Ez da interes falta


2024ko abuztuaren 04an - 07:00
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Pub bat, Ingalaterran. Giro lasaia egoten da arratsaldero, bezero batzuk mahaietan eserita, beste batzuk barran, garagardo pintak hustu ahala betetzen ditu zerbitzariak. Tipo jatorra da, nahi duena berarekin aritu daiteke hitz aspertuan. Telebista edukitzen du piztuta, beti kate pribatu bera. Bazkalostean, lau telesail botatzen dituzte bata bestearen atzetik. Horien ostean, albistegia hasten da, eta orduan, tabernariak, sistematikoki, itzali egiten du telebista.

Albisteez paso egiten omen du geroz eta jende gehiagok. Ondorio hori atera du aurtengo Digital News Report txostenak, 46 herrialdetan egindako 93.000 elkarrizketatan oinarrituta. Milaka pertsonak erantzun dute, albisteak batez ere sare sozialetan kontsumitzen dituztela, bideo formatua dela nagusi eta askok propio saihesten dituztela albisteak. Arrazoiak: hedabideak “aspergarriak” iruditzen zaizkiela edo informazioek “antsietatea” eta “inpotentzia” eragiten dizkietela. Jende askok ere esan du informazioak egiazkoak ala gezurrezkoak diren jakiteko zailtasunak dituztela plataformetan.

“Badirudi informatzea bihurtu dela abian den historia bat erakustea edo, zuzenean, ikus-entzuleok gertaeraren parte egitea”, idatzi zuen Le Monde Diplomatique-ko zuzendari ohi Ignacio Ramonetek, Noam Chomskyrekin batera... 1995ean. Ez dira gauza bera, baina, ikustea eta ulertzea. Guk eguzkia gure inguruan bueltaka ikusi arren, Lurra da bere birundan dabilena, Galileok frogatu zuenez. Whatsappetik zabaldu den azken argazkia ikusi edo zurrumurrua entzutea ez da informatuta egotea. Ilusio guztien artean arriskutsuena, errealitate bat eta bakarra existitzen dela pentsatzea da. Hori ondorioztatu zuen giza komunikazioaren teoria landu zuen Paul Watzlawick filosofo eta psikologoak. Kontua da, askotan, bide horietatik jasotako beldurrak eta pertzepzioak pixkanaka gorpuztu egiten direla, errealitate eta arazo ukigarri bihurtzeraino, azkenaldian gure auzoetan eskuin muturrarekin eta arrazakeriarekin ikusten ari garen bezala. Aldi berean, algoritmo opakuek filtratutako 30 segundoko bideoen kontsumoak elikatzen du ahaleginik gabe informatuta egon daitekeenaren ameskeria. Hori falazia hutsa da. Informaturik bizitzeak beti eskatuko du ahalegina, baina saria ere handia du: “Bizitza demokratikoan modu inteligentean parte hartzeko eskubidea lortzea”, Ramoneten arabera.

“Hedabide handiek sortu eta beraien agendarekin maneiatzen duten iskanbilaren erdian... zerbait ezberdina eman behar zaie zerbait ezberdina nahi dutenei”, zioen gure lankide Pello Zubiriak duela hilabete batzuk ARGIAn bertan egindako elkarrizketan. Bere hitzetan, herritarrak kazetariak behar ditu, munduan abian dauden alternatibak ezagutzeko eta gure inguruan gertatzen ari dena ulertzeko. Horretarako, baina, gakoak eman behar dira: Nork egin du zer? Nola? Non? Zergatik? Zein testuingurutan? Zein dira kausak? Eta ondorioak? Kazetariak galdera horiei erantzun behar die, zintzotasunez. Herritarrekiko errespetuz.

