Azken sei urteotan euskaltegietan lan egiten dugun hainbat irakasle abentura eder baten partaide izan gara. Azken Korrikan milaka eta milaka herritar euskaltzalerekin batera lau haizetara aldarrikatu genuen bezala, harro eta herri.
Sakabanaketa bere gordinkeria osoan zegoen indarrean, eta ehunka euskal herritarrek euskaraz bizitzeko eskubidea erabat kolpatua zuten: deserria zitzaien inposatua, euskal preso politiko izateagatik.
Deserriak hamaika zauri eragiten du, denak mingarri. Presoari berari eragindakoez gain, senide eta lagunen sufrikarioa dugu azpimarratzekoa. Eta dispertsioak ekarritako heriotza ekidingarri horiek guztiak gogoratu behar, lehenik eta behin, barruko zein kanpoko: inposatutako bidaia luzeetan gertaturikoak, arreta mediku egokiaren faltak eragindakoak, isolamendu eta bakartzea muga-mugaraino eraman izanaren ondoriozkoak...
Mintzoa ere lapurtu nahi izan die urrutiratze eta sakabanaketa politika horrek: hitza, euskara, hizkuntza. Zauri latza, alajainkoa! Zauri horren sendagarri izan nahian, duela sei urte zenbait irakasle hasi ginen urrutiko espetxe haietan ziren presoekin elkarlanean; hasieran EGA titulua eskuratu nahi zutenei laguntze aldera. Lehen urrats hartatik sortu zen azken urteotan euskaltegietako irakasle talde honek garatu duen ibilbidea.
Ezina ekinez egina. Esaldi iradokitzaile hori oinarri, deserriratze hark zekarren eskubide ukazio larriari aurre egin nahi izan genion. Euskal preso politikoak, beste euskal herritar guztiak bezalaxe, euskaraz bizi eta euskaraz ikasteko eskubidearen jabe ziren. Badira. Eta eskubideak defendatu beharrekoak dira, gauzatzekoak, beti.
Herritar orori eta preso guzti-guztiei zor diegu euskaraz bizitzeko aukera. Euskara ikasteko eskubidea bermatuta. Espetxeak euskara behar du eta euskarak espetxeetako biztanleen ekarpena ere bai
Hainbat arlotan nozitzen zuten ukazio gordina: unibertsitatean euskaraz ikasteko aukerarik ez, posta edota telefono bidezko komunikazioetan erdaraz aritzeko inposizioa... Euskara hobetzeko edo euskaraz bizi ahal izateko ikastea bera ere, ezinezko. 2019-2020 ikasturtean 43 irakasle aritu ginen eskubide ukazio horri zirrikitu sendagarri bat ireki nahian. Posta bidezko tutoretzen bidez, lagunentzat beharko liratekeen bisita batzuk eskuratuta... Beste horrenbeste presorekin ibilbide polita garatu genuen sakabanaketak iraun zuen azken urteetan, emaitza dotoreak lortuta. Zailtasun guztien gainetik, euskara, deserriaren aurkako sendagai, Euskal Herriarekiko lotura zilbor.
Eta sakabanaketa amaituta, zorionez, aro berri bat ireki zen, honetan ere bai. Eta zera ikusi ahal izan dugu: Euskal Herrian bertan kokatuta ere, espetxea deserriratze sistema bat badela, berez. Eta ikusi, euskara ikasteko eskubidea bermatzeko, preso diren pertsona guztiei dagokien eskubidea bermatzeko, asko falta dela. Gure ekarpentxoa egin nahi izan dugu horretan ere. Presoek euskaraz ikasteko eta euskaraz bizitzeko duten eskubide hori gauzatu ahal izateko aukera egiazkorik izan dezaten, berdintasunean, inolako diskriminaziorik pairatu gabe.
Hasieratik bertatik planteatu genien administrazioko arduradunei espetxeetan euskara ikasteko moldeak ofiziala behar duela izan, kalean eskaintzen diren aukera berdinak eskainita, euskaltegien bidez garatzen den metodologia eta bitarteko egokiak bermatuta.
