Mundu osoan zehar unibertsitateko ikasleek Palestinaren alde antolatzen ari diren protestetara batzeko deia egin du Ikasle Abertzaleak antolakundeak. Olatua AEBetan abiatu bazen ere, bost kontinenteetan egin dira kanpaldiak eta protestak azken asteetan. Palestinako ikasle mugimenduak mundu mailako altxamendura deitu ditu hezkuntza komunitate guztiak.
Ikasle Abertzaleak antolakundeak jakinarazi du unibertsitateko ikasleek maiatzaren 6an abiatu dituztela kanpaldiak Hego Euskal Herriko hiriburuetako campusetan. Beste antolakunde batzuek bat egin dute kanpaldiekin, hala nola Ernaik edo Astinduk. Beraz, mundu mailako unibertsitateetako mobilizazioetara batuko da Euskal Herria ere, Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzeko eta Palestinako herriarekin elkartasunez. Astelehen arratsaldean hasi dituzte kanpaldiak Ibaetan Donostian, Gasteizen, Leioan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusean. Bi eguneko egitaraua egin dute publiko oraingoz. Palestinako hezkuntza komunitateak publikoki eskertu du mundu mailan ikasle mugimenduek Gazari erakutsitako babesa, eta presio neurriekin bat egitera deitu du.
Hezkuntza komunitateak Palestinako haur eta nerabeen alde ere deitu du protesta. Dozenaka ikastetxeetako ordezkariek, ELA, LAB eta Steilas sindikatuen babesarekin, maiatzaren 10ean Gasteizen egingo duten manifestaziora batzeko deia egin dute.
"Palestinako hezkuntza komunitateak publikoki eskertu du mundu mailan ikasle mugimenduek Gazari erakutsitako babesa, eta presio neurriekin bat egitera deitu du"
AEBak abiapuntu
New Yorken izan du abiapuntua bost kontinenteetara zabaldu den ikasleen protesta olatuak. Columbia unibertsitateko campusean, Gazako genozidioaren aurkako kanpaldia hasi zuten ehun ikasle inguruk apirilaren 18an, unibertsitateari eskatzeko harreman oro hautsi zezala Israelgo estatu sionistarekin. Hurrengo egunetan AEBetako 60 campus baino gehiagotan abiatu zituzten antzeko kanpaldiak, eta indar izugarria hartu dute protestek. Askotariko aldarriak ikusi badira ere, gehien zabaldu direnak izan dira Gazan su etena lortzea eta unibertsitateek Israelekin dituzten loturak haustea. Palestinarekiko Erantzukizuna taldeak ohar batean txalotu du ikasleen ekimena, "giza eskubideak nola defendatu behar diren erakusten ari dira", eta Euskal Herrian ere kanpaldiak egitea babestu du.
AEBetako agintarien erantzuna bortitza izan da. Bi aste eta erdian 2.300 pertsonatik gora atxilotu ditu Poliziak kanpaldiekin lotuta, gutxienez 43 unibertsitatetan oldartu da Palestinaren aldeko manifestarien aurka. Kazetariei campusetik irteteko agindu diete unibertsitate askotan eta zauritu ugari utzi dituzte Poliziaren erasoek, ikasle zein irakasleen artean. Gose grebak ere abiatu dituzte kanpaldietan, Princeton unibertsitatean, esaterako. Lorpen txikiren bat ere ezagutu da egunotan. Brown unibertsitate entzutetsua akordio batera heldu zen ikasleekin, Israelekin dituen loturak etetea “eztabaidatuko zutela” adostuta.
Biden eta Israel
Joe Biden AEBetako presidenteak kanpaldietan ikasleek erabilitako “indarkeria” salatu eta protesta “baketsuen” zilegitasuna defendatu du, nahiz eta protesta baketsu ugarik ere Poliziaren oldarraldi bortitzak jasan dituzten. Jarrera antisemiten mantra atera zuen Bidenek prentsaurrekoan, eta campusetan ikasle juduek ustez duten segurtasun eza salatu zuen. Adierazi zuen ikasleen mobilizazioek ez dituztela bere politikak baldintzatuko.
