“Egungo elikadura- eta nekazaritza-sistemek ez gaituzte autonomo bihurtzen”

  • Laborantza iraunkor eta herrikoiaren hitzordua den Lurrama azokan izanen da Karine Jacquemart, Frantziako Foodwatch elkarteko zuzendaria. Elikadura-eskubidea herritar orori bermatzeko helburuari tiraka, hainbat ekintza bideratzen dabiltza –herritar mobilizazioak, agintari politikoei begira presio-lanak, agroindustriaren ekimenen salaketak eta beste–. Azaroaren 8an hasi eta asteburu osoan iraunen du Lurramak, Miarritzen. Hitzaldia eskainiko du larunbatean, 17:00etan, "Elikadura, egunero errepikatzen den historia politikoa" izenburupean.


2024ko azaroaren 08an - 08:43
Azken eguneraketa: 10:00
Karine Jacquemart, Lurramako aurtengo gomita berezia. Gaelle Cloarec

Elikadura eskubidearen alde zabiltza militatzen. Mundu mailan ala tokian toki, non jokatzen da kontua?

Maila guztietan. Mundu mailan, merkataritza- eta finantza-trukeak globalizatuta daudelako eta multinazional bakar batzuek nekazaritzako elikagaien katearen atal osoak kontrolatzen dituztelako, hazietatik hasi eta elikagai banaketaraino. Baina, argi da maila lokalean ere eragin beharra dagoela. Europako GKE bat da Foodwatch, osoki independentea, bost herrialdeetan (Frantzian, Alemanian, Herbehereetan, Austrian, Belgikan) dabilena. Ez dago zalantzarik: Europaren eskala ere ezinbestekoa da. Europak hobeto babestu dezake –eta behar du!– guztiontzat elikagai osasuntsu eta merkeak izateko eskubidea. Zeregin inportanteak ditu eta arau komunak eta babes-neurriak ezartzeko eskala egokia da Europa. Esaterako, zerealetan dagoen azukre kantitatearen muga finkatzea, osasunerako edo ingurumenarentzat arriskutsuak diren gehigarriak baztertzea, pestizida jakin batzuen debekua, iruzurrezko edota deforestazioaren ondoriozko produktuen inportazioa debekatzea... Hori guztia Europako Batzordeak erabakitzen du.

Problematikoa da laborantza merkataritza askerako itunetan izatea. Problematikoa da finantza merkatuetan erabakitzea guztia.

Itun horien ondorioz, EBra inportatutako nekazaritza eta elikadura produktuen kantitateak emendatzen dira eta horrek eragin sozial eta ekologikoak ditu, herrialde ekoizleetan baita gurean ere. Autoak ganaduaren trukean izenez ezaguna da EB-Mercosur ituna, baina soja transgenikoez eta deforestazioaz ere hitz egin behar dugu truke horiez aritzerakoan. Inportazio-kuota handi horiek are larriagoak dira, osasun- eta ingurumen-arauak usu ez baitira berak herri inportatzaile eta esportatzaileetan. Adibidez, Kanadak oraindik ere erabiltzen ditu zenbait animalia-irin eta hazkuntza sustatzeko antibiotikoak, Europan debekatuta dauden arren. Europan debekatutako 42 pestizida molekula erabiltzen ditu Kanadak, eta Brasilek beste dozenaka baimentzen ditu. Beste mehatxu biziki larri bat: herritarrak eta planeta babesteko araudiei eraso egitea da hitzarmen horien logika komuna, multinazionalei gero eta lehentasun handiagoa emateko.

"Alternatibak badira, gure osasunerako anitzez hobeak direnak, biodibertsitatea ahalik eta gehien zaintzeko eta laborarientzat bideragarriak direnak. Eredu hauek agroekologiaren printzipioetan oinarritzen dira"

Testuinguru horretan nola bermatu dezakegu elikadura eskubidea?

