“Ez dakit gizonezkoa ala emakumezkoa naizen eta ez dakit nahi diodan galdera horri erantzun itxia eman”

  • Plazandreok plataforman hasi zuen ibilbide politikoa eta 2000. urtean Medeak talde transfeminisa sortu zuen, beste kide batzuekin batera.


2019ko otsailaren 11n - 09:24
Argazkia: Joseba Parron

Plazandreok plataforman hasi zuen ibilbide politikoa Josebe Iturriozek (Ordizia, 1978), eta 2000. urtean Medeak talde transfeminisa sortu zuen, beste kide batzuekin batera. Euskal Herrian diskurtso eta planteamendu transfeministak txertatzeko lan handia egin du Medeak-ek, eta Iturriozen arabera, oso positiboa izan da transfeminismoak Euskal Herriko mugimendu feministari egin dion ekarpena.

Transa izatea nahastutako gorputz batean jaiotzea dela azaldu digute. Transa izateko modu bakarra dago?

Ez, noski. Pertsona transexual adina transexual izateko modu daude. Gertatzen dena da aipatu duzun formatu hori, tamalez, asko zabaldu dela. Horrek sortzen duen logika erabat duala da, gorputza eta psikea banatzen dituena. Ikuspegi horren arabera, zure gorputza nahastuta dago. Nire ustez, gorputzak ez dira nahasten, gizarteak eta euren genero erregimenak nahasten dira. Emakumeak eta gizonak oposizioz definitzen dituzte erregimen horiek, eta bi marka sexual horietan sartzen ez garen gorputz guztiok, gatazkaratuak gaude. Gure gorputzek pairatzen dituzte gizartearen arauen min kolateral horiek.

Nik transexualitatea hobeto ulertzen dut horrela, eta, gainera, iruditzen zait ikuskera honek gorputzekiko harreman osasuntsuago bat ahalbidetzen duela. Hau da, pentsatzea zure alua edo zure ileko aurpegiak ez direla maskulinitatearen eta feminitatearen baldintzatzaileak, baizik eta, izan zaitezkeela emakume bizardun bat, gizon aludun bat, zakila duen emakume bat, ile motza duen emakume bat, eta abar.

Niretzat hor dago koxka. Zein da gure gorputzen beste esanahi batzuk sortzeko modua, gure bizitzak bizigarriagoak eta jasangarriagoak egingo dituena? Nola sortu benetan gorputzaren autodeterminazio bat, non bakoitzak ahal eta nahi duen moduan kudeatuko dituen bere genero nortasuna, bere orientazio sexuala, eta bere praktika sexualak?

Transfeminismoak, orduan, genero binarismoa jartzen du jomugan?

Binarismoa oso kontzeptu sakona da. Binarismoa da guk mundua antolatzeko daukagun modu bat. Guk mundua antolatzerakoan gizonak eta emakumeak definitzen ditugunean oposizioz definitzen ditugu: zuria ala beltza, emakumea ala gizona, faltsua ala egia, eta abar. Gainera, kategoria bitar horiek modu hierarkikoan antolatzen ditugu. Ideia hori oso inportantea da diskriminazioen intersekzionalitatea ulertzeko. Gizon zuri eta aberatsa, esaterako, hierarkiaren goialdean kokatuko da, eta bere kontrako kategoriak dituena, behean.

Kategoria horiek elkarren artean baztertzaileak dira, eta oposizioz ulertzen ditugunez, ez dugu aukerarik pentsatzeko ezaugarri desberdinak izan ditzakegula. Kontrako kategoriak dira, baina oso ondo ulertzen dugu esaten dugunean, ‘tipo hau oso femeninoa da’. Gainera, mutilak femeninoak izateko moduak oso anitzak dira. Egon daiteke tipo bat itxuraz oso maskulinoa dena baina sentsibilitate berezi bat duena. Orduan, tipo hori jada ez da tipoa? Tipo bati kendu egin behar zaizkio ezaugarri femeninoak izateko aukera?

