Biarritzeko Herriko Etxetik bahitua izan den Macronen argazkia petrolio faltsutan sartu du Bizi! mugimenduak urtarrilaren 19an, presidenteak bost urteko agintaldian egin duen "sabotaje klimatikoa" salatzeko. Macronek bere kargualdian justizia klimatikoan eta sozialean egin dituen politiken balorazioa egin du Bizi!-k. Tokiko erakundeak ere ohartarazi ditu: "Ezin izanen da metamorfosi ekologikorik burutu herrien eta elkargoen inplikazio masibo, azkar eta konkreturik gabe".
Bizi! mugimenduak Macronen agintaldiko puntu hauek azpimarratu ditu balorazioan:
Garraio saila da Frantziako berotegi-efektuko gas isurketen lehen sektorea, eta bertan "Macronen ikuspegirik eta borondaterik eza argiki ageri dela" adierazi du Bizi!-k: "Ez da neholako aitzinamendurik izan auto indibidualaren, trenaren eta bizikletaren gaietan, eta hegazkin sektorean hartu neurriak ere mugatuegiak dira".
Etxebizitza sailean, Macronek hitz eman zuen kargualdia bukatu baino lehen energia mailan txarrenak diren etxebizitzen erdia berrituko zela. "Oso urrun gelditu da, bai kantitatean bai kalitatean", adierazi du Bizi!-k.
Laborantzan, Macronek agindu zuen 2017an produktu biologikoak, ekologikoak edo zirkuitu laburretatik etorritakoak %50 izanen zirela eskola eta enpresa-jantokietan. "EGAlim legearen bilanak erakusten du helburu horiek ez direla bete, produktu horiek gaur egun jantegi kolektiboetan jaten direnen %5,6 baizik ez baitute biltzen" ohartarazi du Bizi!-k.
Energiaren alorrean, "nuklearraren obsesioa nagusi" dela esan du mugimenduak. "Beti kontsumo eta hazkunde gehiagoren aldekoa izanik, Macronek ez du neholaz ere aztertu energiaren gaia, ez eta ere pedagogiarik pentsatu, eta gibelera egin du nuklearrak gure multzo energetikoan duen lekua murrizteari eta ikatz-zentralak hesteari buruz".
"Frantziak, zoritxarrez, ez du ekintzarik ezaren monopolioa. Ezin izanen da berotegi-efektuko gasen isurketa murriztu, tokiko kolektiboek ez badute beren partea osorik egiten" salatu du Bizi!k. "Hemen ere, Iparraldean, ekintzarik ezaren ustezko errealismotik atera behar da. Lurralde bizigarriak atxikitzeko, beharrezkoa da hautetsiek barnera ditzaten azken 30 urteotan zientzialariek erakusten dizkiguten errealitate fisikoak".
Berotegi Efektuko Gasen %50 lekuko elkargoek (zuzenean edo zeharka) isurtzen dutela oroitarazi du Bizi!-k. "Ezin izanen da metamorfosi ekologikorik burutu herrien eta elkargoen inplikazio masibo, azkar eta konkreturik gabe".
Lekuko hautetsien kargualdiaren lehen urtea baino gehiago pasatu ondotik, Bizi!-k "metamorfosi ekologikoaren" egoerari buruzko datuak eman ditu: "Herri gehienek ez dute hasi 2020an hitzeman metamorfosi ekologikoa. Segitzen ditugun 56 herrietatik (Euskal Elkargoko herritarren %87 bizi da hauetan), herri gehienek (40) geldirik segitzen dute".
Euskal Herriko Hirigune Elkargoak ez dituela 2030erako bere helburuak indartu oroitarazi du Bizi!k: "Europar Batasunak %55eko murrizketa erdietsi nahi badu ere, Klima Plana %19ko ttipitzean mugatzen da. Bada garaia errealitatea argiki ikusteko eta egungo desafioei buru egiteko,
etorkizuneko hondamendiak elikatzen segitu ordez".
Bizi!-k sektore guzietan "neurri azkar eta erradikalak" eskatu ditu, klimaren berotzea 1,5 gradu baino txikiagoa izan dadin. Alde soziala ere kontuan hartzeko eskatu du: "Nahi dugu Estatuak justizia soziala berma dezan, gutxiengo bati ematen zaizkion pribilegioak berehala kenduz, eta klimaren desoreka gehien joko dituen pertsonak, ahulenak, laguntzeko neurriak ezarriz".
Diskurtso zuriak gaitzetsi ditu Bizi!k: "Macronen diskurtso berde faltsuak ekintzarik eza baino okerragoak dira: Frantzia bide onetik doalako ilusioa indartzen dute eta klimaren aldeko ekintza estrukturalak baztertzen dituzte. Macronen potreta itxurazko petrolioan murgilduz, haren kargualdia irudikatzen dugu: klimaren kontrako eta energia zikinen aldeko erabakiz beterik, proiektu atzerakoiek markaturik. Badira urteak herritarrek eta zientzialariek hori eskatzen dutela, eta justiziak ere gauza bera eskatzen du: estatuak klimaren alde lan egin behar du, fite eta konkretuki".
