Gatazken inguruko liburuxka argitaratu du Joxemi Zumalabe fundazioak. Hiru urte direla hasi ziren herri mugimenduen borroka moldeen inguruan hausnartzen hainbat eragile eta pertsonarekin batera. Joxemi Zumalabe fundazioko militante Marta Luxanekin aritu gara liburuxkan jasotakoez zein oro har gatazkaren "erremintaz" hizketan.
Aspaldi hasi zenuten prozesu baten emaitza da hau. 2012an kolektiboen barne bizitza eta dinamiketan zentratu zenuten begirada eta hausnarketa. Hortik irten ziren “Dabilen harriari goroldiorik ez” liburua eta DVDa. Orain, testuinguruan eta kanpora begirako lanean jarri duzue arreta gehiago.
Zumalabe barnean hausnarketaren ildoari ekin genionean, kolektiboen barne bizitzaren inguruan hasi ginen gure artean eta beste kolektibo batzuekin hausnartzen eta eztabaidatzen. Uste genuen dimentsio horri gutxi begiratzen geniola. Baina gerora iruditu zaigu testuinguruaren dimentsioa ere hor dagoela. Hirukiaz hitz egiten dugu guk: oso garrantzitsua da bai proiektu politikoari, bai taldea osatzen duten pertsona bakoitzari eta bai testuinguruari begiratzea.
Iruditzen zitzaigun jendeak jada hor kokatzen gintuela, “barrura begira dauden horiek” (barre egiten du). Eta baditugu bestelako kezka batzuk. Fase hura amaitutzat ematean, esan genuen: “goazen borroka moldeak aztertzera”.
Kanpoa eta barnea ezberdintzeko joera horretan ere ez al da agerian geratzen gure pentsamendu bitar dikotomikoa, bi dimentsio independiente balira bezala ulertuz?
Erabat. Guk barne bizitza horren garrantzia azpimarratzen dugu, azken finean kanpora begira egiten duguna baldintzatuta dagoelako barne mailako dimentsio horrengatik, eta alderantziz. Agian horrela definitu edo sailkatzen ditugu aurrera egiteko, baina ez da bata ala bestea, konektatuta daude.
2015-2016 ikasturtean hasi zineten kanpo dimentsio horri heltzen. Gatazkarena aztergai izan dituzuen lau borroka moldeetako bat da.
ARGIArekin batera aurretik bi bideo egin ditugu, aliantzak jorratu ditugu hor. Orain gatazken inguruko liburuxka atera dugu. Asko eztabaidatu dugu gure artean, batzuetan adostasunetara ezin heldu, blokeo une batzuk izan ditugu, baina hor dago emaitza azkenean.
Borroka moldeak lantzea erabaki genuenean lau moldeetan zentratzea erabaki genuen: desobedientziak, aliantzak, gatazkak eta biolentziak. Ez dugu pentsatzen borroka moldeak hor agortzen direnik edo horiek direnik garrantzitsuenak, baina interesak hor genituen une horretan. Biolentziarenean korapilatu gara, ez dugu ikusi nola kaleratu zerbait gure artean ere askatu gabeko korapilo asko daudelako.
Gatazkaren inguruan atera duzue orain liburuxka. Gatazka nola ulertzen duzue?
Jendartean desorekak sortzen dituzte desberdintasun soziale, eta horien inguruan pizten diren gatazkez ari gara. Iruditzen zaigu herri mugimendu batzuen helburua dela gatazkak sortzea ezberdintasun horiei aurka egiteko, jendartea eraldatzeko. Gatazkaren adiera horretaz ari gara. Enplegu baldintzen inguruan sortu daitekeena edo errefuxiatuen gaiaren inguruan ematen ari dena, esaterako.
Ez da gatazkarako gidaliburu bat, gatazkaren inguruan pentsatzeko erreminta bat da. Hausnarketa lan hori kolektibo bakoitzak egin behar du.
