Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Batzordea batu da gaur eta Aiaraldea izan da bileraren ardatza. Izan ere, PPk eta EH Bilduk Mikel Jauregi sailburuari galdetu diote zer inbertsio egin dituzten eskualdeko Larrialdi Planaren barruan.
Galdera horiei erantzun bade ere, Jauregiren hitzartzeak titularra utzi du Guardian enpresari dagokionez, sailburuak adierazi baitu Eusko Jaurlaritza prest dagoela lantegiaren erosketan parte hartzeko "industria proiektu sendoa eta etorkizunekoa" bada.
Bilerak aste honetan
Horretarako, Jauregik aurreratu du bilerak egingo dituztela aste honetan balizko inbertsoreekin, euren asmoak ezagutzeko.
Aintzat hartuta Guardian Laudioko jarduera ekonomikoaren ordezkoa hartuko lukeen enpresak erosketa oso garrantzitsua egin beharko lukela, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailburuak aipatu du Jaurlaritzak prestutasuna duela operazioan parte hartzeko eta inbertitzeko.
Hori dela eta, Larrialdi Planean jasotako aurrekontua gaindituko litzateke. Hori bai, Jauregik ez du diru kopuru zehatzik eskaini eta PPko ordezkariak inbertsoreei buruz galdetu duenean ez du izenak eman, diskrezioa beharrezkoa dela argudiatuta.
Kaleratzeak aurrera doaz
Batzordea egiten ari ziren bitartean, Guardian enpresako zuzendaritzak eta langileen ordezkariek 171 kaleratzeen enplegu espedientea lantzeko bilera izan dute gaur goizean.