Konfinamenduarekin batera zuen jarduna eten behar izan zenuten martxoan. Nola bizi izan dituzue hilabete luze horiek boluntarioek?
Oso luzeak izan dira denontzat. Etxean sartu gintuztenean egoera gogorra izan zen, bereziki kalean ziren migranteekin kezka handia genuen. Ni boluntarioa naiz, honek asko betetzen nau, eta hutsune bat izan dugu hilabete hauetan. Primeran sentitzen naiz jendea laguntzen, gustura egiten dut, kontzientziarekin gainera. Eta bide honetan jende berri asko ezagutu dut, faltan sumatu ditut. Azken finean, boluntario eta migranteen artean familia handi bat osatzen dugu denek, faltan sumatu ditugu. ‘Non egongo dira? Zein egoeratan?’. Galdera eta kezka asko etorri zaizkigu burura. Horrekin gaizki pasatu dugu denek.
Eta migratzaileek, nola pasatu dute konfinamendua?
Hemendik pasatu diren batzuekin harremana mantendu dut. Parisen daudenek ongi zeudela zioten, duin ari zirela hilabete hauek pasatzen. Bilbon dagoen bikote batekin ere hitz egin nuen, eta hauek ere egoera onean zeuden. Baina orain heltzen hasi direnekin ez dugu hainbesteko harremanik egin. Egoera berriak ez du gehiegi baimentzen, zaila da harremana estutzea. Baina badakigu ia denek egoera oso kaskarrean pasatu dutela konfinamendua.
Azken asteetan San Juan plazara itzultzeko aukera izan duzue. Nolakoa izan da buelta?
Hau jada kalean gauden hirugarren astea da. Itzultzeko gogo handiz ginen. Ederra izan da berriro denak San Juan plazan elkartzea. Guztioi irribarre bat sumatu zitzaigun lehenengo egunetan. Berriro plaza hartu dugu, aferak behar duen ikusgarritasun hori emateko itzuli gara. Prest gaude azken bi urteetan bezala borrokatzen jarraitzeko.
Harrera lanak berreskuratu dituzuenetik, mugimendu handia sumatu duzue?
Bai, horregatik kalera ateratzeko premia ikusi dugu. Egunero heldu da jendea. Autobusak martxan jarri arte trenez heldu dira, Madriletik hona. Gainera, gauza bitxia izan da. Autonomia batetik bestera pasatzea debekatuta zegoenean hasi ziren iristen. ‘Nola etorri zarete honaino?’, galdetzen genien. Haiek zioten tren geltokian poliziarekin topo egin zutela, baina arazorik gabe Irunerako bidea hartzen uzten zietela. Harrigarria. Eta gero, erkidego batetik bestera pasatzeko aukera zabaldu zutenean lagun gehiago heltzen hasi ziren. Bihar [asteazkenari erreferentzia eginez] Alsa autobusak martxan izango dira Madriletik Irunera. Beraz, bihartik aurrera egoera zeharo alda daitekeela aurreikusten ari gara. Jarioaren arabera moldatuko dugu gure eguneroko lana.
Zenbat lagun heldu dira azkenaldian, batez beste?
Lehenengo egunean hamabost bat lagun jaso genituen, lau emakume eta sei haur. Eta hurrengo egunetan hamar, zazpi, hamabost… Eguneko hamar bat lagun iritsi dira, gutxi datozen aste eta hilabeteei begira aurreikusitakoa kontuan hartuta.
Udara izan da azken bi urteotan eperik gogorrena. Nola aurreikusten dituzue datozen hilabeteak?
Oso kezkati gaude etor daitekeen egoerarekin. Uste dugu Irun bete egingo dela. Gurutze Gorria Irunen aterpetxe berri bat zabaltzen saiatzen ari da. Uste dut beste bi beharko direla, gutxienez. Muga pasatzeko zailtasun gehiago jarriko dituzte gainera, eta horrek eragin handia izango du hirian. Lehen migranteek zaila bazuten, orain are zailagoa izango dute Ipar Euskal Herrirako bidea hartzea. Mugaren kontrolak Irunen inbutu moduko bat sortzea ekarriko duela uste dut, asko geratuko dira hemen trabaturik. Kanpin dendak jartzea pentsatu genuen, baina egungo egoerarekin ezinezkoa da. Bihotzarekin hitz egiten dugu, baina buruarekin pentsatu behar dugu. Etor daitekeen egoera hori guk ezingo dugu kudeatu, erakundeek egin beharko lukete lan hori. Oso zaila izango da harrera lanak egungo osasun larrialdiarekin batera kudeatzea. Arazo larri batekin egingo dugu topo. Hau ez da 2018an bezala. Orduan Lakaxitan sartzen ziren, denek bazuten leku bat gaua pasatzeko, baina orain egoera erabat ezberdina da. Osasun arazo handi baten aurrean gaude, eta esaterako 50 bat lagun kalean geratzea bidegabea da, onartezina.
Aurten inoiz baino migrante gehiago artatzea aurreikusten duzue, beraz?
4.000 lagun heldu daitezkeela aurreikusten ari gara. Ziur aurreko urteetan baino gehiago artatu beharko ditugula. Gainera, kontuan hartu behar da Espainiako Estatuan dauden ia denek Frantziarako bidea hartuko dutela, eta hemendik igaroko direla. Marokon eta Kanariar Uharteetan egoera ere gogorra da, edozein momentutan milaka pasatzen hasiko dira.
Jada bi urte pasatu dira Irungo Harrera Sarea sortu zenutenetik. Zer nolako balorazioa egiten duzue?
Uste dut boluntarioek lan bikaina egin dugula. Azken bi urteetan 13.000-14.000 lagun inguru pasatu dira harrera saretik. Lan sozial bikaina egin dugula uste dut, baina baita ere lan politikoa. Egindako presioari esker hainbat dispositibo zabaltzea lortu dugu, baina borroka oso gogorra izan da. Nik neuk negar ederrak bota ditut bi urte hauetan. Egon dira momentuak ‘honekin ezin dut’ pentsatu dudala, baina aurrera egin dugu. Istorio oso gogorrak kontatu dizkigute hemendik pasatu diren lagunek. Baina uste dut egindako lanak merezi izan duela, ongi ere pasatu dugu. Urrian bi urte beteko dira San Juan plazara jaitsi ginenetik, eta ez momentuz ez gaituzte bota, hori lorpen handia ere bada. Gurea egin dugu plaza, plaza Afrika da jada [barrez]. Harro sentitzeko moduko lana egin dugu. Eta orain egoerari kontra egiten jarraituko dugu.
Noiz arte duzue asmoa kalean jarraitzeko?
Udalak lokal bat eman arte, beraz, betirako. Ez dugu itxaropen handirik, baina gure lana errazteko lokal baten eske jarraitzen dugu. Baina lokala lortuta ere plazan jarraituko genuke. Arazo bat dago, eta honi esker jendeak ikusten du. Herritarrek ere sekulako erantzuna eman dute. Polita da pentsatzea batzuen kontzientzia piztu dugula, ez genuen espero.