“Ez goaz ezer ezkutatzera, gure militantzia politikoa aldarrikatzera goaz Madrilera”

  • Galder Barbado (Amurrio) eta Aitor Zelaia (Gasteiz) arabarrak ostegunean eta ostiralean epaituko dituzte Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Asteazkenean irtengo dira Madrilerantz, eta asteartean egin dugu elkarrizketa amurrioarrarekin. Urduri eta kezkatuta dago, baina baita “indartsu” ere larunbatean beren aldeko manifestazio jendetsu baten berotasuna sentitu ostean. Akusazioak 8 urteko espetxealdia eta 7 urteko baldintzapeko askatasuna eskatzen du bakoitzarentzat, armak eta lehergaiak gordetzea egotzita; Barbadok dio egiazki bien militantzia politikoa dela zigortu nahi dutena, eta hori bera izango dela epaiketan aldarrikatuko dutena.


2021eko urtarrilaren 20an - 00:01
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Ber-bertan duzue epaiketa, zer gorputzaldi duzu?

Urduri egon bagaude: terrorismoa egozten digute, Auzitegi Nazionalera goaz... normala da. Baina kristoren indarrarekin ere bagoaz, azken asteetan jaso dugun babesagatik.

Akusazioaren oinarria Ertzaintzaren txosten bat da. Zer dio txostenak?

Beraiek diote 2018 urtean zulo bat aurkitu zutela eta bertan gure hatz markak zeudela. Teorian hori da txostenaren funtsa. Baina denborarekin ohartu ginen ez zela izan ez dakit zer gauza topatzeak ekarritako operazio bat. Kontu horiek oso espazio gutxi hartzen dute txostenean, aldiz orrialde asko eta askotan epaitzen dena da gure militantzia politikoa: ezker abertzalean zer paper izan dugun, zein ekitalditan egon garen, norekin... Urteetan kozinatu duten operazioa dela erakusten du txostenak. Lotzen gaituzte terrorismoarekin justifikatuz ezker abertzaleko militanteak garela.

 "Epaitzen dena da gure militantzia politikoa: ezker abertzalean zer paper izan dugun, zein ekitaldietan egon garen, norekin... Urtetan kozinatu duten operazioa dela erakusten du txostenak"

2018an atxilotua izan aurretik poliziaren jazarpena salatu izan duzu publikoki.

Herri honetan gazte askok bizi izan dugun jazarpen bera da. Ehunka, milaka gazte antolatu gara ezker abertzalearen baitan urteetan, eta badakigu horrek zer ondorio dakarzkigun: poliziaren jazarpena, epaiketak...

Episodio ezberdinak bizi izan ditut, kontrol arraroak Ertzaintzaren eskutik... Aitorrek ere jasan ditu horrelakoak. Gero jakin dugu ez zela kasualitatea. Urtetan zure historiala osatzen joaten dira, hori guztia jasota dago, eta orain gure aurka erabiltzen ari dira, gure militantzia politikoaren aurka.

Baduzu aurreratzerik zer defentsa mota egingo duzuen Auzitegi Nazionalean?

Gu ez goaz ezer ezkutatzera, gure militantzia politikoa aldarrikatzera goaz Madrilera. Guretzat epaiketa ez da zilegi, ez da zilegi Auzitegi Nazionala, ez da zilegi terrorismoaren pean herri hau kolpatzen jarraitzea. Argi dugu gure militantzia aldarrikatzera goazela.

Zigor eskaera altuak, Auzitegi Nazionala, Altsasuko epaiketaren fiskal bera... zer usain hartzen diozu epaiketari?

"Fiskala Altsasuko epaiketako berbera denean eta epailea Ángela Murillo, zer esango dizut?"

Hau loteria bat dela esaten ari gara egunotan. Eta ditugun boletoez... fiskala Altsasuko epaiketako berbera denean, eta epailea Ángela Murillo, zer esango dizut? Segur aski, kolpatu nahi izango gaituzte.

