Euskarazko hedabideen historia jarraitu duenak, badaki azken 30 urteetako abaroan egin dela biderik emankorrena. Eta badaki denbora horretan emandako aurrerapausoa itzela dela. Gaur egun 400.000tik gora biztanlek kontsumitzen ditu euskarazko hedabideak, 2008ko Eusko Jaurlaritzaren ikerketa baten arabera.
Komunikazioa da gure ardatza, inguratzen gaituen mundua nola ikusten dugun kontatzea, ikusmolde eta euskarri anitzez. Elkarren lehian eta elkarren osagarri. Hori da lokaletik globalera egiten dugun ekarpen nagusia, hizkuntza, euskaraz egiten duguna. Harro gaude egindako bide horrekin, pozik egiten dugunarekin, euskal kulturaren isla eta hauspo gara, eta gure euskaltasunetik munduaren ikuskera ugari eskaintzen ditugu. Albistea eta informazioaren haritik, entretenimendutik, gertukotik, sakonetik, zientziatik…
Baina ez da nahiko, ibilbide horretan sakondu behar dugu, orain artekoa hobetuz eta zabalduz. Hiztun komunitateak bere burua euskaraz islatua ikusteko eskubideaz ari gara, beharraz, nahiaz. Edozelako gizarte modernoren orainean, edozein kulturaren geroan, giltzarri da hedabideen zeregina. Ez da hau ukatuko duenik eta hala ebazten da behin eta berriz erakunde publiko eta alderdi politiko gehienen euskarari buruzko gogoeta eta plan estrategikoetan. Printzipio eta helburutan letra larriz aitortzen dute garrantzi hori, baina sostengu ekonomikoan ez, ez behintzat hedabide ez publikoei dagokienez.
Ezagun da EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herrian oso egoera desberdinak bizi direla: Nafarroan eta Iparraldean erakundeen sostengua hutsala da; EAEn oso bestelakoa da, baina ez da nahikoa, aurrean ditugun erronkei begira eusteko adinakoa ez bederen.
Euskarazko hedabideok ohituta gaude zailtasunean jarduten, gure hizkuntzaren izaera ez normalizatuak horretara bultzatzen gaitu, eta agian horrek ere laguntzen digu bizi dugun krisiari aurre egiten. Baina egoera gorria da eta hainbatetan larria. Hedabide ugari ari dira ixten munduan, hedabide historikoak, ospetsuak, gureen aldean handi eta indartsuak… Eta guk ere enbataren erdian dihardugu. Publizitatea behera, salmentak ere bai, diru-laguntzak urritzeko joeran… Noiz arte eutsi ahal izango diogu?
Bankuen, autoen, altzari eta elektratresnen salbamendu garaian, guk ere sostengu sendoagoa aldarrikatzen dugu. Maiz aurpegiratu zaigu diru publikotik bizi garela, bai euskal kultura, bai euskarazko hedabideak, konplexua sortzeraino ere bai agian. Orain, ostera, inoiz baino argiago ikusten da nola giltzarritzat jotzen diren esparru eta proiektuetan, erakunde publikoek dirutzak bideratzen dituzten, izan hauek eremu publiko edo pribatukoak.
Eta ekonomikoki ere sektore garrantzitsua da euskarazko hedabide ez publikoena: 600 langiletik gora ari gara bertan, hilero soldata etxera eramanez eta euskal gizartearen aberastasunean gure alea jarriz.
Azken 30 urteetan ibilbide oparoa egin dugu, baina bada ordua beste jauzi bat emateko. Gure konpromisoa hemen dago, egunerokoan ikusgai. Eta instituzioen konpromiso sendoagoa ere egunerokoan ikusi nahi dugu. Herri erakunde publikoen sostengu eta babes handiagoa aldarrikatzera gatoz.
Gure gizartearen garapena ezin delako porlana eta azpiegitura handien garapenari lotu. Adibidez, Euskal Y tren proiektuaren kilometro bakar batek, erakunde publikoetatik euskarazko hedabide ez publiko guztietara lau urtetan bideratzen dena balio du. Errepide, trenbide edo eraikuntza handien zati txiki batek gure etorkizuna berma dezake. Euskarazko komunikazioak merezi du tamainako apustua, eta euskal kulturak ere bai.
Sinatzaileak:
ARGIA
Arabako Hitza
Bizkaiko Hitza
Gipuzkoako Hitza
Ipar Euskal Herriko Hitza
Lea-Artibai, Mutriku eta Busuturialdeko Hitza
Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza
Irria
BidasoaMedia
Antxeta Irratia
pauusuirratia.net
Aiurri
Irulegiko Irratia
Gure Irratia
Xiberoko Botza
Hala Bedi Irratia
Info 7
Koska Irratia
Ukberri.net
Jakin
Herria
Galtzaundi Euskara Taldea
Aizu!
Noaua! aldizkaria
Pil-pilean aldizkaria
Elhuyar
Uztarria komunikazio taldea
Berton aldizkaria
Prest! aldizkaria
Hernaniko Kronika
Gaztezulo
Mailope
Esan-erran irratia
Pulunpe aldizkaria
Txintxarri aldizkaria
Aldiri
Uztaro
Bertsolari
Entzun!
Hik Hasi
UK
Xorroxin Irratia
Nontzeberri
Ttipi-Ttapa
Zuhatza
Gazteberri
±18 Presta ezazu zure etorkizuna
...eta kitto!
Anboto
Zazpihaizetara
Baleike
Gipuzkoako Aiurri hamabostekaria eta astekaria itxi egingo dira hilabeterako; eta langileei erregulazio espedientea ezarriko zaie. "Aurrez ere baziren korapilo eta oztopoak are gehiago korapilatu direlako hartu dugu erabakia", dio Aiurrik plazaratutako oharrak.
Guardia Zibilak Jon Lizarribar atxilotu du gaur goizean Urnietan, eta Ruben Gelbentzu Andoainen.
Euskara hutsean lan egiten duten hainbat hedabidek Hekimen elkartea sortu dute. Donostiako Koldo Mitxelenan egin dute aurkezpena gaur eguerdian, eta han aurkeztu dute zuzendaritza. Iban Arantzabal izango da presidentea lehendabiziko urtean.