Gasteiz Anitza sortu dute, auzoetako arazoak integrazioaren bidez konpontzeko

  • Hainbat kolektibo daude Gasteiz Anitzaren atzean. Egoera larrien aurrean "soilik poliziaren esku hartze gehiago" eskatzen duen eta "eskubideen urraketei entzungor" egiten dion ereduaren aurrean, beste praktika eredu bat egiteko saiakera dela adierazi dute. Abiapuntua "elkarbizitzan" dutela eta "auzokideen arteko elkartasuna" horretarako "tresna" dutela jakinarazi dute. Santiago Etorbideko kasua aipatu eta "baliabide falta" salatu dute.

Gasteiz Anitzaren prentsaurrekoaren irudia. Gasteiz Anitza

2025eko martxoaren 25ean - 07:00
Azken eguneraketa: 15:12
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Ekimenak hala definitzen du bere burua: "Harrera sareak, mugimendu feministako kideak, auzo elkarteak, zaintza sareak, etxebizitzaren problematika lantzen dugun eragileak, politika migratzaileak salatzen ditugunak, antifaxistak, antiarrazistak, errolda eskubidea pertsona guztientzat aldarrikatzen dugunak, gure komunitateak eta auzoak maite eta bizi ditugunak gara". Auzoetako arazoak perspektiba integratzaile batetik lantzeko eta indarrean dagoen ereduari irtenbide bat emateko sortutako ekimena dela adierazi dute.

"Beldurraren, estereotipo okerren eta segurtasun ezaren aitzakipean" azken hilabetetan gazteen kontrako diskurtso arrazistak biderkatu direla salatu dute; eta ultraeskuina eta zenbait medio horren erantzule gisa identifikatu dituzte. Horren aurrean, "auzokideen arteko elkartasuna izan da hartutako tresna" kideen esanetan. Halaber, adierazi dute auzoetan ematen diren "arazo multzo anizkoitzei" konponbidea emateko ardura dutela, eta hori abian ipiniko dute "bizipen komunitarioen eta antolakuntza forma" ezberdinen bidez.

"Arazoak" konpontzeko auzokideen inplikazioa bilatzen dutela diote: "Auzokideok ondoan ditugun auzokideengatik kezkatzen gara, kriminalizatu gabe eta ditugun elkarbizitza beharrei eta arazoei helduz".

Santiago Etorbideko kasua, aipagai

Santiago Etorbidean (Gasteiz) izandako gertaerak hizpide izan dituzte. Auzotarren arteko elkarrizketak eta hartu-emanak "arazoaren irtenbide" izan zitezkeela pentsatu zuten, eta horri ekin zioten. Santiago Etorbideko Judimendiko Etxebizitza blokeko behe lokaletan "auzotar berriak" sartu ziren bizitzera, eta horrek "ezinegona" sortu zuen zenbait bizilagunen artean. Sareak beraz, bizilagun guztien beharrak entzun eta horiek asetzea izan zuen helburu. Azkenean Sareak "gatazkari" irtenbidea ematea lortu zuen, "izaera komunitarioz jardunez eta bizilagunen beharrei erantzunez"; lokaletako auzotarrei argi mozketak egiten zizkieten bitartean.

Horrela definitu du sareak Santiago Etorbidean aurrera eramandako prozesua: "Auzokideon arteko antolaketa eta elkartasunari esker kudeaketa desberdin eta arrakastatsu baten bidea ireki da. Bide hau elkarrekin urratu dugu, era komunitarioan. Finean, sareak jostea eta elkarren arteko elkarrizketak hainbat arazori irtenbidea emateko baliagarria izan da. Baina batez ere, elkar ezagutzeko eta besteen arazoekin enpatia izateko aukera paregabea eman digu".

Sare zabal eta eraginkorra

Zerbitzu publikoen "sare zabal eta eraginkor" baten beharra aldarrikatzen amaitu dute prentsaurrekoa. Halaber,  Gasteizko erakundeei eta gizarte eragileei hurrengo eskaera luzatu diete: "Konpromisoetatik harago, gatazken kudeaketa positiboarekin, gizarte kohesioarekin, diskriminazio, kalteberatasun, segregazio eta gizarte bazterketako egoeren prebentzioarekin, kulturartekotasunarekin eta bizi eta elkarrekin bizi nahi dugun hiriaren sorreran ardurak har ditzagun, herritar guztien parte hartzea sustatuz eta bermatuz".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gasteiz Anitza
Eguneraketa berriak daude