Emanuel Macronen gobernuak bi kondena jaso dituela oroitarazi du Bizi!-k, klima aldaketak eskatzen duen neurrian ez ekiteagatik: "2021ean, Frantziako Estatua klima-ezegitearen hobenduntzat jo zuen justiziak, eta kondenatu 2022ko abenduaren 31a aitzin bere ekintza ezak ekarri kalteak konpontzera. Gisa berean, Grand Synthe-ko auzian, Estatu Kontseiluak erabaki du Frantziak berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko gaur egungo erritmoa atxikitzen badu, ez duela betetzen karbono isurketak ttipitzeko Estrategia Nazionalak finkatu desmartxa, erran nahi baita da, 2030eko, berotegi-efektuko gasen isuriak % 40ez ttipitzea. Frantziako Estatua mugitzera kondenatu dute: 2022ko martxoaren 31n, Estatu Kontseiluari erakutsi beharko dio behar diren neurriak hartu dituela". Bizi!-k salatu du "Frantzia ez dagoela larrialdi klimatikoaren mailan, Parisko Hitzarmena sinatu eta sei urteren buruan".
Copernikusek eta Munduko Meteorologia Erakundeak urte hasierako ikerketak berretsi dituzte: Europak bero errekorra hautsi du. Gutxienez 413.000 kaltetu eta 335 hildako izan ziren iaz ekaitz eta uholdeengatik, Europan.
Egungo Venezia 118 uhartez osaturiko artxipelago baten gainean eraikita dago. Uharte horiek 455 zubik elkar lotzen dituzte. Lura baino lokatza du oinarri hiriak. Inguruetako milioika zuhaitz mozteari ekin zioten IX. mendetik aurrera, piloteak eraiki eta hiria zimendatzeko... [+]
Munduan gutien aipaturiko krisi humanitarioa da Angola hego-mendebaldean 2019az geroztik irauten duena. Klima aldaketak indarturiko lehorte luze baten ondorioz milioika pertsona janari eskasean edo desegokitasunean bizi dira eta ura bilatzeko ahalegin handiak egin beharrean... [+]
Lurrak guri zuhaitzak eman, eta guk lurrari egurra. Egungo bizimoldea bideraezina dela ikusita, Suitzako Alderdi Berdearen gazte adarrak galdeketara deitu ditu herritarrak, “garapen” ekonomikoa planetaren mugen gainetik jarri ala ez erabakitzeko. Izan ere, mundu... [+]
Eskola inguruko natur guneak aztertu dituzte Hernaniko Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeetako ikasleek. Helburua, bikoitza: klima larrialdiari aurre egiteko eremu horiek identifikatu eta kontserbatzea batetik, eta hezkuntzarako erabiltzea, bestetik. Eskola bakoitzak natur eremu... [+]
Agintari gutxik aitortzen dute publikoki, disimulurik eta konplexurik gabe, multinazional kutsatzaileen alde daudela. Nahiago izaten dute enpresa horien aurpegi berdea babestu, “planetaren alde” lan egiten ari direla harro azpimarratu, eta kutsadura eta marroiz... [+]
Biologian doktorea, CESIC Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko ikerlaria eta Madrilgo Rey Juan Carlos unibertsitateko irakaslea, Fernando Valladares (Mar del Plata, 1965) klima aldaketa eta ingurumen gaietan Espainiako Estatuko ahots kritiko ezagunenetako bat da. Urteak... [+]
Nola azaldu 10-12 urteko ikasleei bioaniztasunaren galerak eta klima aldaketaren ondorioek duten larritasuna, “ez dago ezer egiterik” ideia alboratu eta planetaren alde elkarrekin zer egin dezakegun gogoetatzeko? Fernando Valladares biologoak hainbat gako eman dizkie... [+]
Eskoziako Lur Garaietara otsoak itzularazteak basoak bere onera ekartzen lagunduko lukeela adierazi dute Leeds unibertsitateko ikertzaileek.. Horrek, era berean, klima-larrialdiari aurre egiteko balioko lukeela baieztatu dute, basoek atmosferako karbono-dioxidoa xurgatuko... [+]
Desagertzeko arriskuan dauden izotz-masak dokumentatzen dituen nazioarteko erregistro batek Pirinioetako Monte Perdido sartu du zerrendan.
Aurtengo urtarrila 1850. urteaz geroztik beroena izan dugu. Gainera, aurreko hilabeteen joera mantentzen du, azken hemeretzi hilabeteen artean, hemezortzigarrena da bero erregistroak apurtzen.
Nature Medicine aldizkarian publikatutako artikuluaren arabera, berotegi efektuaren ondorioz handiagoa izango da beroak eragindako heriotzen igoera hotzak eragiten duen heriotza jaitsiera baino. Gainera, beroarekiko egokitze onenak ere ez luke arazoa guztiz konponduko.
Igande arratsaldean Greenpeace-ko 30 kide inguruk Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu dute Bilboko Guggenheim museoan. Hamar landare eta animalia-espezie errepresentatu dituzte.