"Galdera sortu zitzaigun: “Nola egin ekarpen bat beste batzuentzat ere erabilgarria izan daitekeena?”. Eta erabaki genuen gatazka bat irudikatzea, sortzen denetik amaitzen den arte erabakiak hartzean garrantzitsuenak izan daitezkeen galderak identifikatzen saiatzeko"
“Gatazka birpentsatzeko” proposamen bat egiten duzue.
Gatazkak ulertzeko modu asko dago. Guk ulertzen dugu eraldaketarako aukera baten moduan, ez ekidin beharreko zerbait, baizik eta hor dagoen zerbait, borrokarako tresna bat, erabili behar duguna. Baina galdera sortu zitzaigun: “Nola egin ekarpen bat beste batzuentzat ere erabilgarria izan daitekeena?”. Eta erabaki genuen gatazka bat irudikatzea, sortzen denetik amaitzen den arte erabakiak hartzean garrantzitsuenak izan daitezkeen galderak identifikatzen saiatzeko. Horiek dira guri garrantzitsuenak suertatu zaizkigunak, baina bakoitzak moldatu beharko du bere esparrura eta gatazka zehatzetara. Ez ditugu liburuxkara ekarri soilik segurutzat ditugun gauzak. Zalantzak, gure artean eztabaida piztu dutenak edo deseroso sentiarazi gaituztenak ere ekarri ditugu.
Iruditzen zaigu batzuetan, oso erritmo frenetikoan gabiltzalako besteak beste, zenbait gauzez pentsatzeko astirik ez dugula hartzen. Gutako batzuoi behintzat gertatu izan zaigu.
Lau ataletan banatu duzue proposamena
Lehenengoa litzateke gatazkaren abiapuntua, bigarrena gatazkaren prozesua edo ibilbidea, hirugarrenean gatazken eskalatzea jorratzen dugu. Ez dakit terminoarekin asmatu dugun, baina adierazi nahi duguna da gatazketan askotan faseak daudela eta fase batetik bestera pasatze horri deitu diogu eskalatzea. Azken atala gatazkaren ondorioena da. Ondorioak prozesu osoan agertzen dira, baina gatazka bat ixten denean, ixten bada, edo intentsitatez aldatzen denean, kontua da ia tarte bat hartzen dugun bizi izan ditugun borroken inguruan ikaspen batzuk ateratzeko.
Ez genuen formula itxirik nahi, guk geuk ez dugu. Abiapuntuarako galdera batzuk luzatzen dira, pentsatzeko lagungarriak izatea nahiko genukeena: “Zein da gatazkaren arrazoia? Zertan oinarritzen da? Non gaude gu? Nolakoak dira gatazkan dauden aldeen arteko botere harremanak? Zeintzuk dira estrategiaren helburuak? Zein da testuingurua?...”. Bestelako galderak ere: “Zer baliabide dugu? Zer ondorio ekarriko du gatazkak?”.
Gatazkaren prozesuan eta ibilbidean arreta jarrita, kezka gehiago planteatzen dugu. Gatazka erabaki den terminoetan planteatzeak jendea batuko du? Baita epe luzean ere? Izan ere, batzuetan epe motzera mugatzen gara. Garrantzia du hausnartzeak gatazkan nork hartu dezakeen parte eta nork ez. Lehen aipatu dugu kanpoa eta barnea konektatuta daudela, eta atal honetan bi dimentsio horiek kontuan hartzeko saiakera egin dugu: gatazka garatzeko praktikatzen ditugun modu horiek gure barne kohesioa elikatzen dute edo alderantzizkoa? Eta zer eragin ekonomiko, psikologiko edo politiko dute taldekideengan? Beste maila batean, batzuetan baztertuak gatazkaren diskurtsoen erdigunean daudela ikusi dugu, baina gero egiazki gorputz horiek ez daudela hor, eta horrek kezkatzen gaitu. Ez direla beraiek diskurtsoak eraikitzen ari direnak.
"Uneotan gure artean oso zabalduta dagoen ideia da gatazka ekidin beharreko zerbait dela. Gu beste nonbaitetik abiatzen gara. Ulertzen dugu eraldaketarako tresna dela, aukerak zabaltzen dituena"
Herrigintzan oro har hamarkada batzuk eman ditugu paradigma hegemoniko batekin: gatazka ona da apriori. Azken urteetan aldiz, gatazkaren ikuspegi negatiboagoa garatu da?
