“Ez da erraza zineman eta antzerkian gauzak beste modu batean egitea. Baina saiatu gaitezke”

  • Askotariko lanak egin ditu Miren Gaztañagak antzerkian, zineman zein telebistan, baita dantza edo musikari lotutako proiektuetan ere. Txani Rodriguezen Los últimos románticos (Seix Barral, 2020) eleberrian oinarritutako pelikularen errodajea amaitu berri-berritan iritsi zen Bilboko Birara, Urdin Elektrikora: “Miren Gaztañaga naiz, aktorea. Momentuz horra arte, gero gerokoak".


2024ko ekainaren 28an - 07:34
Argazkia: Asier Corera.

“Apa, ni Miren naz eta Irungua naz, baina Bilbon bizi naz”, horrelaxe aurkeztuko ei luke bere burua Miren Gaztañagak (Orereta, 1979) bere lagunen lagunen aurrean, “sinpatika aurpegiya jarrita”. Eta portaleko bileran? “Hizkuntza aldatu beharko nuke”, dio. “Hola, soy Miren, la del 3A, y tengo una vida un poco complicada, con la agenda algo caótica… Que no os extrañe si no estoy en todas las reuniones (barreak)”.

Ia hogeita bost urte daramatza arte eszenikoetan. Askotariko lanak egin ditu antzerkian, zineman zein telebistan, baita dantza edo musikari lotutako proiektuetan ere. Txani Rodriguezen Los últimos románticos (Seix Barral, 2020) eleberrian oinarritutako pelikularen errodajea amaitu berri-berritan iritsi da Birara. Eta Urdin Elektrikoan bere burua zelan aurkeztuko lukeen galdetu diogu: “Miren Gaztañaga naiz, aktorea. Momentuz horra arte, gero gerokoak (barreak). Eskerrik asko denoi etortzeagatik”.

Demagun, sei, zazpi, zortzi urte dauzkazula, Miren. Eta astearte arratsalde bat dela, gaur bezala. Non zaude. Zertan ari zara. Norekin.

Nire logelan nago pelutxez inguratuta eta rol desberdinak jokatzen jartzen ditut: batzuetan nire ikasleak izaten dira, besteetan publikoa… Alaba bakarra naiz eta, ez dakit horregatik izango den, baina txiki-txikitatik eduki dut imajinazioa gainezka. Margolariarenak egiten gogoratzen dut neure burua, balkoiko kristalaren gainean orri bat itsatsita Aiako Harriak dibujatzen.

Eta hamabost-hamasei urte zeneuzkaneko argazki bat eskatuko bagenizu?

Uff (barreak). Fase estetiko desberdin asko pasatu nituen. Baina nire burua ikusten dut, adibidez, ile luze-luzearekin eta ACDCren kamiseta beltz handi batekin. Eta ez dakit zergatik, ze nik ez nuen ACDC entzuten (barreak). Nik nahi nuena zen Aitor Gorosabelen pua bat. Su Ta Gar. Negu. Dut. Horiek jarraitzen genituen guk. Oso nerabezaro luminosoa gogoratzen dut, ameslaria. Ostia beranduago etorri zitzaidan, hogei bat urterekin.

Ostia?

Bai. Aktore izatea zer zen jakin gabe esan nion amari Arte Dramatikoa ikasi nahi nuela, eta berak: Miren, hori ez da karrera bat… Orduan, izenez behitzat gehien hurbiltzen zitzaiona aukeratu nuen. Arte Ederrak. Eta Bilbora etorri nintzen, eta neure burua beste perspektiba batekin ikusten hasi nintzen, gauza askoren kontzientzia hartzen… Eta haustura bat izan zen, oso potentea. Arrautza apurtzea izan zen Bilbora etortzea. Momentu hartan egin nuen topo antzerkiarekin ere. UEUn ikastaro bat zegoela ikusi nuen, Lipusek gidatuta, eta hantxe hasi nintzen hemeretzi bat urterekin. Gero Antzerkiola Imajinarioan sartu nintzen eta, egia esan, asko ikasi nuen ofizioaz. Eta bizitzaz.