Hori ailegatu bitartean, iazko eta azken ikasturte honetan, ahalegin betean aritu gara. Euskal preso politikoekin abiatutako bidea preso guztientzako aukera bilakatu nahian. Zaballan egin genuen ahaleginarekin urratu genuen bidea: 106 presok euskara ikasteko euren borondatea adierazi eta matrikulatu ziren. Denari ezin erantzun eta emaitza azkarragoa ekar zezaketen mailei eskaini behar izan genien lehentasuna. Basaurin eta Martutenen ere ireki zitzaigun aukera. Ez, zoritxarrez, Iruñean; are gutxiago Lannemezanen.
Ibilbide honetako emaitzak oparoak izan dira. 2022-2023 ikasturtean, euskara ikasten aritu dira 62 ikasle Zaballan, 33 Martutenen eta 24 Basaurin. Sekulako ahalegina egin dute eta emaitzak ere bikainak. Horrelaxe aitortu izan digute HABEko arduradunek ere. Ahalegin horretan laguntzaile ibili garen 33 irakasleok gure poza eta esker ona adierazi nahi diegu ikasleei lehenbizi, baita bide honetan lagundu diguten guzti-guztiei ere. Klaseak bideratzeaz gain, presoekin batera hainbat jarduera ere bideratu edo partekatu ahal izan dugu: hitzaldiak, kantaldiak, antzerki jardunak, ikastaro bereziak...
Gu abiatu orduko, Zaballan Bertso Eskola zoragarria bazebilen lanean, aitzindari. Haien laguntza ezinbestekoa jaso genuen lehen sarbidea errazteko. Bihoakie hemendik gure esker ona. Beste hainbat kultur eragile ere hortxe izan ditugu, bidaide. Beti bezala, euskal kultur sortzaileak eskuzabal eta miresgarri.
Izan ere, horixe da, ziurrenik, konturik garrantzitsuena: euskara, espetxean ere, elkarbizitza hobetzeko bitarteko eraginkorra dela, oso; euskarak erakutsi duela, espetxean ere, pertsona guztien garapenerako ateak irekitzen dituela; euskara, beraz, izan daitekeela espetxea errotik aldatzeko funtsezko indar eragilea, berebiziko ahalmen askatzailea duena. Begi-bistan ageri izan zaigu hori guztia Zaballan, Basaurin eta Martutenen garatutako esperientzia emankor honetan.
Aurtengo ikasturterako agindu ziguten ikasketa prozesuari molde ofizialez eta osotasunez ekingo ziotela instituzioek, espetxe administrazioak eta HABEk elkarlanean. Urrian izan behar zuena orain gauzatu da, azkenean. Eta dagoeneko ikasten ari diren presoen jardunak babes ofizial osoa du. Dagoeneko, borondate hutsez aritutako irakasleok lekukoa eman diegu euskaltegiei, beraiek gara dezaten abiatutakoa. Urrats funtsezkoa da, bere txikitasunean. Batez ere, datorren ikasturtean, Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetan euskara ikasteko aukera osoa izango delakoan, eskubide-berdintasuna aitortuta eta diskriminaziorik gabe.
Urrats berriak, urrats gehiago behar dira, jakina, espetxeetan euskaraz bizitzeko aukera erreala eta kalitatezkoa izan dadin, espetxea, berez, deserriratze sistema bat baita. Ahalegin handia egin beharko dugu euskara eta euskal kultura protagonistak izan daitezen preso diren pertsonen etxeratzea azkarragoa eta sendoagoa izan dadin. Denon artean espetxe zigortzaile ereduari uko egin eta bestelako moldez heldu diezaiogun euskal herritar horien guztien premiei.