Larunbateko manifestazioaren amaieran, bizitzen ari zaretenaren arduradun zuzenak EAJ eta Ertzaintza direla esan zenuen.

Ukaezina da. Hau ez da Espainiako Estatutik datorren operazio bat. Ertzaintzak eta EAJk kozinatu dute, su geldoan. Oso ezberdin egin zezaketen hau dena, baina dakiten modu bakarrean egin dute: mediatikoki dena kakaztuz hasieratik, erakunde armatu baten estrategiarekin lotuz...

Gu kezkatzen gaituena ez da zuloaren kontu konkretua; kezkatzen gaitu bete dituzten milaka orri horiek nola idatzi diren, non eta zer helbururekin. Hori da beldurgarriena. Gure buruari galdetzen diogu zergatik duen EAJk hainbesteko interesa beste agertoki batzuetara katigatzeko. Zergatik jarraitzen duten kolaboratzen estrategia batekin, badakiguna zer ekarri dion herri honi: sufrimendua, errepresioa.. eta batez ere, disidentzia politikoaren aurka egitea.

28 urte dituzu, borroka armatua ofizialki desagertu zenean 19 zenituen, eta orain ia 10 urte pasata terrorismoa leporatuta epaituko zaituzte Madrilgo salbuespen epaitegi batetan. Nola bizi duzu hori, nola bizi dute zure adineko gazteek?

"Gure belaunaldiak ezagutu duen terrorismoa estatuena izan da, ez dugu beste errealitaterik bizi izan"

Batez ere galderak sortzen zaizkit. Zer interes dago terrorismoaren mamu hori bizirik mantentzeko? Gure belaunaldiak ezagutu duen terrorismoa estatuena izan da, ez dugu beste errealitaterik bizi izan. Galderaren erantzuna argia da: aurrera pausoak eman beharrean, gatazkaren korapiloak askatu beharrean, nahiago dute beste interes batzuk defendatzea.

Ezagutu dugun terrorismoaren hainbat hadibide jarri ditzakegu. Atzo bertan [astelehena] ikusi genuen herri honetan merkeago ateratzen zaizula pertsona bat erailtzea disidente politiko bat izatea baino. Ikusi dugu zer ondorio juridiko izan dituen Iñigo Cabacasen erailketak. [Barre egiten du]. Ez dauka batere graziarik, baina zentzu baten barregura ematen du guri terrorista deitzea.

Zentzu horretan, zer iritzi duzu ezker abertzaleari exijitzen dioten zoru etikoaz, autokritikaz, biolentziaren arbuioaz...

Amorru handiz. Ikusten duzu urte luzetan zure jardun politikoa era normalizatu batean garatzen ez uzteko aitzakia erakunde armatu bat izan dela. Orain ez dago erakunde armaturik eta aitzakia agerian geratu da.

Ezker abertzaleak egin du autokritika, pauso asko eman ditu. Espainiako Estatua jarrera berean mantentzen da, eta bertan kokatzen dugu EAJren zati bat ere. Adibidez, nola da posible zoru etikoaz hitz egitea duela bi egun Donostian gazteen aurka txikitzera sartu direnean? Nola hitz egiten dute terrorismoaz argindarraren faktura igotzen dutenean pandemia baten eta izozte baten erdian, drama sozial bat bizitzen ari garenean? Ahoa garbitu beharko lukete gu terrorista deitu aurretik.

Zu eta Aitor bizitzen ari zaretena gogorra da, esan duzu beste askok bizi dutela berbera. Merezi du?

"Terrorista deitzen gaituzten horiek ehunka euskal herritar torturatu dituzte Ertzaintzaren polizia etxeetan".

[Barre egiten du] Bai, noski-noski, argi eta garbi. Guk sufrimenduaren parte bat daramagu, orokortasunari begira parte txiki bat. Herri honetan izugarrizko astakeriak bizi izan ditugu. Terrorista deitzen gaituzten horiek ehunka euskal herritar torturatu dituzte Ertzaintzaren polizia etxeetan, eta nik dakidala ez dute ezer esan ez EAJk ez Ertzaintzak. Sufritu dugula? Bai. Sufrituko dugula? Bai. Baina herri hau askatasunera eramateko hautua egin genuen, eta bakean bizitzekoa. Bide horretan jartzen dizkiguten oztopo guztien gainetik askatasun nahi hori gailenduko da.

