Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda Ezkerrak adosturiko gobernu batek "ezegonkortasun handia" ekarriko luke, UPNko parlamentariaren irudikoz.
Ez da lehen aldia Cristina Altuna UPNko parlamentari ultzamar berria gure irratira hurbiltzen dena, izan ere, institutu garaian irrati tailerra egin zuen gurekin. Gero Kazetaritza ikasi zuen, eta ikasketak amaitutakoan sei urtez aritu zen lanean Cope irratian, Madrilen. Duela bi urte Iruñera itzuli zen, Es Radio-ren ordezkaritza martxan jartzeko. Orain politikara egin du salto. Eta Madrilen zertxobait galdutako euskara berreskuratzeari ekin dio: Barañaingo Sahats euskaltegian ikasten ari da.
Zerk bultzatu zaitu kazetaritzatik politikara?
Javierrek [Esparzak] horrela eskatu zidan. Asko pentsatutako erabakia izan zen. Uste dut parlamentariarena ardura handiko kargua dela, jendea ordezkatzen ari zarelako. Buruan nuen kezka zen ea zerbait positiboa eman nezakeen. Kazetariok lantzen dugu entzuteko ahalmena, eta hori orain beharrezkoa da hauteskundeek erakutsi dutelako Nafarroa oso plurala dela. Alde horretatik zerbait egin badezakegu, pozik.
Legealdi honetan, UPNk bi parlamentari euskaldun ditu, Iñaki Iriarte eta zu. Parlamentuan, 50etik 21 zarete euskaldunak.
Nafarrok bi hizkuntza horiek hitz egiten ditugu, eta errealitate hori ere ikusarazi behar dugu, hizkuntza horretan ere hitz egin behar dugu.
Zer iruditzen zaizu UPNk orain arte egin izan duen hizkuntz politika?
Nafarroan ikusi dugu D eredua badugula, eta nahi izan dutenek aukera hori izan dutela. Zaila da denon borondateari erantzuna ematea, baina beti argi egon dena da inposaketarik ez zela onartuko. Nahi dutenek euskara ikas dezatela, eta nahi ez dutenak ez daitezela behartuta sentitu. Ni euskalduna naiz, euskara hitz egitea gustuko dut, nire familian beti horrela hitz egin izan dugu. Eta nik nire kasuan gehiago ikasteko borondatea dut. Baina egia da badudala inguruan euskaraz ikasi nahi ez duen jendea. Behar hori ikusten ez badute, euskara inposatzea ez da bidezkoa.
Nik ez dut ezagutzen euskara ikastera behartu duten inor. Zuk bai?
Horregatik esaten dut A eredua eta D eredua daudela, eta bakoitzak nahi duena aukera dezakeela.
Foru hauteskundeetan, UPNk 91.329 boto eta 15 parlamentari lortu ditu, duela lau urte baino 20.000 boto eta 4 parlamentari gutxiago. Zer balorazio egiten duzue?
Botoak galdu dira, konfiantza galdu da, beraz, ezin da emaitza hori ontzat eman. Baina positiboki ere begiratu behar dugu: azken finean 91.000 lagunek baino gehiagok gugan konfiantza izaten segitzen dute, lehen indarra gara eta lan egiten segitu behar dugu. Hauteskunde hauek ikusarazi digute Legebiltzarrean alderdi asko daudela, akordioak beharrezkoak direla, eta akordioak lotu behar direla. Guri dagokigu lan egitea horietara iristeko.
Zein arrazoi politiko dago UPNren beherakadaren atzean?
Hori aztertzen ari gara. Baina orain alderdien artean bilerak egiten ari dira gobernuaren osaketari begira, eta alderdi barruko gogoeta horiek sakonki eta poliki egin behar dira, beraz geroago egin beharko ditugu.
M24aren biharamunean, 25ean, astelehenean, telefonoz, esan zenigun krisia egon zitekeela emaitza kaskarren gibelean.