Biologiak ere zerikusi handia du diskurtso horietan. Orain pil-pilean dagoen Vox alderdiak, esaterako, oso diskurtso biologizista du. Nire iritziz, sexua ez da duala, continuum bat da. Ikuspuntu biologikotik begiratuta, badirudi umeen ezaugarri genitalak garatzerakoan, gizaki guztiok dugula alua, eta hortik garatzen direla genitalak. Prozesu horretan sexuak ez dira muturreko bi multzo horietan kokatzen, ar ala eme, baizik eta bi kategoria horien artean dagoen lerro edo continuum horretan. Gorputzak lerro horretan mugitzen gara, mutur batetik bestera. Dualismo horretatik atera behar dugu eta gorputzen konplexutasuna ulertu.

 

(Argazkia: Joseba Parron)

 

 

Argazkia: Joseba Parron

 

 

 

 

Azken aldian transexualitatearen ikusgarritasuna hazi egin da. Nolakoa da telebistan eta hedabideetan zabaltzen den imajinarioa?

Oso estereotipatua. Sentsazionalismo puntu handi batekin. Gero, badaude programa serioagoak, saiatzen direnak gaiari sakontasuna ematen, baina beti testigantza oso pertsonaletatik. Gainera, transexualen eredu oso jakin batzuei ematen diete ahotsa, esaterako, trantsizioa oso argi dutenei eta bere burua izendatzerakoan izen aldaketa nabaria egin dutenei. Ez dira askotan agertzen sistema bera zalantzan jarriko duten beste begi horiek.

Jarraitzen dute transexualak analisi-objektu esperpentiko gisa ateratzen. Sentsazionalismotik tratatzen dute gaia, eta garrantzia ematen diete morboa duten elementuei. Oso galdera ohikoak dira ea pertsona horrek titiak kenduko dituen, edo zakila jarriko duen, funtsean dagoen planteamendua azaldu beharrean. Horrelako galderak, aldiz, ez dizkiete pertsona heterosexualei egiten. Normalean ez dakigu ezer horien genitalei buruz: ez dakigu barrabil bat falta zaion, edo zirkunzisioa egin duen. Transexualitatearen alde pornografikoari ematen diote garrantzia hedabideek.

Noiz hasi zinen mugimendu feministan militatzen?

17 edo 18 urterekin hasi nintzen konturatzen nire barruan oso sentimendu indartsu bat nuela. Sentitzen nuen bizitza lapurtzen zidatela. Orduan, 19 urterekin, unibertsitatean, Plazandreok plataforman sartu nintzen. Adin desberdintasuna itzela zen, baina urte asko eman nituen taldean. 2000. urtean sortu genuen Medeak taldea Plazandreok-eko gazteek. Oso modu inuzentean sortu zen, beti genbiltzan kalea hartzearen bila. Garai horretan feminismoa beherakadan zegoen, eta gatazka bat egon zen mugimendu feminista autonomoa eta mistoaren artean. Gu, aldiz, oso indartsu geunden. Banderak astindu nahi genituen eta iraultza egin nahi genuen. Horrela hasi ginen, kaleko antzerkia egiten, elkarretaratzeak egiten…

Medeaken ibilbidearen hasieran, funtsezkoak izan ziren 2003tik aurrera Artelekun programatzen hasi ziren jardunaldi oso indartsu batzuk. Horietan parte hartzen hasi ziren Beatriz Preciado eta Erreakzioa taldea [Azucena Vieites eta Estibaliz Sadaba artistek osatutako arte feministako talde bat]. Hor hasi genuen gure jarduera.

1999an itzuli zuten gaztelaniara Judith Butlerren El genero en disputa [Gender Trouble, 1990]eta saiatu ginen arren, ez genuen ostiarik ulertzen. Geure buruari eta gure ingurukoei ‘Zer da queer-a?’ galdera planteatzen hasi ginen. Artelekun egin genituen jardueren bitartez hasi ginen benetan ulertzen zeintzuk ziren queer planteamenduak. Han hasi ginen baita drag king tailerrak egiten, eta praktika artistiko berritzaileak zituzten talde oso anitzekin lanean. Estatu mailan sareak sortzen hasi ginen. Orduan sortu zen euskal transfeminismoaren mustroa.

