Gasteizen badator Euskaraldia

  • GEU elkarteak hilabeteak daramatza lanean arabar hiriburuan aurtengo Euskaraldia prestatzen, auzo batzordeak, instituzioak eta entitateak lankide dituztela.


2020ko apirilaren 06an - 12:41
Urtarrilaren 28an Gasteizko auzoetako kideak elkartu ziren formakuntza saioa egiteko.

Diotenez, euskaltzaleen aktibatzea izan zen 2018ko Euskaraldiaren ekarpenik zindoena. Aurten, berriz, orain bi urteko efektua areagotzea da xedea, hori gerta dadin baldintzak sortzea, eta, horretarako, gizarte sare edo talde antolatuak eratuko dituzte, banakakoen konpromisoa ez ezik taldeena ere lortzeko, euskaltzale bakoitzaren eta taldearen lana norantza bat berean jarriz. Orain bi urte ahobiziak eta belarriprestak izan ziren protagonista, eta, aurten, ariguneak izango dira ardatz. Edo oraindik orain Iñaki Martinez de Lunak esan duenez, “dinamika horretara bilduko diren taldeen kopurua ere oso esanguratsua izango da: ekimenak euskaltzaleengan arrakastatsua izatetik dimentsio unibertsala hartuko balu betiere gure komunitatearen baitan, pauso horrek gizarte aldaketa sakona eragingo luke”.

Gasteizi dagokionez, GEU Elkartea dugu Euskaraldiaren kudeatzaile eta Josu Pedruzo da, berriz, koordinatzailea. Bera izan dugu berriemaile. Ahobizi eta belarripresten berri badugunez, ariguneak zertan diren azaltzea hobetsi du, oroz gain: “Hiru eratara ari gara ariguneak ezagutarazten. Batetik, Euskaraldiko auzo batzordeak lanean ari dira Gasteizko auzoetako hainbat entitaterekin. Bestetik, joan den martxoaren 4an egindako agerraldi publikoa dugu. Hirugarrenik, beste hainbat sektore genituzke, erakunde publikoen irismenekoak, gehienbat”. Josu Pedruzok alez ale xehetu dizkigu hiruak.

Auzo batzordeak lanean

Auzoetako batzordeez denaz bezainbatean, egun, Gasteizen, zortzi auzo batzorde aktibatu dituzte hirian hainbat boluntarioren bitartez. Hain zuzen, Abetxuko, Erdialde, Judimendi, Olarizu, Salburua, Txagorritxu-San Martin-Abendaño, Zabalgana eta Zaramaga-Aranbizkarra auzoetako batzordeak ditugu. “2019aren bukaera aldera hasi ziren lanean, eta auzoetako entitateen mapa egiten hasiak daude. Kasu batzuetan kalera irten dira entitate hauei Euskaraldiaren berri ematera eta beste batzuetan, aldiz, oraindik ez dira horretara iritsi. Alabaina, erritmoak ezberdinak dira. Bi auzotan, adibidez, deialdia egin nahi izan diete bertako entitateei baina ditxosozko Covid-19ak dena geldiarazi du”. Konfinamenduak etxe barrura behartu ditu denak ere.

Gaitz erdi, etenaldia baino lehen egin zuten lanik aski asko. “Urtarrilaren 28an, Topaguneak gidatutako formakuntza saioa burutu genuen, entitateei buruzkoa, eta auzoetako batzordeei zuzendua. 30 bat pertsonak parte hartu zuten saioan, eta auzokideek elkar ezagutzeko ere baliagarria izan zen”.

