Euskaraz zainduak izateko eskubiderik badugu?

  • Euskararen kontrako epaien oldarrialdien, azkenengoetako bat izan da Gipuzkoako entitate publiko bat, Kabia, kinkan jarri duena, ezarritako hizkuntza eskakizunen kontrako epai batekin. Bertako langileak egonkortzeko prozesuan ezarritako euskara eskakizunak, euskararen normalizazioa "maximizatzeko" intentzioa omen dute, eta hori okerra da epaiaren arabera. Kabia adineko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaz arduratzen den organismo autonomo bat da, Gipuzkoako 16 herritan ditu egoitzak, eta Foru Aldundiari atxikita dago. Herri hauetako euskara elkarte batzuek agiria kaleratu dute gaur, "Euskaraz zainduak izateko eskubidea badugu" goiburuarekin.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2024ko urriaren 30ean - 07:51

Astelehenean izan dira elkarretaratze batzuk Kabiaren kontu honengatik Kontseiluak deituak. Eta bada asteartean besteren bat ere, adibidez Irunen (kartela, ilustraziorako, bertako deialdiarena).

Eta beheko agiria kaleratu dute honako euskara elkarteek gaur: Aitzondo (Irun), Dobera (Hernani), Eta Kitto (Eibar), Galtzaundi (Tolosa) eta Jardun (Bergara).

Euskaraz zainduak izateko eskubidea dugu

Gure herrietako adineko edota mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako egoitzetan lanpostuak egonkortzeko lan-deialdian hizkuntza eskakizunen aurkako epaiaren berri izan dugu. Euskara elkarteok kezkaz bizi dugu, behin eta berriz, euskararen normalizazioa helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta. Azken epaiak, beste behin ere, euskararen biziberritzea oztopatzea du helburu eta herritarren hizkuntza eskubideen aurkakoa da.

Zerbitzu publikoek herritarron hizkuntza-eskubideak bermatu behar dituzte eta epai hau kontrako norantzan doa. Herritarrokin zuzeneko harremana izango duten lanpostuetan euskararen ezagutza eskatzeak, herritar guztion eskubide linguistikoak bermatzea ziurtatzen du. Euskaraz artatua izatea ez bazaigu bermatzen, euskara erabiltzea oztopatzen zaigu euskaldunoi.

Kasu honetan, gainera, adineko egoitzei eragiten die epaiak, gure herrietako sektore zaurgarrienetako baten eskubideak urratuz. Adinean aurrera joandako edo mendekotasun egoeran dauden herritarrak dira zerbitzua zuzenean jasotzen dutenak eta egoera horietan are gehiago, zaintza behar bezala jasotzeko benetan erabakigarria da hizkuntza. Pertsona zaurgarrienak duintasunez eta beraien hizkuntza erabiliz zaintzeko baldintza eta bermea da lanpostu horietarako hautagai guztiak zerbitzuak eta arreta euskaraz eskaintzeko gai izatea. Izan ere, zerbitzu publikoek ezin digute gure hizkuntzan aritzeko eskubidea oztopatu. Jasotako sententziak, ordea, Kabia erakundearen baitako egoitzetan euskaraz artatuak izateko bermea ezabatzen digu herritarroi.

Norabide berean sententzia bat bestearen atzetik jasotzen ari gara, eta argi dago ez direla kasu konkretuak: euskararen kontrako eraso eta estrategia judiziala da aurrean duguna. Azken urteetan, kontsentsu zabalean oinarritutako eta euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontrako sententziak ugaritzen ari dira auzitegietatik. Beraz, euskararen biziberritze prozesuaz harago, berdintasuna, justizia eta kohesio soziala jokoan dagoela ikusita, Gipuzkoako Foru Aldundiari azken epaiari helegitea jartzeko eskatzen diogu. Eta bestetik, lege-araudia garatzeko eskumena duten gainerako erakundeei eskatu nahi diegu, bakoitzak bere eskumenetik, euskararen indarberritze-prozesuari lege-babes sendoa bermatzeko pausoak ematea.

Oldarraldi judizialaren baitako epaietan konstante bat da euskara bazterketarako tresna dela adieraztea. Guk, ordea, argi dugu euskarak gure gizartean oso bestelako trakzio indarra duela: euskara gizarte kohesiorako, berdintasunerako eta justizia sozialerako ezinbesteko osagaia da. Euskararen aurkako erasoak gelditzeko, gure hizkuntzaren normalizazioan pausoak emateko eta guztiok euskararen erabilera indartzeko garaia da.

2024ko urriaren 28an.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskaldunen aurkako erasoak
“Botere judizialaren injerentzia” salatu dute Donostian, udaltzainen euskara eskakizunen auziaren harira

Euskarazko B2 eskakizuna zuten bi udaltzain lanpostu baliogabetu zituzten epaileek iazko urtarrilean, euskara eskatzea "diskriminatzailea" izan zitekeela iritzita; eta aitzineko astean, Donostiako Udalak aurkezturiko helegitea ez aztertzeko erabakia hartu du EAEko... [+]


Udaltzainen hizkuntza eskakizunen aurkako oldarraldia Donostian, Astigarragan eta Usurbilen

Donostiako Udalak 2024ko irailean helegitea jarri zuen, urte bereko urtarrilean epaileek bi udaltzainen B2 hizkuntza eskakizuna baliogabetu zutelako. EAEko Auzitegi Nagusiak helegitea ez du tramitera ere bideratuko, “kasaziorako interes objektiborik” ez dagoelako... [+]


Isunak kendu dizkiete ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortutako donostiarrei

Eusko Jaurlaritzak isunak kendu dizkie ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortuak izan ziren Donostiako herritarrei. Manex Ralla eta Amaia Abendaño dira herritar horiek, isunak kendu dizkietela baieztatu diote hedabide honi.


2025-01-30 | Aiaraldea
Amurrioko Udalak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza 2025eko udal aurrekontuetan sartzeari

Ostegun honetako Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dira Amurrioko Udaleko 2025erako aurrekontuak eta, beste behin ere, Udal Gobernuak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen hitzarmen eta dirulaguntza berrezartzeari.


Gehiegizko hizkuntz eskakizunak ditu Donostiako HAPOa idazteko kontratazio espedienteak, arkitektoen elkargoaren ustez

Arkitektoen elkargoaren helegitea dela eta, Donostiako Udalak atzera bota du kontratazio espedientea.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


Euskararen kontrako oldarraldia salatzeko pintaketak egin dituzte epaitegietan eta CCOO eta UGTren egoitzetan

Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Irungo euskaldunak sutu dituen ekitaldia: 35 elkartek “aski da” esan diote udalari

Irungo euskaldunen pazientziak gainezka egin du; haserre daude eta oraingoan ez dira "isilik geratuko". Gabonetako argiak pizteko ekitaldia erdara hutsean egin izanak hiriko 35 elkarte eraman ditu udalaren hizkuntza politika salatzera –aurrekari gutxi izango ditu... [+]


2024-10-28 | Leire Ibar
Azken epai euskarafoboaren harira, “enplegu publikorako hizkuntza bakarra gaztelania izatea” salatu dute

ELA, LAB eta Kontseiluak elkarretaratzea egin dute, Administrazioarekiko Auzietarako epaitegi batek Kabia organismoari emandako ebazpenaren aurka protestatzeko. Euskara maila bermatzeko ahalegina “hutsaren hurrengoa” bilakatzeko arriskua dagoela salatu dute.


Eguneraketa berriak daude