Euskal Herrian planteamendu asko hankaz gora jarri zenituzten. Zein ekarpen egin dizkio transfeminismoak Euskal Herriko feminismoei?

Euskal Herrian tradizio feminista jakin batetik gentozen, zapalkuntza hirukoitza (klasea, nazioa eta generoa) erdigunean zuena, eta guk momentu batean krisian jarri genuen emakumea bera kontzeptu gisa. Horrek, alde batetik, ezinegona sortu zuen, normala den bezala. Baina bestetik, oso harrera ona izan zuten ikuspegi berri horiek. Azken finean, ideia transfeministek errazten dute beste mota bateko diskurtsoak txertatu ahal izatea, esaterako, diskurtso dekolonialak eta aniztasun funtzionalaren diskurtsoak. Aliantzak beste modu batean planteatzeko aukera ematen du baita ere.

Orain Euskal Herrira Espainiatik dator prostituzioaren inguruko eztabaidarik gatazkatsuena. Euskal Herrian, prostituzioaren inguruan, beste modu batera antolatu izan ditugu gure arteko eztabaidak. Bestalde, Euskal Herrian, adibidez, duela hamar urte martxoaren 8ko manifestazioa antolatzen zuen koordinadoran batek baino gehiagok esaten zuen lesbianismoa ez zela martxoaren 8ko gai bat. Gaur egun hori zalantzan jartzea pentsaezina da.

Nik uste dut gaur egun transfeminismoak Euskal Herrian errekonozimendua daukala, baita feminismo klasikotik ere. Oso harreman ona daukagu beste talde feministekin, eta gure ekarpenak kontutan hartu izan dira beti.

Gainera, iruditzen zait eragina izan dugula talde horiengan, euren diskurtsoak aldatu dituztelako. Gure inguruan guk bezala pentsatzen ez duten pertsonak daude, baina ikasi dugu gure artean hitz egiten. Duela urte batzuk pertsona askorentzat pertsona transexual bat mugimendu feministan sartzea pentsaezina zen, ez zutelako ikusten problematika feminista gisa. Orain, aldiz, feminista guztiek ulertzen dugu transexualitatea feminismoaren gai bat dela, argi eta garbi.

Medeak talde transfeministan ibilbide luzea egin duzu. ‘Drag king’ tailerrak erabili izan dituzue maiz tresna politiko gisa. Zeintzuk dira tailer horiek eskaintzen dituzten aukerak?

Guk egiten ditugun tailerren hasieran sekulako eduki teorikoak lantzen ditugu lau orduz. Klase magistral luze bat izaten da, hainbat pertsonak gidatutakoa. Gero, beste lau orduko tailer praktiko bat egiten dugu, eta amaitzeko, kalera edo festa esparruetara ateratzen saiatzen gara. Egun osoko lanketa bat da.

Tailer horiek hainbat aukera eskaintzen dituzte, besteak beste, feminitatea eta maskulinitatea, hau da, arra eta emea kontzeptuak desnaturalizatzea, binomio hori zalantzan jartzea eta generoen definizio hertsi eta zurrun hori zalantzan jartzea. Gainera, modu oso praktikoan egiteko aukera ematen dute. Praktika horretan jendeak ikusten du nola eraiki dezakeen maskulinitatea, eta gainera, konturatzen da maskulinitatea eraikitzeko, barruan duten feminitatea deseraiki behar dutela.

Ondorioz, parte-hartzaileak konturatzen dira nola, emakumea izanik, erabiltzen dituzten protesi eta teknologia asko emakumetasuna adierazteko. Teknika horiek kendu eta maskulinitatearen teknikak ondo erabiltzen badituzte, bizi dezakete esperientzia berri bat, aukera ematen duena galdera asko planteatzeko: Zer da gizon bat? Zer da gizon bat bezala irakurria izatea? Zer da zure gorputzaren bizipen politiko alternatibo bat egitea? Gainera, emakume gisa kendu dizkiguten pribilegioak identifikatzeko aukera ematen dute tailerrek.

