Frantziako Poliziak 20 aldiz gehiago geldiarazten ditu gazte beltz eta arabiarrak

  • Profil horretako pertsonen %80 polizia-kontroletan geldiarazia izan da, Frantziako Giza Eskubideen Defendatzaileak ziurtatu duenez. Praktika horrek "komunitate desberdinen eta Poliziaren arteko gatazkak areagotu ditzakeela", ohartarazi izan dute adituek, aspalditik.

Artikulu hau CC BY-SA 2.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2023ko uztailaren 11n - 07:30
Argazkia: Hip-Hop Wired

Frantziako Giza Eskubideen Defendatzaileak "Poliziaren eta herritarren arteko harremanei buruzko inkesta" argitaratu zuen duela urte batzuk. Nortasun-kontrolen praktika poliziala batez ere "ageriko gutxiengoetako gizon gazteei" zuzentzen zaiela azpimarratzen zuen. Hau da, nortasun-kontrolak itxuraren arabera egiten direlako ideiari oinarri estatistikoa ematen dio nazioarteko organoaren Frantziako atalak: 5.000 pertsona baino gehiagoko lagin adierazgarri batean, "beltz edo arabiar gisa hautemandako gazte" profila zuten pertsonen %80k esan zuten, azken bost urteetan, polizia-kontroletan geldiaraziak izan zirela, gainerako inkestatuen %16en aldean. Afrikar ondorengo zein arabiar itxura duten pertsona horiek, beraz, "identifikatuak izateko 20 aldiz aukera gehiago" dituztela ondorioztatu dute.

"Beltz edo arabiar gisa hautemandako gazte" profila zuten pertsonen %80k esan zuten, azken bost urteetan, polizia-kontroletan geldiaraziak izan zirela, gainerako inkestatuen %16en aldean

Identifikazioetako profil etnikoa edo inglesez Ethnic profiling deituriko praktika deitzen zaio delituak ikertzeko edo zuzenbidea aplikatzeko, orokortze etniko, arrazial, nazional edo erlijiosoetan oinarritzeari; froga objektiboetan edo portaera indibidualean oinarritu beharrean. Nazioarteko organoek oinarrizko giza eskubideen aurkako praktika gisa definitzen dute. Zentzu horretan, Nazio Batuen Erakundeak "legearen aplikazioan dituzten arrazakeria eta bazterkeria arazo larriei heltzeko" eskatu izan dio Frantziako Estatuari. Hala ere, nazioarteko araubideak ez du inolako zigor-erregimenik ustezko legeak urratzen dituzten herrialdeentzako, batez ere, Mendebaldeko bloke inperialistakoak badira.

Espainiako Estatuan

Frantziako Estatuaren kasua oso ezaguna da, baina ez bakarra. Espainiako Estatuan ere antzeko ikerketa independenteak egin izan dira, nahiko emaitza esanguratsuekin. 2013an, Identificación policial por perfil étnico en España ikerketa argitaratu zen, gisa horretako inkesta batekin. Lagin osoak emandako datuak kontuan hartuta, ijitoak Europako kaukasiar itxura dutenak baino hamar aldiz gehiago identifikatzen dituzte, magrebiarrak 7,5 gehiago eta afro-latinoamerikarrak, berriz, 6,5 aldiz gehiago.

Ijitoak Europako kaukasiar itxura dutenak baino hamar aldiz gehiago identifikatzen dituzte, magrebiarrak 7,5 gehiago eta afro-latinoamerikarrak, berriz, 6,5 aldiz gehiago

Hala, bide publikoan poliziak identifikatzen dituen pertsonen esperientzien aldakuntza nahiko aurreikusgarria da: gizonak emakumeak baino gehiago geldiarazten dituzte, gazteenak helduak baino probabilitate handiagoz; aldiz, erretiratuek eta etxean lanean aritzen diren andreek enplegatuek, langabeek eta, bereziki, ikasleek baino aukera gutxiago dituzte identifikatuak izateko.

