Espainiako Gobernuak bultzatuta Palestinari egindako ustezko aitortza eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren azken ebazpenak direla-eta, hitza hartu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak. "Bi estatuen irtenbide faltsua" gaitzetsi du, baita "palestinar erresistentzia kriminalizatu nahi duten ebazpen kolonialak" ere.
Itxurakeriatik asko eta benetako inplikazioetatik oso gutxi duen aitortza bat egin diote berriki "palestinar estatuari" Espainiako Estatuak, Norvegiak eta Irlandak. Bestalde, Nazioarteko Zigor Auzitegiak hainbat neurri zalantzagarri eskatu ditu duela gutxi, tartean, palestinar erresistentziako militante batzuk (hala nola Yahya Sinwar) eta zenbait agintari sionista (Benjamin Netanyahu eta Yoav Gallant kasu) atxilotzea. Mugimendu horien guztien harira, adierazpen bat argitaratu du gaur Euskal Herriko Palestinarekin Elkartasuna plataformak: "Horiek behar bezala kokatzen ez badira, Palestinaren mesedetan egindako ekintzak izango balira bezala ager daitezke".
"[Mugimendu] horiek behar bezala kokatzen ez badira, Palestinaren mesedetan egindako ekintzak izango balira bezala ager daitezke"
Palestinako egoerari "amaiera emango dioten irtenbide posibleak nonahi entzuten" diren honetan, plataformak aldarrikatu du "irtenbide bakarra Palestina osoaren deskolonizazioa eta entitate sionistaren desagerpena dela": "Egoera koloniala gainditzeko bide bakarra deskolonizazio-prozesu oso bat da, Israelgo egitura kolonial eta politiko-militarren desegitea eta sionismoaren deuseztatzea ekarri behar dituena".
Plataformak gogorarazi du, hala, joan den maiatzaren 28an mobilizatu zirela milaka pertsona Iruñean (Nafarroa), eta "agerian utzi" zutela "bi estatuen irtenbide faltsua".
Nazioarteko Zigor Auzitegiaren atxilotze-eskaerak
Palestinarekin Elkartasunak seinalatu du "onartezinak eta kolonialak" direla Nazioarteko Zigor Auzitegiaren ebazpena eta atxilotze-eskaerak, "erasotzailea eta erasotua parekatzen" dituztelako: "Zapalduaren autodefentsa kriminalizatzen du, gatazkaren ardura bi bandoen artean banatzen duelarik". Plataformak azaldu du, ordea, ez dagoela "berdinen arteko gatazkarik", "entitate genozida bat eta bere askatasunarengatik borrokatzen ari den herri bat" baizik. "Ezin dira inolaz ere zapaltzaile eta zapaldua berdindu. Ez da konparagarria basakeria koloniala, jatorrizko herri baten autodefentsa zilegiarekin", zehaztu du.
"[Nazioarteko Zigor Auzitegiaren] ebazpen hori onartezina eta koloniala da. Erasotzailea eta erasotua parekatzen ditu"
Iritzi dio, gainera, ikuspegi horrek "gatazka despolitizatzen" duela eta "norbanakoengan zentratzen" duela, "sarraskiaren eragileak pertsona konkretuak izango balira bezala, eta ez entitate sionistaren izaera bera"; "egungo agintariak kenduta, bestelako Israel bat existitzea posible balitz bezala"; eta, "hiru militante kenduta, erresistentzia bukatuko balitz bezala, zapalkuntza egoera objektibo baten fruitua besterik ez denean".
"Israel kolonialismoa, okupazioa, genozidioa eta apartheida da. Ez dago Israel aldatzerik", ohartarazi du berriz Palestinarekin Elkartasunak. Eta, aldi berean, Palestina "zerbait bada", "bere erresistentzia" dela izan du gogoan: "Gaur arte iraun badu, horrexegatik da".
"Gatazka despolitizatu eta norbanakoengan zentratzen du"
Hori gutxi balitz, irismen hutsalekoak dira Nazioarteko Zigor Auzitegiaren neurriak: ez dauka inolako eskumenik Israelgo Estatu sionistan eta, beraz, ez luke eragin zuzenik izango hango agintaritzari dagokionez.
