Gazte esparruan esku hartzeko moduez


2021eko maiatzaren 26an - 11:37

Urte eta luze iragan da osasun larrialdiak eztanda egin zuenetik, urte eta luze burgesiaren ofentsiba bere aurpegi gordinena erakusten hasi zenetik: eredu politiko polizial eta arbitrarioa, boterearen zentralizazioa, gizarte masa zabalen pobretzea eta askatasunen ukapen sistematizatua. Horretan guztian, gazteon egoera izan da okerrenetarikoa. Hamarkada batean, gazteon egoerak txarrera egin du nabarmen, eta pandemia garaian ere asko okertu da, baina, honako honetan, denbora tarte oso laburrean: langabeziak gora egin du, gurasoen etxera bueltatu behar izan duten gazteen kopurua oso handia da, gutxieneko dirulaguntzarik gabe hilabete bukaerara iritsi ezin diren gazteen portzentajea geroz eta handiagoa da…

Gogo aldarteari dagokionez, gazte asko etorkizunarekiko esperantzarik gabe daude, eta gero eta gutxiago dira bizi dugun egoerari aurre egiteko indarrez daudenak. Hori ez da ezer berria, ordea, prentsan, albistegietan edo politikarien ahotan behin eta berriz entzuten baitugu gazteok miseria ekonomikoan murgilduta gaudela eta gero eta zailagoa dela etxebizitza bat eskuratzea edo langabezia estrukturalari aurre egitea. Baina nola enfokatzen dute bloke politiko hegemonikoek gazteen problematika? Zer suposatzen du bakoitzarentzat? Zein da egoerari buelta emateko duten proposamena? Hau da, zein da oligarkiaren edo, oro har, goi burgesiaren programa? Eta zein da sozialdemokraziarena?

Krisiaren ondorioz, ekoizpenean ere jazo dira aldaketa teknikoak, eta, aldaketa horien eraginez, handitu egin da gazteok bestela ere esfera produktiboan sartzeko genuen arazo estrukturala. Gainera, aldatu egin da sistemak behar duen lan indarraren kantitatea eta modalitatea, eta horrek berekin dakar moldatu egin behar dela baita lan indar hori gorpuzten duen subjektua –gazteria– esku-hartze kultural baten bidez, hau da, ekoizpen ziklo berrira moldatuko den subjektibitate oso bat eraldatuz politikoki, ekonomikoki, zein kulturalki; ezinbestekoa da aldaketa hori egitea, orain datorkigun produkzio garaiari dagokion diziplinaz, sumisioz eta gaitasun intelektual eta manualez erantzun ahal izateko, eta zalantzan jarriko ez den gizarte despolitizatu eta askatasunik gabea eraikitzeko. Horretarako, burgesiak zenbait instituzio ditu egituratuak, eta hauek dira garrantzitsuenak: gazte jendearen lan merkatua, hezkuntza sistema eta gazteen masa kultura.

"Gazte programa komunistak ezarriko ditu baldintzak klaserik gabeko gizarte baten eraikuntzan gazteria subjektu aktibo bilakatzeko eta proiektu politiko sendo bat garatzeko"

Gazteen lan merkatuaren bitartez, lan indar gaztearen salerosketa zehazten da, eta finkatzen da zer preziotan eta, oro har, zer baldintzatan egingo den (aldi batekoa, soldata baxuak, praktika kontratuak...). Merkatu horren bidez, gazteon lan indarraren debaluazioa betikotzen da; gazteok sozialki gutxietsita dauden baldintzetan egiten dugu lan, eta sozialki debaluatuta gauden subjektibitate gisa betikotzen gaituzte.

Bestetik, hezkuntza sistemaren bitartez burgesiak lan diziplinak txertatzen ditu sistematikoki (ordutegiak, sumisioa, autoritatea...), oro har obedientzian oinarrituak daudenak, eta produkziorako beharrezkoa den jakintza irakasten du. Azken urteetan, gainera, ikasketa prozesuek pisua hartu dute; ikasketak denboran luzatuz doaz, eta horrek gazteon lan mundurako sarrera atzeratu eta langabezia estrukturala estaltzen laguntzen du, burgesiaren mesedetan.

Azkenik, gaur gaurkoz gazteen masa kulturaren instituzioaren funtzio nagusia despolitizazioan datza, interes politiko edo alternatiba oro kapitalismoaren logikaren baitan txertatzea lortzen baitu. Hortaz, gazte problematika bere osotasunean burgesiak behin eta berriro errepikatzen duen zerbait da, funtzionala baitzaio bere boterea handitzen duen heinean, etekin ekonomiko handiak eta lan indarraren heziketa sistematizatuaren bidez. Hortaz, bere politika guztiak, edozein delarik haien forma, botere burges hori handitzera bideratuta daude, maiz ardi larruzko otsoak izaten direnak. Beraz, burgesiaren programa politikoan ez dago gazte problematikari aterabide bat emateko borondaterik, horretan sakontzekoa baizik.

Sozialdemokraziak leku bat eskaini ohi dio programan gazteriaren auziari, hala nola lanpostu duinak, gutxieneko diru-laguntza, etxebizitzarako sarbidea eta antzeko neurriak. Baina bloke politiko horrek ez du baliabide nahikorik gazteriari ongizate estatu baten bidez berma dakioken bizimodua eskaintzeko, are gutxiago krisialdi ekonomiko baten erdian. Horrek eragiten duena da, batetik, gazteriaren pobrezia estrukturalari erantzuna emateko saiakeran gauza ezinak diren neurriak proposatzea, ez baitauka ez botererik, ez aurrekonturik, ez eta borondate nahikorik ere hori aurrera eramateko; bestetik, horren guztiaren ondorioz ogi apurren politikara bideratzen du bere jarduna, kapitalismoaren joera orokorrak errepikatuz.

