Antzinaroko euskaraz idatzitako testu zaharrena aurkitu dute Nafarroan

  • Esku itxura duen K.a I. mendeko brontzezko xafla batean agertu dira inskripzioak. Iberiar alfabetoaren aldaera batean dago idatzia testua, antzinako euskarara edo "baskoierara" moldatua: “Zorioneko” hitza antzeman daiteke hasieran. Nafarroako Gobernuak eta Aranzadik eman dute aurkikuntzaren berri eta euskararen bilakaera ikertzeko “mugarri” izango dela nabarmendu dute. ARGIAk Mattin Aiestaran aztarnategiko zuzendaria elkarrizketatu du esklusiban.


2022ko azaroaren 14an - 07:00
Azken eguneraketa: 2022-11-16 19:19

Bi mila urte baino gehiago ditu 14 zentimetroko esku itxurako brontzezko piezak. Aranzadi induskatzen ari den Irulegiko baskoien herrixkako aztarnategian agertu da, Nafarroako Aranguren bailaran, eta alde batean lau lerro eta 40 zeinu dituen inskripzioa dauka. Testua iberiar idazkeraren aldaera batean dago idatzia, garai hartako baskoiek Antzinaroko euskarara moldatuta; lehen hitzan sorioneku edo “zorioneko” irakur daiteke, behin transkripzioa eginda.

Nafarroako lehendakari María Chivitek eman du astelehenen honetan aurkikuntzaren berri, Irulegiko aztarnategitik gertu dagoen Arangurengo Gongora jauregian egindako agerraldian. Berekin batera izan dira Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura sailburua, Manolo Romero Aranguren Ibarreko Udaleko alkatea, eta Mattin Aiestaran aztarnategiko zuzendaria.

Chivite aurkikuntzaren aurkezpenean.

Aranzadiko ordezkariek lehen mailako garrantzia eman diote aurkikuntzari, duela 2.100 urte baskoiek idazten zutela eta, are gehiago, Antzinaroko euskarara moldatutako idazkera erabiltzen zutela frogatzen baitu: “Aurkikuntza hau mugarri bat da gure elkartearen historian, bere garaian Ekaingo margoen aurkikuntza izan zen bezala”, azaldu dio aldizkari honi Juantxo Agirre Aranzadiko idazkari nagusiak.

Duela 2.100 urte baskoiek idazten zutela eta, are gehiago, orduko euskarara moldatutako idazkera erabiltzen zutela frogatzen du aurkikuntzak, adituen esanetan

Brontzezko eskua 2021eko ekainean agertu zen aztarnategian, Aranzadi egiten ari den indusketen baitan, Burdin Aroko herrixkako etxe bateko atarian. Azaldu dutenez, prozedurak eta protokoloak erabat zaindu dituzte hasieratik.

Pieza agertu zenean, Nafarroako arkeologia biltegira eraman zuten zuzenean bere lur eta guzti, Cordovillara, Nafarroako Gobernuko arkeologo teknikariek eta zaharberritzaileek garbitu zezaten, beste piezekin egin ohi duten bezala. Handik hilabete batzuetara garbiketa prozesuarekin hasi zirenean jabetu ziren idatziak zituela.

Denbora honetan hainbat azterketa egin dituzte, testuinguru arkeologikoa, datazioa –K.a I. mendeko lehen laurdenekoa da– eta hizkuntzalarien ondorioak jakiteko. Orain, emaitzak komunitate zientifikoan aurkeztu nahi dituzte, Cambridge Unibertsitateko Antiquity aldizkarian, eta artikuluak editorearen lehen galbahea pasa du jadanik.

Irulegi 900 metroko garaieran dago eta aztarna Erdi Aroko gazteluaren beheko magalean induskatzen ari diren Burdin Aroko herrixkan agertu da. (argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea)

Antzinaroko euskarak sistema grafiko propioa zuen

Javier Velaza epigrafista eta Bartzelonako Unibertsitateko katedradunak ikertu du testua, Joaquin Gorrotxategi EHUko hizkuntzalariarekin batera. Aranzadiren galderei erantzunez esan du aztarna “paregabea” dela arrazoi askorengatik, eta batez ere idatzita dagoen hizkuntzagatik: “Irulegiko piezatik abiatuta, esan dezakegu baskoierazko berezko sistema grafiko bat existitzen zela".

Testua iberiar alfabetoan dagoen arren, baditu hizkiak baskoiek euren hizkuntzako soinuak jasotzeko eginak, garaiko bi txanponetan agerturiko “T” itxurako bat kasu; horregatik euskal aldaera propio batez ari garela diote. Lehen hitza baino ez da ulertzen eta honela transkribatu dute testu osoa:

“Pentsatu izan dugu baskoiak ez zirela gai segidako testurik idazteko, baina honek ezabatu egiten du ideia hori”, azaldu dio Gorrotxategik Aranzadiri. Irulegi baskoien lurraldearen “bihotzean” dago kokatua, Iruñetik kilometro gutxitara.

Zoriona erakartzeko amuleto bat

Esku itxura duen xaflak, hatz puntetan azkazalak ditu marraztuta, eta zulo bat ere badauka. Aiestaranek azaldu duenez pentsatzen dute iltzatuta edo zintzilik egongo zela etxe atarian, eta zorte ona erakarri eta zoritxarra uxatzeko amuleto bezala erabiliko zutela; hortik “zorioneko” hitza jartzea.