Aldaketa bat egon da, liburuxkan planteatzen dugu. Uneotan gure artean oso zabalduta dagoen ideia da gatazka ekidin beharreko zerbait dela. Gu beste nonbaitetik abiatzen gara. Ulertzen dugu eraldaketarako tresna dela, aukerak zabaltzen dituena. Gatazkak beharrezkoak dira eraldaketarako. Egia da gatazkek ondorio kaltegarriak ere izan dituztela edo izan ditzaketela batzuetan.
Lau borroka molderen inguruan ari zarete edo aritu zarete lanean: desobedientziak, gatazkak, aliantzak, eta biolentziak. Zer lotura dago haien artean?
Lotura badago. Adibidez, gatazka bat planteatzen dugunean aliantzak sortzen ditugu beste batzuekin. Edo ez. Baina pentsatu beharrekoa da norekin eta zer terminotan eraikiko ditugun aliantzak, eta kontrara. Indarkeria eta gatazka hartuta: eskalatzea deitu dugun horretan, momentu batzuetan bazirudien gatazka eskalatzeko modu bakarra konfrontazioa gogortzea zela. Hor ere birpentsatu daiteke hainbat gauza. Borroka molde guztien artean daude loturak.
Prozesu baten emaitza den liburuxka atera duzue, beste batzuekin egindako lanaren emaitza gainera. Zer erabilpen eman diozue eta emango diozue aurrera begira?
Ekainaren 27an aurkeztu genuen liburuxka Donostiako Kaxildan. Zenbait liburu-dendatan salgai jarri dugu, eta webgunetik deskarga daiteke. Agian egingo dugu beste aurkezpenen bat.
Edonola dela, uste dugu ibilbide propioa egin behar duela proposamenak. Ia kolektiboei zer iruditzen zaien, eta horren arabera galdera berriak azaleratuko dira. Ez da produktu amaitu bat. Gustatuko litzaiguke jakitea ekarpenik egiten duen, eta ez badu egiten ere jakin nahiko genuke.
Eta aurrera begira zer beste egitasmo duzue Joxemi Zumalaben?
Biolentzien inguruan ez dakit ezer egingo dugun. Ez dakigu ere unea den ezer proposatzeko, edo gu garen proposamenik egin behar duenik. Zaila da une honetan gai horri buruz hitz egitea betiko dikotomietan erori gabe.
Urteak direla landu genituen beste kontu batzuk buruan ditugu, ordutik gauzak asko aldatu direlako. Sare sozialen erabilera, adibidez. Zer gertatzen da sareetan gorpuzten diren eztabaidekin, zer harreman mota garatzen dute, nola eragiten diete kolektiboen bizitzari?
Udazkenari begira gure asmoa da aliantzen inguruko bideo pare bat gehiago egitea. Eta gero erabaki behar dugu desobedientziaren lanketa berreskuratuko dugun, bere garaian landu genuelako zerbait, edo sare sozialen gaiari helduko diogun.
Gipuzkoako hamaika txokotatik gerturatutako hamarka lagun elkartu ziren otsailaren 23an Amillubiko lehen auzo(p)lanera. Biolur elkarteak bultzatutako proiektu kolektiboa da Amillubi, agroekologian sakontzeko eta Gipuzkoako etorkizuneko elikadura erronkei heltzeko asmoz Zestoako... [+]
Elkarteak ekainaren 27, 28 eta 29an Arberatzen (Nafarroa Beherea) izango den jaialdian izateko aurresalmenta abiatu du ostegunean. Hiru eguneko sarrerak 43 euro balioko ditu eta Ipar Euskal Herriko "lau ertzetatik" festibalera hurbiltzeko autobusak antolatuko dituztela... [+]
"Ipar Euskal Herria gaztez odolusten ari da". Sail berriak sortu goi-mailako ikasketetan, etxebizitza sozialak egin gazteentzat edo aisialdia euskaraz bermatu… Hamabost proposamen konkretu egin ditu Xuti Gazte ezker abertzaleko gazte antolakundeak.