 

(Argazkia: Joseba Parron)

 

 

Argazkia: Joseba Parron

 

 

 

 

Tailerrak oso parodikoak eta fisikoak izaten dira. Alde katartiko bat daukate. Emakumeek oso esperientzia traumatikoekin konektatzen dute tailer horien bitartez. Maskulinitatearen pertzepzio fisiko oso biolentoa eta perbertsoa daukagula konturatu naiz urte hauetan. Tailerretan pertsonaia bat sortu eta antzeztu behar izaten dute parte hartzaileek, eta horrek lanketa bat eskatzen du.

Orduan, sortzen dira gizon profil oso biolentoak, esaterako pederastak. Batzuetan, aldiz, batzuk saiatzen dira maskulinitate onagoak sortzen, baina ez dute asko funtzionatzen. Jendeak izan dezake esperientzia traumatiko bat drag king tailer bat egiten. Maskulinitatea bizitzea batzuentzat oso traumatikoa izan daiteke, gehienbat, maskulinitatea modu oso traumatiko batean eta era inposatuan bizi izan badute, adibidez, tratu txarrak jaso badituzte. Teknika gisa oso interesgarria dira tailerrak, baina ikusi izan dudana da emakumeek ez dugula maskulinitatea modu positiboan bizitzen. Hala ere, orokorrean oso ondo pasatzen dugu tailerrak egiten.

Badute beste puntu oso interesgarri bat: gizonak beste modu batean irakurtzen ikasteko aukera ematen dute. Konturatzen zara nola beraiek ere antzeztu egiten duten euren nortasuna. Tailer horietan ikasitakoaren ondorioz, maskulinitate askok grazia handia egiten didate, oso hiperbolikoak direlako. Azaleratzen dira oso gauza inozoak, esaterako, gizon bati eskua ondo nola eman behar zaion. Emakumeek ez dakigu eskua gizonki ematen. Tontakeria bat eman dezake, baina botere kontu bat da. Eskua ondo ematen badiozu gizon bati, bere kodeak ulertzen dituzula erakusten ari zara.

Zeure burua transgenerotzat duzu. Feminismo askok lelotzat duten ‘Pertsonala dena politikoa da’ esaldia erreferentziatzat hartuta, nola eragin dizu zure ibilbide politikoak pertsonalki?

Txikitatik identifikatu izan naiz generoaren eta gorputz normatiboen arauekin erabat gatazkaratua dagoen pertsona gisa. Badaude betidanik oso argi izan duten pertsona transexualen kontakizunak, baina nik ez dut inoiz argi izan. Ez dakit gizonezkoa ala emakumezkoa naizen. Gainera, ez dakit zein punturaino nahi diodan galdera horri erantzun itxi bat eman. Berrogei urte ditut orain eta atzera begira jarrita ikusten dut bizi izan dudan indarkeria oso basatia izan dela: fisikoa, sinbolikoa, egiturazkoa… Nire bizitzako maila guztietan identifikatzen dut hori.

Orduan, nik feminismoa behar izan dut bizirik irauteko, eta baita neure burua ulertzeko ere. Balio izan dit ez erotzeko. Feminismoak mikro-iraultzak eragiten ditu, eta segurtasun sare bat sortzeko aukera ematen du, non ez duzun behar zeure burua etengabe justifikatu. Asko hitz egiten dugu lurraldeen autodeterminazioaz, eta gorputzaren autodeterminazioari begira, nire gorputza ulertzeko feminismoa funtsezkoa izan da.

Sentitzen nuen ezagutzen nuen feminismoari zerbait falta zitzaiola, ezin zen hor gelditu. Barruan banuen ezinegon bat. Orduan hasi nintzen queer ideiengatik interesa sentitzen. Uste dut oso pertsona sakona naizela, eta ezin diot utzi nire burua perspektiba ontologiko batetik bilatzeari. Beti planteatzen ditut horrelako galderak. Nor naiz?

Etengabeko ezinegon horien paraleloan egon dira nire bira politiko, teoriko eta praktiko guztiak. Horregatik, Medeak eta nik, oso ondo haragitzen dugu ‘pertsonala dena politikoa da’ esaldia. Bueno, guk eta feminista gehienek, noski. Azkenean, feminista guztiak feminismoan sartzen gara arnasgune bat behar dugulako. Arnasgune bat, azken finean, ez da bakarrik praktika feministak egiteko lekua, baizik eta zu zaren moduan izateko aukera ematen dizuna.