Oraintsu elkarrizketatu dituzte Berrian Lipus bera, Olatz Beobide eta Maddi Goikoetxea. Euskal antzerkigintza instituzioen diru-laguntzen menpe dagoela zioten, besteak beste.

Hala da, bai. Baina ez didazu euskal antzerkigintzaren egoera jeneralaren inguruko galdera panoramiko bat egingo, ezta?

Ez, ez. Trankil. Neu ere izerditan hasten naiz euskal dena delakoen etorkizun posibleez galdetzen didatenean…

Badaezpada esan dizut (barreak). Ze ni ez naiz batere eroso sentitzen irakurketa globalak egiten, pentsamendu horizontala ez da nire leku gustukoena. Gauza iraultzaileak esan behar ditudala sentitzen dut eta urduri jartzen naiz. Nik gehiago disfrutatzen dut pentsamendu bertikalarekin: puntu bat hartu eta horren inguruan sakondu. Nigandik hurbilago sentitzen ditut horrela gauzak, eta interesgarriagoa egiten zait perspektiba hori.

“Sekula ez da jakiten, baina nire hautua, oraingoz, ez da konpainia propio bat sortzea izan, gehiago aritu naiz besteentzat. Besteen estrukturetan geure proposamenak sartzen ahalegindu naiz, hori bai”

Zeureaz galdetuko dizut orduan. Zelako lan-baldintzak eduki dituzu orain arte?

Denetik egon da. Errautsak (Artedrama, Le Petit Théâtre de Pain eta Dejabu panpin laborategia, 2010) egiten ari nintzenean, adibidez, bost antzezlanetan nenbilen aldi berean. Nekatuta. Ezin iritsita. Eta, derrepente, non eskaintzen didaten Goenkale. Eta esan nuen: ba ez da batere erromantikoa eta borrokalaria, baina oso ondo datorkit bai ekonomikoki, bai bitalki. Argi ikusten dut gaur egungo begiradatik: bizitzen ari nintzen lan-errealitateak ez zidan onik egiten ordurako, aldaketa bat behar nuen. Eta egin nuen. Eta asko ikasi nuen, lankide berri asko ezagutu nituen. Bien bitartean, hainbat konpainiarekin ere aritu izan naiz eta hala jarraitzen dut orain ere. Sorkuntza pertsonaletan ibili izan naizenean, askoz prekarioago egon naiz, lanari modu inprobisatuago batean aurre egin diodalako. Sekula ez da jakiten, baina nire hautua, oraingoz, ez da konpainia propio bat sortzea izan, gehiago aritu naiz besteentzat. Besteen estrukturetan geure proposamenak sartzen ahalegindu naiz, hori bai. Horietako bat izan zen Eneko Sagardoy eta biok egin genuen Maitasunaren itxiera (Arriaga Antzokia, 2021). Lan zoragarria izan zen. Azken urteak Arriagan egin ditut eta baldintzak beste leku batzuetan baino hobeak dira. Gure errealitatea oso aldakorra izan daiteke, dena den; badauzkat lagunak, obra bat aurrera ateratzeko, adibidez, mailegu bat eskatu behar izan dutenak. Norbere hautuak dira, aurrera jarraitzeko estrategiak. Ez da erraza.

Parentesitxo bat, Miren. Ze Goenkale aipatu duzu eta, derrepente, mojaz jantzita ikusi zaitut. Eta maitemintzen. Eta komentua uzten. Zure pertsonaia zen… Ines?

Ines, diosa de la fertilidad (barreak). El pájaro espino-ren bertsio euskalduna egin nuen, pentsa! Ni, txikitan, igandero joaten nintzen elizara, komunioa ere egin nuen… Eta, gero, konposta egin nuen horrekin guztiarekin (barreak). Bai, bai. Abituak jantzi nituen eta Zumaiako komentuan aritu ginen. Ni moja eta Miren Gojenola madre superiora. Inpresionante! Goenkale-n ikasi nuen nik kamera baten aurrean egotea zer den. Goenkale-n eta Martina-n.

Hori ez neukan akorduan. Miren Gojenola “Amaia” zen guretzat. Pertsonaia bat baino gehiago eduki zituen, ala?

