Dorletako gatzagaren bueltan egun osoko egitaraua antolatu dute, zortzigarren urtez, Gipuzkoan jaiotako gatzaren iragana eta oraina ezagutzeko. Azoka, mendi irteera, bisita gidatuak, tailerrak, musika, dantza eta beste izango dira maiatzaren 19an.
Gipuzkoan eta Arabako mugan dagoen Leintz Gatzaga herriko berezitasun nagusia gatzaren inguruko kultura da, eta hori ezagutarazteko hasi ziren Gatz Eguna ospatzen 2016an. Zortzigarren edizioa izango da aurtengoa, eta udazkenetik udaberrira pasa dute gatzari lotutako festa: maiatzaren 19an izango da, 10:00etan hasi eta iluntzera arte.
“Antzina zuten gatz kultura eta egiteko moduak ahaztu gabe, baina gaurkotasunetik egin nahi dugu gatz kultura”. Halaxe deskribatu du Gatz Egunaren funtsa Aitor Larrañagak, Gatz Museoko arduradunak. Bertan ekoizten duten Dorletako gatza balioan jartzeko ekintza ugari antolatu dituzte iganderako: goizean azoka egongo da plazan; zuzenean kozinatuko dute bertaratutakoentzat; mendi irteera egingo dute Deba ibaiaren iturburura; Gatz Museoan bisita gidatua; hainbat jolas eta tailer; eta musika eta dantza ere ez dira faltako arratsaldean.
Larrañagak gogorarazi du Dorletako gatza ekoizteko prozesua Iberiar Penintsula osoko bakarra dela: “Bakarra da behartutako lurrunketaren teknikaz berotzen duena iturburuko gatza”. Teknika horrek “inguruko basoekin lotura” handia izatea eragin die, Larrañagaren arabera, zuhaitz hostozabalen egurra beharrezkoa baitute horretarako.
Herritarrei dei egin diete igandean bertaratzera, bailaran duten gatzaga hobeto ezagutzeko, gatzaren historiari buruz ikasteko eta bertako produktu horri balioa emateko. Antolatzaileek jakinarazi dute Lurraldebus autobus zerbitzu berezia jarriko dutela, eta hori erabiltzera bultzatu dituzte Debagoienako herritarrak.
Gatz Egunaz gain, urte osoan ere bisitatu daiteke Leintz Gatzagako Gatz Museoa, besteak beste. Gainera, Aitor Larrañagak azpimarratu du egun Dorletako gatza erosteko aukera dagoela inguruko dendetan. “Mineraletan aberatsa den gatza, eskuz egina, gure sukaldeetako janariaren zaporea indartzen duena”. Izan ere, aitortu du 1970eko hamarkadan “galdutzat eman” zela gatzaren ekoizpena eta merkaturatzea, baina azken urteetan hori aldatzeko eta gatzaren ondarea berreskuratzeko lan egin dutela.
(10:00-14:00) Gatzaren eta bertako produktuen azoka. Plazan. (Erosleen artean otarra zozkatuko da).
(11:00) Aretxabaletako Tomate landara banaketa. Plazan.
(12:00) Showcooking. Plazan.
(10:00) Mendi irteera:PR-Gi-37 Hiruerreketa. Ezagutu non jaiotzen den Deba ibaia.
(11:00) Gatz museoan bisita gidatua (euskaraz). Erreserba ezinbestekoa.
(12:00) Gatz museoan bisita gidatua (gazteleraz). Erreserba ezinbestekoa.
(11:00) Gatz xaboiak egiteko tailerra. Frontoian. Erreserba ezinbestekoa.
(11:00) Zurezko plaza jokoak. Frontoian.
(12:00) Pisua asmatu jokoa. Frontoian.
(14:30) Musika emanaldia: Sei Pistols & Trabuko bat.
(18:00) Dantza eta musika ikuskizuna: Tio Teronen Semeak.
Jardueretarako erreserba egiteko Debagoienako Turismo bulegoarekin harremanetan jartzeko eskatu dute: infoturismo@debagoiena.eus, 943 79 64 63.
Guztira hamalau azoka antolatu dituzte, Arabako Bionekazaritza, Bizkaiako Ekolur, Gipuzkoako Biolur, herrietako kontsumo taldeek eta ekoizpen ekologikoaren aldeko herrialde mailako elkarteek sustatuta.
Urriaren 13an ospatu dute laugarren urtez Gatzaren Eguna Leintz-Gatzagan. Gatzaren ekoizpenari erabat lotua egon da herriaren historia, eta oraindik ez du etenik lotura horrek. “Gaur egun Udalak gure inguruan gatz kulturaren hedapena egiteko konpromisoa hartua... [+]
Igandean, hilak 21, hirugarrenez egingo da Gatzaren Eguna Debagoieneko Leintz Gatzaga herrian. Egitarau zabala osatu dute egun osorako: mendi ibilaldia, hitzaldia, azoka, kontzertua...
Gatza. Leintz-Gatzagako herritarren erretratoak proiektuaren azken emaitza aurkeztuko du Joxefe Diaz de Tuesta argazkilariak urtarrilaren 8an. Oñatiko kultur etxean izango da, arratsaldeko 19:00etan eta webguneaz gain herritarren erretratuak biltzen dituen argazki... [+]
Inazio Azkarragaurizar Arrasateko alkate (Bildu) eta Debagoieneko mankomunitatearen lehendakari denak Gasteizko Legebiltzarraren aurrean deklaratu ditu bere bailaran hondakinen kudeaketak bizi duen egoera eta aurrera begirako dauzkaten planak.