Gauza ugari leporatu dizkiote beharginek enpresako zuzendaritzari: langileak gaizki tratatzea, formazio dokumentuak beharginen izenean sinatzea, lan istripuak modu desegokian kudeatzea... Aiaraldea hedabidea zuzendariarekin jarri da harremanetan, baina momentuz ez du erantzunik jaso.
Bi aste igaro dira Zorroza gestión de residuos enpresan 24 urteko behargin bat hil zenetik. Ordutik hona hainbat informazio argitaratu dira Murgako lantegi horren jardunaren inguruan.
Aiaraldea hedabideak bertan lan egin zuten sei pertsonekin hitz egin du. Horietako hiruk bideo edo audio elkarrizketa bidez egin dituzte adierazpenak. Beste hirurek, aldiz, anonimotasuna mantendu nahi izan dute. Hala ere, antzeko gauzak aipatu dituzte seirek enpresaren barruan ikusi eta bizitakoak kontatzerakoan.
Gavrilă Vasile Zubascu duela hiru urte egon zen bertan lanean. “Lehen hiru asteak ondo egon ziren, baina gero ez zen kontratuak esaten zuena betetzen. Ni makinista bezala sartu nintzen eta bonba hidraulikoak aldatzera iritsi nintzen”, salatu du behargin gazteak, “ez zegoen postu finkorik, zure funtzioa egun batetik bestera aldatu zitekeen”.
“Ez nituen ikastaroak eginak, ez nuen nire izenean sinatu zutena ikusi, ez ezer”
Trebakuntzarik ez zegoela nabarmendu du langileak. “Formazio ikastaro batzuk egin zizkidatela esan zidaten. Nor sinatu zituen galdetu nuen, eta beraiek sinatu zituztela erantzun zidaten. Ez nituen ikastaroak eginak, ez nuen nire izenean sinatu zutena ikusi, ez ezer”.
Gainontzeko langileek ere antzeko lekukotzak eman dituzte. “Formazio? Zer formazio? Ez zegoen inolako formaziorik”, ziurtatu du Txebi Landaburu amurrioarrak, “zerbait egin behar bazen makina barrura sartzen zinen eta listo”.
Zortzi hilabete inguru eman zituen Landaburuk fabrikan lanean. Zuzendariaren hitzezko tratu txarrak salatu ditu amurrioarrak. “Jarrera hori atzerritarrekiko zuen batez ere”, nabarmendu du, “oso baldintza txarretan zituen. Goizeko zazpietan sartzen ziren, pare bat bokata jaten zituzten eta batzuetan, uda garaian, arratsaldeko zortzi edo bederatzietara arte egoten ziren, hamar ordu baino gehiago”.
Felixek (izen asmatua) ere antzekoa adierazi dio Aiaraldea hedabideari: “Behin goizeko zazpietan hasi eta gaueko hamaiketan itzuli nintzen”. Bere hitzetan, ohikoa zen aurreikusitakoa baino ordu gehiago egotea lantegian. “Gauza guztiak egiten ziren presaka, ez zegoen kafe bat hartu ezta bost minutuz atsedena hartzeko tarterik. Tratua oso txarra zen, eta erantzuten bazenuen kaleratzearekin mehatxatzen zizuten”.
“Arduradunak esan zidan lana uzteko, bestela burua apurtuko zidalako”
Beharginek salatu dutenez, jende gehienak ez zuen denbora asko jasaten lanean.“Egon zen bat goizeko zazpietan lanean hasi eta arratsaldera arte iraun ez zuena”, oroitu du Felixek, “bi egunez baja hartzen bazenuen -katarro bategatik, adibidez- itzultzean bizitza izorratzen zizuten, zure kabuz joateko”. Adrianek -izen asmatua- antzeko zerbait kontatu du: “Arduradunak esan zidan lana uzteko, bestela burua apurtuko zidalako”. Bere hitzetan, behargin gehienek “aste bakan batzuk” baino ez zuten irauten bertan.
