Hik Hasi hezkuntza aldizkariak bi ikasturteko ikastaroa antolatu du, Lehen Hezkuntzako irakasleei zuzenduta. Saio teorikoez gain, ikastaroan zehar lau ikastetxeren praktika ezagutuko dute, eta lehen bisita azaroaren 26an egin dute, Larraulgo Eskola Txikira. Larunbata izanik ere, bertan zituzten zain Bidean liburuaren egile Koldo Rabadan, Larraulgo Herri Eskolako irakasle talde osoa... eta baita ikasleak ere. "Gehien harritu gaituena izan da umeak euren kasa hasten direla elkarrekin lanean, irakasleak ezer agindu gabe" adierazi du Hik Hasiko formazio arduradun Mikel Agirrezabalak. Eta jarraitu du: "Bidean liburuan Rabadanek ederki azaldua du helburua hezitzaile bakoitzak bere barruko pareta puskatzea dela, eta praktikan hori egitea posible dela ikusi dugu, nahiz eta irakasle bakoitzak bere eskolan bizi duen errealitatea era batekoa izan".
"Harrerak hunkitu" zituela aitortu du Mikel Agirrezabalak, Hik Hasiko formazio arduradunak: "Opari bat izan da guretzat larunbata goiz batez Larraulgo hezitzaile talde osoa eskolan aritzea, eta gainera, ikasleak ere bertan aritzea. Guztien inplikazioa eskatzen du horrek, eskola bizi bat den seinale da, eta oso eskertuta gaude familiekin ere". Irakasleek adierazi dute ikasleak goxatuko dituztela larunbateko lan-saioaren truke: "Ostiral honetako asanbladan galdetuko diegu haien lana aitortzeko zer gauza berezi egin nahi duten".
Larraulgo eskolara bisitan joan ziren 40 lagunak behatzaile kualifikatuak dira, izan ere, Hik Hasiko ikastaroan izena eman dutenen artean daude eskola txikietako irakasleak, ikastoletako irakasleak, eskola publiko handietako irakasleak, kristau eskolakoak... baita unibertsitateko ikasleak ere. "Horietako batzuek, eraldaketan dauden ikastetxeetako ordezkariak dira, euren klaustroan hautatuak izan dira, ikastaroan jasotzen duten jakintza taldera eramateko eta ikastetxeak eraldatzeko asmoz".
Larraulgo herri eskolan 2-12 urte bitarteko ikasleak guztiak nahastuta aritzen dira egunerokoan lanean. Tailerretatik zirkulazio librean pasatzen dira, eta bakoitzak erabakitzen du zein den berak garatu nahi duen proiektua eta ohikoa da ikasleak elkar-eraginean, besteei laguntzen edo besteek lan nola egiten duten behaketan aritzea. ARGIAk argitaratutako Bidean liburua irakurrita ulertuko du ondoen irakurleak zein den bertako lan egiteko ikuspegia.
Irakasleek aitortu dute bisita hau ohituta daudenekin oso ezberdina izan dela: "Normalean 4-5 pertsona etortzen dira eskola barrutik ezagutzera, eta oraingoan 40 lagun sartu dira gelan, ikasleak baino askoz gehiago alegia. Baina uste dut ikasleek hartzen duten jarrera izaten dela beren eskolan dagoen lan egiteko modua harrotasunez erakustea".
Agirrezabalak azaldu duenez, interesgarri egin zaie irakasteko moduetan Larraulen ezagututako oreka: "zirkulazio librea batetik eta saio espezifikoak bestetik, biak uztartzen dituzte eta hori oso beharrezko iruditu zaigu, bestela arriskua baitago mutur batetik bestera joateko".
Bisitaren bukaeran, Hik Hasiko ikastaroko parte-hartzaileek galdera asko egin dituzte (argazkia une horretakoak da). Agirrezabalagak estimatu du Koldo Rabadanek enpatiatik mintzatzeko eta eraldaketa grina kutsatzeko duen gaitasuna: "Irakasle bakoitzak oso errealitate diferente bat bizi du bere eskolan, baina Rabadanek oso ongi transmititzen du mezua, adieraziz norberak bere barruko paretak bota behar dituela lehenik, eta bakoitzak bere errealitatetik aldaketa txikiak egiten hastea posible dela".
Bi ikasturte iraungo ditu ikastaroak, eta hilero zortzi orduko modulu bat jasotzen dute bertan izen eman dutenek. Bertan oinarri teorikoa jasotzen dute, eta helburua hezitzailea haurraren lekuan jartzea eta bere burua formatzen joatea da. Saio teorikoetan landutakoa praktikan ezagutzeko Euskal Herriko lau ikastetxe bisitatuko dituzte.
Lehen bisita Larraulera eginikoa izan da, Agirrezabalak adierazi duenez, "Eskola Txikien errealitatea ezagutzea nahi genuelako, berezia eta interesgarria delako bere egitura, eta pedagogikoki erreferentzia bat delako Euskal Herri mailan. Eskola Txikien artean, Larraulera jo dugu, Bidean liburuak erdiz erdi jo duelako eraldaketa espirituan".