“Euskara dugu gure lurralde libre bakarra” zioen Sarrionandiak. Askatasunean eta elkarbizitza oparoan bizitzen ikasteko ardatz eraginkorra izan daiteke. Halakoxea da. Egunero ikusten dugu euskaltegietan. Ageri-agerian ikusi dugu espetxeetan ere. Dei berezia egin nahi diogu, beraz, euskal jendarteari, oro har, eta bereziki euskaltegiei zein euskal kulturaren sustatzaile orori, adi egon daitezen eta datorren ikasturteari begira, matrikulazio garaian, espetxeak ere gogoan izan ditzaten.
Eta hauteskunde kanpainan egonik, nola ez, eskaera zehatza alderdi politiko guztiei: hausnarketa bat eta proposamen bat. Euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu beharra dago herritar guzti-guztientzat, inolako diskriminaziorik gabe. Hori egia izan dadin, hizkuntz politika eraginkorrak, ausartak, behar ditugu. Euskal herritarron eta gure erakunde demokratikoen erabakien errespetua oinarri, nola ez. Eta arlo guztietan aukera berriak ireki behar dira. Erronka horietakoa dugu espetxeetan euskara klaseak era duin eta egokian antolatzea. Eta hortik hasita, gure arloan hain garrantzitsuak izan diren Barnetegiak gogoan, egungo espetxe eredua gaindituko duten “kanpotegiak” pentsatzen eta antolatzen hastea.
Ibilbide hau ahalbidetzeko euskaltegietako hainbat eta hainbat irakaslek diru ekarpen eskuzabala egin dute. Eta ibili gara gure poltsak saltzen, manifetan pankarta aireratzen... orain, agurtzeko unean, bildu ditugun bitarteko xume horiekin zer egin erabakitzeko unean, Harrera elkarteari bideratuko dizkiogu gure azken hondarrak.
Basauriko gure ikasle batek idatzi zigun Korrikan:
Ttipi ttapa, ttipi ttapa...
zuek gabe ezingo zen izan,
ezin izango zen,
ezingo izango zen,
ezingo izengo zengo...
bakoitzak bere moduan,
denok ZANGO OZEN!
Bada, horixe! Zoragarria izan dela. Konpromisoak ematen duen satisfaziotik adierazi nahi dizuegu, ikasleoi bereziki, merezi izan duela, beti merezi baitu ekitea eskubideak hedatzeko, zabaltzeko, finkatzeko. Deserri nagusia bukatu da, zorionez, baina euskal presoak etxean nahi eta behar ditugu; euskaltegietan ikasle-irakasle, beti ere euskaraz bizitzeko ahaleginean eragile.
Herritar orori eta preso guzti-guztiei zor diegu euskaraz bizitzeko aukera. Euskara ikasteko eskubidea bermatuta. Espetxeak euskara behar du eta euskarak espetxeetako biztanleen ekarpena ere bai.
Mila-mila esker abentura honetako bidelagun izan zareten guztiei.
Adiorik ez!
Harresirik gabeko mundua amets, zirrikituak eraiki, euskaratik eta euskaraz!
Presoen Euskara Irakasleen Taldea
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]
Asteartean eman zuten jakitera bost gazte lapurtarren kontrako sententzia. Hamabost hilabeteko espetxe zigorra gibelapenaz bi gazteri, 500 euroko isun banarekin; 140 orduko lan behartua eta 500 euroko isun bana beste bi gazteri; eta, azkenik, 1.700 euroko isuna beste... [+]
Lehengo batean, The Wire telesail sonatua berrikusten ari nintzela, etsipena gogora ekarri zidan eszena bat heldu zen. Bertan, The Baltimore Sun egunkariaren zuzendaritzak langileak bildu eta datozen aldaketei buruz ohartarazten die; hau da, kaleratzeez eta distira gutxiagoko... [+]
Bizi dugun kultura kontsumistak, erabiltzaile oro agintzen du gozamen neurrigabera. Slavoj Zizek dioen eran, Goza ezazu zure fetitxea, hiper-modernitatearen agindu ozena bihurtu da. Fetitxearen lekua betetzeko dauden gailu teknologikoen bidez gauzatzen baita egungo gozamena... [+]
Mamu batek zeharkatzen ditu sukaldeak: Karlosen mamuak.