Itxuraren araberako termino orokorragoetan, europar kaukasiarrek poliziaren kontrolen bat jasateko probabilitatearen erdia dute. 2011n eta 2012an %7ko probabilitatea zuten batez beste, gainontzeko talde etniko guztien %14aren aldean. Jatorri zein itxura-faktoreak konbinatuta, honako ondorioa atera zuten 2013ko datuekin: Espainiako Estatuan jaio bazara eta itxura kaukasiko europarra baduzu, ia hiru aldiz aukera gutxiago (%16) dituzu kalean poliziak geldiarazia izateko, itxura ez-kaukasiko europarra baduzu eta Espainiatik kanpo jaio bazara baino (%45).

Europar kaukasiarrek poliziaren kontrolen bat jasateko probabilitatearen erdia dute

Zilegitasun poliziala kolokan

Espainiako Estatuko ikerketak mahaigaineratzen dituen beste elementu batzuk poliziarekiko konfiantza, legitimitatea eta lankidetzarako borondatea dira. "Poliziak geldiarazi izanak kalte egiten dio bere jardunari, eta bere legitimitatea ahultzen du", ondorioztatzen dute adituek. Izatez, "gogobetegarritzat" jotzen diren geldialdiek ere ez dute eraginik biztanleek erakunde horri ematen dioten zilegitasun mailan. Aldiz, Espainiako Estatuko kasuan, beste herrialde batzuetan bezala, identifikatuak diren pertsonek "neutrotzat" edo "desegokitzat" jotzen dituzten polizia-kontrolek eragin "negatibo" argia dute poliziaren ikuspegitik.

Hori bai, kontuan izan behar da gutxiengoek edo etorkin-taldeek, batez beste, zuriek baino garrantzi txikiagoa ematen dietela prozedura-justiziari buruzko gaiei; hau da, tolerantzia maila altuagoa dute gehiegikerien aurrean. Baina, era berean, egiaztatu ahal izan da poliziarekiko konfiantza eta legitimitate mailak baxuak direla haien artean ere. Beraz, denborak aurrera egin ahala, geldialdi arrazistek ondorio negatiboak eragiten dizkiote poliziari ere.

Espainiako Estatuko komunitate minoritarioetako eta migratzaileetako pertsonek poliziari legitimitate handiagoa emateko joera zutela ikusi zen duela hamarkada bateko ikerketan; hots, poliziarekin lankidetzan aritzeko prestutasun handiagoa zutela, gehiengo sozialaren batez bestekoaren aldean. Horrek arrazoi desberdinak izan zitzakeela argudiatu zen bere momentuan: populazio-talde horien testuinguru kulturaletan, Espainiakoa baino polizia autoritarioagoak ezagutu izana, aginte-figurekiko errespetuaren errotze sakonagoa, eta abar.

[Poliziari legitimitate handiagoa emateak] arrazoi desberdinak izan zitzakeela argudiatu zen bere momentuan: [...] testuinguru kulturaletan, Espainiakoa baino polizia autoritarioagoak ezagutu izana, aginte-figurekiko errespetuaren errotze sakonagoa, eta abar

Ikerketak ondorioztatzen du faktore horiek poliziarekiko mesfidantzaren "motelgailu" funtzioa bete dezaketela, baina gutxiengoen aurkako kontrol arbitrarioak luzatu ahala, "motelgailu hori ahultzeko arriskua" dagoela ohartarazten dute. Denborarekin, "talde minoritarioek eta migratzaileek ere iritzi negatibo orokortua" garatu dezakete poliziaren inguruan. Are gehiago, "komunitate desberdinen eta poliziaren arteko gatazkak areagotzeko arriskuaz" ohartarazten du ikerlanak, immigrazioaren fenomenoa lehenagotik ezagutzen duten estatuetan gertatu den bezala. Frantziako Estatuan azken astean gertatutakoa horren adibide paregabea da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Xenofobia
Kaleko afari solidarioen kontrako elkarretaratze bat egin dute Donostian, PPko zinegotzien parte hartzearekin

Afari solidarioak banatzen diren ordu eta leku berean zegoen antolatuta baimenik ez zuen elkarretaratzea. Tentsio une handiak izan dira, eta Ertzaintzak KASen aldeko hainbat jarraitzaile identifikatu ditu.