Beti sentitu izan naiz oso itsusia, eta beti sentitu izan naiz nire gorputzean ezin kabitu. Arropa erostera joaten nintzenean, pentsatzen nuen besteei dena ondo gelditzen zitzaiela, eta nik ez nuen nire burua aurkitzen. Drag king tailerretan hasi nintzen nire burua beste modu batera ikusten.

Maskulinitatea izan zen niretzat toki askatzaile bat. Konturatu nintzen ez nintzela beti nesken dendetan sartu behar, eta ez nituela bularretakoak jantzi behar ez bazitzaizkidan gustatzen. Drag king tailerrek praktikoki eman zidaten aukera janzkera aldatzeko. Oso ondo ulertu nuen arropa protesi bat dela, eta ikusi nuen aukera nire burua nahi nuen moduan irudikatzeko. Gorputzaren autogestiorako ezinbestekoa izan zen hori niretzat. Nire bizitza politikoa eta pertsonala guztiz lotuak daude. Feminismoa hori da, azken finean.

Drag king’ tailerretan protesiak eta teknologiak esperimentaziorako tresna gisa erabiltzen direla esan duzu. Zergatik erabaki zenuen hormonak hartzen hastea?

Egia esan, nahiko gatazkaratua nago horrekin, baina uste dut transexual askori gertatzen zaigula. Nik 28 urte inguru nituenean transgenero gisa definitzea argi izan nuen. Momentu batean erabaki nuen ez nuela behar hormonarik hartu, eta egoera horretan oso eroso sentitzen nintzen. Hala ere, beti izan dut zalantza hori.

 

(Argazkia: Joseba Parron)

 

 

Argazkia: Joseba Parron

 

 

 

 

Orain, hormonak hartzen hasi naiz, eta niretzat hormonek sekulako arriskua daukate, sintetikoak direlako. Maskulinitatearen irudikapen politiko bat sortzen dute. Hau da, medikuek sortu nahi dituzten efektuak sortzen dituzte nik hartzen ditudan hormonek. Nire hormonak ez dira naturalak, ez dira gizon batetik hartuak eta nire gorputzean sartutakoak, baizik eta daude diseinatuak efektu jakin batzuk lortzeko. Badaude gizonak testosterona dutenak, baina titiak dituztenak. Nire hormonak daude pentsatuta nire titiak txikitzeko.

Prozesuan esperimentazio gisa hormonak hartzea erabaki dut. Batetik, prozesua atsegin dut, baina bestetik, hormonaren ideiarekin berarekin arazoa daukat, gatazkatsua iruditzen zait. Hormonena ez da izan batere erraza. Ni asko mugitu nau, eta jendearen pertzepzioa asko aldatu da. Zalantza asko sortzen dizkit eta galdera asko egiten dizkiot nire buruari: Zertarako izan gizon bat? Zertarako izan emakume bat?

Feminismoan etxean sentitzen zara emakumea zaren heinean, baina transexual gisa bakardadea izugarria da. Jendeak naturaltasun osoz botatzen ditu oso galdera mingarriak. Esaterako, hormonen kontuarekin, askok galdetu didate, ‘baina, zertarako hartzen dituzu hormonak? Horrek hil egiten du, txarrak dira’. Eta nik pentsatzen dut, ‘baina zuk ikusi duzu zure burua? Zuk berrogei urte daramatzazu antisorgailuak hartzen, zer esan behar didazu niri?’ Jendeak onartzen dizkio bere buruari galdera eta inbasio oso handiak.

Kirurgia da azken helburua?