Bi! Telesail askotan gertatzen da: istripu bat izan duzu, aurpegia operatu dizute, eta orain beste pertsona bat zara. Goenkale-n, justifikaziorik gabe gertatzen ziren aldaketa horiek batzuetan: lehen Amaia zinen, orain moja zara. Pam! Fantasia bat zen. Niretzat doblea, ze Stereo (performance pertsonala, 2009) egiten ere ari nintzen garai hartan: telebistan ikusten nindutenentzat, moja bat nintzen eta, oholtzan ikusten nindutenentzat, feminitatearen eta maskulinitatearen mugak modu askean esploratzen ari zen gorputz bat. Konbinazioa brutala zen.

Horrekin bai, akordatzen naiz. Zelan Bertso Egun batean Kursaalean agertu zinen, bibotearekin eta betaurreko beltzekin. 2014an, uste dut.

Ba begira, honek grazia egingo dizu. Nire amak, Stereo ikusi zuenean, esan zidan: zertan zabiltza Torrenterena egiten? (barreak) Eta nik ez nion esan Bertso Egunean parte hartuko nuenik. Baina telebistan eman zuten, justu nire ama izebarekin telefonoz hitz egiten ari zenean. Eta esan zion izebak: “Ikusten ai zea?”. Eta amak: “Qué vergüenza”… Eta ni, pozarren (barreak)!

“Niretzat, sorkuntza prozesua deriba bat izaten da bere horretan; prozesuaren inguruko narratiba gero eraikitzen dut normalean”

Ordura arte taldean aritua zinen, Stereo-n zeu bakarrik. Ordura arte, pertsonaia konbentzionalagoak gorpuzten, Stereo-n normatik kanporagokoak. Bigarren haustura bat zure ibilbidean?

Bai. Baina, kasu honetan, bilatua. Alde batetik, neure kabuz lan egiteko beharra neukalako, libreago. Eta, bestetik, baneukalako zerbait barruan, oso biszerala, esploratu nahi nuena eta ordura arte antzeztutako pertsonaietan tokirik ez zeukana. Nire identitatearen mugak arakatzea zen nahi nuena eta, hor, erreferente bi eduki nituen. Bata, emakume alemaniar bat: Claude Kahun. Argazki androgino oso potenteak zeuzkan eta asko erakarri ninduen karreran ezagutu nuenean. Eta, bestea, Angelica Liddell. Uste dut bera izan zela gizonezko baten papera interpretatzen ikusi nuen lehenengo emakumea eta inpresio handia egin zidan. Bakarrizketa bat zeukan, Rikardoren urtea, gaixotasunaren eta itsusitasunaren ingurukoa eta, ikusi nuenean, esan nuen: nik hori nahi dut. Gorputzaren desestrukturazioa lantzea. Intuiziotik. Ze, niretzat, sorkuntza prozesua deriba bat izaten da bere horretan; prozesuaren inguruko narratiba gero eraikitzen dut normalean. Nik Beatriz Preciadoren liburuak irakurtzen nituen garai hartan, orain Paul Preciado dena. Eta azpimarratzen nituen, eta inprobisatzen nuen… Eta jendeari tirria handia ematen dion Torrente hura irten zitzaidan azkenean. Aitortu beharra daukat, halere, Beyonceren moduan sentiarazten ninduela (barreak). Izugarrizko poderioa zeukan. Ez da kasualitatea pertsonaia maskulino bat izatea indar hori dakarrena.

Bietara imajinatzen zaitut eszenatokian: indartsu edo zaurgarri, egunaren arabera. Errodajeetan ere bai. Casting-etan, berriz, zaurgarriago indartsu baino?

