Urtebete joan da mundu osoa dantzan jarri zuen COVID-19aren pandemiak Euskal Herria jo zuenetik eta begi bistakoak dira hemen ere eragin dituen kalte ekonomiko zein sanitarioak. Eta, mundu osoan bezala, Euskal Herrian ere inolako eztabaida publikorik gabe eta ustezko irizpide zientifikoetan oinarrituz, dozenaka neurri kontrajarriak eta askotan ulergaitzak jarri dituzte martxan, gure herriaren soberania falta behin eta berriz azaleratuz.
Neurri hauek guztiek pertsona baino ekonomia babestea izan dute helburu, askotan osasunaren kaltean izan bada ere. Kapitala zuzentzen duten enpresa handienen negozioa handitu egin da krisialdiak jotako urte honetan, herritarren eta langileen egoera modurik lotsagarrienean okertu den bitartean. Horrelakoa izan da pandemiaren lehen urte honen balantzea, gutxi batzuk gehiago aberastu eta gehienak gehiago prekarizatu.
Eta desastre politiko-sozial hori salatzeko hilabeteotan indartuz joan den –eta etorkizunean areagotuko den– protesta soziala itotzeko, gobernu estatal, autonomiko zein erregionalek kontrol sozialerako zein errepresiorako neurri legal, politiko eta teknologikoak areagotu dituzte, beraiek kontrolatzen dituzten hedabide nagusien ezinbesteko laguntzarekin. Pandemia garaian botereak hartu dituen neurri horiek gainera, etorkizunean zorrozteko asmo argia erakutsi du.
"Manipulazio sozial erraldoia eta errepresioaren gogortze neurrigabea dira estrategia politiko berritu horren ezaugarri nagusiak. Helburua, berriz, jendartea beldurtzea eta zatitzea da, protesta soziala suntsitzeko asmoz"
Manipulazio sozial erraldoia eta errepresioaren gogortze neurrigabea dira estrategia politiko berritu horren ezaugarri nagusiak. Helburua, berriz, jendartea beldurtzea eta zatitzea da, protesta soziala suntsitzeko asmoz. Beraien interes eta negozio ekonomikoen defentsan ez dute inolako mugarik izango etorkizunean.
Auzoen okupazio poliziala, “tirar a dar”, foam munizio “ez hilgarriaren” erabilera masiboa, atxilotuei tratu txarrak, herritar zaurituak, kolpatuak, zigortuak, epaituak, kondenatuak, isunak… dira azaltzen ari garen politika errepresibo horren emaitza. Ondorioz, Polizia guztiek, espainolek, frantsesek zein autonomikoek, inoiz baino errefusa sozial zabalagoarekin egiten dute topo. “Tout le monde déteste la Police” oihuak edota ACAB ikurrak bazter guztietan ugaritu dira.
Egia esan, COVID-19aren pandemia zabaldu baino lehenago ere kapitalismoaren aurkako olatu sozialari aurre egiteko Estatuen aldetik ematen hasia zen horrelako Poliziaren eta Legeriaren oldartze neurrigabea, baina azken urte honetan nabarmen indartu da mundu osoan; besteak beste, Asian, Ekialde Hurbilean, Afrikan, Hego zein Ipar Amerikan eta baita Europan ere.
Gugandik gertuko adibide argigarria da Macronek Estatu frantsesean Jaka Horien aurka azken bi urteotan erabilitako politika errepresiboa, juridikoa, teknologikoa eta komunikatiboa. Hor ditugu Estatu frantsesean zabaldu den gatazkaren emaitza lazgarriak; hala nola hildakoak, zartatutako eskuak, galdutako begiak, gasez kaltetutako birikak, granada eta kolpeen ondoriozko milaka zauritu arinak, ehunka epaitu eta espetxeratuak, erreforma legalak, grabaketa eta fitxatze masiboak, segurtasunerako Lege egitasmo berriak…
Demokraziaren defentsa gisa aurkeztu nahi izan duten politika arduratsua galbide totalitario hutsean geratu da. Estatu totalitarioa da indartzen ari direna. Arazoa, beraz, ez da polizia ereduarena, eztabaida askoz ere sakonagoa baita. Arazoa globala da. Jendarte eta Gobernantza eredua dira arazoak, sistema autoritario batean ez baitago bestelako Polizia izaterik.