Badirudi dagoela ibilbide transgenero bakar bat, eta ez dagoela beste ibilbiderik. Ibilbide bakar horrek eskatzen du hormonak hartzea, izen berri bat aukeratzea, maskulinoz edo femeninoz izendatzea, eta abar. Logika horri jarraituta, neuk neure burua maskulinoz izendatu beharko nuke, eta ez dut egiten: femeninoz izendatzen dut neure burua. Josebe erabiltzen dut izendatzeko, eta nire lagunek Itu deitzen didate; izen neutral bat da. Ez dut eskatu izen aldaketarik eta printzipioz ez dut nire gorputzean inongo ebakuntza kirurgikorik nahi. Segur aski, hormonak hartzearena ez da izango prozesu bat konstantea eta ziurra. Etenak izango ditu, eta gorabeherak izango ditu, gaur egun dituen moduan.

Nire gorputza kudeatzen dut modu horretan. Drag king tailerretan bizitakoak zerikusia izan du horretan, ahaldundu egin nauelako. Ahaldundu nau nire burua transgenero gisa ulertzen. Are gehiago, asko lasaitzen nau nire burua transgenero gisa ulertzeak. Emakume gisa ere identifikatzen naiz, baina nire bizitzaren kontakizunak ditu ñabardura batzuk, eta niri transgenerismoak esplikatzen dizkit nire buruari buruzko gauza asko. Bada, ez naiz gizon bat, eta ez naiz emakume bat. Ez naiz sentitzen gizonen bandoan, gizon izateak beste esanahi batzuk hartzen ez dituen arte.

Orain hormonak hartzen hasi naiz eta mutilak begiratzen ditut beste modu batean. Askotan oso matxunoak ikusten ditudan gazteei esaten diet: hormonak hartzen ari naiz, eta ditugun erreferente maskulinoez nazkatuta nago. Denbora osoan ikusten zaituztet zuen artean ostiaka, eta maskulinitate hori beldurgarria da. Ardura bat egon behar da maskulinitate hori aldatzeko. Maskulinitate feministak sortu daitezkeela uste dut.

Orduan, drag kingak eta queer teoriak gauza asko ulertzeko balio izan dit, baina nire egoera nahaste-borraste bat da, izan ere, beti inorena ez den lurrean nago. Probatzen ari naiz. Hormonak hartzen ari naiz, baina ez dut maskulinoz izendatzea nahi. Horrelako aukerek hankaz gora jartzen dituzte jendearen balio asko.

Askorentzat askoz errazagoa da nik esatea: hemendik aurrera Antonio izango naiz, hitz egidazu maskulinoz, eta zakil bat izateko operatu egingo naiz. Jendearentzat ez da erraza, eta ni zirkuitulabur bat naiz neuretzat eta besteentzat. Nire gorputza zaindu nahi dut, bakarra daukadalako. Gainera, medikuntza sisteman eredu jakin bat bideratzen ari dira. Ez dituzte nahi ni bezalako pertsonak.

Erronka hori muturrera eramateak, suposatzen du zure bizitza hankaz gora jartzea. Esperimentazio fisikoarekin hastean, gorputza mugitzen da eta jendearen pertzepzioa aldatu egiten da, eta asko nabaritzen da hori. Gainera, jende asko momentuaren zain daude. ‘Noiz hitz egin behar zaio maskulinoz? Noiz iritsiko da azken erantzuna?’. Baina, ez dago amaierako sententziarik.

Neure burua aurkitzeko ezarrita dauden genero arauek ez didate balio. Emakume eta gizon kategorietatik harago doan mundu bat behar dut, emakume bizardunak existitzen diren mundu bat eta beste kasuistika asko sartzen diren mundu bat.

Iazko greba feminista mugarri bat kontsideratzen dute askok. Zeintzuk dira transfeminismoak dituen erronkak?

Krisi epistemologiko transfeminista oso handi batean gaude estatu mailan. Gatazka horretan, ikusita transexual batzuen diskurtsoa, oso gatazkaratua sentitzen naiz. Feminismoa mainstream bilakatzen ari da hein batean, eta bat-batean sare sozialetan irakurtzen dudanean pertsona maskulinoak ezin garela hor egon… Ni mugimendu feministako kidea naiz, eta ez dut inoiz planteatu maskulinoa naizelako horri uko egitea. Iruditzen zait trans maskulinoak feminismoan ez bistaratzea akats larri bat dela. Ez gara etsaia. Momentu honetan beste fase interesgarri batean gaudela uste dut, erronka bati heldu behar diogula, eta korapilo hori askatu beharrean gaudela.