Gehienetan bai. Oso potenteak izaten dira. Abiapuntua bera, arriskutsua da ja: “Quiero gustarte” bat da, “quiero que me elijas” bat. Niretzat, neure nahien ardura hartzen ikastea izan da interesanteena. Hasieran, probetara joaten nintzenean, emaitzak ez zidala inporta esaten nion neure buruari. Baina, barru-barruan, hautatua izatea zen nahi nuena. Denbora behar izan dut horretaz jabetzeko, nahi nuenaz. Azken erromantikoak (David Perez Sañudo, 2024) egiteko aukera iritsi zitzaidanean, esan nuen: “Aber, Miren, zuk hau nahi duzu. Onartu, prestatu probetarako eta irteten ez bada, ba egingo duzu negar, baina hartu zure nahiaren ardura”. Eta, kasu hartan, oso ondo irten zen dena. Baina prozesu konplikatuak izaten dira ze, askotan, zure lagunekin batera joaten zara, eta eurei onena desio diezu, baina, batez ere, zeure buruari desio diozu lana lortzea… Ez da erraza.

“Niretzat, neure nahien ardura hartzen ikastea izan da interesanteena. Hasieran, probetara joaten nintzenean, emaitzak ez zidala inporta esaten nion neure buruari. Baina, barru-barruan, hautatua izatea zen nahi nuena”

Ezagutuko duzu Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik (Susa, 2019) saiakera. Kontatzen ari zaren honi buruzko kapitulu bat dauka hain justu: bertso-sistemak eta gizarteak, oro har, bertsolari-emakumeok elkarren kontra lehiatzen zelan ipini izan gaituen esplikatzen du. Ordezkagarriak izan garelako, plazetan leku gutxiago eduki dugulako… Ezagun egiten zaizu.

Oso. Gauzak aldatzen ari dira, baina lehia hori aktoreen artean ere badago, noski. Jeloskortasunarekin bezala gertatzen da, sentitzen duzu eta esaten duzu: joe, ni hori baino guaiagoa naiz. Baina ez zara. Oso sentimendu primitiboak dira. Gogoratzen naiz lagun bat eta biok Leivaren kontzertu batera joan ginela behin. Kontua da, gure lagun bat bere korista zela eta, kontzertua amaitu zenean, musikariekin elkartu ginela. Ba irten zen gitarrista bat, kriston rolloa zeukana. Eseri zen korroan eta, derrepente, neska pila bat bere begiradaren bila hasi ginen. Eta, neuri ere, horixe irten zitzaidan: gizonaren konkistan egotea. Baina, konturatu nintzenean, zer egin nuen? Aulkia hartu, buelta eman, neskei begira jarri eta beraiei entzun, beraiekin hitz egin. Inertzia horiek mierda bat dira, adi egon behar gara.

Eta biratze hori zure lan-ibilbidera ekarriko bagenu? Kamikaz kolektiboaren sorrera izango litzateke? Imajinatzen zaituztet, Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola eta hirurok, aulkiei buelta eman eta gizonezko mordo baten aurrean lepoz esertzen.

Ba sekula ez nuen horrela pentsatu, baina irudi aproposa da, bai. Orain Erika, Amancay eta Iraiak daramate proiektua, ni “pulpo animal de compañía” naiz (barreak). Baina Kamikaz sortu genuenean antz-antzeko momentuetan geunden. Hirurok gentozen gizonezko figura desberdinekin izandako esperientzietatik nekatuta. Gizonezko sortzaileekin inertzia toxikoak sortzen dira batzuetan, emakumezko batzuekin ere bai. Eta gu dinamika horiek apurtzeko elkartu ginen, sorkuntza prozesuak konpartitzeko, lanerako eremu seguruago bat aurkitzeko… Bien bitartean, lagun egin ginen eta orain elkarren babesean jarraitzen dugu, lanean, bizitzan, denean. Horrek ez du esan nahi gatazkarik edukitzen ez dugunik. Diferentzia da sentitzen dugunari eta pentsatzen dugunari lekua ematen diogula eta arazoak modu sanoagoan kudeatzen ditugula. Uste dut inportantea dela espazio seguruak desmitifikatzea.

