“Euskarak duen traba nagusietako bat da ikasteagatik dirutza ordaindu behar izatea”

  • Astelehen iluntzean ibili da 23. Korrika Gasteizko kaleetan zehar, eta euskaltzaleek hiria aldarriz bete dute. Bertan izan da Natasha Rueda ere, eta prestaketa lanetan zebilela hitz egin dugu berarekin. Kolonbiarra jatorriz, Gasteizen bizi da duela 25 urtetik; Korrika pasa dela probestu eta bere euskalduntzeari buruz hitz egin dugu, besteak beste.

"Bat-batean, egun batean pote bat hartzen, euskaldunen arteko elkarrizketa bat ulertu nuen, baina super ahaleginik egin gabe. Ohartu nintzenenean ulertzen ari nintzela, bua! Mesedez, euskaldunok, hitz egin euskaraz". Dos Por Dos

2024ko martxoaren 19an - 11:00
Azken eguneraketa: 18:13
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Gasteizko Goian elkartean, bere lantokian, geratu gara Natasha Rueda Cárdenasekin (Cali, Kolonbia, 1984). Korrikako prestaketan ari dira. Elkarrizketa mamitsua izan dugu: nola heldu zen Euskal Herrira, euskararekin eskolan izan zuen esperientzia txarra, nola aldatu zitzaion ideia, euskara ikastearen prezioa, euskararen mundua eta munduko beste toki batzuetatik datozen pertsonen arteko harremanak, eta beste.

Noiz etorri zinen Euskal Herrira?

Duela 25 bat urte, gutxi gorabehera, 15 urte hemen bete nituen. Lehenik, izeba bat etorri zen lanera, gero, ama, eta azkenik, hiru neba-arreba etorri ginen. Beste bi aitaren aldetikoak eta aita bera Kolonbian daude.

Etortzean bazenuen euskararen edo Euskal Herriaren berri?

Ez, ez, batere ez.

Eta nolakoa izan zen etorrera?

Udan etorri nintzen. Pasatu nuen uda osoa bakarrik ama eta bere bikotekidearekin, eta gero Jesus Obreron hasi nintzen ikasten. Orain, eskolaratzea ezberdin egiten dute, ume bat iristen denean bere adinekoen gelan sartzen dute, baina ni heldu nintzenean, DBHko lehen mailan sartu ninduten, 12 urtekoekin, ebaluazio bat egite aldera. Ebaluazioak hilabete eta erdi iraun zuen. Nik bitartean lagunak egin nituen gelan –nahiz eta txikiagoak izan–, eta gero esan zidaten laugarren maila zegokidala. Ordurako lagunak nituen, eta niretzat berriro hutsetik hastea bezala zen. Iristen zarenean hiria, kultura, ordutegia… Dena aldatzen da eta orekatxo bat lortu nuenean berriz aldatzea ez nuen nahi, esan nuen, "paso, berdin zait, nahiago dut lehen mailan gelditu, nahiz eta 12 urtekoak izan". Nire berdinen arteko taldea zen.

Euskara orduan agertu zitzaizun?

Bai, nik ez nekien hemen beste hizkuntza bat zegoenik eta zer garrantzia zeukan. Lehen eskola izan genuenean esperientzia txarra izan nuen, ni euskara ikastetik salbuetsi ninduten, baina liburua hartu nuen eta esan nuen "beno, hizkuntza bat da, ingelesa bezala, saiatu naiteke ikasten". Lehen eskola horretan saiatu nintzen nire kaxa ariketa batzuk egiten, eta zalantza bat izan nuenean irakasleari galdetu nion. Hark esan zidan beste 30 ikasle zeuzkala bai ala bai euskara ikasi behar zutenak, ni salbuetsita nengoela eta ez zidala lagunduko, eta nahi banuen gelatik ere irten nintekeela patiora edo nahi nuena egin nezakeela.

"Eta bat-batean, egun batean pote bat hartzen, euskaldunen arteko elkarrizketa bat ulertu nuen, baina super ahaleginik egin gabe, ez nintzen ohartu, eta ohartu nintzenenean ulertzen ari nintzela, bua! Mesedez, euskaldunok, hitz egin euskaraz"

Zer egiten zenuen?

Gelan geratzen nintzen eta beste etxeko lan batzuk edo ariketak egin. Hor bukatu zen nire euskararekiko harremana. Etorri berritan harrapatu ninduen erantzun zakar horrek eta niretzat euskara bukatu zen. Goian elkarteko gazteek esaten didate orain gehienez bi urtez egon ahal zarela euskaratik salbuetsita. Nik DBH eta batxilergo osoa eman nuen euskara ikasi gabe.

Eta gero unibertsitatea?

Bai, Gizarte Langintza ikasi nuen Gasteizen, gazteleraz.

Gogoratzen duzu euskara lehen aldiz modu atsegin batean?

Nire unibertsitateko giroa eta lagunartea guztiz erdaraz zen, baina gogoan dut Ken7-ren Ilargia kanta ikasi genuela lagun guztiok. Auzoetako festetan euskarazko kanta gehiago entzuten genituen, baina niretzat euskara ez zihoan nirekin. Eta gero, Goianen hasi nintzenean, dena aldatu zen. Hasi nintzen monitore bezala, eta azaldu zidaten Goianen garrantzitsua zela euskara, hemengo proiektu hezitzailea, euskararen beraren historia ere… Hona etortzean jakiten duzu badagoela bigarren hizkuntza ofizial bat, baina ez dizute ezer azaltzen, zergatik dagoen, ikasteak duen garrantzia… Eta orduan poliki-poliki joan zen euskara eta bion harremana aldatzen.

Eta euskaltegira joan zinen.