Eta horixe da PNVk zuzentzen duen Euskal Autonomi Erkidegoko gobernantza ereduan, azken urte honetan ikusten ari garena. Pandemiaren aitzakian, Ertzaintza gero eta biolentzia handiagoz jokatzen ari da, gero eta sektore sozial zabal eta anitzagoen aurka, EITBren babes mediatiko okaztagarriarekin. Polizia eredu hori du PNVek horrelakoa delako defendatzen duen jendarte eta gobernantza eredua kapitalista, biolentoa eta zenbaitetan, arrazista ere.
Gero eta kontrol sozial, legal eta errepresibo handiago ari da bideratzen Ertzaintza. Gazteak, langileak, langabetuak, prekarioak, migratzaileak, kalean bizi direnak, okupak… guztiak dira politika errepresibo totalitario hori egunero jasaten dutenak. Eta hori frenatzeko ez du ezer egiten Erkoreka eta Urkulluren Gobernuak, kontrakoa baizik, justifikatu eta zuritu egiten du galbide autoritario hori EITBren bidez.
"'Arazoa ez da klima, arazoa sistema da', esaten dute ekologistek. Guk ere gauza bera diogu, 'arazoa ez da Polizia, arazoa sistema da'. Sistema honetan bestelako Polizia eredurik ez dago"
Okerrena da Ertzaintzaren biolentzia handitzen doan heinean, ertzainen arteko interes korporatiboa ere areagotzen ari dela. Gero eta gehiago dira guztien artean ezkutatu behar dituzten neurrigabeko jarduerak, basakeriak ala jokabide okerrak. Horretan datza Ertzaintzaren inpunitatearen oinarrietako bat. Gauza bera gertatu izan da historikoki gure herrian errepresio bortitzena bideratu izan duten Segurtasun Indarren artean. Euskal Herrian badakigu zerbait horri buruz. Ertzaintzaren mundua administrazioaren zonalde itsua, lubaki beltza, bihurtzen ari da.
Euskal Herriko krisialdi sanitario, ekonomiko, politiko eta klimatikoaren bilakaera ikusita, oso zaila da pentsatzea euskal jendarteak pozez eta alaitasunez bereganatuko dituenik PNVk eskaintzen duen jendarte eta gobernantza eredua, Arantxa Tapiak EITBn euskal oasiaren mirariak saltzeko ahalegin nekaezina egiten duen arren.
Egoera globalki okertzen ari da eta gehiago okertuko da gehienontzat. Gehienon prekarizazioa gutxi batzuen negozioa bilakatuko da PNVren eskutik. Ez da distopia bat, errealitate bat baizik. Hori guztia dela eta, PNVk badaki bere negozioari eusteko ez duela paktu sozial transbertsalik eskuratzeko inolako aukerarik izango eta, beraz, errepresio bidea jorratzen ari da. Horregatik dabil Ertzaintza dabilen moduan, horregatik indartzen ari da galbide totalitarioa EAEn ere.
“Arazoa ez da klima, arazoa sistema da”, esaten dute ekologistek. Guk ere gauza bera diogu, “arazoa ez da Polizia, arazoa sistema da”. Sistema honetan bestelako Polizia eredurik ez dago. Desobedientzia da irtenbide bakarra.
* Ezker abertzaleko kidea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]
Gogoan daukat, 16 urterekin, Bergarako epaitegi aurrean egindako euskararen aldeko elkarretaratze batean identifikatu ninduela Ertzaintzak lehen aldiz. Euskal Herrian epaitegiak euskalduntzeko aldarria zilegi zela pentsatzen genuen, baina, orduan ere, faltako zen baimenen bat,... [+]
Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]
Nafarroako Energia Planaren eguneraketa oharkabean igaro da. Nafarroako Gobernuak jendaurrean jarri zuen, eta, alegazioak aurkezteko epea amaituta, gobernuko arduradun bakar batek ere ez digu azaldu herritarroi zertan oinarritzen diren bere proposamenak.