Gasteizen, zortzi auzo batzorde aktibatu dituzte hirian hainbat boluntarioren bitartez

Agerraldi publikoak

Iragan urtearen amaieraz gero, hainbat agerraldi egin ditu 2020 Euskaraldiak Gasteizen, GEU elkartearen eskutik. Lehena, 2019ko azaroaren 27an egin zuen, arabar hiriburuko Euskaraldiaren aurkezpenaren karietara. Egun hartan, talde-argazkia egin zuten hiriko hainbat eragilek. Han ziren herri-erakundeetako ordezkariak, Gasteizko Udala, oroz gain, Josu Pedruzo Gasteizko Euskaraldiaren koordinatzaile eta GEU elkarteko kideak esan digunez: “Euskara Sailaren eta euskara teknikarien laguntza osoa jaso du Euskaraldiak, bai plangintzan eta bai gauzatzean, eta preskiptore edo bultzatzaileen lana ere gauzatu dute. Udalaren eta diputazioaren sareak aprobetxatu nahi ditugu Euskaraldia ezagutarazteko”. Instituzioekin batera, agerraldian ziren euskalgintzako kideak eta auzoetako herritarrak. “Euskaraldiaren bigarren edizioan gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egingo da euskaraz”, esan zuen Gasteizko Euskaraldiaren antolatzaile GEU elkarteak orduan, aurtengo leloarekin bat eginez, hau da, “Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan”.

Handik gutxira, Euskararen egunean, Gasteizko Euskaraldiak GEU Elkartearen ekitaldian parte hartu zuen.

Eguberri egunak iraganik, arestian aipatu dugun urtarrilaren 28ko auzo batzordeentzako formakuntza saioa burutu zuen Gasteizko Euskaraldiak eta, azkenik, martxoaren 4an, Entitateen agerraldia antolatu zuen, ariguneak xede, eta hantxe bildu ziren Gasteizko Udala, Orona Electra Vitoria, Artepan, Suministros Uriarte, Habilitas Educacion, Tuvisa, Vital Fundazioa, Hazi Fundazioa, Pez Limbo Creaciones, SETEM Hego Haizea, Talur Elkartea, Emaize sexologia zentroa, Aldarte Elkartea, Arabako Euskal Pilota Elkartea, Mara Mara liburu denda, Eden taberna eta Gaztedi Rugby Taldea, orain artekoan Euskaraldian parte hartzeko izena emana duten hamazazpi entitateak alegia.

Entitateak, Aenkomer adibide

Zenbait entitate Euskaraldiko ariguneei buruzko informazioa zabaltzen ari dira. Horietako bat da Aenkomer, Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresarien elkartea. Iazko azken hiruhilekoan, esaterako, 330 elkarrizketa egin zituen elkarte horrek merkataritza, ostalaritza eta gisako hainbat establezimendutan, euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko asmotan eta elkarteko partaide direnen inplikazioa lortzeko.

Elkarrizketa horiek Arabako Diputazioarekin lankidetzan eginik, Aenkomerrek sektorearen diagnostikoa egin ahal izan du, euskararen erabilera eguneroko jardunean zertan den jakite aldera. Horren arabera, gaur egun badakigu, jakin, 192 establezimenduk, hau da, %58,18k, gutxienez euskaraz ulertzeko gai den langileren bat baduela. Bestalde, establezimenduen %26,20k bermatua dute bezeroarentzako euskarazko arreta, alegia, badute euskaraz dakien edo ulertzen duen langilerik. Azkenik, kasuen %16,30ean, euskaraz lan egiteko barne-taldeak sortzeko aukera errealak daude, lokal bereko hainbat pertsonak ulertzen duelako euskara.

330 establezimendu horiei dagokienez, 105ek, hau da, %31,82k, Euskaraldian parte hartu zuten orain dela bi urte: 106 langile, belarriprest izan ziren; 87, ahobizi. Inkestan parte hartu duten pertsonen %42,10ek hobetu egin nahi du euskararen ezagutza, sektoreari egokitutako oinarrizko ikastaroa eginez, eta %41ek, berriz, euskara establezimenduan sustatzeko interes handia edo nahiko handia luke.

Arabako ostalaritzan eta merkataritzan egindako inkestaren arabera, %41ek euskara establezimenduan sustatzeko interes handia edo nahiko handia luke

Establezimendu horietan, %11,60k euskara darabil bere webgunean, %19,10ek euskara ere badarabil sare sozialetan. Errotuluei eta kartelei dagokienez, berriz, euskaraz dituzte negozioen %45ek.

Esan, bestalde, %45,20k ezagutzen dituela eskueran dituen euskara zerbitzuak, hala Arabako kuadrilletakoak, nola Gasteizko Udalarena.