Elkarrizketa hau Irutxuloko Hitzak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: LGTB mugimendua
Bilboko Etxaniz Suhiltzailearen anbulatorioko sexu-transmisiozko infekzioen zentroa “gainezka” dagoela salatu dute

Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.


Euskara eta sexu-genero disidentziak uztartzeko zertzeladak

‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.


Nafarroan chemsex-ari erantzun koordinatu bat emateko baliabideen eta agenteen beharra mintzagai

Sare Elkarteak antolaturik chemsex fenomeno soziokulturalaren inguruan mintzatzeko jardunaldiak antolatu dituzte Iruñean.


Eraso matxistak eta LGTBI+fobikoak salatzeko telefonoak aurkeztu dituzte Gasteizko jaietarako

Eraso LGTBI+fobiko eta matxistak espazio publikoan ematen direla gehien adierazi dute mugimendu hauek urtero ateratzen dituzten txostenen arabera. Gasteizko Mugimendu Feministak eta Lumagorri elkarteak guztien plazera erdigunean jarriko duen jai eredu bat nahi dute, eta neurri... [+]


Zuriketa arrosa, indarkeria medikoa eta psikiatrikoa eta Palestinako genozidioa salatu ditu LGTBIAQ+ mugimenduak

Kaleak bete dituzte LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean. Salatu dute erakundeek aurpegia garbitzen dutela keinu sinbolikoekin. 


2024-06-19 | June Fernández
Irantzu Varela, komunikatzaile feminista
“Erreparazio zein mendeku ariketa bat da nire eleberria”

Lo que quede (euskaraz 'geratuko dena', Continta me tienes argitaletxea) liburuan bere senar ohiaren tratu txarrak eteteko prozesua harilkatu du eguneroko indarkeria matxisten kontakizunekin, eta bere bizitzako emakumeekin batera eraiki duen orainaldi gozagarriaren... [+]


Askatasunerako dantzalekua

Zaintzan oinarrituriko gau aisialdi “askeagoa” eta “seguruagoa” sortzeko asmoz sortu da Harrika kolektiboa. Bi urte daramatzate Gasteizen tekno besta kuir eta feministak egiten. Uztailaren 26tik 28ra Harrikada Festibala izanen da Izarran (Araba).


2024-06-07 | Uriola.eus
Bilbao Bizkaia Harro-k erakunde publikoetatik 400.000 euro jaso izana gaitzetsi du Ehgamek

Diru publikoa LGBTI+ kolektiboaren problematikak merkantilizatu eta administrazioaren “pinkwashing-a” egiteko soilik erabiltzea egotzi die erakundeei.


Alemaniako futbolari gay-ak zergatik ez dira azkenean ausartu armairutik ateratzera?

Alemaniako gizonezkoen futbol profesionalean ari diren hainbat futbolari armairutik ateratzekoak ziren maiatzaren 17an. Sekretuan eta kluben bizkar biltzen ari ziren jokalariak, baina espektatiba altuak ezerezean geratu dira, ez da inor armairutik atera. Futbol maskulinoaren... [+]


2024-05-17 | ARGIA
LGTBIfobiaren aurka egingo dute ostiral arratsaldez manifestazio ugaritan

LGTBIfobiaren aurkako eguna da maiatzaren 17an eta arratsaldez mobilizazio ugari izango dira Euskal Herrian barrena. Albistearen bukaeran ematen dizuegu horietako batzuen berri.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


LGTBI pertsonak armairutik ateratzeko beldur dira lantokian

LGTBI kolektiboko hamar lagunetik bederatzik sekretuan mantentzen du bere sexu-joera laneko nagusien aurrean, eta lautik hiru ez da armairutik ateratzen lankideekin. Zergatiez, beldurrez eta arriskuez hitz egin dute Espainiako LGTBI+ Federazioak egin duen ikerketan.


Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza onartu du Greziak

Berdinen arteko ezkontza legeztatzen duen lehenengo herrialde kristau ortodoxoa da.


Eguneraketa berriak daude