“Nire inguruan sotilagoa izan da dena, baina tarteka gogorra ere bai: botere-harremanak nola eratzen diren, nor dagoen goian, nor behean, nori permititzen zaizkion komentario batzuk, nori ez… Espazio batean gustura sentitzen ez bazara, legitimatzen jarraitu behar duzu? Konplikatua da”

Arazoez ari zarenean, eguneroko lan-gatazketatik harago doazenak ere tratatuko dituzuela imajinatzen dut. Badira urtetxo batzuk Me Too mugimenduak zinearen industria egituratzen duten botere-harremanak mahai gainean jarri zituenetik eta, azken hilabeteotan ere, hainbat sexu-eraso salatu dira Goya Sarien bueltan, Cannesko Zinemaldiaren atarian… Egongo da, hala ere, “hemen ez” pentsatuko duenik, “gurean ez”.

Ba, bai. Hemen ere bai. Gertatzen dena da urrunekoa errazago izendatzen dugula hurbilekoa baino. Kosta egiten da. Nik neuk, oraintxe bertan, bolumena jaitsi dudala igartzen dut. Neure esperientziez baino ezin dezaket hitz egin eta, egia da, nik ez dudala horrelako eraso espliziturik bizi izan. Nire inguruan sotilagoa izan da dena, baina tarteka gogorra ere bai: botere-harremanak nola eratzen diren, nor dagoen goian, nor behean, nori permititzen zaizkion komentario batzuk, nori ez… Espazio batean gustura sentitzen ez bazara, legitimatzen jarraitu behar duzu? Konplikatua da. Zu lan-prozesu batean zaude, askotan lagunartean, eta derrepente ikusten duzu muga batzuk gainditu egin direla eta ez dakizu sentitzen duzun hori komunikatu edo ez. Badakizu egoera batzuk dinamitatuko zenituzkeena ahoa zabalduz gero. Eta kulpa sentitzen duzu, intseguritatea. Beldurra sartzen zaizula, alegia: zerbait esaten badut, ez didate gehiago deituko… Horixe pentsatzen duzu. Eta hala ere, bestearengan pentsatzen jarraitzen duzu: gauzak lasai esan nahi dituzu, inor zauritu gabe… Baina gaizki iruditzen zaizuna azaldu nahi duzu zeure burua babesteko. Ez da erraza. Beste batzuek, ordea, ez daukate inongo arazorik lekua hartu eta beraien diskurtsoa botatzeko. Enfin.

“Bai zineman, bai antzerkian, estruktura zaharretatik gatozenez, mezua beti da bera: gauzak ezin direla beste modu batean egin. Ez da erraza, baina saiatu gaitezke, nik uste”

Eta kontziliazioa, zer moduz daroazu?

Bene-benetan desio nuen zerbait zen ama izatea, eta harro esaten dut berrogeita hiru urterekin izan nintzela. Marabillosoa da? Bai. Kudeatzen oso zaila? Ere bai. Gure umea txikia da oraindik eta lan-dinamikak, zinema zein antzerkian, intentsoak dira oso. Baina egin dut, eta lortu dut. Laguntza izan dugulako, noski. Pelikula bat errodatzen ari bazara, adibidez, ia dena utzi behar duzu bertan behera. Epeak oso estuak izaten dira, hor diruak agintzen du… Eta bai zineman, bai antzerkian, estruktura zaharretatik gatozenez, mezua beti da bera: gauzak ezin direla beste modu batean egin. Ez da erraza, baina saiatu gaitezke, nik uste. Serie luze batzuen errodaje-ordutegia aldatzen hasi da, adibidez: zortzi orduko lanaldiak dauzkate. Poliki-poliki ari da zerbait mugitzen. Ea.

Adinari lotuta, deigarria da hogeita piku urteko neskak hamabost-hamasei urteko nerabeen paperetan ikusten zelan jarraitzen dugun. Alderantziz ere bai, emakume gazteak zaharragoak interpretatzen.

Bai, bai. Antzerkian gutxiago esango nuke, baina ikus-entzunezkoetan basatiagoa da gai hau. Zuk hogeita piku urteko neska bat berrogeiko baten paperean ikusten duzunean, pentsatzen duzuna da zeugan dagoela akatsa, ez pantailan. Zure gorputza aldatzen ikusten duzu, azala ere bai… Eta ez dakizu aldaketa horiek nola hartu. Alde batetik, zaintzatik egin nahi duzu. Baina, bestetik, etengabe epaitzen zaituen begirada bortitz bat daukazu barruan. Eta, bai, neuk ere pentsatzen dut batzuetan Ursula Corberó edo Kate Winslet izan nahi nukeela. Baina badakit horren atzean zer dagoen eta neure burua balidatzen saiatzen naiz. Ikasten. Gorputz ez-normatiboen inguruko hausnarketak irakurtzen. Uste dut, behar-beharrezkoak direla errepresentazio errealagoak eta anitzagoak.