2020 honetako Euskaraldiari begira, Aenkomerrek ekimenean parte hartzera gonbidatu ditu, dela establezimendu gisara, dela belarriprest edo ahobizi izanez.

Auzo batzordeak, instituzioak, entitateak… gogotik ari ziren lanean, baina tarteka, aipatu du Josu Pedruzok: koronabirusa. “Osasun krisia iritsi arte erritmoa ez zen txarra”. Komunikazioa eta formakuntza landu nahi zuten garaian heldu da Covid-19a. Eta orain “momentuz dena geldirik... Ikusiko dugu...”, geroak zer dakarren, eta noiz.


 

Ahobizi, belarriprest, eta ariguneak

Azaroaren 20an hasi eta abenduaren 4ra bitartean egingo da aurten Euskaraldia. Bi asteko iraupena izango du. Orduan bezala, ahobizi eta belarriprestak izango dira protagonista, nahiz eta belarriprest rolari ahalduntze handiagoa eman nahi dioten antolatzaileek, ahobizi nahiz belarriprest izan, batzuek eta besteek ere garrantzi bera izan dezaten.

Dena den, ariguneak izango dira aurten nobedade, euskaraz lasai aritzeko gune edo entitateak, alegia. Horietan, euskararen erabilera bermatuko da, ahal den heinean, bederen. Ariguneetan, bestalde, barne-ariguneak eta kanpo-ariguneak izango dira. Lehenak, ohiko funtzionamendurako taldeak dira, hau da, sailak, zerbitzuak, kirol-taldeak, lan-taldeak, asanbladak… Hauetan, bertako kide guztiek euskara ulertzeaz gain, kideen %80k gutxienez ahobizi edo belarriprest modura parte hartzeko prest egon behar du. Kanpo-ariguneak, bestalde, dena delako entitatean herritarrekiko harreman tokietan –harreran, telefonoan, kutxetan, barran…–, dauden pertsonek herritarrekin osatutako arigunea da. Espazio horietan beti egongo da, gutxienez, belarriprest edo ahobizi bat.

Gune eta entitateei dagokienez, enpresa, elkarte, erakunde, kirol talde, kultur elkarte, denda edo taberna... izan litezke, euskaraz jarduteko gunea eratuko dutenak, betiere. 2018ko Euskaraldian, sustatzaile izan ziren. Aurten, aldiz, konpromiso handiagoa eskatu diete antolatzaileek eta, hasteko, zazpi pauso eman beharko dituzte euren egituren barnean arigunea eratu dezaketen, edo ez, erabakitzeko. Honakoak ditugu zazpi pausook: Proposamena aztertu eta parte-hartzeko erabakia hartu. Arigune izan daitezkeen taldeak identifikatu. Kideekin adostu. Izena eman. Neurriak hartu. Ariketa egin. Balorazioa egin eta neurriak egonkortu.

Bi astez, beraz, norbanakoak ez ezik, entitateak euskaraz ariko dira. Batzuk, ahobizi eta belarriprest izango dira; bestetzuek, beren ariguneak aktibatuko dituzte.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskaraldia
2025eko maiatzaren 15etik 25era izango da hurrengo Euskaraldia

Antolatzaileen ustez hizkuntza ohituretan eraginkorra da Euskaraldia eta horregatik laugarren edizioa ere antolatzen ari dira. Hori bai, aurrekoak udazkenean egin dira eta hurrengoa udaberrian izango da.


2022-12-14 | Bea Salaberri
Euskalwashing

Euskaraldia bukatzear da lerro hauek idazten ditudan orduan, oraindik bukaera argazkiak eskas dira. Ez da dudarik ederrak izanen direla, besta handi batean hartutakoen antzekoak.

