Murgian aritu diren bertsolariak: Sustrai Colina (706), Beñat Gaztelumendi (697), Aitor Mendiluze (694.50), Unai Agirre (670.50), Fredi Paia (661.50) eta Xabier Silveira (622.50).
5 bertsolari iragazi dira finalaurrekoen bigarren txanpara eta haietako puntu gutxien lortu duenak -Fredi Paiak- 661 puntu eskuratu ditu, eta aukera badauka finalera sartzeko ere. Puntuazioari begira, beraz, saioa goitik joan da. Neu ere horretan nago.
Saio oso ona iruditu zait, bertsolari guztiei entzun dizkiet une batean edo bestean bertso ederrak, baina ez zait iruditu, hala ere, haietako inork ariketa guztietan asmatu duenik. Esaterako Sustrai Colina irabazleak kartzelakoan ez du lan on-onik egin, gainerako ariketetan oso maila altuan jardun badu ere.
Lehen parentesia zabaldu nahi dut hemen. (Kartzelakoak zioen “gonbidatuak falta dira” eta Sustrai eta Mendiluze gonbidatu bakarraren esperoan egon dira, anaia eta maitea. Bertso hobeak Mendiluzerenak, hala ere.)
Beñat Gaztelumendi oso ondo ibili da ofizioetan, bere paperei bikain eusten eta tarteka erantzuten: Sustrairekin batera onena binakako lanetan. Bien arteko alderik handiena puntu erantzunetan etorri da eta hemen bigarren parentesia zabaldu behar dut:
(Gai batzuetatik besteetara alde handi samarrak egon direla iruditzen zait, Beñat Gaztelumendiri, esaterako, asko kostatu zaio Txerri Bodaren gaiari erantzutea, Sustrairi, ordea, Iñigo Cabacasen hilketa suertatu zaio. Bertsolari gehienei bigarrena lehena baino heldugarriago egingo litzaiekeelakoan nago. Baskoniako gai-tranpatik, bestalde, oso ondo atera da Fredi. Patateroa naiz eta lotsa pixka bat eman dit gai horrek. Badakit gustu kontua dela eta gai guztiak daudela gizartean, baina ez dakit ba!).
Mendiluzek bertso matxine hasi du saioa, 8ko handian Unai Agirrerekin azkar eta ondo, txikian Silveirakin ez zaie atera saio borobila eta 6ko motzean Frediren ziri-zaparradaren azpian ondo atertu da, bertsoak goitik behera boteaz. Beti bezain fin.
Sustraik lehen ofizioan asko erakutsi du ze gai den paper zail batean kantatzeko. Gaia ez zait gehiegi gustatu, -bi anaia beilatokian lanean eta hildako amamaren gorpua prestatzen- (berriz ere gustu kontua). Baina Sustrai gai izan da bere 3 bertsoetan hartu duen paperari eusteko. Fredi, hor ibili da saio osoko baxuen. Berez, hartu duen rola logikoa bazen ere.
Hortik aurrera Fredik bere kresta goratu du eta bonbak botatzen hasi da, zipriztinei asko erreparatu gabe. Tarteka lagunari ederki etorri zaio (Gaztelumendiri txikian kasu), nondik joko zuen igarri baitio. Mendiluzeri gehiago kostatu zaio Frediren erasoari antzematen. Gintonicak mejora egin dio. (Hau esan ahal da? ejem).
Silveira, 8ko handian zuzen hasi da Gaztelumendirekin, txikian pixka bat aldrebestu da eta puntu erantzunetan lehenak alde egin dio. Kartzelakoan arriskatu du eta nik gauza horiek asko estimatzen ditut, gehiago asmatzea bazuen bai, baina irribarre batekin utzi nau, hartutako bideagatik eta azken bertsoagatik. Azken agurra ere mundiala.
Kritikatu ditut gai-jartzaileak (lore gehiago merezi arren) eta bertsolariak. Epaileekin ni gaur gauza batzuetan ez naiz bat etorri, baina latzak dira txapelketetan batzuetan entzuten direnak!
Hau ez dadila uler nire bertsolari karrera “alternatiborako” (ez dut nire burua gehiegi matxakatu nahi) epaileei laguntza eskaera gisa. Akatsak akats, monumentu bat merezi duzue.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren bilakaera aztertu du IXA ikerketa taldeak, 1986ko sariketatik abiatu eta 2013kora arte. Besteak beste, erabilitako neurriak, doinuak eta euskara alderatu dituzte. Datu bat: 2013an gaien % 77 dramatikoa izan da eta %23 umorezkoa.
Ez naiz ni hitz zurietan gehiegi luzatu zale, baina dagokionari berea ematea lege denez eta, bihotz-bihotzez horrela sentitzen dudalako, eskerrik asko ezer baino lehen BEC-eko oholtza gainera igo zineten zortzi bertsolarioi. Egiatan diot aspaldian hartu dudan gozaturik... [+]
Amets Arzallus Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako txapelduna elkarrizketatu du Euskal Irratiak. Elkarrizketako pasarte esanguratsuenak laburbildu ditugu ARGIAn.
Juanito Dorronsoro bertsolaritza lantzen ibili da bizitza osoan eta 80ko hamarkadan buru-belarri jardun zen bertso eskolak sortzeko lanean. Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean berak jantziko dio txapela irabazleari, horren harira Urola Kostako Hitza berarekin mintzatu da.
Abenduaren 15eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala aurkeztu dute eta hainbat informazio praktiko eskaini dituzte antolatzaileek finalera doazen bertsozaleek plana antolatzeko arazorik izan ez dezaten.
Hitzordu berezia genuen Maulekoa. Gure saioa genuen nunbait... Gure lehen aldia eta ez genuen ezertan hutsegin nahi. Bertsolariak: Sustrai Colina (695,5 puntu), Unai Agirre (691,5), Jexux Mari Irazu (689,5), Aitor Mendiluze (688,5), Jone Uria (666,5), Agin Laburu (648).
Bertsolariak: Igor Elortza (703 puntu), Alaia Martin (674,5), Aitor Sarriegi (674), Jon Martin (641,5), Etxahun Lekue (639,5) eta Fredi Paia (617,5).