Amerika eta Afrikako bake-eta memoria historikoaren prozesuetan adituak diren bost lagun bildu dituzte Paz con Dignidad elkarteak, Foro Sozialak eta EHUk. Herrialde oso anitzetako errealitateak izan dituzte hizketagai, eta elkarren artean desberdintasunak nabariak badira ere, “sufrimenduak eta gatazka berriz gertatu ez dadin memoria kritiko bat eratzeko beharrak” batzen dituela azpimarratu dute antolatzaileek.
Hogei buru bueltan izango dira Donostiako Carlos Santamaria aretoan, jada ilea urdintzen gehienak. Baina hori ez da izan hizlariak gogogabetzeko nahikoa arrazoi. Guztiz kontrakoa. Askori behin eta berriz gogorarazi behar izan diete hitz egiteko txanda bukatu zaiela; emozioaren emozioz orduaz ahaztu eta beraien herrialdeetako errealitateak kontatzen jarraitu baitute.
Rodrigo Gomez Tortosa abokatu eta politologo argentinarrak hartu du hitza lehendabizi. Giza Eskubideen defentsan buru-belarri dabil, eta Latinoamerikako testuinguru orokor bat marraztu du, hurrengo hizketakideei oinarri bat emanez. Estatuek bortxaz desagerrrarazitakoen inguruan antolatu du bere hitzaldia, izan ere, XX. mendeko bigarren erdian fenomeno hau aski zabaldua zegoen Amerikako diktadura guztietan.
Ezer azpimarratzekotan, biktimen papera azpimarratu nahi izan du abokatu argentinarrak. Estatuaren indarkeriaren biktimak direnek beste mota batzuetako biktimek ez duten presio bat dutela dio; Estatuaren babesa sentitu beharrean Estatua zerbait ezkutatzen dabilela jakiteak presio handia sorrarazten die biktimei, Gomez Tortosaren hitzetan. Horregatik, bakea eta egia bilatzeko batzordeek Estatuaren laguntza behar dutela dio.
Amerikako sarraskiak
Argentinarraren ostean, antzerako hiru kasu aurkeztu dira: El Salvador, Guatemala eta Kolonbia. Hiruek bizi izan dute gerrilla tarteko izan duen Gerra Zibila, eta hiruretan izan dira biztanleria zibilaren aurkako sarraski handiak. El Salvadorreko kasua deigarria izan da, bertako ekintzaile feminista eta politiko Gloria Guzman Orellanak azaldu bezala, gerra garaiko (1980-1992) hilketen %95a armadaren eskuetan gertatu zen, eta %5a soilik gerrillaren aldetik. Aipagarria da 1932ko nekazarien altxamenduan 30.000 pertsona hil zituela armadak, herrialdeko ia indigena guztiak desagerraraziz.
Guatemalako kasua ere antzekoa da, Gustavo Meoño Brenner gerrillari ohi eta bake-prozesuko pertsona garrantzitsuenetakoak kontatu bezala. Bere hitzaldia sarraski horien ostetik armadak izan duen inpunitatean zentratu du; gizateriaren aurkako krimen bezala definitutakoengatik salbu, gainontzeko krimen guztiengatik amnistia lortu baitute militarrek. Oraindik herrialdeko goi-karguetan mantentzen direla azpimarratu du, inpunitatea maila guztietan dagoela.
Kolonbiatik Maritze Trigos Torres Giza Eskubideen defendatzailea izan da. Herrialdeko gune bati buruz, Trujillori buruz egin du hitzaldia. Bertako nekazal kooperatibetako kideak bahitu eta torturatu egiten zituzten poliziek, gorpuak desitxuratuta uzteraino.
Casamanceko kasu ezezaguna
Amerikako kasu horiek neurri batean ezagunak dira Euskal Herrian. Casamancekoa, ordea, guztiz ezezaguna da, eta hitzaldian igarri da, Ndeye Marie Sagna Le Caer abokatu eta Kabonketoor Giza Eskubideen aldeko taldeko ekintzaileak hitza hartu duenean kuriositate keinuz bete da aretoa.
Casamance izatez Senegaleko Estatuko parte da, baina Gambiak ia osorik banatzen du Senegaleko lurraldetik. Bertan independentziaren aldeko mugimendu handia dago eta 1982tik gatazkan daude Senegaleko armada eta MFDC Casamanceko indar demokratikoen mugimendua (Mouvement des forces démocratiques de Casamance). Gatazkaren hasieran debekatuta zegoen honi buruz hitz egitea, Estatuaren begietara indar subertsiboak zirelako independentziaren aldekoak; hiru pertsonako batzarrak ere debekatuta zeuden.
Emakumeak izan ziren honi aurre egin ziotenak. Beraiek ziren galtzaile handienak, familia guztietan baitzegoen gerran parte hartzen zuen norbait, eta beraien semeak hiltzen ikusi zituzten. Hau horrela, batzarrak eratzen hasi ziren, emakumeek beraien sentimenduak partekatu ahal izateko. Manifestazioak egiten hasi ziren, 1.500 emakumetik gora batzen ziren.