Espainiako Estatuaren, Norvegiaren eta Irlandaren "aitortza"
Hainbat gobernuk Palestinari egindako ustezko aitortzari dagokionez, Espainiako Gobernuak sustatutako mugimendu hori "itxurakeria elektoralista" besterik ez dela salatu du Palestinarekin Elkartasunak. Horretaz harago, jakinarazi du aitortza hori ez dela "irtenbide bat inondik inora", horren mugak nabarmenduta.
"Gaur egun palestinarren esku gelditzen diren ogi-apurrak palestinar estatutzat jotzea Nakba justifikatzea da"
"Zein estatu aitortu dute? Zisjordaniako lur-zati isolatuak eta Gazako sarraski-esparrua? Hori ez da Palestina. Palestina Jordan ibaitik Mediterraneo itsasora doan lur-eremua da", galdegin du plataformak: "Gaur egun palestinarren esku gelditzen diren ogi-apurrak palestinar estatutzat jotzea Nakba justifikatzea da, okupazioa eta kolonizazioa legitimatzea eta entitate sionistari existitzeko eskubidea aitortzea".
Zalantzan jarri du, bestalde, ea zehazki nor aitortzen duten Espainiako, Norvegiako eta Irlandako gobernuek. "Agente gisa, Palestinako Aginte Nazionala da aitortzen eta hauspotzen dutena, Israelekiko menpekoa den instituzio kolaborazionista, palestinar erresistentziaren aurkako errepresioan funtsezko rola betetzen duena eta bere herriaren begietan zilegitasuna galtzen ari dena", argitu dute gaurko adierazpenean: "Palestinar erresistentziaren buruzagitza desplazatzeko eta Palestinako Aginte Nazionalak sinesgarritasuna berreskuratzeko saiakera da, palestinar herriaren ordezkari gisa indartzeko".
"Palestinar estatua aitortzea ekintza sinboliko bezain hutsala da, entitate sionistaren krimen lazgarrien aurkako haserrea baretzeko eta Palestinaren aldeko elkartasun mugimendua itzaltzeko"
Hortaz, abisua eman du Palestinarekin Elkartasunak: "Palestinako Estatua aitortzea, entitate sionistaren aurkako eta deskolonizazio-prozesu oso baten aldeko borroka bati lotuta ez doan bitartean, Israel beraren existentzia aitortzea da". Gogor kritikatu du, hala, Europako estatuen eta entitateen jokabidea: "Europar Batasunaren nahiz NATOren agenda inperialista ezartzen eta Israel armaz hornitzen ari diren bitartean, eta bere kontrako boikotaren, desinbertsioen eta zigorren bidez Israelgo Estatuari presioa egin gabe, palestinar estatua aitortzea ekintza sinboliko bezain hutsala da, entitate sionistaren krimen lazgarrien aurkako haserrea baretzeko eta Palestinaren aldeko elkartasun mugimendua itzaltzeko".
Bi estatuen irtenbide faltsua eta erresistentziaren kriminalizazioa
"Mugimendu horien hutsaltasunaren erakusgarri da, horien ondoren, genozidioa gelditu edo 'leundu' beharrean, azken egunetan entitate sionistak Rafahko bonbardaketa gogortu izana"
Aipatutako ebazpenak eta aitortzak "helburu berdina duten mugimenduak" direla uste du Palestinarekin Elkartasunak. Helburu horiek izango lirateke, hain justu, "bi estatuen irtenbidearen ideia indartzea, Israelen existentzia legitimatzea eta palestinar herriaren ordezkaritza otzan eta 'onargarri' bat hauspotzea, erresistentzia eta elkartasun internazionalista bigarren maila batean kokatuz". "Mugimendu horien hutsaltasunaren erakusgarritzat" jo du, "horien ondoren, genozidioa gelditu edo 'leundu' beharrean, azken egunetan entitate sionistak Rafahko bonbardaketa gogortu izana, 'zonalde seguruetan' hamarnaka errefuxiatu bizirik kiskaliz".
"Gure jarrerak argia izan behar du", aldarrikatu du plataformak. Iritzi dio "gure eginkizun internazionalista" dela, "palestinar erresistentzia kriminalizatu nahi duten ebazpen kolonialen aurrean, horri gure babes osoa adieraztea". Horretaz gain, ezinbestekotzat dauka "bi estatuen irtenbide faltsua konfrontatzen jarraitzea": "Palestinar estatua aitortzeak ez ditu errefuxiatuak etxeratuko, ez ditu preso politikoak askatuko, ez du apartheida deuseztatuko eta ez dira okupazioa eta kolonizazioa amaituko".