Ematen du krisiak eta hartu behar izan diren neurri gogorrek eragina edukiko zutela, baina hori behar bezala aztertu ahal izateko denbora gehiago behar dugu. Orain oso erritmo bizian ari dira alderdiak bilerak egiten, ikusteko zein izanen den gobernuaren buru berria. Gure alderdiak aztertu beharko du azken lau, edo zortzi, edo hamabi urteetan zein nolako kudeaketa egin duen, eta hortik balorazio edo ondorio batzuk atera. Beste hiri eta erkidegoetan ikusi ditugun emaitzak ikusita, argi dago azken lau urteak oso zailak izan direla. Dirurik ez dagoenean, langabezia dagoenean, kudeaketa aurrera ateratzea zailagoa da. Agian ez da nahikoa, baina Nafarroa beste erkidegoak baino hobeki dago, eta hori ere ona da.
Eskuinaren botoaren zatiketak ere kalte egin dizue. Esaterako, Ciudadanosek 9.000 boto lortu ditu, baina ez du parlamentari bakar bat ere lortu.
Zatituta alde guztiak gelditu dira, ezkerra eta eskuina. Segur aski hor ere botoak galdu dira. Agian ez gara gai izan jendeari ilusioa eskaintzeko. Ez ditugu konbentzitu. 20.000 boto galdu dira. Hor arrazoiak badira, eta sakonki aztertu behar dira. Baina aste hauek oso zailak dira horrelako ariketa bat egiteko.
Hauteskunde kanpainan zenioten UPNk irabazten ez bazuen Nafarroa desagertuko zela. Ez duzue irabazi. Nafarroa desagertuko da?
Nafarroak Nafarroa izaten segitzeko eskaera egin zuen Javierrek [Esparzak]. Hemen erabakitzeko zenbait eskumen baditugu, forua, politika ekonomikoa… Hori mantentzeko eskaera egin zuen Javierrek. Arriskuan dago hori? Agian ez. Javierrek azkenean esan nahi zuena zen Nafarroan langabezia tasarik onena dugula, hezkuntza eta osasun alorretan gastu publikoa handienetakoa dela, eta beste hainbat datuk erakusten dutela kudeaketaren kalitatea ona dela. Krisi garai honetan zerbitzuak okertu dira? Bai, langabezia altua delako. Zerbitzuak herritarrek ordaintzen ditugu, eta langabe asko badago diru gutxiago dago zerbitzuak ordaintzeko. Baina oso garai txarretan egoera horren txarra ez izatea lortu dugu.
Baina Barcinak ere mezu apokaliptikoak zabaldu ditu: dioenez, egungo Nafarroak Hitlerren aurreko Alemania dakarkio gogora.
Nafarroari ez zaio komeni konfrontazio egoera batean sartzea eta horretara jo behar dugu. Lanpostuak sortu nahi baditugu, egonkortasuna behar dugu. Eta lau taldek osaturiko gobernua egonkorra izan daitekeen galdetu beharko genuke. Ez dut uste etorkizun ikaragarri beltza datorkigunik. Baina azkenean egonkortasuna behar dugu, eta UPN alderdi politiko bozkatuena izan da. Badirudi inork ez duela hori ikusi nahi.
Diozu lau indarrek osaturiko gobernua ez litzatekeela egonkorra, baina Esparzak ere lau hankadun gobernua proposatu du: PSN eta IE barruan, UPNren eta PPren kanpo sostenguarekin.
UPN nahiko argia izan da beti, aurretik esan baitzuen zeinekin hitz eginen zuen eta zeinekin ez. Koherentzia horren barnean beti esan du alderdi konstituzionalista horiekin mintzatu ahal izango zela. Koherentzia horren barruan kokatu behar da eskakizun hori, baina PSNk jada esan du ez dagoela horretarako prest. PSNri eta Ezkerrari eskaini zaie Nafarroa ezkertiarra izatea, baina ez dute nahi izan. Haiek azaldu beharko dute zergatik.
Askotan hitz egiten duzue fronte abertzaleaz. Esparzaren proposamen horren gibelean, ez al zegoen fronte nazionalista espainiar bat?