Martxoaren 8a hurbiltzen ari zaigu, eta urtero bezala, instituzioek haien diskurtsoak berdintasun politika eta feminismoz josten dituzte, eta enpresek borroka egun hau “emazteen egunera” murrizten dute, emakumeei bideratutako merkatu estereotipatu oso bati bidea... [+]
Martxoak 8a heltzear da beste urtebetez, eta nahiz eta zenbaitek erabiltzen duten urtean behin beren irudia morez margotzeko soilik, feministek kaleak aldarriz betetzeko baliatzen dute egun seinalatu hau. 2020an, duela bost urte, milaka emakumek elkarrekin oihukatu zuten euren... [+]
Gazteagotan baino lotsa handiagoa dauka, baina horrek ez dio saltsa askotan ibiltzeko gogoa kentzen Leire Zabalza Santestebani (Iruñea, 1990). Beste gauza askoren artean, Motxila 21 musika taldeko kidea da. Nabarmendu du musika gauza asko aldarrikatzeko bide izan... [+]
Martxoak 8aren izaera iraultzailea berreskuratzeko deia egin du Itaia emakumeen antolakunde sozialistak. Irene Ruiz Itaiako kideak azaldu digunez, “oldarraldi erreakzionarioaren eta matxismoaren aurrean proposamen iraultzailea hauspotu eta kontzientzia sozialista... [+]
Gizakiok berezkoa dugu parte garela sentitzeko beharra. Parte izateko modu hori jasotako hezkuntza, ingurua... formateatzen joaten da.
Identitateak ezinegon asko sortzen du gizakiongan. Batzuetan, banaketak ere eragiten ditu, ezin dugulako jasan beste baten identitatearen... [+]
Satorralaia plataformak eman du gainkostuaren berri, informazioa Jaurlaritzari eskatutako txosten batetik aterata. Donostiako metroaren Mirakontxa-Easo zatiaren lanak 53 milioi eurotan esleitu ziren, eta egungo aurrekontua 139,4 milioi eurokoa da. Donostiako metro-pasantearen... [+]
Miopia gero eta gehiago eta gero eta lehenago ari da garatzen, eta horren arriskua da dioptriak gehitzen joatea eta helduaroan begiari lotutako hainbat gaitz izateko aukerak dezente handitzea. “Eguzki-argia jasotzea inportantea da, eta denbora asko ez igarotzea oso gertu... [+]
Martxoaren 8an kalera ateratzera deitu ditu herritarrak mugimendu feministak, "desberdinkeriek bere horretan" dirautelako. Zapalkuntza mekanismo berriak agertu direla salatu dute, eta feminismoa "ezkerreko borroken erdigunera" eramateko beharra aldarrikatu.
Emakume bakoitzaren errelatotik abiatuta, lurrari eta elikadurari buruzko jakituria kolektibizatu eta sukaldeko iruditegia irauli nahi ditu Ziminttere proiektuak, mahai baten bueltan, sukaldean bertan eta elikagaiak eskutan darabiltzaten bitartean.
Ibon galdezka etorri zait Bizibaratzea.eus webguneko kontsultategira. Uda aurre horretan artoa (Zea mays) eta baba gorria (Phaseolus vulgaris) erein nahi ditu. “Arto” hitza grekotik dator eta oinarrizko jakia esan nahi du, artoa = ogia; arto edo panizo edo mileka... [+]
Oldarraldi faxistaren aurrean askatasuna leloarekin manifestaziora deitu dute dozenaka herritarrek. Ostiralean —hilak 21— 19:00etan Herriko Plazatik abiatuko da protesta, eta ahalik eta jendetsuena izatea nahi dute deitzaileek, faxismoaren oldarraldiari galga... [+]
Istorioetan murgildu eta munduak eraikitzea gustuko du Iosune de Goñi García argazkilari, idazle eta itzultzaileak (Burlata, Nafarroa, 1993). Zaurietatik, gorputzetik eta minetik sortzen du askotan. Desgaitua eta gaixo kronikoa da, eta artea erabiltzen du... [+]