Ezer gutxi kontatzen duten isiluneak

'Ulysses', Zabaltegi-Tabakalera sailean.

2024ko irailaren 29an - 01:30

Bederatzigarren eta azken eguna, maitasun handiz gogoratuko dudan Zinemaldi berezi honetan. Azken egunerako bi pelikula arriskutsu utzita, taberna bateko musikaren laguntzaz ari naiz lehenengo kronika hau idazten, ez baitzait batere gustatu aurrena ikusitako filma.

Ulysses ikusi dut lauretako saioan, Principen. Edo, hobeto esanda, hiru istorio labur biltzen dituen ordu eta laurdeneko lana.

Lehen istorioan, Madrilen bizi diren ama etorkina eta bere semea ezagutu ditugu. Aita, semea jaio baino lehenago alde egindakoa, noiz itzuliko zain daude biak. Bigarren istorioan, gizon japoniar eta emakume euskaldun bat Donostian ikusi ditugu, elkar ezagutzen eta lagun artean. Hirugarrenean, familia japoniar baten ospakizuna ikusi dugu, hildakoak gogoratzeko egiten den ospakizun xume eta isila.

Oso lan geldoa iruditu zait: plano estatikoak eta luzeegiak erabiltzen ditu istorioak kontatzeko; elkarrizketa inprobisatu eta naturalak, baina interes gutxi pizten dutenak; eszena motelak, kontenplatiboak, isilak. Isiltasuna erreminta oso boteretsua izan daiteke zineman, baina, gaizki erabiliz gero, pelikula oso astun bilakatu dezake. Akaso, azken eszenako isiltasunak indar pixka bat eduki zezakeen, baina ordubeteren ondoren, esango nuke jende gutxi izan dela balioesteko gai, ni barne.

Ez du publikoaren harrera oso ona izan. Amaieran, oso txalo gutxi entzun dira, kortesiaz ematen diren horietakoak bakarrik. Eta kanpora bidean ere jendearen txutxu-mutxuak eta kexak entzun ditut. Izan da pelikulari “lapurreta” deitu dionik ere, baita txaloak eman dituztenek zergatik eman ote dituzten lagunari galdetu dionik ere. Batzuk gogorregiak iruditu bazaizkit ere, neurri batean edo bestean, iritzi batzuekin bat egin dut, eta, ziurrenik, aurpegiak salatu nau.

'Saturno' (Made in Spain)

Nola egin behar diogu honi aurre

Festibalari amaiera emateko, Saturno izeneko dokumental arras gogorra ikusi dut. Daniel Tornero zuzendariak oso kasu pertsonal eta bortitza kontatzen du. Bere aitona pederastia eta abusu kasu bat dela-eta epaitu dute, eta oraindik ez dute kartzelan sartu; errekurtsoak goragoko tribunaletara bideratzen ari direnez, ez dago epai irmorik. Egoera horretan, bere familiaren istorioa islatzen du lan honetan.

Familiaren bizipenak, noski, izugarri latzak dira, eta aitonaren delituak eragin duen izugarrikeria ikusten dugu. Delituaz gain, ordea, aitona nolako gizona izan den aztertzen da, eta horrek bere semearengan, familiako aitagan, izan duen eragina ikusten da.

Hasiera aldean, aitari seme batek nahikoa akusazio gogorra egin dio: emozionalki absentea izan dela. Horretan aitonaren antza daukala esan dio, eta horrek asko mindu du aita; ondorioz, bien arteko eztabaida serio eta zakarra hasiko du horrek. Hortik abiatuta, familiako belaunaldien artean izaerak eta jokatzeko moduak nola transmititzen diren ikusten da.

Dokumentaleko protagonista hasieran aitona bazen ere, azkenean aitaren pertsonaian sakondu da bereziki. Ez du ondorio argirik atera, baina oso lan pertsonala izan da. Isiltasun asko eta erritmo geldoa ditu, egoeraren larritasuna adierazteko beharrezkoak, nire iritziz. Grabatutako guztia erreala da, gainera, eta barruraino iristen da. Oraindik espetxeratu ez duten aitonari ere elkarrizketa asko egiten zaizkio, eta batzuetan deseroso sentiarazi nau horrek. Hala ere, nor naiz ni zuzendariak horren egoera pertsonala nola tratatu behar duen esateko? Amaiera serioa baina nahiko positiboa emanda, ez du horren sentsazio txarra uzten, gainera; aukera egokia, nire aburuz.

Eta azken kritika honekin, amaitu da nire lana, Zinemaldiarekin batera. Pelikula onak, oso onak eta izugarriak ikusi ditut; pelikula geldo eta aspergarriak; txalo zaparradak eta malko tanta bakanak; eta, gezurrik ez dizuet esango, jendea zinean lo eta zurrungaka ere ikusi eta entzun dut. Azkenean, guztia bildu behar baitu zinemak: ona, hobea, onena eta zurrungak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2024
Sail Ofiziala. Klausurako filma
Eta igande euritsu, erromantiko eta negartia iritsi zen

Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen... [+]


Aktore onenaren saria, Patricia López Arnaizentzat

Patricia López de Arnaiz gasteiztarrak aktore onenaren sari nagusia irabazi du Donostiako 72. Zinemaldian, Pilar Palomerok zuzendu duen 'Los destellos' filmean egindako lanagatik.

Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuko lehen narrazioan... [+]


Zezenaren tortura babesten duen dokumentalak irabazi du Zinemaldiko Urrezko Maskorra

Andrés Roca Rey toreroaren egunerokoaren hainbat pintzelkada ematen ditu Tardes de soledad zintak, besteak beste, hotelean eta hoteletik zezen-plazarako bidean eginiko elkarrizketak edo janzte aldiko uneak, eta plazan zezena nola sufriarazten eta hiltzen duen erakusten... [+]


2024-09-28 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia. 8.eguna
Ez dut sekula pelikulekin negar egiten


Sail Ofiziala. 8.eguna
Sinets nazazu


2024-09-27 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia 7.eguna
Bikaintasun esplikagaitza, berriz


2024-09-26 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Por donde pasa el silencio


Sail Ofiziala. 6.eguna
Ihes egin heriotzari, aurrerantz

Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]


ARGAZKIAK | Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Zinemaldian

Astearte gauean egin zen Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.


2024-09-25 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 5. eguna
Zinea ala antzerkia?


2024-09-24 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 4. eguna
Hurbilekoa beti da hunkigarria


Sail Ofiziala. 3.eguna
Udazkeneko filmazio bat Donosti(a)n

Zinemaldiko igande goizek ez dute hutsik egiten, salbu eta euria atergabe ari duen goizaldeetan. Eta emana zegoen, baina pronostikoak ez dira bete, enegarrenez, irail honetan.

Atzokoak bezalako goizaldeek ez dute hutsik egiten, bi metroko distantzian –fisikoan–... [+]


Eguneraketa berriak daude