G7aren kontragailurra, baimenarekin ala baimenik gabe

  • G7koenaren aitzinean, kontragailurra non egin negoziatzen ari dira G7 Ez plataforma eta Frantziako estatuko zerbitzuak. Mobilizaziorako deialdiak emendatzen ari dira.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2019ko apirilaren 30ean - 08:46
G7aren kontrako plataformaren aurkezpen prentsaurrekoa, Biarritzen

Ez hurbilegi, ez urrunegi, ez du lan erraza Pirinio Atlantikoetako prefetak G7koen gailurraren kontrakoei zer leku eman erabakitzeko. Baionako suprefekturan egin zuten bilkuran, kontra gailurra Hendaian (Lapurdi) egiteari buruz ados jarri ziren, baina Kotte Ezenarro PSko auzapezak kontrako iritzia agertu du jadaneko. G7 Ez plataformakoek abisatua dute, baimenarekin ala baimenik gabe, mobilizazioak egin eginen dituztela. Aurtengo Maiatzaren 1eko mobilizazioa G7koen gailurraren kontrako dinamikan kokatuko dute, eta heldu den uztailaren 13rako ere manifestazioa antolatuko dutela iragarria dute.

G7 Ez plataformakoek hiru bilkura izan dituzte Frantziako Gobernuaren ordezkariekin. “Herve Jonathan suprefetarekin bildu ginen bi aldiz, eta azken bilkura suprefetarekin eta Eric Spitz prefetarekin egin genuen, Baionan. Kontragailurra egin ahal izateko lekuen proposamenak ekarri genituen bi aldeek”, azaldu du Hartzea Lopez G7 Ez plataformako kideak. Akize (Landak), Donibane Garazi… berehala baztertu zituzten plataformako kideek. “Ez dugu onartuko gailur ofizialetik urrunegi ala bakartuak izatea”.

Hendaian egiteko proposamenarekin jarri ziren ados, baina herriko auzapezaren ahotsa da orduan altxatu dena. “Neguan, 17.000 herritar gara, baina, udan, 50.000 ere izaten gara hondartza eremuan bakarrik. Ez da posible, salbu jendea eta komertzioak arriskuan jartzen baditugu. Ez dakit nola har ditzakegun 7.000-8.000 pertsona”, deitoratu du Ezenarrok. Kanpotik etorriko diren taldeez, berriz, bere arrangura azaleratu du. “Nik tokikoak ezagutzen ditut, Bizi, LAB… Biziki ongi lan egiten dutenak. Baina kanpoko taldeen kasuan nik ez dakit nor zertaz arduratzen den. Eta ez dakidanean, ez ditut erabakiak nolanahika hartzen. Oraingoz, biziki dudakor nago”.

Plataformako kideen arabera, kontragailurra G7koen gailurraren ondorio bat besterik ez da, eta, beraz, prefetari dagokio kontrakoentzat lekua aurkitzea. “Haren esku Ezenarro konbentzitzea, eta, bestela, beste zerbait proposatu beharko digu”.

Hartzea Lopezen iritziz, Ezenarroren erantzunak erakusten du denak “deseroso” direla gailurraren antolaketarekin. “Garaiz dira dena bertan behera uzteko. Mantentzen badute, kontragailurra izanen da, modu batera edo bestera”. Frantziako komunikabide zenbaitetan, Poliziako eta Jendarmeriako buru batzuen adierazpenak zabaldu dituzte azken asteetan, G7koen gailurra uda betean eta eremu horretan antolatzearen kontra mintzatuz. “Gailurra ez du inork nahi. Denek erraten dute ez dela ideia ona”, gaineratu du Lopezek.

Euskal Herritik kanpora ere kezka sortu du G7koen gailurrak. Seignosse herriko auzapezak (Landak) deitoratu du turismoari kalte handia eginen diola agorril bukaeran. Hain zuzen ere, herriko hotelik gehienak beteak izanen dira, baina ez bakantzetara etorritako turistez, Miarritzeko gailurra zaintzera etorritako segurtasun indarrez baizik. Hotelentzat urte ona izanen dela uste badu ere, gainerako sektoreek normalean dituzten irabazien laurdena gal lezaketela uste du. Ororen buru, Seignosse herria helmuga turistiko gisa kaltetua izanen dela uste du. “Hona etortzeko ohitura dutenak aurten beste leku batera joanen dira; horrek erran nahi du beharbada ez direla ondoko aldi batean itzuliko”.

Azken asteetan, G7koen gailurraren kontra mobilizatzeko deialdiak zabaltzen ari dira Europako sare anitzetan. Berriki, Jaka Horien asanbladen asanblada agorril bukaeran Euskal Herrira etortzea aipatzen hasi da, ATTAC elkarteak ere bere udako unibertsitatea kontragailurrarekin batu nahiko luke, eta Notre Dame des Landeseko (Bretainia) Ambazadak antolatzen duen aste intergalaktikoa ere Euskal Herrian eginen dute aurten, agorrilaren 19tik 26ra. G7 Ez plataformari dagokionez, manifestaziora deitu dute uztailaren 13rako.

Gazteen saretzea

Otsailean abiatu zuten Oldartu gazte dinamika, eremu anitzetako Ipar Euskal Herriko gazteak G7ren kontra mobilizatzeko helburuarekin. “G7koen gailurrari aurre egiteko tresna bat nahi genuen, inolako etiketarik gabe eta ahalik eta gazte gehiena biltzeko”, azaldu du dinamikan parte hartzen du Unai Arkauzek. Gazteen prestakuntza eta ekintza bultzatu nahi dituzte, hilabetean ekinaldi bat antolatuta. Orain arte, internazionalismoari buruzko hitzaldiak eta Frantziako Poliziaren “errepresio estrategiez” aritu izan dira Oldartun, besteak beste.

