Gazteak izango dira protagonista Durangoko Azokako bigarren egunean

  • Durangoko Azokak urtero gordetzen du egun bat gazteak euskal kulturara erakartzen saiatzeko. Aurten osteguna da egun hori eta egitaraua ikasleei zuzenduriko jardueraz beteta dator.


2017ko abenduaren 07an - 10:55
Gazteei zuzenduriko jarduera ugari izango da gaur Durangoko Azokan.

Tailer ugari ikusten dira osteguneko Durangoko Azokako egitarauan, ikasleei zuenduak, produktu kulturalen kontsumitzaile soil izatetik harago, euren sortzeko grina bultzatzera bideratuak. Adibidez, 10:30ean Maite Mutuberriak “Liburu bat egingo dut” tailerra eman du areto nagusian.

Sormena digitala ere izan daiteke eta azokako Kabi@ espazioan hori kitzikatu nahi dute, Android gailuentzat aplikazioak egiten erakutsiz (11:00etatik aurrera) edo “autodefentsa digitala” zer den esplikatuz (16:30etik aurrera).

Irudienean berriz, marrazki bizidunak egiteko ikastaroa dago martxan 10:00etatik eta arratsaldean, 16:30ean bikoizketaren alorrean lehen urratsak ematen ikasi ahalko du Zugaza zinera joaten denak.

Ez dadila musika eten

Zuzeneko kontzertuen artean, azkenaldian zeresana ematen ari den Aneguria ikusteko parada izango da 14:20tik aurrera Ahotsenean. Eta gazteen artean sona lortu duen ETSk Ametsetan diskoa aurkeztuko du 19:00etan. Gainera, Beñat Axiarik, Joseba Irazokik eta Julen Axiarik Robbie Bashoren lanaren inguruan osatu duten Bas(h)oan  aurkeztuko dute eta Jon Piris, Julen Izarra eta Hasier Oleagak Trizak diskoa.

Literatur lanen artean Anjel Lertxundiren Horma nobela nabarmentzen da gaurko aurkezpenen artean: 11:30ean aurkeztuko du Ereinen eskutik publikatu duen azken liburua.

Proposamen ezohikoagoen zaleek ondo egingo dute 17:00etan Iñigo Urdinagaren Surflaria eta paradisua liburuaren aurkezpenera joaten. Surfa ardatz duen euskarazko liburu banaketakoa da Orioko autorearena.

Nazioarteko literatura euskarara ekartzen lan eskerga egiten duen Igela argitaletxeak Amélie Nothomben Hodien metafisika aurkeztuko du –idazle belgikarrari itzuli dioten hirugarren liburua da–. Aurkezpen horretan bertan Josep Plaren Kale estua-ri buruz ere hitz egingo dute, idazle kataluniarrari egin zaion lehen itzulpena euskarara.

Gaurko programazio osoa Durangoko Azokaren webgunean ikus dezakezue.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Durangoko Azoka 2017
2017-12-11 | Miren Osa Galdona
110.000 lagunek bisitatu dute Durangoko Azoka, 7,2 milioi euroko eragin ekonomikoa utziz

Amaitu da Durangoko Azokaren 52. edizioa. 110.000 bisitari izan dira sormenaren lurraldeak  eta 7,2 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du, bisitari kopurua eta bakoitzak zer nolako gastua egin duen kontuan hartuta. Hurrengo urtean lehen aldiz emango dute Sormen Beka.


Azken eguna Azokan
Imajinatu ezin dena egiteaz

Orain zail egiten da imajinatzea Azoka hura, artistek beren lanak erakusteko espaziorik gabekoa, bisitariari eduki askoz gutxiago eskaintzen ziona. Orain ezagutzen dugun Azoka hau orduan imajinatzea bezain zaila, gutxi gorabehera.


4. eguneko kronika
Amerika deskubritzen

Azokaren azken aurreko egunera iritsita, pixka bat “Azokatuta” gabiltzala esateko moduan gaude. Problema, hain justu, artzainen kontrakoa da hemen: bakoitzak urte osoa bere kasa igaro ondoren, bat-batean jendez inguratuta ikusten duela bere burua pabilioi honen... [+]


2. eguneko kronika
Gazteekin obsesionatuta bizi den kultura hau

Gazteak: ezezagun handi hori. Zer pasatzen da gaur Azokako pasillo guztietan barrena zebiltzan izaki horien buruetatik? Nola iritsi dira hona? Zer bilatzen dute? Euskal kulturaren obsesioetako bat dira.


2017-12-06 | ARGIA
Durangoko Azokaren lehen momentutik bisitari asko erakarri ditu Landako guneak

Indartsu hasi da Durangoko Azokaren 52. edizioa. Landako guneak ateak irekita, ez da denbora asko behar izan pasillo guztiak jendez betetzeko.


Eguneraketa berriak daude