Bisualizatzen duzu hamar-hogei urte barru interpretatzea gustatuko litzaizukeen paperik? Zeure neurrira idatziko zenukeenik?

Lanei heltzeko nire modu naturalena ez da idaztea. Da, gehiago, esperimentatzen hastea. Gorputzetik. Baina, egia esaten badizut, momentu honetan, horrelako pertsonaia batean pentsatzen baino, lanaren eta amatasunaren arteko dantza hau nola eramaten den ikasten ari naiz. Multitasking-a kudeatzen. Lan aldetik oso garai polita izaten ari da, baina dantza honek… tiene lo suyo.

Nik, Miren, ez dakidana da amaierak interpretatzen. Elkarrizketaren lehenengo partea hemen amaitzen da, ez dakit txaloak eskatu behar nituzkeen, edo ez…

Ez, ez. Orain txalorik ez. Orain bigarren partea. Orain mahairik gabe. Orain aurrez aurre eserita.

 

 

Miren Amurizak eta Miren Gaztañagak Urdin Elektrikoan egindako saioaren bigarren atala. / Argazkia: Pikara Magazineri utzia.

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

------------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


Peio Berterretxe
“Tresna sozial izatetik, produktu kultural izatera pasatu dira plaza antzerkiak”

Master Amaierako lan sendoa aurkeztu berri du Peio Berterretxek. Urte luzetan antzerkian ikasia eta aritua, plaza antzerkien jatorriaz eta gaur egun dituzten funtzioez aritu gara harekin, Lekorneko Kabalkadan oinarrituta egin duen ikerketaren aitzakian.


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

-------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


Jendetasun zolatik, Kittof gogoan

Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]


Aitortza berantiarra, metamorfosi gauzatua

Emakume baten borroka eta metamorfosia
Nork: Eneko Sagardoyk eta Vito Rogadok.
NOIZ: abenduaren 1ean.
NON: Santurtziko Serantes aretoan.

-----------------------------------------------------------

Plana proposatu eta berehala, sarrerak online erostea erabaki zuen... [+]


'Zorretan'
Berezko lore bat

ZORRETAN

Testua eta zuzendaritza: Agurtzane Intxaurraga.
Aktoreak: Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza, Jabi Barandiaran.
Noiz eta non: Urriaren 25ean, Donostiako Gazteszenan.

----------------------------------------

Bere argi propioa bilatzen ari den loreari... [+]


2024-10-31 | Iñigo Satrustegi
Bizitza ez da esateko erraza

MIÑAN
NORK: Artedrama. Sambou Diaby, Ander Lipus, Eihara Irazusta, Mikel Kaye.
NON: Bilboko Arriaga Antzokian.
NOiz: Urriaren 25ean.

----------------------------------------------

Euskaraz kontatu zuten Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek Miñan 2019an. Bost urte... [+]


Bakarrizketan

Autoan noala hasi naiz artikulua zirriborratzen, mentalki. Ideiarik onenak autoan izan ohi ditut, bakarrik gidatzen ari naizela. Bilborantz noa, Arriaga antzokira. Artedrama konpainiak Miñan antzezlana taularatuko du gaur. Urriak 25 ditu, ostirala da.

Antzokiko atarira... [+]


'Eukalyptus'
Naturaren aberastasuna

Eucalyptus
Testua: Nerea Ibarzabal, Jon Ander Urresti, Matxalen de Pedro eta Beñar Urrutia.
Zuzendari eta dramaturgoak: Matxalen De Pedro eta Jon Ander Urresti.
Aktoreak: Jon Ander Urresti eta Beñat Urrutia.
Non: Lugaritz kultur etxean (Donostia).
Noiz:... [+]


Eguneraketa berriak daude