Karlos ez da aurkeztu Master Chef Celebrity lehiaketara. Bere sukaldaritza-ondarea aztertuta, oso argi dauka ez duela lehiakideen aukeraketa gaindituko. Izan ere, hedabide eta gastronomiaren akademiaren ateak itxita izan... [+]
Euskadiko Selekzioa lortzea, ezbairik gabe, lorpen historikoa izan da. Baina horretan geratzen bada, euskaldun askorentzat –ni barne, nafarra bainaiz– egunik ilunena eta tristeena izango da. Lehenengo egunetako poza eta berotasuna gozatu ondoren, itzul gaitezen... [+]
Entzumen eta hizkuntza irakasleak (EHI) eta logopedak eskola publikoan zein kontzertatuetan lan egiten duten irakasle espezialistak dira. Horien funtzioen artean hizkuntzan eta komunikazioan zailtasunak dituzten ikasleei arreta zuzena ematea da, baina baita komunikazio sistema... [+]
PAIk sortutako biktimak ez dira bakarrik PAIren Legeak eragindako egonkortze prozesuari esker funtzionarizatutako irakasleak, baizik askoz gehiago. Batzuei nolabaiteko ikusgarritasun mediatikoa eman zaie Steilasek jarritako errekurtsoaren ondorioz; gehienak, alabaina, ikusezinak... [+]
Azken asteotan Castejón-Soria trenbidea berreskuratzeko eta Tuterako tren-geltokia gaur egun dagoen tokian mantentzeko edo, Nafarroako Erriberako hiriburuan Abiadura Handiko Trenaren ustezko geralekuak aitzakiatzat hartuta, hirigunetik kanpo beste bat egiteko... [+]
Gerra Urte, Gezur Urte!
Horrela dio esaldiak eta horrela berresten du errealitateak.
Munduan eta Europan dagoen gerra-egoera, horren gorakada etengabea eta horrek Euskal Herrian izan dituen eta izango dituen balizko ondorioak aurreikusita, joan den abenduan hainbat... [+]
Laga hondartzaren ezaugarri naturalen leheneratzea duela hiru hamarkada abiatu zen, eta aurrera darrai etenik gabe, erlojuz kontrako lehengoratze mailakatuan.
Laga (Bizkaia) gune aparta da, natura eta gizarte ikuspegitik oso esanguratsua. Kostaldeko legeak eta Urdaibaiko... [+]
Hainbeste urte borrokan horren atzetik ibili ondoren, 34 urte, hain zuzen, oso pozik gaude orain egun batzuk, abenduaren 28an Inuzente egunean, Iruñean, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatu zuen batzarrean hartu zen erabakiagatik. Zeren ondo bidean,... [+]
Jar gaitezen 2025erako proposamen politiko gisa, Espainiako Auzitegi Kolonialaren (AN) epai guztiak berrikusten hasteko eta makila bakoitzak bere belari eusteko.
Unionismoarekin lerrokatutako alderdi, sindikatu eta gizarte-erakunde gehienek, eta ez bakarrik horrela... [+]
2023ko otsailean irakurri nuen berria prentsan, eta triste geratu nintzen, ezustean harrapatu eta zer pentsatua eman baitzidan. Azpeitiko Jostaldi Kirolak Erdikaleko denda itxi egingo zuten, 48 urteko ibilbidearen ondoren.
Denboran atzera bidaiatu arazi zidan horrek. Makina... [+]
Datorren larunbaterako, urtarrilaren 11rako, Sare Herritarrak euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa deitu du, beste urte batez, Bilbon. Aukera paregabea da gure herriarentzat elkarbizitzaren bidean aurrera egiteko, hainbat hamarkadatan liskar bortitzetan murgilduta egon... [+]