Gobernuak aurkeztu... [+]
Sobietar Batasuna desagertu zenetik errusofobia handituz joan da. NBEko Segurtasun Kontseiluaren 2002ko segurtasun kontzeptua oso argia da, eta planetaren segurtasun eta egonkortasunak AEBei erronka egiteko asmorik ez duen estatuen menpe egon behar dutela adierazten du. AEBei... [+]
Andoni Urrestarazu Landazabal Araiako herrian 1902ko uztailaren 16an jaio zen eta 1993ko azaroaren 21ean hil zen Gasteizen. 31 urte bete dira jadanik eta bere izena eta izana aitortzeko une aproposa dela deritzot, ez baita ongi ezagutzen utzitako ondarea. Umandi, bere herriko... [+]
Autobiografia idaztea omen da garapen pertsonalerako tresnarik eraginkorrena, askatzaileena. Iraganeko kontuei tira egin eta gogora ekartzeak, orainaldiko korapiloak askatzen laguntzen omen du. Bai, laguntzen du orainaldia ulertzen eta komeni zaigun etorkizun bat marrazten... [+]
Pandemiaren iragarpenetik Valentziako tragediarainoko errepasoa egin eta ondorioztatu dut gezurra eta forupea suhesi gisa dituen kudeaketa instituzional negargarria klase gobernariaren konstantea dela.
Ez dugu gobernari ordezko baliogarririk sistema pendular hau aldatzen ez... [+]
Azaroaren 19a komunaren munduko eguna da. Gaur oraindik ere, XXI. mendean, langile askok, hemen, Euskal Herrian bertan, ez daukate haien lanaldietan komuna erabiltzeko eskubidea. Horren adibide dira garraioko langile asko.
Komunak osasun publikoaren giltzarria dira, eta... [+]
Adimen artifiziala gizakion eremu asko ordezkatzen ari dela badakigu: erosotasuna, abiadura, efizientzia... Mundu kapitalista honen abiadura beharretan, gizakion ahalegina oztopo dela sinetsarazi digute. Gure, klase xumeen, egiteko eta sortzeko aukerak murrizteko erasoak leku... [+]
Azken asteotan, arkitekturan dihardugunontzat ez da posible izan Valentziako klima gertaera gure lan hizketaldira ez ekartzea. Uraren ibilbidea eraikinen estalkietan, estolderietan, plazetan eta parkeetan pentsatu eta diseinatu behar ditugulako. Ongi dakigu giza eskalako ur... [+]
Autoestimuak batzuetan gauza intimoa dirudi. Baina autoestimuak zerikusia baldin badu norberak bere buruaz duen irudiarekin, norbere buruari ematen zaion balioarekin, zerikusia izango dute hartu ditzakeen erabakiek ere. Zer balio du erabakirik hartu ezin duen norbaitek? Eta... [+]
Sanmartinak gure baserrietan oso ezagunak dira, txerria hiltzeko garaia baita. Jende askok, ordea, ez du jakingo antzina San Martin egunak nekazaritza urtearen amaiera ezartzen zuela. Eta hori ez zen ahuntzaren gauerdiko eztula. Izan ere, urte amaierarekin etxeko ugazabari... [+]
Aste oso batez aritu gara Collodiren Pinotxoren abenturak liburuaren inguruan, unibertsitateko ikasgelan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakaslegaiekin. Gure erreferentzia nagusia Galtzagorrik 2011n argitara emandako edizio ederra izan da –hitzaurrea barne, 171... [+]
“Ibiliz ikasten da ibiltzen, eta kantuan kantatzen”. Horixe izan da aste honetako ikasgaietako bat C2ko taldeetan. Helburua ez zen abesten edo oinez ikastea, gerundioa behar bezala erabiltzea baizik. Zer pentsatua eman dit jarduerak, eta irakasten nola ikasten dugun... [+]