Ikastaroan zehar bisitatuko dituzten beste ikastetxeak Iruñeko Mendigoiti (neurozientzian lanketa egina duena), Arrasateko Arizmendi ikastola (ikastetxe mailako eraldaketa prozesuan dena) eta Tolosako Herrikide ikastetxea (adimen emozionalaren lanketa egina duena) dira.
Lehen Hezkuntzako adin ezberdinetako sei ikasle baino ez ditu Zigako (Nafarroa) eskolak. Aukera baliatzen dute elkarbizitza lantzeko, tokiko curriculuma sustatzeko, landa ingurunea pedagogikoki aprobetxatzeko eta herria bera bizi eta dinamiko mantentzeko. Hori bai, ume gehiago... [+]
Ekainaren 12an egingo da Eskola Txikien 34. jaia, Errezilen. Bertako herritarrak hilabetetan aritu dira prestaketa lanetan eta egun osoko egitarau ederra prest dute. Arratsaldean 5. eta 6. mailako ikasleek antzerkia eskainiko dute: Errezilen jaio zen Maria Dolores Agirre idazle,... [+]
Pandemia dela medio, inbidiaz begiratu du askok eskola txikietara, bertako talde txiki, kanpoko espazio zabal eta landa eremuetara. Ikastetxe hauetatik ikasteko daukagunaz eta dituzten erronkez aritu gara Euskadiko Eskola Txikiekin, gidaritzan aldaketa eman dela aitzakia... [+]
Eskola publikoak euskalduntzen eta metodologia modernoa aplikatzen aritua, D ereduaren aldeko borrokan. Egoera politikoa pil-pilean zegoen garai haietan, batzuentzako oraindik frankismoaren kiratsa zuen eskola hura irauli eta gaur egun ezagutzen dugun Euskal Eskola Publikoaren... [+]
Zabaleko Bizirik Plataformak jakinarazi du Hezkuntza Sailak adierazi diola Zabaleko ikastetxea itxiko duela. Bat-bateko eta adostu gabeko erabakia izan dela diote. Plataformak eskola euskalduna, publikoa, gertukoa eta txikia defendatuko duela azpimarratu du.
Herri txikia da Antzin eta ixtear egon zen bertako eskola publikoa, herriko haurrak hirietako ikastetxeetara joaten zirelako. Ikasleak erakartzeko, euskarazko D eredua ezartzea erabaki zuten, eta horri gehitu behar diogu pandemia garaian landa guneko eskolei balio handiagoa... [+]
COVID-19ak eragindako eskolaren etenari alternatiba bilatu diete Gaztelu herri txikiko gurasoek: udalaren lokaletan burbuila taldeka aritzea. Hezkuntza Sailetik ezezkoa jaso dute ordea. Iritzi artikulu honetan azaldu dute guztia.
Gipuzkoako eskola txikien arteko hartuemanak sendotu, elkar ezagutza bultzatu eta haien guztien topagunean bilakatuko da Aginaga ekainaren 9an. Aginagako Eskolaren bueltan ospatuko da, Gipuzkoako Eskola Txikien festa. Asteazken eguerdi honetan aurkeztu dute.
Herri-bizitzaren motor eta bihotz, haurrak aniztasunean eta herriarekin eta naturarekin harreman estuan hezteko eredu aproposa dira eskola txikiak. Bai pedagogikoki, bai auzo eta herrietako komunitatean duten garrantzia aldarrikatzeko, aurten ere Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia... [+]
Badira bi Eskola Txiki eguneroko jarduera osoa tailerretan burutzen dutenak, ohiko arloetan oinarritu gabe. Umeek ez dute eserita egon beharrik, nahi dutenean tailer batetik bestera joan daitezke eta horrela erabakitzen dute zer tailerretan aritu, zer egiten, zenbat denboraz. Ez... [+]
Sakulupe guraso elkarteko kideek, "emozioz eta nekez" beteta eskerrak eman dizkiete ekainaren 11n Eskola Txikien Festa egiten lagundu zuten guztiei. Eguraldi ederra lagun, festa ederra eta parte-hartzailea antolatu zuten. Hurrengo urtean Oikiaren txanda izango da.
Eskola txikiak herri eta auzoak bizirik izateko funtsezkoak direla adierazten du festak. Aukera polita izango da Arroa auzoko (Zestoa) eskolaren errealitatea ezagutzeko, tartean, gurasoek larritasunez eskatu arren atzerapenez doazen eraikuntza berriaren orubea.
Azterketa eta noten eskema tradizionala alboratu eta ikasleen garapen osoa aintzat duen ebaluazio hezigarria lantzen dute gero eta ikastetxe gehiagotan. Euren esperientzia kontatzeko eskatu diegu horietako lauri: Langile ikastetxe publikoa, San Bizente ikastola, Arrankudiagako... [+]
Festa handiagoa egin, jende gehiago bildu, diru etekin handiagoa atera. “Orain arte gurpilak eraman gaitu” aitortu dute Gipuzkoako Eskola Txikietako Gurasoen Koordinadorako lehendakari Nagore Iñurrategik, eta Eskola Txikietako irakasleen koordinatzailea den... [+]