Bere lur eta guzti garraiatu zuten pieza Nafarroako arkeologia biltegira (argazkia: Aranzadi Zientzia Elkartea)

Huescan (Aragoi, Espainiako Estatua) azaldu dira esku itxurako beste pieza solte batzuk, baina inskripziorik gabe, eta Yemenen, Zafarreko aztarnategian bada zoriona erakartzeko inskripzioa duen garai hartako esku baten beste adibide bat.

Erreportajea eta elkarrizketa esklusiban aste honetan

ARGIAk erreportaje zabala dakar aste honetako aldizkarian, artikulu zientifikoaren sinatzaileen artean dagoen Josu Narbarte kolaboratzaile, arkeologo eta ikerketa taldeko kidearen eskutik. Bertan dioenez, orain arte latinezko esteletan tartekatutako pertsonen edo jainko-jainkosen izenak baino ez genituen, eta hortaz, Irulegikoa “Antzinaroko euskarazko esaldirik luzeena dugu”.

Horrez gain, Mattin Aiestaran indusketako zuzendaria ere elkarrizketatu dugu esklusiban: “Euskararen aurrekariaren dokumentu ziur zaharrenaz ari gara”, azaldu du. Elkarrizketa osoa hemen dago jadanik irakurgai. Halako edukiak bultzatu eta aldizkaria etxean jaso nahi izanez gero, egin zaitez ARGIAkoa.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irulegiko Eskua
Irulegiko eskua, zein nobedade dakartza ‘Antiquity’ aldizkariak?

Irulegiko Burdin Aroko herri gotortuan azaldutako brontzezko piezari buruzko ikerketa “osoena” azaltzen duen artikulua argitaratu du aditu talde batek nazioarteko aldizkari zientifikoan. Orain arte ez genekizkien hainbat berritasun dakartza.


Irulegiko eskua ezinen da erregistratu marka komertzial moduan

Espainiako Marken eta Patenteen Bulegoak atzera bota ditu marka edota diseinu industriala erregistratzeko hamahiru eskaerak, tartean Arantzadi Zientzia Elkartearena, argudiatuz aurkikuntzak ez duela izaera bereizgarririk eta ez dela marka moduan pertzibitua izanen.


Irulegi: eskuaz haratago, eskuari esker

Irulegi, duela 2.100 urte inguru. Burdin Aroko herrixkari eraso egin eta erre ondoren, biztanleek abandonatu egin zuten 1.100 urte inguru eta gero. Amaierako garai hartakoa da iazko kanpainan argitara eman zuten esku ezaguna, eta aztarnategiaren ikerketan eragin nabarmena izan... [+]


Irulegin tipologia berezia duen etxebizitza eta pieza arkeologiko ugari azaleratu dituzte aurtengo kanpainan

Antzinako euskarazko hitzak dituen eskua agertu zen Nafarroako indusketagunean arkeologoek lanean jarraitu dute aurten eta Burdin Aroko herrixka baten aztarna gehiago aurkitu dituzte, tartean harrizko eskailerak dituen etxebizitza, mendebaldeko Pirinioetan ez da inoiz orain arte... [+]


Irulegiko Eskua Interes Kulturaleko Ondasun izendatzeko prozesua hasi du Nafarroako Gobernuak

Ondare Historikoaren Zerbitzuak argudiatu du arrazoi nahiko daudela piezaren garrantzia eta berezitasuna baieztatzeko.


Burdin Aroa
Bidaia bat protohistoriako Euskal Herrian barrena

Irulegiko eskuaren aurkezpen publikoak jendartean nabarmen piztu du duela bi mila urte baino gehiagoko Euskal Herria nolakoa zen jakiteko grina. Zorionez, Burdin Aroko arkeologiak tradizio luzea du gurean, eta garai hartako zenbait aztarnategi ezagutuz iraganera bidaia txiki bat... [+]


2022-12-16 | ARGIA
“Zorioneko” da urteko hitza, Euskaltzaindiak eta UZEIk hautatuta

Urtero hautatzen dute urteko hitza bi erakundeek, eta 2022koa zorioneko izatea erabaki dute: "Irulegiko eskua dela eta, berba horrek hedabideetan eta sarean izan duen erabileran oinarrituta hautatu dugu", arrazoitu dute.


Brontzezko beste esku bat, xehe-xehe

Himyaritar Erresuma (egungo Yemen), K.o II-III. mendea. Wahab Ta'lab izeneko gizon batek brontzezko esku bat utzi zuen Zafar hiriko tenplu batean, Ta'lab jainkoari babesa eta ongizatea eskatzeko. 1983an aurkitu zuten eta British Museumeko bildumaren parte da egun... [+]


Irulegiko eskua erabiltzeko manuala

A ze astea lagunok. Frenesi hutsa. Zenbat pasio, zenbat ilusio, zenbat sukar. Egia izango da azkenean ez dakit nork esan zuen –eta mundu guztiak Lenini egozten dion– zera hura: batzuetan hamarkadak pasatzen direla ezer gertatu gabe, eta derrepente egun batzuetan... [+]


Eguneraketa berriak daude