Galdera horiek aztertuta frogatzen da, ordea, hedabideak ez garela erakunde neutralak, noski. Bakoitzak bere ideologia eta interesak dauzka. Eta jabeak, batez ere. Digital News Report txostena bera ere Reuters Institutuak egin du, erakunde askoren babesarekin, besteren artean Google –edo Nafarroako Unibertsitatea!–. Baina ikus dezagun Reuters zer den: munduko hirugarren albiste agentziarik handiena, 2.500 kazetari eta 600 fotokazetarirekin, eta 2008an munduko 25 pertsona aberatsenetako batek erosi zuen. Eta beraz, galdera hauxe da: esaten digutenean beraiek sortzen lagundu duten panorama mediatikoa ez zaiola interesatzen jendeari, nora iritsi nahi dute? Zer ari dira prestatzen beren pribilegioei eusteko? Fake news-en aurrean beren burua egiaren mezulari gisa zilegiztatzeko enegarren saiakera agian? Nork eta Reuters eta enparauek, Gazako ospitalerik handienaren azpian Hamasen egoitza nagusia zegoenaren tamainako gezurra esan, eta ehunka pertsonaren hilketa zuritu ondoren sekula barkamenik eskatu ez duten horiek guztiek.

Artikulu hasierako telebista itzaltzen duen zerbitzariaren eszena, V for Vendetta komikiaren hitzaurrean deskribatu zuen 1998an Alan Moore gidoilariak. Egun batean, ordea, albisteak zergatik kentzen zituen galdetu zion, eta tabernariak erantzun zion ez zekiela, besterik gabe egiten zuela. Oihu isil batekin amaitzen du artikulua: “Albistegiak itzaltzen ez dituzten horientzat da komiki hau”.

25 urte ez dira alferrik pasa ordutik, eta guk ez dugu esango ulertzen ez ditugunik albistegiekin saturatuta egon daitezkeenak. Gain-informazioa eta desinformazioa eskutik joan ohi dira. Hala ere, ausartuko gara esaten aipatu txostenak dioenaren kontrara, jende gehiena ez dela albisteekin aspertu bere horretan –jendea musikarekin aspertu dela esatea bezala litzateke–, gai direla beren bizitzari ekarpena egiten dioten albisteak eta zaborra bereizteko. Azken hamarkadan botere mediatikoak bizi duen sinesgarritasun krisiaren beste adierazle bat besterik ez da. Eta hortik ikusita, zentzua ere badute jendearen erantzunek: nola ez du jendeak paso egingo edo inpotentzia sentituko, lau bahitu askatzean Israelek 270 palestinar hiltzea “ekintza arrakastatsutzat” saldu badute Mendebaldeko medioek? Nola ez dute antsietatea eragingo albisteek, guda nuklearra arduragabeki hauspotzen ari direla edo klima larrialdia greenwashing kapa batez estali nahi dutela ikusten denean? Nola ez du esango jendeak medioak aspergarriak direla, soldata minimoa igotzea gastu onartezina bada eta lagunei emandako diruak beti inbertsioak? Nola ez da jendea haserretuko hedabideekin Bangladeshko Rana Plazako sarraskiaren urteurrenetan beti ezkutatzen badute Inditex, El Corte Inglés, Mango, Alcampo, Primark, Wal-Mart, GAP edo Benetton multinazionalek ardura izan zutela 1.127 pertsona horien heriotzean?

Ez, ez da interes falta. Kontua da jendeari ez zaiola gustatzen tenteltzat hartua izatea. Eta hor, kazetaritza independenteak aukera ederra du erakusteko, baduela herritarrei eskaintzeko zerbait ezberdina.

* * * * * * *

Editorial hau ARGIAren Gakoak 2024 108 orrialdeko aldizkari berezia irekitzeko argitaratu dugu. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
dantzan.eus  |  Oier Araolaza
#3
Unai Pascual, Iñaki Lasagabaster eta Jose Allende
#4
Leire Narbaiza Arizmendi
#5
Editoriala
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gakoak 2024
Eguneraketa berriak daude