Militante politikoak ez bagina ez ginateke garen modukoak izango, hau gure bizitza da, bizitzeko era bat da.

Ertzaintzaren torturak aipatu dituzu. Zuek tortura jasan zenuten atxiloaldian?

Ez gintuzten torturatu, baina atxiloketa oso-oso biolentoa izan zen. Ez zegoen beharrik gaueko ordu txikitan sartzeko, armez lepo, laser mirekin, lurrera bota eta ordu erdi bi edo hiru berrozi gainean... Torturatu ez, baina psikologikoki arrastoa uzten dizu. Gau osoan ez ziguten lo egiten utzi, argia uneoro, minutu gutxiro leihotxoa zabaldu... Tortura ez, baina badituzte beste tresna batzuk, eraginkorrak.

"Militante politikoak ez bagina ez ginateke garen modukoak izango, hau gure bizitza da, bizitzeko era bat da".

Atxiloketa oso bestela egin zitekeen. Zer bilatzen dute horrela jokatuta? Zuk zure militantzia politikoa ondorio horietara lotzea, beldurra gorputzean sartzeko. Maila batean lortzen dute, baina horren gainetik beste gauza asko dago, gailentzen direnak, eta ez dituztenak inoiz ulertuko.

Zuei babesa emateko ANkerkeria Stop ekimena sortu da, larunbatean manifestazio jendetsua egin zen Gasteizen.

Egia esan ez genuen hainbeste jende espero. Harritu gintuen pixka bat, bereziki pandemia egoera honetan dauden zailtasun eta beldurrak kontutan hartuta. Ez dakigu nola eskertu plataformatik eta ezker abertzalearen antolakunde ezberdinetatik egiten ari den lan guztia. Irten ginen handik oso pozik, oso indartsu, babes handia sentituz, hori Madrilera joateko gasolina da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Epaiketak
2024-11-13 | Julene Flamarique
Absolbitu dituzte Espainiako futbol selekzioaren zaleak jazartzea leporatu zieten Indar Gorriko kideak

2022ko urrian Iruñeko Sadar futbol zelaian jokatu zen Espainiako eta AEBetako emakumezkoen futbol selekzioen arteko partiduko zaleak iraintzea eta jazartzea leporatu zizkioten hainbat laguni. Epaiketa egin berri da eta akusatuak absolbitu ditu Iruñeko Zigor Arloko... [+]


2024-11-11 | Gorka Torre
“Justizia euskaraz eta euskaraz justizia”
Baionako epaileei bigarren gutuna

Agorrilaren 27an igorri nizuen gutunean, irailaren 10eko auzian euskaraz deklaratzeko asmoa nuela adierazi nizuen. Auzi honen hastapenean, epaile nagusiari euskaraz zekienez galdegin nion. Gutxiespenarekin ezetz erantzun zidan. Orduan, nere gutuna eskuratu zuenez frantsesez... [+]


2024-11-04 | Leire Ibar
Langileen legez kanpoko trafiko delitua egotzita atxilotu dituzte bi gazte Tolosan eta Deban

Ostiral gauerdian atzeman zituen Ertzaintzak ustez langileak ilegalki zeramatzan bi furgoneta, Ertzaintzak uste du Europako beste herrialde batera bidean zirela, han lan egiteko. Atxilotutako gidarietako batek hamar pertsona zeramatzan furgonetan eta besteak 22.


2024-10-29 | Gedar
Beste bederatzi pertsona epaituko dituzte Bilbon, faxistei aurre egiteagatik

 Voxek lau eta zortzi urte arteko zigorrak eskatzen ditu haientzat. 2019an, faxistek jarritako propaganda-postu baten harira egin zuten protesta.