Aurtengo Maiatzaren 1eko mobilizazioa G7koen gailurraren kontrako dinamikan hitzordu garrantzitsua izan zitekeela pentsaturik, gazteak saretzeko formula baten bila hasi ziren. Orduan iritsi zen LABen proposamena: sindikatu eta eragileen artean mobilizazio bateratua egitea. CGT eta LAB sindikatuekin batera, Bizi, talde feministak eta gazte blokea izanen dira. Hor, Oldartu, Aitzina, Klimaren aldeko gazteak, eta inoiz egitura batean inplikatu ez diren gazte andana elkartuko dituzte. “Elkarlan hori G7koen gailurrera arte atxiki nahiko genuke, eta espero dugu gazte eremu gehiago ere ukitzera iritsiko garela”.

Albiste hau Iparraldeko Hitzak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: G7ren aurkako mugimendua
2020-06-09 | ARGIA
G7aren kontrako manifestari bat kolpatu zuen polizia epaituko dute Baionako auzitegian

Ekainaren 26an epaituko dute polizia Baionako auzitegian. Poliziak jaurtiriko flashballa aurpegian jasorik, manifestariak zauri larriak ukan zituen aurpegian.


2019-12-10 | Juan Mari Arregi
G7-aren alternatiba

Munduko ekonomiaren ordezkariek, G7ko herrialdeek osaturik, Biarritz inbaditu zuten kostu handiko segurtasun gerriko ikusgarri eta gogaikarri batekin.


G7koen bileraren garaian atxilotutako gehienak errugabetzat jo dituzte

Defentsako abokatuek azpimarratu dutenez, prozedura akatsak egon dira haien aferetan. Azken auzia atzo iragan zen Baionako auzitegian.


G7koen bileraren garaian atxilotutako gehienak errugabetzat jo dituzte

Defentsako abokatuek azpimarratu dutenez, prozedura akatsak egon dira haien aferetan. Azken auzia atzo iragan zen Baionako auzitegian


G7ren kontrako borroka Euskal Herrian: ekarpena barnetik

Biarritzeko G7ren kontrako borrokari buruzko lehen analisiak eta kritikak agertu dira. Eta militantzia korronte desberdinek oharrak argitaratzen jarraitzeko parada izanen dute. G7 EZ! plataformako kide aktibo gisa, guk ere, kontra gailurraren antolaketari eta ondorioei buruzko... [+]


2019-10-01 | Itxaro Borda
Deception row

Macron pozik atera zen Miarritzetik, halaber Oteiza, Kintoko enpresaria, urdaiazpikoa Trumpi opariturik. Baina G7aren kontrako gailurrak dezepzioa piztu zuen iraultzaileen oldeetan. Batzuk etorriak ziren pataskatzeko, hiriak sutan uzteko deklaratuak ez ziren manifestaldien... [+]


2019-10-01 | Jakes Bortayrou
G7a eta gero

G7 pasatu ondoren, zer gelditzen da? Komunikazio operazio ona Macronentzat, baina diplomatikoki emaitza konkretu eskasak. Haatik, Euskal Herriarentzat gertakari adierazgarria izan da: estatuaren jokaera alde batetik eta parean eragile sozio-politikoek eman dugun... [+]


G7ko atxilotuen lege prozeduretan akatsak daudela salatu du defentsak

Hamasei lagun epaitu zituzten ostiralean Baionan. Abenduaren 3an emango dute epaiaren berri.


2019-09-20 | Euskal Irratiak
Mintzaleku: G7ko kontra-gailurraren bilana

Aktualitate beroan, zenbait kasuan kiskali gaituen aktualitatea. G7aren eta honi aurre egin zion kontra-gailurraren bilanaz mintzatuko gara. Ez da gure asmoa polemikak edo barneko trapu zikinak ateratzea, baina bai ostatuetan, bilkura geletan edo sare sozialetan aipatzen den... [+]


G7aren goi bileraren bueltan atxilotutako hainbat lagun epaituko dituzte ostiralean Baionan

Aman Komunak sareak adierazi duenaren arabera, ostiral arratsaldean burutuko da G7aren goi bileraren harira atxiki zituzten dozena bat lagunen aurkako epaiketa, Baionan.


2019-09-16 | Bizi Mugimendua
G7ren kontrako mobilizazioak: desintoxikazio saio bat?

Ez da Bizi mugimenduaren usaietan militanteen arteko kalapitetan sudurra sartzea eta are gutiago berak batzuk hastea. Gure energia eta denbora premiazkoak dira sistema kapitalista honen kontrako borroka lantzeko eta Euskal Herriaren metamorfosi soziala eta ekologikoaren aldeko... [+]


2019-09-12 | ARGIA
G7tik aste betera, lapurtar bat Gasteiztik mugaz bestaldera kanporatu du Ertzaintzak

Gasteizko autobus geltokira heltzean hiru patruila zituen zain, iraileko lehen asteburuan. Irailaren 5a arte Biarritz-Donostia gunetik irtetea debekatua zuela esan, eta bueltako autobusa hartzera behartu zuen Ertzaintzak. Ez du debekuaren agiririk jaso.


2019-09-10 | Z. Oleaga
Analisia
G7eta borroka moldeak; aukera porrot bihurtua?

Aje luzea utzi du euskal herrigintzan G7aren kontra-gailurrak. Borroka bidaideen arteko –bai, bidaide diot– tentsio, eztabaida, haserre eta ezinen biharamuna da. Desobedientziaren aldeko diskurtsoa ia lurzoru komun bilakatu da. Praktikara jotzean, ordea, ustezko... [+]


Eguneraketa berriak daude