“Ez gaitzatela berriz ere kalean utzi”, Gasteizko etxegabeen interpelazioa beren hiriari

  • Pandemia garaian Udalak ireki zuen etxegabeen zentroko egoiliarrek agiria argitaratu dute, konfinamendua amaitzean berriz ere kale gorrian utzi ez ditzaten eskatzeko. Zentroaren baldintza txarrak salatu dituzte, eta Udaleko arduradunen promesak zehaztu gabe jarraitzen dutela. Baliabideak eskatu dituzte, “kalera, miseria ekonomikora, mespretxura eta ahanzturara” ez itzultzeko. Asteazken eguerdian Etxebizitzaren Aldeko eta Bazterkeriaren Kontrako Ekimenak prentsaurrekoa egin du egoiliarrekin batera, haien aldarriekin bat eginez.


2020ko ekainaren 24an - 02:02
Lakuako frontoian Gasteizko Udalak etxegabeentzat irekitako zentroa. Argazkia: Dos por Dos.

Espainiako Gobernuak konfinamendua eta alarma egoera ezarri zituenean, Gasteizko Udalak kale gorrian bizi ziren gasteiztarrentzako zentro bat ireki zuen Lakuako frontoian. Martxoaren 14a zen, 102 egun joan dira ordutik. Gehienez 51 pertsona hartu ditzake zentroak, eta bertako 23 erabiltzailek idatzi bat plazaratu dute, haien etorkizunagatik “izugarri larrituak”. Normaltasun berriak zentroaren itxiera eta kalera bueltatzea ekarriko dienaren beldur dira. Gizarte zerbitzuetako arduradun politikoek adierazi dute ez dutela inor “atzean” utziko, eta etxegabeentzako baliabide ekonomikoak eta proiektu berria agindu dituzte. Zentroko eta Udaleko zenbait iturrik ARGIA-ri adierazi diotenaren arabera, ordea, Udalak ez du inolako plan zehatzik aurkeztu, eta ziurgabetasuna da nagusi. Konfinamendu garaian etxegabeentzako zentroak ireki dituzte Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan, eta itxierarena ez da Gasteizko arrisku isolatua. Esaterako, etxerik gabeko emakumeentzako aterpetxea itxiko dutela salatu dute Barakaldon ekaina hasieran, eta Donostian etxerik gabeko pertsonentzako prestatutako Atano III.a pilotalekua eta La Sirena aterpetxeak itxi berri dituzte.

Umiliatuak

Zentroko bizi baldintzak eta hilabeteotan bizi izan dituztenak aletu dituzte etxegabeek beren idazkian. Lakuako frontoian “ukuiluratu” egin dituztela salatu dute, “ganadua neguan bezala”. 100 egunen ostean denak batera frontoi baten kantxan bizi dira, elkarrengandik metro eta erdira kokatuta dauden esku-oheetan lo egiten eta inongo intimitaterik gabe, elikadura eskasarekin. Hiru hilabete luze “beren gau madarikatuekin”, zaraten ondorioz “ezinezkoa” baita gau oso lotan ematea.

Hainbat unetan umiliatuak sentitu direla salatzen dute idatziaren sinatzaileek. Debekatua izan dute beste edozein gasteiztarrek bezala erosketak bakarrik egitea, Gurutze Gorriko boluntarioek lagunduta joan behar zuten, “beren txaleko gorri ikusgarri eta deigarriekin”. Aire librean egoteko zuten espazio bakarra murriztu eta hesitu zieten, herritarren bat kexu agertu zelako “leihoetatik ikusten gintuztelako; ‘lepradun’ deitu digute”. Zentroan bertan hil zen Yolanda kidea ere hartu dute gogoan, “samina izugarria izan zen” (ARGIA-k heriotza jakinarazi zuen, erabiltzaileek salatu zuten Yolandak ez zuela arreta mediku egokirik jaso zentroan eta arduradunek heriotzaz ezer ez esateko agindu zietela).