Hortaz, nahiz eta gazteriaren proletarizazioa ebatzi beharreko auzi gisa agertzen zaion sozialdemokraziari, sozialdemokraziak ez du erroa aldatzeko proiekziorik, eta, beraz, ezta gazteriaren funtzio estrukturala ebazteko ere, eta, sistema kapitalista aldatzea ezinbesteko premisa gisa proiektatzen ez duenez, aterabide partzial eta engainagarriak soilik eman diezazkioke arazoari. Gainera, sozialdemokrazia antolakuntza iraultzaile erreal baterako oztopo izaten da. Batetik, despolitizazioa bultzatzen duelako aktibismoaren bitartez, inongo konpromiso politikorik gabeko antiantolakuntza sustatuz edota programa politiko erreformisten bidez aldaketa estrukturalak emango direnaren ideia zabalduz; bestetik edozein proposamen iraultzaile sistematikoki barregarri utziz eta kriminalizatuz eta, hala, bloke antikomunista sendoa eratuz.

Horregatik guztiagatik, uste dut ezinbestekoa dela gazteoi zuzendutako programa komunista bat mahai gaineratzea. Batetik, uste dudalako hori dela ardazten dena gazteen problematika modu integral batean ebazteko premisa egokienaren inguruan, hau da, botere burgesa bere osotasunean desintegratu behar dela gazteon debaluazioaren auzia ebazteko. Bestetik, iruditzen zaidalako gazte programa komunista batek ezarriko dituela baldintzak klaserik gabeko gizarte baten eraikuntzan gazteria subjektu aktibo bilakatzeko eta, hortaz, gizateria askatzeko proiektu politiko sendo bat garatzen joan ahal izateko. Hori guztia ez da egun batetik bestera gertatuko, lan militante diziplinatuz eta teoria aproposarekin garatzen joango den zerbait baita. Baina Euskal Herrian bada indarra eta bada kemena gizarte komunista baten eraikuntzari ekiteko.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Euskal herriarentzat nolako Estatu bat nahi dugu?

Bagira prozesuaren emaitza, Herri bidea bide-orria izan zen. Bide-orri honetan, abertzaleen helburua herriari boterea itzultzea dela aipatzen da, eta boterea itzultzeko, herriari burujabetza maila maximoa emanen dioten instituzioak herriari eskaintzea adierazten da. Zehazten da... [+]


Ez da gelako elefante bakarra

Hizpidea jarri zuen Pello Salaburuk sare sozialetan, aipatuta hemendik hamabost urtera etorkinen pisua Bizkaian biderkatu egingo zela, biztanle guztien %22 izateraino, eta hori badela “zinez euskararen mehatxua”. Jakina, horrela botata, beste zehaztasunik gabe, azkar... [+]


2024-07-24 | Itxaro Borda
Estres test

Laugarrenez altxatu da eguzkia Baionako besten eremu setiatuan eta uste dut, septentrioko Euskal Herri honetan, hatsa hobekiago hartzen dugula, batez ere gure hiru diputatuak Fronte Herritar Berrikoak direlako eta olde beltz-kakia hirugarren postura zokoratu dugulako. Bi gauza,... [+]


2024-07-24 | Ahoztar Zelaieta
JELkumeak

Joseba Diez Antxustegi EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaile berriaren iritziz, Imanol Pradales lehendakariak "esperientzia handiko emakumez eta gizonez osatutako gobernua osatu du, sektore profesionaletan errespetatuak eta Euskadirekin konpromisoa hartu... [+]


2024-07-24 | Tere Maldonado
Hezkuntza sailburuari gutun irekia I

Pedrosa andere agurgarria:

Zorionak, Hezkuntza sailburu izendatu zaituztelako. Ez da ardura berria zure gainean izango duzuna aurrerantzean. Ederto ezagutu behar duzu Hezkuntza Saila, lau urte sailburuorde eman ostean. Ikasturtea bukatuta, kontu batzuk gogoratu nahi nizkizuke... [+]


Trump presidenteordea eta Putin ukrainar presidentea

Joe Bidenen narriadura kognitiboaren eztabaidak bi urte inguru ditu. Batzuetan portaera bitxia zuen, beste batzuetan ez zitzaion ondo ulertzen edo egiak ez ziren gauzak esaten zituen, semea Iraken hil zitzaiola, adibidez. Halere, establishment liberalak bere egoera kognitiboari... [+]


Materialismo histerikoa
Ilara on

Ilarei buruzko artikulu bat irakurri nuen duela bizpahiru egun, Guillem Martinezena, eta ez dakit ondo ulertu nuen. Kontatzen zuen etxe azpian ezer berezirik ez zuen izozki denda bat daukala, eta azken aldian ireki orduko izaten duela jendea, bata bestearen atzean ordenatuta,... [+]


Teknologia
Arreta hezten

Ez dut oso argi gure bizitzak gidatzeko, banaka, botere nahikoa dugun, baina saiatzen jarraitu behar dugula bai. Taldean gauza asko egin badaitezke ere, egunero gure buruarekin borroka bakartia dugu aurrera egiteko. Gizaki gehienok, bizitzea den norabide bakarreko ur... [+]


Eguneraketa berriak daude