Irrati komunitarioak ere sortu zituzten herritarrek gatazkaren inguruan hitz egin zezaten, eta bertan iragartzen zituzten batzarrak, nahi zuen orok parte har zezan. Azkenean, Senegaleko Estatuak onartu du elkarrizketa, baina emakumeek egin zuten lan hori aitortu gabe. Gainera, independentzia ez den edozerri buruz eztabaidatzeko prest dagoela azaldu du. Beraz, gatazkak bere horretan darrai Casamancen.
Memoria: behetik, kritikoa eta subertsiboa
Guztiak etorri dira bat biktimei aitortza eta egia zor zaiela. Euren herrialdeetako memoriaren prozesuak azaldu dituzte: armadaren aurkako epaiketak, biktimen aldeko monumentuak, beraien memoria mantentzeko.
Ekitaldiaren hasieran bertan aipatu du Teresa Toda moderatzaileak memoriaren garrantzia. Amaraunarekin alderatu du, hauskorra eta hauskaitza baita aldi berean; ikusezina, baina beti hor dagoena. Gure herriko egoerarekin alderatu dituzte prozesu hauek, eta gureari begira bi helburu ezarri dituzte: mota guztietako biktimen aitortza, egia eta erreparazioa; eta preso edo iheslari politikoen egoera konpontzea.
Maritze Trigos Torresen aldarriak eman dio amaiera jardunaldiari. Eutsi, iraun eta inoiz ez atzera egin (Resistir persistir y nunca desistir) esanez amaitu da hitzaldia, eta areto guztia bere hitzak errepikatzen jartzea lortu du.
2022ko uztailean egin zuten blokeo eguna, euskal presoen egoerari "aterabidea ematea" eskatzeko. Bederatzi pertsona auzipetu zituzten.
Espetxe zigor arinak eskatu ditu Frantziako fiskaltzak Parisen epaitzen ari diren Jean Noel Txetx Etcheverry eta Beatrice Mollerentzat, ETAren helburuen arabera jardutea egotzita. Hala, zigor horiekin bakegileek ez lukete espetxera joan beharko. Maiatzaren 16an emango dute... [+]
Otsailaren 2an Baionako auzitegian epaituko dituzten hamaika bakegileen artean dago Haritz Agirre urruñarra. Iazko uztailaren 23an Ipar Euskal Herrian buruturiko blokeo egunean autobidea blokeatzeagatik deituak dira epailearen aitzinera. Elkartasunez elkarretaratzera... [+]
Joan den uztailean bake prozesua "desblokeatzeko", Ipar Euskal Herriko komunikazio sareak eten zituzten ehunka herritarrek. Horren harira, abenduan epaitu zituzten lehen bederatziak Akizen, eta otsailaren 2an beste 11 epaituko dituzte Baionan. Bakegileek eta Bake... [+]
Orotara 20 ekintzaile epaituak izango dira uztailaren 23ko ekintzan hainbat garraio bide blokatzeagatik. Ostegun honetan, Akizeko auzitegian, trenbidean beren burua lotu zuten bederatzi ekintzaile epaituko dituzte.
Uztailak azken egunak dituela bildu gara zinemagilearekin Getari Enea zinema ireki berrian, Getarian. Goxo hartu gaitu bertako arduradun Christelle Vessot-ek. Biharamunean, L’hypothèse démocratique: Une histoire Basque (Hipotesi demokratikoa: Euskal historia... [+]
Gernikako Udalak eta herriko elkarteek, apirilaren 26tik hasi eta hainbat egunez ekitaldi ugari antolatu dituzte duela 85 urteko sarraskia gogoratzeko.
Urriaren 17an beteko dira Euskal Herriko Gatazka Konpontzeko Nazioarteko Konferentzia egin zela Aieteko jauregian, Donostian. Urteurren horren kari, nazioarteko jardunaldiak antolatu dituzte hainbat eragilek, "bakeak Euskal Herrian eta mundu zabalean dituen erronkei... [+]
Patxi Ruiz euskal preso politikoaren egoeragatik kezka adierazi dute Bake Bideak eta Bakegileek agiri amankomun baten bidez. Maiatzaren 11tik gose eta egarri greban dago Ruiz Murtziako espetxean.
Eritrearen eta Etiopiaren arteko bi hamarkadako gatazkari amaiera ematen laguntzeagatik eman diote saria.
“Gure gain hartu ditugu giza eskubideak babesteko konpromisoa eta erantzukizuna”, dio Eusko Jaurlaritzak, Bizikidetzarako idazkari Jonan Fernandez buru. Bien bitartean, Euskal Herrian, diru publikoz sortutako hegazkinen bonbek kurduen, palestinarren edota yemendarren... [+]