Erlazioak mantendu behar dira. Gauzak globalki ikusi behar dira. Azken lau urteotan ikusi dugu ekonomikoki Europa batua dagoela eta beste herrialde batzuekin egiten duela lehia. Gauzak aurrera atera ahal izateko, elkarrekin bagaude errazagoa da banatuta bagaude baino. Gauzak zatitzeak ez du etorkizun onik ekartzen. Egonkortasun hori behar dugu, koherentzia horren barnean UPNk beti berdin jokatu du, eta orain arte ez zaigu gaizki joan. Badakit azken lau urteak oso txarrak izan direla, baina egoera horretan Nafarroa besteak baino askoz hobekiago dago eta gauzak ez dira hain gaizki egin.
Koherentzia aipatzen ari zara. Hauteskundeen ondotik Esparzak esan du denekin hitz eginen duela EH Bildurekin izan ezik, baina hauteskunde kanpainan bakarrik EH Bildurekin egin zuen buruz buruko eztabaida. Koherentea iruditzen zaizu?
Berak beti esan du EH Bildurekin ez zuela hitz egingo ETAren indarkeria gaitzetsi arte. Eta telebistan izan zuten eztabaida horretan hori bera esan zion. Eztabaida horretara hori esatera joan zen. Araizek eskaini zuen eztabaida. Eta Esparzak onartu zuen, hori esateko, esan nahi zizkion gauzak esan ahal izateko. Eskatu zizkion baldintza horiek ez ditu bete EH Bilduk, eta horregatik, koherentziagatik, UPNk ez du bilerarik egingo EH Bildurekin.
Nola ikusten ari zara gobernua osatzeko Geroa Bairen bilera erronda?
Talde politikoak gauza bakarrean daude ados: UPN kanpoan uzteko nahi horretan. Pena ematen du haiek ez entzutea zein proposamen ditugun Nafarroa hobetzeko. Gaur bilera egin behar dute Geroa Baik eta Podemosek. Laura Perezek kanpainan esan zuen EAJrekin ez zuela inolako harremanik nahi. Orain ikusiko dugu zer nolako adostasunak lortzen dituzten. Esparzak ere bilera erronda egin behar du.
Geroa Baik egina dio UPNri gonbita bilera egiteko. Elkartuko zarete?
Bai, hori da pentsatuta dagoena.
Maiak dio gizartearentzat onartezina dela Iruñeak EH Bilduko alkatea edukitzea. Ados?
Koherentzia kontua da: UPNk dio EH Bildurekin ezin dela hitz egin ETAren indarkeria gaitzesten ez duen bitartean. Baldintza bera bete beharko luke alkatea izateko.
Iruñea ez ezik, merindade guztietako buruak eta Iruñerriko udal guztiak ere galdu dituzue. Zer gertatu da udal hauteskundeetan?
Hiri handiak galdu ditugu, bai, eta ikusi beharko dugu ea akordioak lotzeko zein nolako aukerak ditugun. Horretarako prest egonen da UPN. Eta ikusi beharko da zein aukera ditugun gobernu batzuetan egoteko. Botoak galdu dira, hiri garrantzitsuak ere galdu ditugu, eta biztanleekin hitz egin beharko dugu ikusteko zertan egin ditugun akatsak, eta horiek konpondu ahal izateko.
Nola geratzen da alderdia horrelako porrot baten ondotik? Aurretik jada tira bira handiak izan dira Catalanen eta Barcinaren artean lehendabizi, Barcinaren eta Esparzaren artean gero.
UPNk barrura baino gehiago kanpora begiratu behar du, herritarrak ordezkatzen baititu. Ahalegin handia egin behar da ikusteko pertsonak alderdiaren gainetik daudela, garrantzitsuagoak direla. Baina joera ireki horrek, biztanleei begira egote horrek garrantzi handia du. Alderdia tresna bat da herritarrak ordezkatzeko, ez besterik.
Catalanek dio UPNn autokritika ezinbestekoa dela. Bat zatoz?
Hala da. Kontrako jarrerek ez dute ezer onik ekartzen. Botoak galdu dira, jendeak konfiantza galdu du, eta horri erantzun behar zaio. Ongi aztertu behar da azken lau, zortzi urteetan zer nolako kudeaketa egin den, eta ikas dezagun akats horietatik hobe dezagun gure kudeaketa.
(Lizentziak ematen duen baimena baliatuta ekarri dugu elkarrizketa. Hemen originala: http://euskalerriairratia.eus/nafarroa/1433160636269)