Farapi kooperatibako kideek azaldu dute nola jarri zuten "hankaz gora" kudeaketa eredua. Gerentearen figura "fusilatu" eta urtebeteko prozesuaren ondoren erabaki guztiak kolektiboan hartzeko egitura sortu dute. Bidean, bizigarritasuna kudeaketa ereduaren oinarrian kokatuz, ekonomikoki bideragarria izaten jarraitzen duen proiektua eraiki dute.
Egungo Farapin ez dago proiektua sortu zuen bazkide sortzailerik, baina herentziaz jaso zuten “kudeatzaile bat buru zuen lidergo indibiduala”. Jatorrizko Farapiko sortzaileek beti izan zuten beste eredu baten nahia baina momentuan ez zuten bestelako kudeaketa formularik ezagutzen eta ondorioz, inertziaz, eredu tradizionalaren arabera antolatu ziren. Taldearen espiritua hori ez izan arren, eredu faltak edo eredu berri bat sortzeko bidean asmatu ez izanak, eredu gerentzial indibidualera eraman zuen taldea. Inertziak duen indarraren ondorioz, kudeatzaile batek Farapi uzten zuenean, ohituraz langileen artean beteranoenari tokatzen zitzaion kargu hori hartzea, "gustatu edo ez". Azken kudeatzaileak kargua hartu zuenean iragarri zuen bera lau urtez egongo zela funtzio horretan. "Hirugarren urtean, pentsatzen hasi ginen hori ez zela guretzat nahi genuen eredua. Ez genuen beste eredurik ezagutzen, baina bagenekien posible izan behar zela".
"Garai hartan Olatukoop sarean sartu ginen, eta konturatu ginen garatzen ari ginen ekonomia sozial eraldatzailean eta gure ikuspuntu ekofeministan kontraesan asko sortzen zizkigula gure antolaketak". Era berean, Farapi erakunde batean aholkularitza zerbitzua eskaintzen ari zen eta "hango egoerak ispilu lana egiten zigun. Barrura begira bagenekien zer arazo genuen pertsona bakarreko lidergoarekin, baina kanpotik beste proiektu batean ikusi genuenean islatuta gaia, nabarmen ikusi genuen".
Horrela bada, duela bi urte eta erdi egitura "hankaz gora" jartzea erabaki zuten. "Baloratzen genuen lantalde egonkorra eta oso inplikatua genuela, nahiz eta kooperatibista gutxi izan. Bi prozesuak aldi berean egitea erabaki genuen: kooperatibista izateko gonbitea zabaltzea langile guztiei eta hankaz gora jartzea kudeaketa eredua. Une hori baliatu zuten langile batzuek beren ibilbidea aldatu eta Farapi uzteko. Geratu ziren Farapiko langile guztiak 2019an eta 2020an bazkide egin ziren eta orduan abiatu genuen beste eredu baterako bidea".
Kudeatzaile batean oinarritutako lidergo bakarraren eredua "maskulinizatua" dela azaldu dute: "Eredu hori oso lotuta egoten da normalean gizon bati, zeinarentzat lana den bere bizitza. Lanarekiko eraikitzen du bere identitatea, horrek definitzen du munduan egoteko bere modua. Gerentea bazinen, 24 orduz izan behar zenuen eta erabakiak zuk bakarrik hartu behar zenituen". Kudeaketa eredu horrek taldean sortzen zituen korapiloak oroitu dituzte: "Kapitainaren arabera, barkua alde batera edo bestera zihoan. Eta kapitain horren hutsuneak arraunlariok estali behar genituen. Gerente perfekturik ez da existitzen eta bere gabeziei partxeak jartzen aritu behar genuen gainerakoek. Estresantea zen eta haserretzeko bide ematen zuen, zeren gerenteari eskatzen ari ginen omnipresente eta omnipotente izatea eta inor ez da horrelakoa”. Argi zuten haiei ez ziela eredu horrek balio: "Gu ez gaitu gure lanbideak soilik definitzen. Eredu horrek ez zuen bat egiten gure bizitzeko moduarekin eta 24 orduz kudeatzaile izan eta erabakiak bakardadean hartu beharrarekin ez geunden ados".
Aldaketak generoarekin lotura baduela argi dute "eman diren eraldaketa eta hausnarketa asko ez lirateke mahai gainean jarriko, Farapiko langile guztiak bat salbu emakumeak ez bagina".
Langile guztien artean planteatu zuten hausnarketa, oso era zabalean: "Nola uste genuen antolatu behar ginela, zein talde mota izan nahi genuen, zer gauza genituen erabakitzeko, eta gauza bakoitzari zer garrantzia ematen genion...". Prozesua "kudeatzailearen irudia fusilatuz" hasi zuten, kudeatzailerik gabe, eta urtebeteren ondoren pertsona bakarreko gerentziatik talde kudeaketara iraganak ziren.
