Athletic Club taldeak Europa League lehiaketara itzuliko da aste honetan. Errusiako Spartak Moscva izango da bere aurkaria, joan-etorriko kanporaketan. Beraz, eguenean, Moskun jokatuko dute zuri-gorriek, eta datorren astean, otsailaren 22an, San Mamesen ospatuko da lehiaketan aurrera nork egingo duen erabakiko duen partida.
Hori dela eta, Herri Norte Taldea, EH Donbass eta Sare Antifaxista taldeek faxismoaren kontrako ekimenak antolatu dituzte Bilbon. Izan ere, Errusiako zaleak ezagunak dira Europako norgehiagoketan arazoak sortzeagatik. Taldeek adierazi dutenez, “ez da lehen aldia faxismoa gure hiriko kaleetan inpunitate eta askatasun osoz barreiatzen dela.” Denboraldi honetan Realaren eta Errusiako Zenit taldearen arteko partiduan gertatutakoa oroitu dute: “Donostian, errusiarren eskutik jasandako erasoak edo hispanitate egunean egindako aldarrikapen faxistak ditugu.”
Beraz, “Eszena horiek ez errepikatzeko, gaurkoan, futbol esparruan murgildutako faxismoari erantzutea dagokigu”, aldarrikatu dute eta horretarako ekintzak antolatu dituzte. Lehenengoa otsailaren 21ean izango da, gaueko 20:00etan. Bertan, Bilboko kaleetatik kalejiran ibiliko dira, Moyua plazatik irtengo dira Faxismoa Bilboko kale eta harmailetatik at lelopean.
Hurrengo egunean, otsailaren 22an, partiduaren egunarekin bat , arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara, Sabino Aranaren eta Felipe Serrateren arteko gurutze-bidean, elkarretaratze antifaxista antolatu dute. Norgehiagoka gaueko 21:05ean hasiko da, beraz, zale zuri-gorriei ekintzetara joateko gonbidapena luzatu diete “parte hartzera animatzen zaituztegu, faxismoari aurpegira oihukatzeko.”
Artikulu hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.