“Pandemia aurretik behar genuen gauza bera behar dugu”

Etxegabeek haien egoeren aniztasuna eta gordintasuna azpimarratu dituzte: “Nor gure aitarena eta amarena. Nazionalitate desberdinak, arazo psikiatrikoak, alkoholarekiko edota beste toxiko batzuekiko mendekotasunak, deserrotuak, langabetuak eta lan-sistematik baztertutako adinekoak...”. Droga menpekotasunak edo buruko gaixotasunak dituzten zenbait erabiltzaileren erasoak pairatu dituzte, kide baten heriotza, bidegabetzat dituzten arauak eta baldintzak... “eta, hala ere, jasan egin dugu. Dena bideratzeko gai izan gara”.

Horregatik guztiagatik, aukera bat irabazi dutela diote Lakuako zentroko erabiltzaileek, eta irtenbidea ez dela konplikatua azpimarratu dute: “Pandemiaren aurretik behar genuena baino ez dugu behar: ondo artatuak izatea gure gizarte-zerbitzuetan; bizitoki bat nagusiki, eta behar dugunontzako laguntza edo jarraipen bat; gure ohitura txarren aurkako tratamenduak – bizitoki horren truke –; lan-aukerak; etengabe pilulen eraginpean izango ez gaituen psikiatria...”

Aukera baliatu "kutxazain automatikora" ez itzultzeko

Lakuako zentroko egoiliarrak esker ona adierazi diete haiekin dauden Gurutze Gorriko langile eta boluntarioei, baina gogor kritikatu dituzte Gasteizko gizarte zerbitzuetako arduradun politikoak. Etxegabe guztiak espazio berean hilabetez elkarrekin izanik, pertsona bakoitzaren jarraipen indibiduala egiteko aukera paregabea galdu dela iritzi diote. “Hainbat promesaren ondoren (‘pertsona guztiak birkokatuko ditugu’, ‘gizarteratzeko plan espezifikoak egongo dira’), egiazki, eta Gasteizko Udaleko gizarte-zerbitzuetako arduradun gorenen gezurrak gorabehera, pandemiaren aurreko dinamika berarekin jarraitzen dute: ez digute entzuten, ez dira hona hurbiltzen, eta egiten duten aldi gutxietan (hiru aldiz, ordu bat aldiro), luzamendutan ibiltzeko da”.

Konfinamendua amaituta, etorkizunak “izugarri larritzen” dituela adierazi dute: “Nora joango gara hemendik irtetean? Aterpera, Etxe Irekira, ataripera, kutxazain automatiko hartara berriro ere?”. Kontrara, koronabirusaren krisia haien “eguneroko” krisiari irtenbideak emateko aprobetxatzeko deia egin dute, “zerbait positiboa ateratzea guretzat eta hiriarentzat”.

“Kalera, miseria ekonomikora, mespretxura eta ahanzturara ez itzultzea” eskatu diete gasteiztarrei eta arduradun politikoei: “Zinez uste dugu hori irabazi dugula hiru hilabeteren ondoren, ehun egun baino gehiagoren ondoren. Ez gaitzatela berriz ere botata utzi”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bazterkeria
Errenta baxua, suizidiorako arrisku faktore
Ikerketen arabera, errenta baxua dutenen pertsonen suizidio-tasa errenta ertaina edo altua dutenen bikoitza da. Nafarroako Osasun Sareak nabarmendu du baldintza sozioekonomikoetan arreta jarri behar dela. 

Haritu: “Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean”

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


2024-04-11 | Irutxuloko Hitza
Donostiako belodromoaren arkupean “hesi lotsagarriak” jarri izana salatu du Harrera Sareak

Donostiako Harrera Sareak belodromoko arkupean oztopoak jartzea salatu du. Zehazki, azken egunotan jarri dituzten hesien aurka egin dute sare sozialetan. Zabaldutako adierazpenetan adierazi dutenez, udala muga horiek jartzen dabil etxerik gabeko donostiarrek bertan lo egin ez... [+]


Manu Agirre. Ume itsuekin akordatzen?
“Gu ez gara Euskal Herri politiko eta instituzionalean bizi”

Kolorea eta argia ez ditu bereizten, ez du itsu ez garenok bezala ikusten, bestela baizik. Ez gaitu ikusten, ez dugu bera ikusten. Itsu gara bata bestearentzat. Hizketan hasi orduko ikusi dugu elkar, haren euskara segiduari gozo segitu diogu, hikarik naturalenean. Berak ekarri... [+]


