Iraila bukaeratik hedatuz doan greba mugimendua gero eta gehiago sendi da herritarren egunerokoan: Frantziako Estatuko gasolindegien herenak eskas du erregaia. Hori horrela, bi aldeen arteko gatazkan eskua sartu du gobernuak, errekisizioa aktibatuz eta grebalariak lanera itzultzera behartuz. Parean, CGT eta FOk tinko segitzen dute, eta greba energiaren sektore osora zabaltzekotan dira, urriaren 18rako greba interprofesionala antolatuz.
Iraila bukaeran abiaturiko greba mugimenduaren eraginez, Frantziako Estatuan diren zortzi petrolio-findegietatik seitan eta beste hainbat erregai-biltegietan aktibitatea mantsoturik edo erabat geldirik dute. Hori horrela, blokeoaren eragina emendatuz doa egunez egun: urriaren 13 honetan gasolindegien herenak du erregaia eskas, eta prezioak gora doaz berriro. CGT eta FO sindikatuek tinko segitzen dute soldaten emendioaren alde borrokan –soldaten %10eko emendioa galdetzen dute–. CFDT eta CFE-CGCk haatik lanera itzultzearen alde egin dute, datorren urterako soldaten %6,5ko emendioa eta 3.500 euro baino gehiagoko prima dakarren akordioa onarturik.
Badirudi langileek indar-harremana beraien alde daukatela: orain arte Total Energies-ek errefusatzen zuen hitz egitea, baldintza gisa jarriz “blokeoaren bukaera", baina zuzendaritzak asteazkenean, urriaren 12an, onartu zuen negoziaketei lotzea. CGTren jarrera gogorra salatu du Bruno Le Maire Ekonomia ministroak, baina, aldi berean, soldaten emendioa galdetuz Total Energies-eko patronalari: “Argi da emendioak bideratzeko ahala daukala, eta argi da hori egin beharra daukala”.
Zortzi orduro, goiz eta arrats, dabiltza bozka bidez grebaz erabakitzen Total Energies eta Esso ExxonMobil multinazionalen petrolio-findegietako eta erregai-biltegietako langileak. Oraingoz, greban jarraitzearen aldeko botoa gailentzen da, nahiz eta gobernuak errekisizioaren prozedura aktibatu izanak langileak doi bat uzkurtu. Lanera itzultzeko manuari bizkarra emanez gero, sei hilabeteko kartzela-zigorra eta 10.000 euroko isuna arriskatzen dute grebalari errekisizionatuek. Adibidez, ostegun eguerdi honetan erabaki dute lanera itzultzea Fos-sur-Mer-eko Esso ExxonMobil-en lantokian, 23 egunez aktibitatea osoki blokeatu ondoren.
Erregaien eskasia gero eta gehiago sentitzen dutela-eta, gatazkan eskua sartu eta neurri gogorrak hartzearen alde egin du gobernuak: langileak errekisizionatzeko prozedurari lotu da. Urriaren 11n aktibatu zuen Defentsa Kodeak eta Lurralde Elkargoen Kodeak bideratzen duten aukera: lanera itzuli beharra daukate errekisizionaturiko grebalariek. Lehen ministroak die prefetei galdetu prozeduraren aktibazioa –hastapen batean Esso ExxonMobil guneetarako, baina, geroztik, Total Energies-era ere zabaldu dute–. Sindikatuek argi daukate greba eskubidea zangopilaturik dela: “Gobernuak gerla deklarazioa egin die soldaten emendioaren alde greban diren langileei”, CGTren hitzetan.
1864az geroztik aitortzen die Frantziako Estatuak langileei greba eskubidea. Hala eta guztiz ere, legediari segi, errekisizionatuak izan daitezke, "urgentzia" kasuetan eta "ordenu publikoa, segurtasuna eta nazioaren beharrak" mehatxatuak baldin badira. Azkenik, 2010ean aktibatu zuten prozedura, presidente izandako Nicolas Sarkozyk bideratu erretreta erreformaren kontrako greba mugimendua hausteko.
Gonfreville (Total) Lavera (Petroineos), Donges (Total), Grandpuits (Total), Feyzin (Total), Gravenchon (Esso), Fos-sur-Mer (Esso) eta La Mede (Total) hirietan dira petrolio-findegiak. Grandpuits, Lavera eta Fos-sur-Mer-ekoak izan ezik, besteetan aitzina doa greba, nahiz eta prefetaren manuz, guneka grebalariak lanera itzultzera behartuak izan.
