Jaurlaritzak EAEko administrazio publikoa euskalduntzeko iragarri duen dekretua baloratu du Euskalgintzaren Kontseiluak. Aurrerapauso batzuk onartzen badizkio ere, gabeziak eta eta dekretuak hasierako bertsiotik azkenera bidean izan dituen aldaketa negatiboak azpimarratu ditu. “Jauzi sendoagoa” emateko baldintzak daudela, baina “uko” egin zaiola uste du Kontseiluak. “Anbizioz jokatu eta oldarraldi judizialak ezarritako mugak gainditu beharrean, epaitegiek ezarritako murrizketak islatu dira dekretuaren azken bertsio honetan”.
Dekretu berriaren edukia ezagutu eta ordu batzuetara jakinarazi du Kontseiluak bere balorazioa prentsa ohar bidez. Gogoratu du EAEko Euskal Sektore Publikoan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Dekretu berriak 1997koa ordezkatuko duela 26 urteren ondoren, eta, hortaz, administrazio publikoan eta euskararen normalizazio prozesuan “berebiziko garrantzia” duela.
Egungo egoera laburtu du Kontseiluak: ez dago bermatuta administrazioarekin euskaraz erlazionatzeko eskubidea, are gutxiago administrazioan euskaraz aritzekoa, eta gainera, azken urteotako oldarraldi judizialak “euskararen estatus ofiziala bera zalantzan” jarri du. Horri guztiari erantzun eta eskubideon betetzea bermatuko duen “trantsizio-prozesua” marraztu beharko luke dekretu berriak: “Alabaina, Kontseiluaren ustez, dekretu berri honek ez die erantzuten euskararen normalizazioak egun dituen erronka, hutsune eta betebeharrei, ez du jauzi sendorako bokaziorik”.
Alde positiboak eta beren gabeziak
Dekretu berriari elementu positiboak aitortu dizkio Kontseiluak. “Besteak beste, positiboak dira eragin esparrua sektore publiko osora zabaltzea, euskarazko administrazio-unitateak jaso izana, hautaketa prozesuetan azterketa euskaraz egin beharra ezarri ahal izatea, euskararen ezagutza maila azterketa bidez egiaztatzeko aukera edota, lanpostu bakoitzaren funtzioen arabera, hizkuntza-eskakizun asimetrikoak ezartzeko aukera.” Baina horietako batzuen hutsuneak ere seinalatu ditu.
Adibidez, administrazio osoari eragitea positiboa bada ere, “hizkuntza-eskubideen ikuspegitik gabezia nabarmenenak dituzten” Osakidetzan, Ertzaintzan eta Justizian dekretua ez da aplikatzen hasiko ia hamar urte barru arte. “Hau da, 2033. urtera arte, EAEko sektore publikoaren %60 kanpo geratuko da”. Kontseilua ados dago hizkuntza eskakizuna frogatzeko modu berriak onartzearekin ere bai. Orain arte titulua edo ikasketen baliokidetzea ziren bide bakarrak, baina dekretu berriarekin azterketak euskaraz egitea eta lanean euskaraz aritzeko gaitasuna neurtzea ere aintzat hartuko dira. Baina azterketak euskaraz egitea “aukera” gisa dago jasota eta ez “betebehar” modura, “beraz, instituzioen borondatearen menpe uzten du erabakia” dekretuak.
Gabezia nabarmenak
Dekretu berriaren gabezi nabarmena epemugarik ez zehaztea da, Kontseiluaren esanetan. Gogoratu du indarrean dagoen 1982ko Euskararen Legeak duela 42 urte jaso zuela administrazio euskalduntzeko “betebeharra”, eta, hortaz, dekretu berriak ezarri beharko lituzkeela hori lortzeko epemugak, neurriak eta bitartekoak. “Behin jomuga hori zehaztuta, dekretu honen iraungitze-data aurreikusi eta berarekin hizkuntza-eskakizunen logika gainditzera jo beharko litzateke”. Oroitarazi du 2022an Kontseiluak, ELA eta LAB sindikatuekin batera, EAEko administrazioa hamabost urtetan euskalduntzeko proposamena aurkeztu zuela. “Kontuan izan behar da datozen urteotan langile publikoen erdiak erretiroa hartuko duela, eta inoizko belaunaldi euskaldunena izango dela hauek ordezkatzera sartuko dena. Dekretu berriak, baina, ez du abagune hori kontuan hartzen”.
Gabezien artean beste bi ere nabarmendu ditu Kontseiluak. Batetik, dekretuak mantendu egiten du hizkuntza profilen eta derrigortasun indizearen eredua. Are hutsune larriagoa oldarraldi judizialak eredu hori edukiz husten ari dela kontutan hartuta. Bestetik, Kontseiluak positiboki baloratzen badu ere dekretu berriak jasotzea euskara administrazioan “zerbitzu-hizkuntzatik lan-hizkuntza izateko jauzia”, salatu du ez duela “behar adinako baliabide eta bermerik eskaintzen hala izan dadin”.