Berez sinplea izan beharko luke: eskubidea den heinean, guztioi bideratua izateko neurriak beharko lirateke. Bistan da, beren jardueretatik duinki bizi behar lukete laborari guziek. Horrez gain, lurra, bioaniztasuna eta osasuna errespetatuko dituen nekazaritzaren aldeko trantsizioa bideratu ahal izateko laguntzak bideratu behar zaizkie. Baina alderantziz, diru publikoari esker aitzina doan eredu agroindustrial batean gara, alta, badakigularik arriskutsua zaigula eta nekazariak paretaren kontra daramazkiela. Baina... Arazoa da, gaur egun nekazaritzako elikagaien sistema giltzaperatuta dagoela. Bost nekazarietatik bat da pobrezian bizi eta milioika lagun dira elikadura-segurtasun gabezian. Benetan diot, egungo elikadura- eta nekazaritza-sistemek ez gaituzte autonomo bihurtzen. Gainera, ez da ahantzi behar pertsona berberak dabiltzala sistema hori sustatzen eta "zama administratibo" eta "oztopo" bezala aurkezten natura, lurzorua eta biodibertsitatea zaintzeko neurriak. Elikadura-industriako erraldoi batzuek –Lactalis, Nestlé, Ferrero, Mondelez, Unilever eta abar– kontrolatzen dute merkatua, eta banatzaile handi bakar batzuen esku da merkatuaren %80a.

Ezin bermatuzkoa dugu beraz eskubide hori?

Alternatibak badira, gure osasunerako anitzez hobeak direnak, biodibertsitatea ahalik eta gehien zaintzeko eta laborarientzat bideragarriak direnak. Eredu hauek agroekologiaren printzipioetan oinarritzen dira: menpekotasun gutxikoa eta naturarekin bat doazenak; hots, autonomoagoak eta erresilienteagoak. Bestalde, tokian-toki, kalitatezko janaria eskuratzeko alternatiba ugari garatzen ari dira: janari denda sozial eta solidarioak, auzo prekarioetarako Vrac France gisako ekimenak eta, batez ere, Elikaduraren Gizarte Segurantzaren proposamena.

Elikaduraren Gizarte Segurantza zer da?

Elikadura bermatzeko sarbidea erraztea du helburu eta Gizarte Segurantzaren antzeko kotizazio-ereduan oinarriturik, elikadura-laguntza unibertsala proposatzean datza funtsa. Kide bakoitzak hilero kopuru bat jasotzen du, taldeak demokratikoki aukeratutako denda edo ekoizleen sarean janaria erosteko bideratzeko. Oso itxaropentsua da! Frantziako Estatuari dagokionez, 30 bat lekutan esperimentatua da.

Behi eroen eskandaluaren ostean, 2002an sortu zuen Foodwatch, Thilo Bode Greenpeaceko zuzendari ohiak, elikadura kontrolatzeko nazioarteko erakunde indartsu bat osatzeko xedez. Herritarren kontra-botere horri buruzko zein balorapen egiten duzu?

Egitura independentea gara, herritarren esku dago osoki eta hori da gure indarra. Babes horri esker, nekazaritzako elikagaien industriako eta banatzaileen gehiegikeriak argitu ditzakegu, araudia hobetzera bultzatu ditzakegu agintari politikoak, beti ere, informaziorako, osasunerako eta ingurumenaren babeserako eskubideak hobeto babesteko. Garaipen batzuk lortu ditugu eta borrokan segitzeko gogoz gara ere.

Baikor segitzeko arrazoiak dituzu, beraz?

Baikor egiten nauena ekintza da: ezin ditugu parekoak nahi dutena egiten utzi, eta sinetsita nago elkarrekin aldaketa eragin dezakegula. Baina horretarako, guztion parte-hartzea behar dugu. Elkarrekin, ez dugu sekula amore emango.

Milaka lagun batzen dira urtero Lurraman, eta laborantza herrikoia ezagutzeko aukera izaten dute umeek eta helduek. Argazkia: Lurrama


 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Lurrama
2024-11-08 | Euskal Irratiak
Iñaki Berhokoirigoin
“Oraingo munduan, iruditzen zaigu kontsumitzailea ere ez dela irabazle”

Ostegun arratsean abiatu da Lurrama, Bidarteko Estian egin den mahai-inguru batekin. Bertan, Korsika eta Euskal Herriaren bilakaera instituzionala jorratu dute. Besteak beste, Peio Dufau diputatua eta Jean René Etxegarai, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, bertan... [+]


2023-11-10 | Euskal Irratiak
Ostiralean ireki ditu ateak Lurramak, Iparraldeko laborantza iraunkorraren saloiak

Emazteek laborantzan leku garrantzitsua izanik ere, ainitzetan gizonen itzalean izan dira. Hori aldatu nahian, emazteak erdigunean ezarriko dituzte aurten Lurraman.