Lehenik, asteburu-pasa bat egin zuten elkarrekin. "Bi pertsonak hartu zuten ardura prozesu guztia diseinatzeko, metodologia parte-hartzailea izan zedin... Farapiren egituraz hitz egiteaz gain, asko hitz egin genuen talde kohesioaz, lantaldeaz". Emozionalki ere asteburu indartsua izan zen eta jardunaldi trinko horretan jarri zuten oinarria: lan ildoak zehaztu zituzten eta lan-taldetan oinarritutako egitura eraikitzen hasi ziren. Modu honetan, Farapi osatzen zuten kide guztiak antolakuntzako egituraren parte bihurtu ziren.
Oinarri horretatik, hamabost egunean behin atal zehatzak fintzen joan ziren. Erabaki guneak adostu eta martxan jarri zituzten, eta aritu ahala konturatu ziren koordinazio gune baten premia bazutela eta hala egin zuten. Geroztik, etengabe doaz egitura berria fintzen: "Argi dugu egitura sortzen dugun heinean deseraikitzen ere joango garela. Gakoa da malgutasunetik eraikitzea, ez da ezer gertatzen planteatu dugun zerbaitek hemendik bi hilabetera funtzionatzen ez badu, denetik ikasten da".
Oraingo kudeaketa ereduan, lantalde eta lan ildo bakoitzak metodologia parte-hartzaileekin egiten du lan, eta saiatzen dira lantaldeen erabakietan gainerako langileen ikuspegia txertatzen.
"Asteburu pasan adostu genuen gure proiektua bizigarria izatea nahi genuela: bizigarria bai maila produktiboan, bai maila pertsonalean. Saiatu gara erabakiak hartzeko garaian bizigarritasuna erdigunean jartzen eta erreminta praktikoak sortzen". Lortu dutela diote: "Proiektua lehen baino bizigarriagoa da, gure kultura instituzionalean zegoen sakrifizio maximoaren filosofia desagerrarazi baita. Eta enpresa bera bizigarria da, frogatu baitugu beste kudeaketa eredu batekin enpresak jarraitzen duela ekonomikoki bideragarri izaten: azken urte hauetan irabaziak eman ditu. Beraz, posible da inertziak haustea, trantsizioa egitea eta bideragarri izatea. Oraindik ere, lan asko dugu aurretik eta etengabeko eraldaketa batean murgildu beharko gara, bestela erraza da berriro ere inertzietan erortzea”.
Lana bizigarri izateko moduak beren dinamiketan sistematizatu izanari garrantzia handia ematen diote: "Hainbat arazo identifikatu ditugu eta tresnak sortu ditugu bizitzak zentroan jartzeko". Adibidez: "Identifikatu genuen arazoetako bat izan zen gutxi fakturatzeko beldurraren izenean proiektu denei baietz esaten geniela, eta tresna bat sortu dugu erabakitzeko zein proiekturi esan baietz eta zeintzuei ezetz, eta tresna horretan bizigarritasunak pisu handia du eta aldiz, arlo ekonomikoak lehen zuen garrantzia galdu du". Proiektu bati baietz edo ezetz esan erabakitzeko sortu duten erreminta horretan gertutasunak pisu handia du, "ordubeteko kotxe bidaia egin beharrak baduelako bere eragina bizigarritasunean", eta baita ere talde motibazioak, ahalduntzeko proiektua izango den edo ez... "Irizpideak zehaztu ditugu proiektuak hautatzeko. Lanak bizigarria izan behar du eta bestela ez egitea hobe". Ezezkoa argudioekin emateak bezeroengan pedagogia lana egiten duela uste dute: "Agian ezezko horren ondoren bere inguruan hasiko da gertuagoko kooperatiba baten bila".
Farapin talde bat izatearen babesa sentitzen dute: "Egiten dugunarekin konprometituta dagoen talde bat gara eta batera goaz. Ez da erabaki pertsonala, ez gaude pertsona baten esku. Horrek karga asko arintzen du, garai ilun hauetan ohera lasai joan ahal izateko".
FITXA
Zer egiten du: Diziplina anitzetako ezagutza eta begiradetan oinarritzen da gure lana; Antropologia, Feminismoa, Partaidetzako prozesuak eta Ekonomia.
Langile eta bazkideak: 10.
Egoitza: Donostian.