Donostian jarrera eta eraso arrazistak ugaritzen ari direla salatu eta borrokatzera deitu dute

Udaletxe aurrean eginiko prentsaurreko jendetsuan, Donostian gertatzen ari diren jarrera arrazista, klasista eta faxistekin kezka adierazi dute hiriko eragile sozial eta politiko ugarik. Irakurketa bateratua eskaini dute 37 eragilek, besteren artean, Ernai, GKS, Bilgune... [+]


Jaime Iribarren (LAB)
“Zapia buruan eramateagatik diskriminatu egiten dituzte lantokietan”

Elkarretaratzea egin dute Iruñean asteazkenean SOS Arrazakeria taldeak eta LAB sindikatuak salatzeko zapia buruan erabiltzen duten zenbait emakumeri "mehatxuak" eta "irainak" eragin dizkietela euren lanpostutan. "Ohikoa" den diskriminazioa... [+]


Bost urte inor ez da ilegala aldarrikatzen

Bost urtean, Inor ez da ilegala proiektuak lau haizetara zabaldu ditu migratzaileen eskubideen aldeko lelodun kamiseta, jertse eta poltsak; elkarlana eta elkartasuna oinarri dituen ekimenak istorio eta bizipen ugari oparitu dizkigu; eta zoritxarrez, inoiz baino biziago... [+]


Voxen diskurtso xenofoboa geldiarazteko protokolo bat sortu nahi du Nafarroako Parlamentuak

Eskuin muturraren “diskurtso guztiz arrazisten”arriskuaz ohartarazi du Unai Hualde presidenteak. Bere aburuz, erakundeak giza eskubideak urratzen dituzten jokaerak ekidin behar ditu.


Hobetu bada ere, indarrean dago atzerritar jatorriko pertsonekiko estigmatizazioa EAEn

Immigrazioaren Euskal Behatokiaren 2023ko Barometroaren emaitzek diote “2021ko balioetara itzuli dela” euskal gizartearen "tolerantzia-maila". Datuen arabera, horrek lotura zuzena du Ukrainako gerraren kronifikazioarekin eta asilo-eskarien egonkortzearekin.


2023-04-18 | ARGIA
Gorroto delituak bikoiztu egin dira EAEn, delitu arrazista eta xenofoboak batez ere

2022an Ertzaintzak erregistraturiko gorroto delituen berri eman du Eusko Jaurlaritzak: 438 gertakari guztira, 2021ean baino %57 gehiago. Arrazakeria eta xenofobiari lotutako delituek jarraitzen dute izaten zabalduenak, eta atzetik dituzte sexu-joera edo sexu-identitateari... [+]


Sistema xenofobo bat erabiltzen du Ertzaintzak indarkeria matxistaren arriskua neurtzeko

Algorithm Watch-ek egindako ikerketa batek azaldu duenez, biktimei egindako test batek biktimen eta erasotzailearen jatorriaz galdetzen du. "Atzerritartzat", ordea, Mendebaldekoak ez direnak baino ez ditu jotzen.


2022-10-18 | Iñaki Agirre
Josep Borrell
“Europa lorategia da eta munduaren gainerakoa oihana; lorezainek oihanera joan behar dute, bestela, inbaditu egingo gaitu”

Europako Batasuneko diplomaziaburu den Josep Borrellek kutsu zibilizatzaileko adierazpen xenofobo eta eurozentrista larriak egin ditu Europako Akademia Diplomatikoaren inaugurazio ekitaldian.


Arrazakeria eta LGTBfobia, gorroto delitu nagusiak Hego Euskal Herrian

2021ean salatutako edo ezagututako gorroto delituen berri eman du Espainiako Barne ministroak. Hego Euskal Herrian, 309 kasu zenbatu dituzte denera, baina askoz gordinagoa da errealitatea: gorroto delituren bat jasan dutenen %80ak ez du salatzen, hainbat ikerketaren arabera.


Eguneraketa berriak daude