Luis Angel Barrena kamio gidaria da salbuespenetako bat. 2005 eta 2017. urteen artean egon zen Zorroza enpresan lanean. Lehen urteetan gatazkarik izan ez zuela azaldu du Basauriko beharginak. Beranduago hasi ziren arazoak, kamioi baten harira. “Ez zuen frenorik. Zer gertatzen zitzaion ikustera eraman nuen, eta itzultzean istripu bat izan nuen”. Orduan aldatu zen zuzendariaren jarrera. “Une oro zegoen nire atzetik. Ez zidan bidaiarik enkargatzen eta eguerdian barruan mantentzen ninduen eta ezin nintzen bazkaltzera joan”. 16-17 hilabete inguru igaro zituen guztira bajan, antsietatea dela eta. “Beste lan bat eskaini zidaten eta bertatik alde egin nuen”.
Fabrikako makina eta azpiegitura guztien egoera ere salatu dute langile ohiek. “Ez zegoen armairurik, ezta ordua markatzeko erlojurik edota dutxarik ere”, azaldu du Landaburuk. “Hiruzpalau kamioi zeuden ondo, baina gainerakoak nahiko txarto zeuden. Beti zeuden arazoak: ez zutela frenatzen, zaharrak zirela... bertan konpontzen zituzten gainera”, azpimarratu du Barrenak. Beste kamioi gidari batek ere antzeko gauza bat azaldu du: “Kamioiek beldurra ematen zuten. Bat apurtu zitzaidan eta kaleratu egin ninduten. Poztu egin nintzen, nahiago dut etxean egon bizia jokatu baino”.
“Makina bat izorratzen bazen piezaren bat kentzen zitzaion funtzionatzen jarraitu zezan”
Behargin guztiek diote gauza bera: ez zegoen inolako segurtasunik. Hau dio Landaburuk: “Makina bat izorratzen bazen piezaren bat kentzen zitzaion funtzionatzen jarraitu zezan”. Amurrioarraren hitzetan, horren ondorioz gertatu zen beharginek oroitzen duten lan istripu larrienetako bat, fenwis motako orga batek behargin baten hanka zulatu zuenean. “Inork ez zuen inor deitu. 112ra deitzeko esan genuen, baina furgoneta batean sartu zuten zauritua eta txakur bat bezala eraman zuten mutualitatera”.
Larrialdi zerbitzuak ez deitzea ohiko jokabidea zen zuzendaritzaren artean, Felixen arabera. “Batzuetan istripua izan zuen beharginari esaten zioten mutualitatera bakarrik joateko”.
Gavrilă Vasile Zubascuk bere azalean sufritu zuen segurtasun gabezia hori. “Denetarik egitera bidaltzen ninduten, bakarrik. Zinta ataskatzen bazen errotaren atzeko parteko galbahea altxatu behar zenuen, erdi ustelduta zegoen zinta batekin eusten zena”, azaldu du Amurrion bizi den beharginak, “zinta horrek giltza zabalgarri bat zuen, blokeatzeko eta garbitzen joateko. Baina ez nuenez laguntzeko inor, ahal nuen moduan moldatu nintzen. Giltza sartu nuen, zinta askatu zen eta hiru atzamar harrapatu zizkidan. Bertan egon nintzen kamioi gidari bat bertaratu zen arte. Arduradunengana joatean ur hotza botatzeko eta atzera itzultzeko esan zidaten, egurra txikitzen jarraitzeko”.
Fabrikara iristen zen zaborra kudeatzeko modua ere salatu dute beharginek. “Ni egon nintzenean zabor pilak 4 metroko altuera zuen”, nabarmendu du Zubascuk, “udalak ez zuen halakorik baimentzen, baina kontrolak zetozenean kamioi batzuk kargatu, gauzak apur bat kendu eta listo, ez zen ezer gertatzen”.
“Kontrolak zetozenean kamioi batzuk kargatu, gauzak apur bat kendu eta listo, ez zen ezer gertatzen”
Ildo beretik doa Felixek ikusitakoa: “Beste enpresa batzuetako kristala ekartzen zuten, beste gauza batzuekin estali eta ezkutatuta eramateko. Antzeko zerbait egiten zuten koipe eta gasolina ontziekin”. Zorroza gestion de residuos “birziklapen” enpresa bat dela nabarmendu du beharginak: “Nik etxean birziklatzen dut, baina enpresa honek justu kontrakoa egiten du, dena nahastu”.
Baina Zubascuk bizitakoa da kasurik deigarriena. “Ataskatutako putzu septiko bat husten zutenean, bertako materiala zegokion tokira eraman beharrean, lantegiaren atzeko aldean barreiatuta uzten zuten, zoruan. Hormigoi gutxi zegoen, lurra zen gehiena. Botekin ibili behar nintzen kakaz ez betetzeko, baina berdin zitzaien”.