Israelek Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadoreak Hamasekin lotu zituen unibertsitateetako protestak, eta Israelen suntsipena bilatzen dutela salatu zuen. “Bagenekien Hamas eskoletan ezkutatzen zela, orain konturatzen gara ez dela soilik Gazako eskoletan gertatzen. Baita Harvarden, Columbian eta eliteko unibertsitateetan ere”. Sionistek gogor jo dute Palestinaren alde mobilizatutako ikasleen aurka. Minnesotan, Californian, Illinoisen eta beste hainbat estatutako unibertsitateetan istiluak eragin dituzte Israelen aldeko manifestariek, kanpaldien aurka oldartuta. Askotan, poliziaren babesarekin.
Israelgo enbaxadorea NBEn: "“Bagenekien Hamas eskoletan ezkutatzen zela, orain konturatzen gara ez dela soilik Gazako eskoletan gertatzen. Baita Harvarden, Columbian eta eliteko unibertsitateetan ere”
Mundu mailako oihartzuna
Apirilaren 18an Columbiako campuseko kanpaldia abiatu zenetik, AEBetatik kanpo ere zabaldu dira protestak eta mundu mailako mugimendu bilakatu da denbora gutxian. Indian, Libanon, Australian, Venezuelan, Japonian, Mexikon, Iraken, Kanadan, Kuban, Turkian, Txilen eta beste hainbat herrialdetan altxa dira ikasleak Gazako sarraskiaren aurka.
Europan ere izan du oihartzuna mugimenduak. Kanpaldi eta protesta ugari egin dira herrialde askotan, baita errepresio gogorra jasan ere. Alemanian, Berlingo Humboldt unibertsitatean, esaterako, Poliziak ikasle ugari kolpatu eta atxilotu ditu. Frantziako Estatuan ere unibertsitate askotan hasi dira kanpaldiak, eta haien kontrako jarrera erakutsi du gobernuak. Parisko eskualdeko agintari Valérie Pécressek, adibidez, finantzazioa eten dio Sciences Po unibertsitate ospetsuari, bertan mobilizazioak abiatzean. Aurore Bergék, Frantziako Genero Berdintasun eta Diskriminazioaren Aurkako Borrokaren ministroak, esan du Gazaren aldeko manifestariak “ezjakinak edo antisemitak” direla. Espainiako Estatuan ere kanpaldiak abiatu dituzte ikasleek, Valentzian eta Madrilen, adibidez.
Gazteen presioa Alderdi Demokratari
Unibertstitateetako protestak munduan zehar hedatu badira ere, garrantzi berezia dute AEBetan izandakoek, Israelentzako ezinbestekoa baita Bidenen babesa genozidioarekin aurrera egiteko. Nir Barkat Israelgo Ekonomia eta Industria ministroak ohartarazi du ikasle estatubatuarren mobilizazioak “mehatxu existentziala” direla estatu sionistarentzat, eta AEBetako iritzi publikoak haien biziraupenean duen garrantzia nabarmendu zuen.
Unibertsitateetako altxamenduak gora behera, AEBetako Gobernuak Israel sutsuki babesten jarraitu du azken asteetan ere. Babes militar eta politikoaz gain, Nazioarteko Zigor Auzitegiari (NAZ) presio egiten aritu da, ez dezan Netanyahu eta bere gobernuko kideak atxilotzeko agindurik eman. Karim Khan NZAko fiskalak berak salatu ditu auzitegiko langileek jasandako mehatxuak.
Baina, hedabide ugariren arabera, ez zaio dohainik ateratzen ari Joe Bideni Gazako sarraskian hartutako jarrera. Askok aipatu dute hautesle demokraten zati esanguratsu batek ez dituela begi onez ikusten Bidenen politikak, hautesle gazteenek batez ere. Harvard unibertsitateko inkesta baten arabera, soilik gazte demokraten %18 dago ados demokraten Israelekiko politikekin, eta CNN kateak ere antzeko datuak eman ditu. Alderdi Demokratako ahots ezberdinek kezka agertu dute 2024ko hauteskunde presidentzialetan gazteen bozka asko galdu ditzakelako alderdiak, sionistei emandako babesaren ondorioz.