Aldaketak jatorrizko bertsiotik
Azkenik, Kontseiluak “kezka” adierazi du dekretuak jaso dituen aldaketengatik bere jatorrizko bertsiotik gaur ezagutzera eman denera. Eragilearen esanetan, “ezinbesteko hainbat eduki bidean” geratu dira, eta, aldiz, gehitu egin dituzte “atzerapausoak dakartzaten” beste batzuk.
Euskarari lehentasuna ematen zioten neurriak dira ezabatutako batzuk, esaterako. Kontseiluak azaldu duenez, dekretuaren lehen bertsioak jasotzen zuen irudi instituzionalean euskarari “lehentasuna” emango zitzaiola, baina azken bertsioak dio “ikusgarritasuna bultzatuko” dela. Edo, euskarazko hizkuntz eskakizuna duten lan eremuetan euskara lan-hizkuntza izatea “betebehar” gisa jasotzen zuen lehen bertsioak, eta azkenengoan, aldiz, “euskara ere” erabiliko dela esaten da. “Atzerapauso horiek kezkaz hartzen ditu Kontseiluak, azken urteetako oldarraldi judizialaren zantzuak islatzen dituelako”.
Kontrara, dekretuak hasiera batean kendu egin zuen 45 urtetik gorako langileek duten salbuespeneko tratua euskararen ezagutza egiaztatzeko orduan, baina azken bertsioan berriz ere gehitu da. “Bereziki kezkagarria” da hori Kontseiluaren esanetan, “oldarraldi judizialaren baitan ezartzen doan jurisprudentzia berriaren arabera salbuespen hori interinoen kasuetara hedatzen ari delako, dekretuak argi ezarri arren salbuespena postuaren jabe diren funtzionarioei soilik dagokiela”.
Modu horretan, euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eraman duen proiektuari egonkortasuna eta sendotasuna emanen diote.
Zestoan (Gipuzkoa), 2024ko irailaz geroztik, baliabide ekonomiko urriko haur eta gazteak bost kultur eta kirol ekintzen artean bat aukeratu, eta horretan doan aritu daitezke. Udalak dirulaguntzen araudia berritu du, haurren aisialdia eskubide bat dela argudiatuta. Aldaketarako... [+]
Eusko Jaurlaritzak isunak kendu dizkie ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortuak izan ziren Donostiako herritarrei. Manex Ralla eta Amaia Abendaño dira herritar horiek, isunak kendu dizkietela baieztatu diote hedabide honi.
EITBko Euskara Batzordeak gaitzespena adierazi du azken hilabeteetan egindako zuzendaritza postuetarako hautaketa prozesuak direla eta. Salatu dutenez, euskarazko C1 maila ez duten hiru pertsona hautatu dituzte postu garrantzitsuetarako: EITB Mediaren zuzendaritzarako, Social... [+]
Ostegun honetako Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dira Amurrioko Udaleko 2025erako aurrekontuak eta, beste behin ere, Udal Gobernuak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen hitzarmen eta dirulaguntza berrezartzeari.
Euskarazko murgiltze eredua eta eredu elebiduna duten ikastetxeak gutxiengo izatetik gehiengo izatera pasa dira Ipar Euskal Herrian hogei urteotan, Euskararen Erakunde Publikoaren azterketak erakutsi duenez.
Egiari zor, ez dakit zergatik ari naizen hau idazten. Gaur egungo giro liskartsuan ez dira modu honetako iritziak ondo hartzen. Beharbada, ARGIAk ez du hau argitaratuko, ez baitator bat orain arte argitaratu dituzten iritziekin (baina, azkenean argitaratzea erabaki badute,... [+]
Antolatzaileek Biltzar Nagusian harturiko erabakia da: aurten ez dute Lapurtarren Biltzarrik antolatuko Uztaritzen. Motibazio eskasa da erabakiaren oinarrian dagoen arrazoia.
Arkitektoen elkargoaren helegitea dela eta, Donostiako Udalak atzera bota du kontratazio espedientea.
Tipi-tapa mugitzen ditugu euskaltzaleok gure oinak Korrikaren lekukoaren atzetik, gure hizkuntzaren alde, desio dugun Euskal Herri euskalduna helburu, herri euskaldun gisa biziraun nahi dugula aldarrikatzeko.
Tipi-tapa ematen ditu lehen urratsak Afrikako, Hego Amerikako edo... [+]
Urtea amaitu baino lehen gehiengo politikoaren oniritzia lortu nahi du udalak
Hezkuntza Departamentuak Oibarko ikastetxe publikoan D eredua ezarriko dutela iragarri du. Hilabeteetako protesten ondoren, euskarazko lerroa ezartzea lortu dute.
2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.