentralitaterik istorioen/gidoien traman. Eta Zuñigak LGTB* pertsonaiak, normalki, kuotak betetzeko edo “plot-twistak” egiteko izaten direla gaineratu zuen. Bestetik, eta literaturaren dimentsioan zentraturik, Hidalgok armairua baino, probaleku bateko gortina bat ikusten du. Alegia, behin eta berriro egin behar den sartu irtena. Isiltasun bat dagoelako edota gonbidapen sotila ezer ez esateko.
Espazioen inguruan ere, feminismoari buruz galdetu zaie Hidalgo eta Sarriugarteri, ea zein punturaino izan den beren esperientzian askeago jarduteko aterkia. Sarriugarteren aburuz, lortutako guztiak baloratzen dituen arren, egungo egoeran pobrea egiten zaio literatur munduan eskaintzen den aukera feminismoa aitzakia izanik. Gehienetan kuota kontua da eta politikoki zuzena eta beste aliantza batzuen beharra ikusten du. Hidalgoren kasuan, aldiz, zientzia fikzio feministak eman zion aukera LGTB* pertsonak ezagutzeko literatur munduan, nahiz eta bai uste duen "feminismo" hitza askotan komodin bezala erabiltzen dela egungo testuinguruan.
Azken galdera gisa, amesteko ariketa bat proposatu zitzaien, alegia, zein gustatuko litzaieken izatea kultura panorama hemendik gutxira eta zer gustatuko litzaiekeen martxan jartzea. Sarriugartek, liburuen kasuan, berriro azpimarratu zuen kontsumo logikatik irtetearen beharra eta irakurle taldeen bitartez-edo besteekin partekatzeko aukerak sortzea. Errastik argi izan zuen: bere burua justifikatu behar ez duen Indiana Jones marika bat nahi du. Zuñigak, feminismoaren gaiari heldu zion eta honek kultur arloan ekarri dituen aldaketa positiboez aritu zen. Hortaz, feminismoarekin zubiak eta aliantzak eraikitzea beharrezkotzat jo zituen. Hidalgok indibidualismoari eta berdinen arteko lehiari buelta eman beharra aipatu zuen, artikulazioa bera eta gauzak antolatzea garrantzitsutzat hartuz.
Azkenik, publikoari irekitako galderak egiteko aukera, gai ezberdinak irten ziren arren, feminismoaz hitz egin zen gehienbat eta honekin aliantzak sortzeak duen garrantziaz. Aipatutako gaietan bidea irekitzeko, feminismotik sortutako ereduak har ditzakegula behin eta berriz azpimarratuz.
Laburbilduz, solasaldian zehar gai ezberdin asko landu ziren, baina orokorrean elkarren artean lan egiteko beharraz hitz egin zen, baita aktibismotik kulturari eman behar zaion garrantziaz eta etorkizun hurbilera begira ematen has daitezkeen pausuez ere.
LGBT+ euskaraz eta euskaratik: gure borroketan euskarak duen lekuaz eztabaida
Euskara eta sexu askapenaren arteko loturaz hausnarketa egiteko parada ere eskaini zuen jardunaldiak. Eta “LGBT+ euskaraz eta euskaratik: gure borroketan euskarak duen lekuaz eztabaidatuz” ez zen mahai-inguru soila izan, nahiz eta horrela hasi zen. Lehen harriak Raul Lopez Ekai eta Imanol Miner Aristizabalek jarri zituzten. Biak ala biak Ehgamekin lotura izandako ekintzaileak dira, batak Iruñeatik eta besteak Errenteriatik sexu askapen mugimenduan beraien alea jarritakoak. Perspektiba historikoa izan zuten oinarri Ehgamek euskararekin izandako harremana denboraren talaiatik begiratzen laguntzeko. Denboran bidaiatzeko, gainera, mugimenduarentzat hain beharrezkoak izan diren pegatina eta kartelak baliatu zituzten. Aipatu ideien artean, azpimarratzekoak dira euskararen inguruko konpromisoa perspektibatik begiratzearen beharra: une bakoitzak testuinguru berezia ezarri dio euskararen egoerari eta baita haren aldeko konpromisoek hartutako formari.
Aurkezpenaren ostean, hiru kidek haien esperientziaren ateak ireki zizkiguten, oso modu eskuzabalean gainera. Izan ere, norberaren biografia linguistikoak, herrienak bezala, baditu bere zauriak, minak eta korapiloak. Hortaz, hizkuntza mudantzez aritu ginen, aldez aurretik norberarentzat bigarren mailakoa zena politizatu eta lehen lerrora ekartzeaz edo betidanik garrantzitsua izan denaren balioa berresteaz.