Aiaraldea hedabidea Zorroza gestión de residuos enpresako zuzendariarekin jarri da harremanetan artikulu hau osatzeko, baina momentuz ez du erantzunik jaso.
Garraio sektorean aritzen diren hamabi behargin hil dira aurten. LABek azaldu du garraio sektorean gertatzen diren heriotzak “erabat saihesteko modukoak” direla, eta horretarako borondate politikoa “besterik ez” dela behar, bai erakunde publikoen eta bai... [+]
Azken astean sindikatuak 5 heriotzaren berri izan du eta dagoeneko 26 dira Nafarroan lanean hil egin diren edo beste erkidegotan beharrean zendu diren nafarrak. Alarma gorria pizteko moduko datuak LAB sindikatuaren iritziz.
Astelehen honetan zendu da langilea Muskizeko enpresan, mantentze lanak egiten zituen bitartean. Zerbitzu medikuek berehala esku hartu bazuten ere, ez zuten lortu suspertzea. UGT sindikatuak lan istripu honen arrazoiak ikertzea exijitu du.
56 urteko garraiolari lesakarra hil zen lanean Irunen, kamioia kargatzen ari zela. Transportes Etxetrans enpresako langilea zen. Aurten 11 garraiolari hil dira lanean, horietariko asko, azken hau bezala, bihotzekoak jota LAB sindikatuak ohar batean jakinarazi duen bezala... [+]
Geltokiko kafetegi bateko kristalak garbitzen ari zela, hiru metroko altueratik erorita zendu da 55 urteko gizona. Aurten Euskal Herrian lan istrupuengatik hil den 54. langilea izan da.
Langilea eskualdekoa zen eta Zamalloa enpresa azpi-kontratatuarentzat egiten zuen lan.
Ezbeharretatik egun gutxitara zendu dira langile biak. LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek osatutako intersindikalak kontzentrazioa egingo du urriaren 31an Bilbon Confebask patronalaren egoitzaren aurrean heriotza biak salatzearren. Aurten 50 dira jada... [+]
56 urteko langile bat hil da Lizarran, Agralco (Agrupacion Alcoholera de Bodegas Cooperativas) biltegian lanean ari zela. 10:00ak aldera gertatu da ezbeharra, Lizarran la alcoholera moduan ezagutzen den nekazaritza hondakinen biltegian.
LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek salatu dituzte Nafarroan altueratik erorita hil diren hamar langileen kasuak.
Loiun (Bizkaia) eta Olletan (Nafarroa) hil dira langileak, astearte goizean, biak erorikoen ondorioz. Aurten Euskal Herrian 47 behargin hil dira laneko istripuetan. Nafarroan hamabi lan istripu izan dira aurtengo lehen seihilekoan, eta lan istripuen intzidentzia tasan datu... [+]
Lan-istripu larria izan zen igandean Funesen (Nafarroa), Elaborados Naturales de la Ribera del Ebro elikagai-enpresan. 29 urteko gizona gauean bertan erietxean hil zela jakinarazi zuen Foruzaingoak.
LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxealde eta Hiru sindikatuek Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dute Lodosan lan-istripu hilgarria izan zuen garraiolariaren heriotza salatzeko. Sektorean lan-baldintza duinak galdegin dituzte patronalak eta instituzioek gaixotu eta... [+]
Irunberriko etxe partikular batean lanean ari zela erorita hil da 42 urteko iruindarra. Sindikatuen esanetan, lan-segurtasun araudia "ez da betetzen" eta erantzukizunak argitzeko eskatu dute. LABen arabera, jadanik 42 dira Euskal Herrian lanean ari zirela hildakoak.
Asviamie amiantoaren biktimen elkartearen hitzetan, Gasteizko Lan-arloko 2. Epaitegiak Sidenor eta Cofivacasa enpresei ezarritako isunak erakusten du enpresek ez dutela betetzen "langileen osasuna babesteko obligazioa".
30 urteko behargina hil da Amezketako (Gipuzkoa) paper fabrikan. Ibarra Argi Lanak enpresak azpikontratatuta zegoen. Elkarretaratzea egin dute ostiralean, 11:00etan, gertatutakoa salatzeko. 2024an hil den 38. langilea dela adierazi du LABek.