Unibertsitateko ikasleak, bazterkeria arriskuan dauden haurren bidelagun

Gizarte-bazterkeria arriskuan dauden 10 eta 14 urte arteko haur migratzaileak eta haien mentore izan nahi duten ikasle helduagoak (goi mailako ikasketak egiten ari direnak) elkartzen ditu Urretxindorra proiektuak. Proiektuaren bederatzigarren edizioa abiatu berri da eta 37... [+]


2022-10-17 | Lide Iraola
Galtzak janzteagatik Basauriko sokatira txapelketatik kanpo utzi dutela salatu du emakume batek

Sokatirarako jantzi ofizialei buruzko arauek diote emakumeek gona jantzi behar dutela, eta gizonek prakak. Emakumeak hori amaitzeko eskaera egina zuen, baina aurten ez diote utzi galtzekin lehiatzen. Eztabaida "luze" joango dela erantzun diote.


Magdalena Piñeyro. Lodi matxinoa
“Ardura indibidualetik atera behar dugu, eta lodifobia arlo kolektiboan kokatu”

2013an, Magdalena Piñeyrok Stop Gordofobia (Stop Lodifobia) ataria sortu zuen beste kide batekin batera: garai hartan, jende gutxik zekien zapalkuntza horri buruzko ezer. Plataformak lan handia egin zuen terminoa Espainiako Estatuan zabaltzeko, eta, hamar urte geroago,... [+]


Andrea Momoitio. Memoria historiko feminista
“Putentzat eta eroentzat ez da demokraziarik izan”

1977ko azaroaren 9an, María Isabel Velasco Gutierrezen gorpua aurkitu zuten Basauriko presondegiko ziega batean, kiskalita. 23 urte zituen. Istripua, arduragabekeria edo hilketa izan ote zen argitzeko dago oraindik. Velascoren kideek
–Bilboko Gorte kaleko... [+]


Jennifer Alonso, lan orientatzailea
“Inklusioa lantzeko bide asko dituzte enpresek, aukerak eta denbora besterik ez dira behar”

Enpresa, erakunde eta eragileen arteko Truke esperientziak antolatu ditu Beterri Saretuz ekonomia eraldatzailearen ekimenak, eta Jennifer Alonsok maiatzaren 11n Hernanin egingo duten hirugarren saioan parte hartuko du, inklusioaz hitz egiteko. Sutargi enpresan, bazterkeria... [+]


Argindarra moztu dio Elizari lotutako Berakah programak familia pobretu bati Gasteizen

Hamar egun daramatza familiak argindarrik gabe, estatu mailan indarrean dagoen moratoria urratuz, Auzoan Bizi etxebizitza sareak salatu duenez. Berakahren antzeko jarrerak “ohikoak” direla ziurtatu dute.


2021-12-24 | David Bou
Sua ilunpean

Shaky, Violeta, Arsalan eta Zhara ziren. Bikotea eta 3 eta 4 hilabeteko haien seme-alabek osatutako familia. Beste lau pertsonekin batera bizi ziren Bartzelonako Tetuan plazan okupatutako etxabe batean. Banku baten egoitza izan zen espazioa, hark itxi eta deslai utzi zuen arte... [+]


“Eskola partikularrek klase arrakala handitzen dute”

Ikasleen erdiak arrunki jasotzen ditu eskolaz kanpoko klase partikularrak, eta hirutik bi noizbait joan da partikularretara. Ikasle Abertzaleek egindako galdetegien emaitza da, baina klase hauek “ez dira ikasteko borondaterik ez duten ikasle alferren errefortzurako... [+]


2021-10-25 | ARGIA
“Justizia” eskatu dute Elhadji Ndiayeren heriotzaren bosgarren urteurrenean

Africa United elkarteak prentsaurrekoa eman du Espainiako Poliziak atxilotu zuen toki berean. Estatuak gertatua “isilarazi” nahi duela eta Ndiayeren familiak ez duela inolako kalte ordainik jaso salatu dute.


Eguneraketa berriak daude