Asteburua baino lehen lau gatiburen gorpuak itzuliko ditu Hamasek. Horrela, Gazarako su-etenaren lehen faserako adostutako preso truke guztiak gauzatuko dituzte Israelek eta talde palestinarrak.
Yala Nafarroak deitutako manifestazioan 2.000 pertsona inguruk hartu dute parte eta Iruñeko hainbat kale zeharkatu ditu Gaztelu plazan amaitzeko. Azken irakurketan adierazi dutenez, "erokeria distopiko hori geldiarazi daiteke, askoz gehiago garelako kapital handiak... [+]
Jenin hiriaren aurkako oldarraldia duela hilabete bat baino gehiago abiatu zuen Israelek, geroztik 26 palestinar hil ditu gutxienez, eta milaka beren etxeetatik kanporatu. Israelgo armada Zisjordania iparraldean pasabideak eraiki nahian ari dela salatu dute, kanporatutako... [+]
Berlinale zine jaialdian gertatu da joan den asteburuan. Jun Li zuzendariak, Queerpanorama lan berria aurkeztu zuenean, printzipio ideologikoengatik Alemaniara ez joatea erabaki zuen Erfan Shekarriz aktore irandarraren testu bat irakurri zuen oholtza gainean: "Ibaitik... [+]
Yala Nafarroak bat egiten du Israelek nazioarteko zuzenbidea sistematikoki urratzen duela salatzeko mundu osoan zehar egiten ari diren mobilizazioekin, eta iragarri dute mobilizazioei eutsiko dietela Mendebaldeko gobernuek Israelgo erregimenarekin duten konplizitatearekin amaitu... [+]
Su-etena hitzartu eta hilabete bete denean, lehen faserako adostutako 33 bahituetatik 25 askatu ditu Hamasek. Israelek, berriz, 985 preso utzi ditu aske. Bigarren fasea martxoaren 2an da indarrean sartzekoa, baina bi aldeek jarraitu beharreko urratsak zehazteko daude... [+]
Kulturatik elkarteak antolatuta, Musika eta dantza Palestinarekin ekitaldia egin dute Alderdi Ederren gaur eguerdian. Palestinako herriari elkartasuna adieraztea eta jasaten ari diren genozidioaren bukaera eskatzea izan da helburua. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza... [+]
Su-etena hausteko arriskua erreala izan bada ere aste guztian zehar, adostasun batera iristeko bidean dira bi aldeak: bahitu gehiago askatuko lituzke Hamasek, laguntza Gazara sarrarazteko bidea ez oztopatzeko "promesa" egin duelako Israelek. Arabiar Ligako herriek... [+]
"Hamasek gure bahituak larunbat eguerdia baino lehen itzultzen ez baditu, su-etena amaitu egingo da eta armadak gogor borrokatuko du Hamas garaitu arte", adierazi du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, talde palestinarrak preso trukea behin-behinean... [+]
Erakunde islamistak Israelek urratu dituen neurrien artean aipatu ditu Gaza bonbardatzen jarraitzea eta aske utzitako preso palestinarren egoera. Trumpek mehatxatu du, preso trukea egin ezean, Gaza "infernu" bihurtuko duela.
Ehunka pertsona mobilizatu ziren Maccabi Tel Aviv talde israeldarrak Gasteizen jokatu duela gaitzesteko. «Israelgo Estatuaren normalizazioari» ekarpena egiten diola kritikatu diote Baskoniaren zuzendaritzari.
AEBetako presidentearen Gazako palestinarrak kanporatzeko asmoak aurkako erreakzio ugari eragin ditu nazioarteko nahiz herrialdeko politikan, baita Alderdi Errepublikanoan ere. Gehienek "garbiketa etnikoa" sustatzea egotzi diote, baina Trumpek bere asmoa berresten... [+]
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bisitarekin batera egin ditu adierazpenak AEBetako presidenteak, Etxe Zurian. Zerrendan bizi diren 1,8 milioi palestinarrak Egipto edota Jordaniara lekualdatzea proposatu du.
Urtarrilaren 30 honetan abian jarri du Israelek Jerusalem ekialderako UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren debekua. Urtarrilaren 15ean adosturiko su-etenari segi, bahituen eta presoen hirugarren trukea dute ostegun honetan.