Izaskun Aranbarrik urteak eman ditu euskalgintzaren inguruan dantzan, baina hori ez da izan bere dantza bakarra. Bilboko giro bolleroetan bizi izandakoak, euskararen presentzia eskasak sentiarazitakoak eta amatasun bolleroan izandako esperientziak kontatu dizkigu, denak hizkuntzarekin lotzen direnak. Bere ustez, une eta gune askotan zailagoa bilakatu zaio euskalduna izatea ama lesbiana izatea baino, eta horretan testuinguruek zenbat eragiten duten kontuan hartu beharrekoa dela gogorarazi zigun. Euskarak (eta euskaraz hitz egiten duenak) sortzen duen ezerosotasunaz aritu zen ere. Alegia, gure hizkuntzak normaltasun hegemoniko linguistikoa hausteko duen gaitasunaz.
LGTB* pertsonok giro euskaltzaleetan, maiz, kide sentitzeko ditugun zailtasunak aipatu ziren, baita LGTB* giroetan euskaraz bizitzeko ditugunak ere
Bestalde, June Fernandez kazetari feministak, bere biografia oinarri, euskararen inguruko jarrera, ezagutza eta erabilerak genero gaiekin duen lotura aztertu zuen, eta sexu askapenaren, feminismoaren eta euskalgintzaren arteko zubiak esploratzeko beharraz aritu zen. Izan ere, euskararena auzi politikoa izanik, ezinbestekoa da mugimendu bakoitzak egindako ekarpenetatik ikastea. Zer harreman dago, adibidez, euskararen arnasguneen eta LGTB* komunitateentzako bizigarri diren “giroko” espazioen artean? Nola jokatu hizkuntza inposatu eta hegemonikoa erabiltzen duenaren pribilegio linguistikoaren talaiatik euskararen alde egin nahi denean? “Nola izan/esan bollera” proiektua aurkeztu zigun ere, hainbat aktibista eta talde bolleroren artean martxan dutena.
Ondoren, aspalditik aktibismo marika anarkistan murgildua dagoen Javi Guadañak bere euskararako bidea azaldu zigun, Extremaduratik Bilbora heldu zenetik egunera arte. Duela 7 bat urte bizi dela Bilbon eta Intifada Marika taldean aritu izan da, hala nola, ekainak 28ko koordinadoran eta Harro! plataforman, zeinak euskarak militantzian duen garrantziaz ohartu eta lehen lerroan jartzen duen. Javiren esanetan, begirada anarkistak zapalkuntza linguistikoaren inguruko hausnarketa egin eta bere pribilegioez jabetzen lagundu zion. Eta hain justuki, euskarari esker bere militantziako kideekin eraiki ditzakeen harreman berriez aritu zen, baita euskarara heldu berria izateaz eta Euskal Herrira beste herrialde batetik etortzea gurutzatzen diren moduaz ere.
Kokapen historiko eta testigantza hauen ostean topaketan zeuden hainbat parte-hartzailek mikrofonoa hartu eta haien iritzi eta bizipenak kontatu zituzten, hala nola, Euskal Herriko leku ezberdinetan euskaraz bizitzeko ditugun baldintzak zeinen aldakorrak diren. LGTB* pertsonok giro euskaltzaleetan, maiz, kide sentitzeko ditugun zailtasunak eta LGTB* giroetan euskaraz bizitzeko ditugunak, are egoera zailak ere, eraso euskarafoboak medio. Euskarak gure identitatea nola eraikitzen duen aipatu zuten ere, eta nola gurutzatzen den gure beste egoera eta ezaugarri batzuekin. Ez ziren ekarpen interesgarriak falta izan, eta elkarrizketa irekia geratu zen, atsedenaldian, afarian eta, ziur aski, gauean zehar bere bidea jarraituz. Etorkizuneko Ehgamentzat eta sexu askapen mugimenduarentzat, oro har, ezinbesteko hausnarketa izan da euskararen ingurukoa, ideiak kokatzen eta ekintza kitzikatzen duten horietakoa.
Sexu askapenaren mugimendua berrarmatzen: 3, 2, 1... Ehgam!
Amaitzeko, 3,2,1... Ehgam! moduan izendatutako parte-hartze saioa izan genuen. Bertan, etorkizuneko Ehgam-ek izan beharreko lan-ildoak, antolaketa moduak eta aktibismo ereduen inguruan amesteko parada izan genuen.
Goiz eta arratsalde modu formal zein informalean Karmelan izan ziren hausnarketa eta ideiei bueltak emanez, nolabait, Ehgam hemendik aurrera izango denaren horretan pentsatzeko, amesteko... Joxemi Zumalabe Fundazioko kideen bide-laguntza izan genuen. Planteatu ziguten parte-hartze eta hausnarketa saioak aukera eman zigun etorkizuneko Ehgam nola irudikatzen dugun marrazteko.
