Final Four Gasteizen: nola gastatu lau milioi poltsa publikotik legez kanpoko hitzarmen batekin

  • Eusko Jaurlaritzaren txosten juridiko baten arabera, Gasteizen Euroligako Final Fourra antolatzeko hitzarmena ez da legezkoa hainbat puntutan. Aurretik, Gasteizko Udaleko zerbitzu juridikoek ere antzeko zerbait adierazi zuten.


2019ko otsailaren 06an - 11:23
Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Belgradeko alkatea, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Bingen Zupiria Jaurlaritzako sailburua Final Fourra Gasteizen egingo dela iragartzen (argazkia: Irekia).
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Ser irrati kateak argitaratu duenez, bi txosten juridiko zeuzkan Jaurlaritzak Euroligarekin hitzartutakoaren lege-hausteak aipatuz, baita hirugarren dokumentu bat ere, aurreko bien osagarri.

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak Euroligarekin sinatutako hitzarmenaren punturik polemikoena marko legalarekin lotuta dago, Suitzakoa ezartzen baitu erreferentzia gisa Espainiako Estatukoa beharrean. Eta hori, Jaurlaritzako teknikarien arabera, legearen kontrakoa da.

Horrek eragin zuzena du hitzarmena sinatu dutenen artean gatazkaren bat sortuko balitz eragingo lukeen egoeran: euskal erakundeek Luganon dagoen nazioarteko epaitegi batera jo beharko lukete.

Prisa taldeko irratiaren arabera, iazko azaroan ezagutu zen Gasteizko Udalaren txosten juridikoan aipatzen diren problemen antzekoak aurkitu dituzte Jaurlaritzako legelariek ere.

Marko legala ez da Jaurlaritzaren txostenetan agertzen den lege-hauste bakarra. Erakunde publikoek finalaren antolaketarako lau milioi euro gastatuko dituztela dio hitzarmenak, baina ekitaldiaren aurrekontu osoa zenbatekoa den ez da zehazten, legeak hori egitera behartzen duen arren.

Horrez gain, Euroligak eta erakundeek adostutakoa beteko ez balute izango liratekeen ondorioak ere ez daude argi hitzarmenean: ez dira zehazten alde bakoitzaren ardura-kuotak, ezta ordainketak berandu eginez gero aplikatuko liratekeen gain-ordainketak –Euroligak %3 gehiago kobratuko luke instituzioen atzerapen baten kasuan–.

Eta badira beste hutsune batzuk ere, hala nola, hitzarmena betetzen den zaintzeko jarraipen-batzorderik ez aurreikustea edo ekitaldiaren segurtasuna noren ardura den argi ez zehaztea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euroligaren Final Four-a Gasteizen
‘Final Four pour le peuple, rien par le peuple’

"Ikuskizun handi bat gorpuzteko beharrezko elementua jendea da, eta Gasteizko Final Fourrean horrelakorik apenas izan dugu."


Lan Ikuskaritzan salatu dituzte Gasteizko Final Four-aren antolatzaileak

Europako saskibaloi txapelketaren finala Gasteizen egingo da maiatzean, eta berau antolatzeko 4 milioi euro jaso dituzten arren, doan (ez otordu, ez garraio, ez bestelakoei aurre egiteko ordainsaririk jaso gabe) lana egingo duten 170 boluntario eskatu dituzte. Lege iruzurra izan... [+]


2019-01-04 | Axier Lopez
Doan lan egiteko jendea nahi du 4 milioi euro publiko jaso dituen Gasteizko ‘Final Four’eko antolatzaileak

Maiatzaren 17, 18 eta 19an antolatuko dute Europako saskibaloi txapelketaren finala Gasteizen. Antolakuntzak jakinarazi duenez, egun horietan 170 lagun behar dituzte "boluntario" lan egiteko. Ez dute bidaiarik, ostaturik eta diru-saririk jasoko trukean. Hala Bedik jaso... [+]


2018-11-15 | Jon Torner Zabala
Euroliga Gasteizen: akordioak ez duela legea betetzen azaleratu dute bi txosten teknikok

Gasteizko Udalaren bi txosten teknikok zalantzan jarri dituzte bertako instituzioek Euroligarekin sinatutako akordioaren hainbat puntu, Arabako hiriburuak jasoko duen 2019ko Final Four saskibaloi finalaren harira, SER irratiko kazetari Iker Armentiak jakinarazi duenez.


Eguneraketa berriak daude