2023-07-11 | Enbata
Emazte laborariak argitan

Azaroaren 10, 11 eta 12an, Biarritzeko Irati gelan iraganen den Lurramaren 2023ko edizioaren kari, emazte laborariak argitan ezartzea erabaki du Lurrama elkarteak, «Emazte laborariak argitan» tematikarekin.


2023-07-06 | Euskal Irratiak
Emazte laborariak argitan aurtengo Lurraman

"Emazte Laborariak Argitan"  izanen da aurtengo Lurramaren leloa. 27 emazte laborari agertzen dira afixan. Haien rolak, engaiamenduak, eskumenak eta berezitasunak azpimarratuko dituzte heldu den azaroaren 10, 11 eta 12an, Miarritzeko Irati gelan.


2022-11-11 | Euskal Irratiak
“Mendiaren erabilpena lehen baino gehiago kudeatu behar da”

Lurrama, laborantzaren saloina Miarritzeko Irati gelara itzuliko da aurten baina kasu, ostegunetik larunbatera iraganen da 17. edizioa. "Mendiguneak bizirik!" hautatu dute lema gisa eta Pirinio inguruko laborariak gomitatuak dira.


Aurtengo Lurramak mendiaz gogoetatzeko aukera eskainiko du azaroaren 10, 11 eta 12an

Miarritzeko Irati aretoan iraganen da laborantza herrikoiaren besta. Besta eta hausnarketa uztartuko dituzte hiru egunez, laborantza industrialaren parean garaturiko eredu herrikoia ezagutarazteko xedez.


2021-10-26
6.000 lagunetik gora elkartu dira Lurraman “lur elikatzailea” defendatzeko

Urriaren 24an 6.000 pertsona baino gehiago elkartu dira Arbonan, "lur elikatzailea defendatzeko". Izan ere, urtero elikagaietarako 650 hektarea lur desagertzen direla nabarmendu dute antolatzaileek. 120 egunez lurrak ez saltzeko egindako borrokari Lurrama festara... [+]


2021-10-19 | ARGIA
Aurtengo Lurrama Arbonan izango da, okupazioaren garaipena ospatzeko

Lurzaindiak eta ELBk jakinarazi dute Arbonaren okupazioa urriaren 24ean amaituko dela, eroslea erretiratzea lortu baitute. Urriaren 24ak, okupazioaren 120garren eta azken eguna markatuko du eta bertan egingo da 2021eko Lurrama berezia.


Herri oso bat sar daiteke Arbonan

Erosleak azkenean ez ditu Arbonako etxe eta lursaila erosiko. ELB eta Lurzaindiako kideen eta hauei juntaturiko herritarren aitzinean amore eman behar izan du. Okupazioak oraindik segitzen du, saltzaileak 3 milioi euroren gose segitzen duelako eta negoziaketa fasean okupaziotik... [+]


2020-11-10 | Euskal Irratiak
Beñat Molimos (Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehendakaria)
“Aurten deliberatu dugu gure diru biltze kanpaina, Lurramarekin lotzea”

Ekimen gehienak bezala, Lurrama ere ezeztatu behar izan dute aurten. Baina zer nolako ondorioak utziko ditu horrek Lurrama elkartean eta Euskal Herriko Laborantza Ganberan?


2020-11-03 | ARGIA
Lurrama bertan behera geratu da eta EHLGren kanpaina ekonomikoan parte hartzeko deia egin dute

Azaroaren 13tik 15era egitekoa zen 2020ko Lurrama bertan behera uztea erabaki du Euskal Herriko Laborantza Ganbarak: "Apiriletik formula desberdinak landu ditugu, suprefeturaren gomendioen arabera egokituz, bainan ezin dugu bururaino joan. Hamaboskarren edizioa berezia... [+]


2020-10-27 | ARGIA
Formatua aldaturik eta eskaintza ttipiturik, aitzina doa Lurrama

"Biharko mundua, gaurko hautua" lemapean egingo dute Lurrama aurten, azaroaren 12tik 15era, Miarritzetik atera eta Ipar Euskal Herriko xoko ezberdinetan ekimen ezberdinak eskainiz.


Eguneraketa berriak daude