Bizkitartean, artoski irakurri ditut, hemen edo beste zenbait agerkaritan, ni baino adituagoak... [+]


Kike Amonarriz. Euskaltzaleen Topagunearen lehendakaria
“Ahalduntzea ez dadila Euskaraldiarekin amaitu”

Hitzaldiak, prentsaurrekoak, elkarrizketak eta bilerak kontuan hartuta, egunean hiruzpalau hitzorduri erantzuten die egunotan Euskal Herriaren geografia luze-zabalean Kike Amonarrizek (Tolosa, 1961). Umoregilearen aldartearekin, komunikatzailearen argitasunaz, soziolinguistaren... [+]


2022-11-21 | Sustatu
Hikaldia ere martxan da Goierrin Euskaraldiarekin batera

Euskaraldiarekin batera, Goierri aldean Gipuzkoan beste ekimen batean ari dira egun hauetan: Hikaldia. Aittu euskara elkarteak antolatzen du, bikoteka aritzeko lehiaketa bezala. Hitanoz egiteko ariketa batzuk proposatu dira, eta audio bidez grabatu behar dituzte... [+]


Hasi da Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa

Abenduaren 2a arte iraunen du Ahobizi-ak eta Belarriprest-ak protagonista dituen ekimenak. Antolatzaileek herritarrei gomita luzatu eta abiatzea ospatu zuten ostegun gauean Bilbon, Gasteizen, Donostian, Iruñean eta Baionan.


2022-11-15 | Ahotsa.info
Errigorak txanda pasa dio Euskaraldiari kanpaina arrakastatsu berri bat amaitu ondoren

“Bat egiteko garaia da” lelopean burututako kanpainari esker 13.000 saski banatuko dira hurrengo egunetan eta 200.000 euroko ekarpen ekonomikoa bideratuko du Ager zonaldeko euskalgintzaren egitasmoetara. Euskaraldia azaroaren 18an hasiko da, eta ariketa sozial masibo... [+]


2022-11-09 | Hala Bedi
Oihane Camon (Gazte Euskaltzaleen Sarea)
“Egiturazko mugak daude, ekintzekin eraldatu behar direnak”

Ariketa kolektibo bat egingo du Gazte Euskaltzaleen sareak azaroaren 14tik 18ra, gazteen artean euskaraz bizitzeko hautua bultzatzeko eta horretarako oztopo diren "egiturazko baldintzak" azaleratzeko.


2022-11-09 | Sustatu
Zapla!: podkast soziolinguistikoa Euskaraldiaren harira

Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskaraldiak sortu dute EITB podkast atariarentzat Zapla! podkast berria. Hizkuntza ohiturak aldatu eta Euskarazko praktika linguistikoak indartzeko tresna da. Belarriprest eta Ahobizi guztientzat lagungarri izan nahi du produktu berriak,... [+]


2022-11-09 | ARGIA
Euskaraldiko izen ematea “erritmo onean” doala nabarmendu dute egun gutxiren faltan

Euskaraldia hasteko egun gutxi falta direla, koordinatzaileek gomendioak eman dituzte: rol bakoitzaren txapak erabili eta erronka zehatzak hartu. Kaleak berotzen hasteko ehunka ekitaldi antolatu dituzte Euskal Herri osoko herrietan.


2022-10-10 | ARGIA
Hamargarren Euskararen Maratoialdia antolatu dute Lasarte-Orian, Euskaraldia berotzeko

2016an hasitako 40 egun euskaraz erronkari jarraituz, Euskaraldiarekin bat egingo du Euskara Maratoiak aurten. Bidea badakite: Sentitu, prestatu eta ekin!


2022-09-29 | ARGIA
Euskaraldian parte hartzeko izena emateko epea irekirik dute herritarrek

Herritarrez gain, entitateei ere galdetua zaie parte-hartzea, haiena "arigune" izendatuz. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra iraganen da hirugarren edizioa, "Hitzez ekiteko garaia" lelopean.


2022-05-09 | Leire Artola Arin
Euskaraldiaren antolatzaileek herritarren aktibazioan jarri dute azpimarra

Euskararen normalizazioaren alde Korrikak berpiztutakoa Euskaraldiarekin segi behar dela gogorarazi dute ekimenaren aurkezpenean, eta herritarrei dei egin diete aktiboki parte hartzera, ahobizi eta belarriprest gisa ez ezik, antolakuntzan ere bai. Euskaraldian ere "hitzez... [+]


Eguneraketa berriak daude