Harremanetarako: info@farapi.com
Erabat militantzian bizi ziren garai batean; lan ordaindua eta militantzia denborak bereizi zituzten ondoren beren egunerokoan; eta ama egin zirenean... beren lanbidea sortzeari ekin zioten, ordura arte militantziaz landu izan zuten feminismoa lan ordutan egin ahal izateko. Zer... [+]
Manu Robles-Arangiz Fundazioak sustatu duen Alda proiektuak egoitza ireki berri du Baionan, maiatzaren 30ean. Usaiazko eragile sozialak eta elkarteak ez direla klase herrikoiarengana iristen ikusita, AEBetako Community organizing antolaketa metodoa ezartzea du asmo, jendarte... [+]
Azken lau urte hauetan kooperatibagintzari buruzko hausnarketak landu dituzte Mitxelena tailerreko langileek. Kooperatiba sortu zutenei eta haien etxekoei eskertza egin zieten eta haiengandik “egina jaso” duten lan eredu hau baloratzeko eta kontzientzia hartzeko hiru... [+]
Burlatan duten sukaldean hamabi jaki prestatzen dituzte astero eta bost jasotze puntutan uzten dute. Ondalaneko bazkideek leku horietako giltza badute eta nahi dutenean pasatu daitezke janari ontzien bila. Etxekoak dira bazkideak: ez da kuotarik ez permanentziarik ordaindu... [+]
Irudikatzen al dugu herri bat, saskia hartuta erosketetara ateratzean, eskutan hartutako guztia bertakoa bagenu, etiketari begiratu beharrik izan gabe, edo saltzaileari galdezka ibili gabe? Herri osoa ez, baina plaza bada horrelakoa Azpeitian. Baserritarren azoka erdian... [+]
Garagardo artisau berexiak dastatzea bogan dago. Etxe bakoitzaren goren mailako kalitatezko hori, hain justu. Eta baten matizak eta bestearen lurrinak komentatzea. Planetaren zein izkinatatik ekarriak dira horiek guztiak, ordea? Bogak horri begiratzen dio, “bertako”... [+]
Pertsonaren ongizatean lagungarri izatea bilatzen du IDo photography-k lantzen duen argazkigintza terapeutiko eta pedagogikoak: “Ez da psikologo edo terapeuta batek eman dezakeen laguntza, nik irudia erabiltzen dut pertsonen ongizatea bilatzeko, bai arlo profesionalean edo... [+]
Izarkomeko webgunean mezu hau irakurri dugu larrialdi telefono zenbakiaren ondoan: “Kontutan izan, larrialdiko telefonoaren beste aldean, lan orduz kanpo artatuko zaituen langile bat dagoela, beraz, jai egun edo desordutan SMSa bidali aurretik, zuk zeuk hausnartu benetan... [+]
Lan dinamiketan, harreman eta gatazken lanketetan adituak diren ekonomia sozialeko hiru eragile elkartu ditugu Leitzaranen, indarrean datorren errekaren ertzean: Harago Aholkularitzako Aran Erasun Urtzelaieta, Farapiko Araitz Rodríguez Gutierrez eta Gabriela Errenteria... [+]
Hilekoaren erregistroa eginez hasi ziren, eta taldean kudeatutako ginekologia bizipen horietatik abiatuta sortu zuten 2018an Ara!Gorputz elkartea. Emakumeek* beren ziklo hormonalak behatuz jakintza kolektiboa lantzea eta zabaltzea dute helburu, gorputzen burujabetza... [+]
Telefono mugikorretarako aplikazioak egiten dituen Skura interkooperazioan aritu da hasieratik. Izan ere, bi pertsonak osatutakoa zen sorreran, eta aplikazio mugikorrak garatzeko behar dira beste zerbitzu batzuk ere, adibidez, zerbitzaria. "Zerbitzu horiek guk ere egin... [+]
"Guretzat balio handiena duena da badakigula bakoitzaren premiak eta egoerak kontuan hartzen eta horietara moldatzen". Hiru lagunen artean jarri zuten martxan Hiru Damatxo, eta laguntasun horretatik, naturala egin zitzaien konfiantzan oinarritutako funtzionamendua,... [+]
Bira produkzioko kideak "bizigarritasunaz" eta "bizitza zentroan jartzeaz" mintzo dira, baina asebetetzea lan barruan bilatzen dute, ez lanetik kanpoko zereginetan. Lana eta hobbya uztartzea da horretarako gakoa: "Gustatzen zaiguna egiten dugu, eta hori... [+]
Aholkuk izenari men eginez, proiektuei asesoramendua ematen die, zenbaki kontutan. Proiektuetan eguneroko lanari eusteak buruhausteak ekartzen ditu, eta "kontabilitate fiskala" moduko hitzek beldurra ere ematen dute... Aholkukoak saiatzen dira proiektuen sorreran... [+]
Haragok aholkularitza eta bidelaguntzak egiten ditu pertsona, elkarte eta enpresentzat. "Guretzat ez da aukera bat gugan praktikan lantzen ez dugun zerbait besteekin lantzea" azaldu dute. Beren bizipenetatik ondorioztatu dute, lanean ospatzeari lekua emateak garrantzia... [+]