"Palestinar estatua aitortzeak ez ditu errefuxiatuak etxeratuko, ez ditu preso politikoak askatuko, ez du apartheida deuseztatuko eta ez dira okupazioa eta kolonizazioa amaituko"
"Ez ditzagun palestinar herriari inposatu nahi zaizkion irtenbide faltsuak erosi", gaineratu du Palestinarekin Elkartasunak. Horri lotuta, "Palestina osoaren askatasunaren alde eta entitate sionistaren eta bere konplizeen aurka borrokatzen jarraitzera" deitu du.
Zeresana ematen ari da Rami Younis kazetari eta aktibista palestinarraren LYD animaziozko film-dokumentala. Fikziozkoa da, Israelek inoiz okupatu gabeko Lyd hirian kokatua, zeinean ez den sekula ere britainiarren koloniarik egon, eta juduak eta arabiarrak elkarrekin bizi diren;... [+]
Gazan 2023ko urria eta 2024ko ekaina artean Palestinako Osasun Ministerioak adierazitakoa baino %40 hildako gehiago izan direla azaldu dute The Lancet aldizkarian argitaratutako ikerketa batean. Zuzeneko heriotzak soilik hartu dituzte kontuan azterketan, hau da, bonbaz edo tiroz... [+]
Hussam Abu Safiya medikua askatzeko eskatu du Osasunaren Mundu Erakundeak, eta bere aldeko kanpaina ere abiatu dute sareetan. Abu Safiya medikua ez da edonor; nazioartean erreferente bihurtu da, berak zuzentzen zuen ospitalearen aurka egindako erasoak kontatzen zituelako.
Gutxienez 201 dira 2023ko urriaz geroztik Israelek Gazan hildako kazetariak. Abenduaren 26 honetan hildako azken bostak Al-Quds telebista katean zebiltzan lanean.
Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.
Israel entitate sionista Palestinan egiten ari den "genozidio eta sarraski terrorista" salatzeko Lekeitioko hainbat eragilek txandakako hamar orduko elkarretaratzea egingo dute abenduaren 28an.
Palestinatik aberriratu eta urtebetera, Espainiako Gobernuak jakinarazi du familien harrera programa ez duela gehiago finantzatuko eta aterpetxe eta hostaletako egonaldia abenduaren 31n etengo diela. Urtarriletik aurrera Gasteizko Udalak Gazako bost familien ostatuaren gastuak... [+]
Israelgo Atzerri Ministerioak igandean iragarri du Dublinen daukaten enbaxada itxiko dutela, Irlandak iragarri eta gero bat egingo duela Hegoafrikak Israelen aurka jarritako salaketarekin.
Palestinarekin Elkartasunak "sionistekin harreman oro etetera" deitu du. Kanpaina bat jarri dute abian Euskal Herriak Israelgo estatu terroristaren bizirautea bermatzen duten harreman militar, diplomatiko eta kulturalak seinalatu eta hauen etetea exijitzeko. Pasa den... [+]
Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk "immunitatea", hau da, babes politikoa duela adierazi du Frantziako Kanpoko Aferen ministroak. Israelgo Haaretz eta Maariv komunikabideek jakitera eman dute Libanorekin adosturiko su-etenaren baldintzen artean zuela... [+]
Save the Children erakundearen esanetan, Gaza iparraldeko 130.000 haur artatu gabe daude 50 egunez, gutxienez.
Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]
Egunkariaren editoreak egindako adierazpen batzuen harira hartu du neurria Israelgo Gobernuak. "Netanyahuren erregimena krudela da eta apartheid-a ari da egiten", esan zuen Amos Shocken editoreak Londresen emandako hitzaldi batean, duela hilabete.
Forensic Architecture erakundearen ondorioetakoa da hori, ikusita Israelgo Armadak nola antolatu duen Gazaren egungo kontrola. Suntsiketa maila hori bakarrik litzateke Gazaren kontrola segurtatzeko, zeren eta, berez, txikitze maila askoz handiagoa da lurraldearen gainerako... [+]