Etorkizuneko egunkarien azalak amesten hasi ginen. Ze lerroburu amesten dugu etorkizuneko sexu askapenerako mugimenduaren garaipen bezala? Beraz, eszenatoki oniriko horiek guztiak paperean jarri genituen eta hasiera polita izan zen etorkizuneko lan-ildo eta borrokak berpentsatzeko. Askotariko titularrak amestu genituen, sabotaje eta ekintza aldarrikatzaileetatik hasi, sistemaren zenbait estrukturen deusezpenetik pasa eta bizi-eredu propio eta askeetan oinarritzen diren komunitateak sortzeraino.
Egunkarietako lerroburuen dinamikak aukera eman zigun hurrengo hausnarketa pertsonalari heltzeko. Izan ere, bigarren zati horretan, etorkizuneko Ehgam-ek izan beharreko lan-ildoak, ekimen zehatzak, aliantzak edota antolaketa eta elkartze maiztasun zein erak pentsatzeko tartea eman zigun. Bakoitzaren proposamen eta hausnarketak talde txikitan partekatzeko aukera ere izan genuen.
Gustura aritu ginen bakoitzaren ideia eta ametsak elkarrekin partekatuz. Amesteko eta etorkizun oparo bat eraikitzeko grina eta gogoak nabariak baitziren. Hau horrela, aurrerago, saio honetan bildutako ideia eta proposamenak jorratzen jarraitzeko saio gehiago izango direla aurreratu genuen.
Ehgam berramesten prozesuaren bigarren saio moduan aukera ezberdinak planteatu ditugu, batera joan ezintasuna egonez gero, aukera egoteko bestera joateko. Hauexek bigarren saioko data eta herriak:
Abenduaren 10ean, arratsaldeko 18:00etan, Oreretan (tokia zehazteke)
Abenduaren 11an, arratsaldeko 17:30tan, Izarran (Kultur Etxean)
Abenduaren 11an, arratsaldeko 17:30tan, Bilbon (Karmelan)
Azkenik, eta Ehgam berramesten prozesuaren amaiera moduan, egun osoko bilera orokor bat egingo dugu, urtarrilaren 15ean Gasteizen (tokia zehazteke).
Ehgam-en berrameste prozesuko lehenengo saioan parte-hartu ez dutenei ere gonbidapena luzatzen diegu. Anima zaitezte Ehgam berramestera eta berrarmatzera!
* Ehgam berramestuz ekimena
Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.
‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.
Sare Elkarteak antolaturik chemsex fenomeno soziokulturalaren inguruan mintzatzeko jardunaldiak antolatu dituzte Iruñean.
Eraso LGTBI+fobiko eta matxistak espazio publikoan ematen direla gehien adierazi dute mugimendu hauek urtero ateratzen dituzten txostenen arabera. Gasteizko Mugimendu Feministak eta Lumagorri elkarteak guztien plazera erdigunean jarriko duen jai eredu bat nahi dute, eta neurri... [+]
Kaleak bete dituzte LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean. Salatu dute erakundeek aurpegia garbitzen dutela keinu sinbolikoekin.
Lo que quede (euskaraz 'geratuko dena', Continta me tienes argitaletxea) liburuan bere senar ohiaren tratu txarrak eteteko prozesua harilkatu du eguneroko indarkeria matxisten kontakizunekin, eta bere bizitzako emakumeekin batera eraiki duen orainaldi gozagarriaren... [+]
Zaintzan oinarrituriko gau aisialdi “askeagoa” eta “seguruagoa” sortzeko asmoz sortu da Harrika kolektiboa. Bi urte daramatzate Gasteizen tekno besta kuir eta feministak egiten. Uztailaren 26tik 28ra Harrikada Festibala izanen da Izarran (Araba).
Diru publikoa LGBTI+ kolektiboaren problematikak merkantilizatu eta administrazioaren “pinkwashing-a” egiteko soilik erabiltzea egotzi die erakundeei.
Alemaniako gizonezkoen futbol profesionalean ari diren hainbat futbolari armairutik ateratzekoak ziren maiatzaren 17an. Sekretuan eta kluben bizkar biltzen ari ziren jokalariak, baina espektatiba altuak ezerezean geratu dira, ez da inor armairutik atera. Futbol maskulinoaren... [+]
LGTBIfobiaren aurkako eguna da maiatzaren 17an eta arratsaldez mobilizazio ugari izango dira Euskal Herrian barrena. Albistearen bukaeran ematen dizuegu horietako batzuen berri.
Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]
Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]
LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.
Berdinen arteko ezkontza legeztatzen duen lehenengo herrialde kristau ortodoxoa da.