2024-10-21 | Leire Ibar
Bilbon bost gizon homosexual erailtzeagatik akusatutako gizona epaituko dute berriro iruzur delitu batengatik

2022ean auziperatu zuten Nelson David Moreno, Bilbon gutxienez bost gizon homosexual hiltzea eta beste bi erailtzen saiatzea egotzita. Astelehenean, urriaren 21ean, Morenoren aurkako bigarren epaiketa hasi dute. Iruzur delitu batengatik epaituko dute, biktimei lapurreta egitea... [+]


2024-07-17 | ARGIA
Hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euro eskatu dituzte zazpi baztandarrentzat, Aroztegiaren aurkako kanpaldiagatik

“Talde kriminal antolatua izatea” eta “derrigortze eta bortxa delituak egitea” leporatu diete, 2021ean Lekarozen Aroztegiko obrak geldiarazteko egindako kanpaldiaren harira.


Fiskalak ere zigor handiak eskatu ditu “ongietorrien” auzian: ia sei urte akusatu bakoitzarentzat

Bost urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du Carlos García Berro fiskalak Oihana Garmendia, Oihana San Vicente, Haimar Altuna, Felipe San Epifani Pipe, Kai Saez de Egilaz, eta Antton Lopez Ruizentzat, 2016 eta 2020 artean preso politikoei antolatutako... [+]


Gorka Roca Torreri babes agiria

Heldu den martxoaren 26an, Gorka Roca Torre epaituko dute Baionako auzitegian Unescoren izenean burutu bi ekintzetan esku hartu izanagatik. Seinaletika euskarriak ezabatzea, margotzea, kentzea... Euskal Konfederazioak bere jardueran lehenesten dituen ekintza motak ez badira ere,... [+]


Puigdemont terrorismoagatik ikertzeko agindu du Auzitegi Gorenak: auziaren klabeak

Espainiako Auzitegi Gorenak bat egin du Tsunami Demokratikoa mugimendua ikertzen ari den Manuel García Castejón Auzitegi Nazionaleko epailearekin: ondo ikusten du Carles Puigdemont eta beste hamaika lagun ikertzea eta haien aurkako auzi penala irekitzea. Hemen... [+]


Gorka Torre epaituko dute Izpurun eta Donibane Garazin euskararen aldeko ekintza batzuengatik

HerriBiltzako militantea den Gorka Torre konbokatu du martxoaren 26an Baionako auzitegiak UNESCOren izenean egindako margoketengatik.


2024-02-06 | Gedar
14.000 euroko zigor eskaera gazte batentzat, Palestinarekin elkartasunez Donostian egindako protesta bat dela-eta

Asteazken honetan deklaratu beharko du, eta elkarretaratzera deitu du GKSk: 11:30ean bilduko dira epaitegi aurrean. Iazko azaroaren 3an egindako protesta baten harira auzipetu dute gaztea; PSOEren egoitza aurrean mobilizatu ziren egun horretan, sionistak Palestinan egiten ari... [+]


2024-01-26 | Rafa Diez | Erria
Bateragune auzia: euskal lawfare-a

Espainiako Auzitegi Gorenak berriz eserarazi nahi gintuen Auzitegi Nazionaleko aulkian, baina Auzitegi Konstituzionalak erabaki du guk asmo horren aurka jarri genuen babes helegitea onartzea. Erabaki horrek 2009ko urrian hasitako labirinto juridikoa itxi du eta, ia 15 urteko... [+]


2024-01-09 | ARGIA
Bateragune auzia errepikatzearen aurka dago Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epai zirriborroa

Juan Carlos Campo epaileak dio non bis in idem printzipioa urratuko lukeela errepikapenak, berri agentziek aurreratu dutenaren arabera. Zirriborroa hurrengo asteko osoko bilkuran eztabaidatuko du Konstituzionalak, eta ‘gehiengo aurrerakoi’ari esker onartzea espero... [+]


Eguneraketa berriak daude