Frantziako 1.500 soldaduak Nigerretik erretiratuko ditu Emmanuel Macronek

  • Uztaileko estatu kolpeaz geroztik protesta ugari egin dituzte Nigerren Frantziako eragin oro herrialdetik kanporatzeko. Macronek iragarri du datozen hilabeteetan “era ordenatuan” kanporatuko dituztela soldaduak.


2023ko irailaren 26an - 06:55
Azken eguneraketa: 10:23
Uztaileko estatu kolpeaz geroztik protesta ugari egon dira Nigerren, Frantziako indarrak bertatik kanporatzeko eskatzeko. / Argazkia: Reuters.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Françafrique amaitu da, ez dugu esku hartuko estatu kolpeak daudenean”, ziurtatu du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Frantziako armadako 1.500 soldadu inguru daude Nigerren, eta besteak beste, uztailaren 26ko estatu kolpean militar batzuek atxilotutako Mohamed Bazoum presidente ohia defendatzen ari ziren, Frantziaten aldekoa zena. Bada, bi hilabete eskasera, Macronek iragarri du soldadu horiek erretiratzeko agindu duela, estatu kolpea eta junta militarra egonkortu direla eta. “Irteera era ordenatuan” egingo dutela azaldu du, datozen hilabeteetan. Enbaxadore frantsesa ere Parisera itzuliko dela azaldu du.

Horixe zen azken asteetan Nigerreko herritarrek eta armadak eskatzen zutena: Frantziako soldaduak kanporatzea, eta kolonizatzaile izandakoen indarrak herrialdetik ateratzea. Azpimarratzekoa da herritarren babesa izan zuela estatu kolpeak, eta Bazoum kargutik kentzea txalotu zutela. Kolpea eman zuen militar taldeak argudiatu zuen presidentea ez zela gai izan “segurtasun arazoak” kudeatzeko, eta haren gobernantza zalantzan jarri zuten.

Kontuan hartzekoa da Nigerreko lurretan egon direla AEBetako –oraindik 1.000 tropa dituzte, The Guardianek gogorarazi duenez– eta Frantziako tropak, besteren artean, Saheleko zonaldeko jihadisten erasoen hazkundeari aurre egiteko dela argudiatuta. Macronek dio beti egon direla prest Afrikari laguntzeko jihadisten aurkako borrokan, “demokratikoki hautatutako gobernu edo erakundeek eskatuta”: “Han izan gara Nigerrek eskatu zigulako, eta Burkina Fasok, Malik, beren lurraldeetan terrorismoari aurre egiten laguntzeko. Orain, herrialde horiek estatu kolpeen biktima izan dira”.

Frantziaren eragina, ahultzen

Frantziako presidentearen azken erabakiarekin argi geratu da Françafriquen eragina aldatu dela Sahelen, eta kolonizatzaile ohien aurkako ahotsak indar handia hartu dutela. Nazioarteko analistek nabarmentzen dutenez, Saheleko herrialdeak Errusiarekin, Txinarekin eta Turkiarekin ari dira lankidetzak handitzen, eta Mendebaldearen eragina ahulduz doa.

Afrikako estatu kolpeen ugaritzearen eta herrialde horietako ezegonkortasunaren atzean dauden zenbait arrazoi irakurri daitezke azken LARRUNean: Egungo gatazken sustrai kolonialak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Niger
Europako estatuak atzerriko herritarrak Nigerretik ateratzeko operazioak jarri dituzte martxan

Segurtasun Ministerioaren esanetan, Mohamed Bazoum presidentea kargutik bota zutenetik, “segurtasuna erabat okertu” da. Operazioa errepikatzeko gomendatu die gainontzeko Europako herrialdeei. Espainiako Gobernua 70 lagun ebakuatzeko lanetan hasi da.


2023-08-01 | Ilargi Manzanares
Nigerreko estatu kolpeak Europako eta AEBetako interesak kolokan jarri ditu

Niamey-en eman zuten estatu kolpea, aurreko asteazkenean. Abdourrahmane Tchiani jenerala da kolpea jo duen militar taldearen burua, eta Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak (CEDEAO) aste bat eman diete presidente ohia berriro ezartzeko, eta bestela... [+]


Nigerren etxeratze agindua ezarri eta erakundeak indargabetu dituzte, militarren estatu kolpearen ostean

“Segurtasun egoeraren okertzea” eta “gobernantza ekonomiko eta sozial txarra” argudiatuta Mohamed Bazoum estatuburua atxilotu eta kargugabetu dute militarrek. Mugak itxi, etxeratze agindua ezarri eta errepublikako erakunde guztien funtzionamendua eten... [+]


Eguneraketa berriak daude