Frantziak tropak bidali ditu Afrika Erdiko Errepublikara, matxinoak herri gehiagotara zabaltzea ekidin asmotan. Bart su egin dute soldaduek eta errebeldeek elkarren aurka.
Frantziak 1.600 soldadu bidali ditu haren kolonia ohia den herrialdera. NBEren arabera, “odol isuria” eteteko, armak dauzkaten herritarrei armak kentzeko eta herrialdean bizi diren 300 frantziarrak “babesteko”. Dena den, egun agintean dagoen Seleka matxinoen koalizioa geratzea da tropen zeregin nagusia, baita Michel Djotodia egungo presidentea kargutik kentzea ere, hainbat hedabideen iturrien esanetan.
‘Sangaris operazioa’ izendatu duten ekintza militarraren bitartez, François Bozizé presidente ohiari boterea bueltatu nahi dio François Hollande Frantziako presidenteak. Haren esanetan, hauteskunde “libre eta demokratikoak” egotea ziurtatu nahi du.
Zaila da gatazkan hildakoen zenbaketa egitea, izen ere datuak oso bestelakoak dira erakunde baten edo bestearen arabera. Gurutze Gorriak kaleratutako informazioari so 400 zibil hil dira, gerra dela eta. Ez dute hildako matxinoen inguruko zehaztapenik eman. Bestalde, gatazkaren ondorioz bi militar frantziar hil dituztela esan du Hollandek.
Martxoan hasitako gatazka
Urak ez daude bare Afrika Erdiko Errepublikan 2013ko martxoan François Bozizé presidenteak estatu kolpe baten ondorioz ihes egin zuenetik.
Seleka matxinoen koalizioak herritarren eskubideak urratzea leporatu zion Bozizéri, eta hitzartutako akordioak ez betetzea. Selekako kideek diotenez, Gobernuaren “gardentasun faltarengatik” eman zuten estatu kolpea. Izan ere, airean zegoen Bozizék botere guztiak presidente postuari atxiki nahi zizkionaren ustea, alegia, bere burua agintari goren izendatu nahi zuela zioen zurrumurrua. Horregatik, “askatzaile” bezala definitzen dute Selekako kideek euren burua.
Geroz eta armatutako talde gehiago
Gatazkak aurrera egin ahala gainera, talde armatu gehiago azaldu dira: besteak beste, paramilitarrak, eta hainbat erlijiorekin lerratutako miliziak. Adibidez, Bozizé presidente ohiaren defentsan kristau talde batek armak hartu ditu. Hala, borroka ez da soilik Seleka eta Frantziak bidalitako militarren artekoa, ideologia anitzeko hainbat talderen artekoa baizik.
Gauzak horrela, nazioarteko hainbat herrialderen ikuspegia argia da: Afrika Erdiko Errepublikako Gobernua ez da demokratikoa, eta egoera konpontzeko esku-sartzea behar dute. Ondorioz. Britainia Handiak bi gerra-hegazkin utzi dizkio Frantziari, erasoetan erabiltzeko; eta AEBek ere gatazkan parte hartzeko asmoa azaldu du, tira-bira ez bada konpontzen.
Frantziak hartu du erasoen lidergoa: “Aurrena era baketsuan eskatuko diegu armak uzteko, eta horrek funtzionatu ezean, indarrez”, esan du Jean Yves Le Drien Frantziako Defentsa ministroak, borrokarako prestutasuna azalduz.
Ez du zehaztu frantziar militarrek zenbat denbora pasako duten Afrikako Erdiko Errepublikan, “behar den denbora guztia” egongo direla baino ez du aipatu.
Frantziako zenbait intelektualek adierazpen baten bidez galdetu dute Parisko atentatuen ostean Frantziako Gobernuak abiatutako “terrorismoaren aurkako gerrak” zer ondorio izango dituen. Frantziak abiatutako bonbardaketen kontra bat egiteko deia luzatu dute.
Frantziako soldaduek Afrika Erdiko Errepublikan (AEE) bederatzi urte arteko haurrei sexu erasoak egin zizkietela azaleratu du filtratutako txosten batek. Testigantzak jasotzen dituen txostena hedabide batzuei helarazteagatik Genevan Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen... [+]
Afrika Erdiko Errepublikako gatazkan dauden Frantziako militarretako batzuek sinbolo naziak daramatzate uniformean.
Afrika Erdiko Errepublikan Frantziak hasitako interbentzio militarra kritikatu du Ipar Euskal Herriko Nouveau Parti Anticapitaliste alderdiak (NPA). Dioenez, multinazionalen interesak “babestea” du helburu.
Pasa den igandean presidentearen jauregia hartu eta gero, Afrika Erdiko Errepublikako (AEE) matxinoen buruzagi Michel Djotodiak bere burua presidente izendatu eta konstituzioa indarrik gabe utzi du. Adierazi duenez, hauteskunde demokratikoak deituko ditu hiru urteko epean... [+]