Krisi egoerei aurre egiteko erregai erreserbak dauzka Frantziako Gobernuak, batez beste hiru hilabetez inportatzen duenaren heina. Erreserba horietan dagoena erabiltzen hasi direla jakitera eman zuen urriaren 9an Elisabeth Borne Lehen ministroak. Gasolindegien eskaintza bermatzea dute xede. Egoera tinkotzen doalako marka. Nazioarteko Energiaren Agentziak du erreserba horien kudeaketaren ardura, eta Europako 22 estatu, AEB, Kanada, Hego Korea, Australia Zeelanda Berria eta Japonia biltzen ditu. Batez beste, 90 egunetarako kontsumoa bermatu dezake hor duen erregai kantitatearekin.
Frantziako presidente Emmanuel Macronek segurtatu du "egoera normala" datorren asterako. Ikustekoa da zer erabaki hartzen duten ondoko bozketetan langileek; jakinik, gainera, greba energiaren sektore osora zabaltzeko gogoa ere hor dagoela –besteak beste, zenbait zentral nuklearretan ere abiatua dute greba–. Urriaren 18rako greba interprofesionala antolatzekotan da CGT sindikatua.
Urtarrilaren 29an, gaur egungo mundu berekoi honetan ohituta ez gauden zerbait gertatu zen Laudioko Guardian lantegiaren atarian. Zuzendaritzak hango labea itzaltzeko asmoa erakutsi zuen, eta horri aurre egiteko, langileek atea blokeatu zuten pankarten bidez. Baina ez zeuden... [+]
Arabako artisten 35 lan paratu dituzte Emakumea. Familia eta lana erakusketan, Gasteizen. Aukeraketa egiteko, kanpoan utzi dituzte historian zehar emakumeak sarritan margotu izan diren beste egoera eta estereotipo batzuk, eta lanari lotutakoei eman diete garrantzia. Urriaren... [+]
Kanboko (Lapurdi) lurrak babesteko deia zabaldu dute ELB, Lurzaindia eta Ostiak. Maiatzaren 17an ibilaldia, ekitaldia eta landaketa herrikoia antolatu dituzte. "Lurraldearen oraina, eta geroa ere, gure inplikazioaren araberakoa da", adierazi dute.
Eritasunaren kontrako protokoloa salatzeko eta prefeturarekin hitzordu bat lortzeko asmoz, bideratu dute okupazioa ehun bat laborarik. Tuberkulosia kasu batzuk agerturik Zuberoan, eritasunaren kontrako neurri sanitarioak segitu beharrean dira inguru horietako 280 etxalde... [+]
Hezkuntza publikoko irakasleok hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]
Hirugarren greba zikloa iragarri dute Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek maiatzaren 12tik 16ra bitartean, hezkuntza publikoa indartzearen alde. Azaldu dute Hezkuntza Sailak helarazitako azken proposamenak ez diela euren aldarrikapenei erantzun egokirik ematen.
Nafarroako funtzio publikoan 30.000 langile zeuden grebara deituta asteazken honetan. Deialdiak jarraipen desberdina izan du sektorearen arabera, eta sindikatuek salatu dute foru gobernuak "abusuzko" gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela nahita.
Ekonomialariei asko gustatzen zaizkie merkatuen jokabideak adierazten dituzten grafikoak, kurbak alegia. Deigarria egin zait zentzu horretan Pluralistic webguneko “The future of Amazon coders is the present of Amazon warehouse workers” artikuluan (Amazonen... [+]
Bost greba egun deitu dituzte apirilerako, "lanez gainezka" daudela eta giza baliabide eta material "oso murritzak" dituztela argudiatuta. ELA sindikatuaren esanetan, udalak "ez du mugimendurik egin nahi".
ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT-LKN, CNT, HIRU, EHNE eta ETXALDE sindikatuak, Sarek abiatutako Gotzon SOS kanpainara batu dira. 2019an antzeman zioten gaixotasun genetiko sendaezina 68 urteko preso politiko bilbotarrari. Sindikatuek gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelatik... [+]
Fabrika itxi eta 106 beharginak kaleratzeko asmoa dauka enpresako zuzendaritzak, eta zabalik dago lan-erregulazioari buruzko kontsulta-aldia.