Bai, AEKn matrikulatu nintzen. Inguruko lagunek esaten zidaten lehen kontaktu bat izateko AEK egokiena zela, irakasteko moduagatik, transmisioagatik… Eta benetan asmatu nuen, nire lehen irakaslea Manu [Bendala] izan zen eta oso dibertigarria izan zen euskara ikastera joatea, beti zituen aktibitateak prestatuta. Pentsa, 08:00etan joaten ginen, ordutegi txar-txarra, baina beti zerbait prest izaten zuen; gogoan dut behin koloreak ikasteko euskaltegiko atetik sartu eta zirkuitu bat egin zuela, labirinto moduko bat, koloreekin. Garrantzitsua da ikaste hutsaz harago, euskara maitatzea, edo norbaitek "lagun mina" nondik datorren azaltzea.

Gero, gainera Goianen bilerak maiz euskaraz egiten ditugu, batzuetan momentuan bertan edo ondoren euskara ez dakitenekin itzulpena eginez. Hor ikasten duzu euskara beste era batera ikusten, zure aurrean pertsonek euskaraz hitz egitea errespetatzen, nahiz eta ez ulertu, izan ere, gero pertsona horiek ardura jartzen zuten zuri hitz egindakoa azaltzen, hau da, sartzen ninduten elkarrizketan. Horrek gainera asko erraztu zidan euskara ikastea, ohituta nengoen euskara entzuten, zenbait hitz bereizten… Eta bat-batean, egun batean pote bat hartzen, euskaldunen arteko elkarrizketa bat ulertu nuen, baina super ahaleginik egin gabe, ez nintzen ohartu, eta ohartu nintzenenean ulertzen ari nintzela, bua! Mesedez, euskaldunok, hitz egin euskaraz.

"Lagunek esaten zidaten lehen kontaktu bat izateko AEK egokiena zela, irakasteko moduagatik, transmisioagatik… Eta benetan asmatu nuen, nire lehen irakaslea Manu [Bendala] izan zen eta oso dibertigarria izan zen euskara ikastera joatea, beti zituen aktibitateak prestatuta"

Euskara ikasteagatik ordaindu zenuen?

Nik ordaindu nuen bai, lan bat nuen eta ohartu nintzen garrantzitsua zela ikastea nire lanerako. Baina dirutza hori hemen ofiziala ere baden hizkuntza bat ikasteagatik... Nik uste dut hori dela euskarak duen traba nagusietako bat, zuk ikasteagatik ordaindu behar izatea, seguru nago ordaindu beharko ez balitz, askoz jende gehiagok ikasiko lukeela eta errazagoa izango litzatekeela. Bestalde, ni ez nago ados ordaintzearekin, baina ulertzen dut horretarako neurri politikoak ez badira ezartzen, azkenean, ordaindu beharko dela. Hala ere, oso ahalegin handia da, diru pila bat da, eta zu pertsona migratua bazara, lehen urtetan dirua ez duzu sobera, gainera hamaika lanetan jardun behar duzu, oso zaila da. Goianeko gazteak ere, eskolan ez badute ikasten, gero ez daukate erraztasun bat euskaltegira joateko, eta sortzen denean zerbait ordaindu behar da. Horrek eragozten du jende gehiagok ikastea. Katalunian erraztasun handiagoak dituzte eta hemen gaztelania ikasteko ere bai.

Natashak Gasteizko Aniztasunaren kilometroan parte hartu du, 1024. kilometroan. / Argazkia: AEK.

Nola lantzen duzue euskara Goianen?

Aurten umeentzako monitore bat dugu euskara ez dakiena, izan ere, gure lehentasunetako bat ere bada umeek normalean ez dituzten erreferenteak izatea, pertsona arrazializatuak munduko beste toki batzuetatik etorri direnak, esaterako. Bada belaunaldi bat 20-30 urte dituena euskaldundu ez dena, A ereduan ikasita. Nola egiten dugu lan haiekin? Bada, lehenik azaltzen dizkiegu Goianen hezkuntza-irizpideak, euskararena barne, eta ulertu behar dute hori ez dela eurentzat traba bat. Mentalitatea aldatzea da kontua eta oinarrizko gauzak ikasten hasteko proaktiboa izatea: kaixo, zer moduz, eskerrik asko, bat, bi, hiru, lau

Ulertzen dugu haietako batzuk haserre daudela, euskara arrotza zaie, ez diete irakatsi, gauzak azaldu behar zaizkie, lagundu behar zaie oinarrizko gauzak ikasten: hitzak bai, baina baita mezuak ulertzeko itzultzaile neuronala erabiltzen ere, erraztasunak eman… Batzuetan haserretzen ziren mezuak ez ulertzeagatik, adibidez. Bada, begira, badira tresna batzuk erabili ahal ditugunak, bakoitza bere hizkuntzan komunikatu dadin, eta elkar errespetatu dezagun. Bileretan ere xuxurlariak erabiltzen ditugu itzulpenak egiteko. Urtez urte joan gara ikasten, hasieran zailagoa egiten zitzaigun lehenik hizkuntza bat eta gero bestea… orain normala egiten zaigu pertsona xuxurlari bat egotea bilera batean.

"Ulertzen dugu gazte batzuk haserre daudela, euskara arrotza zaie, ez diete irakatsi, gauzak azaldu behar zaizkie, lagundu behar zaie oinarrizko gauzak ikasten: hitzak bai, baina baita mezuak ulertzeko itzultzaile neuronala erabiltzen ere"

Eta baduzue talde bat euskara ikasten ari dena, ezta?

Bai, badago beka bat Vital Fundazioarena eta IKAko euskaltegira joaten gara hogei bat lagun, iaz hasi ginen eta aurten segitzen dugu. Mentalitatea asko aldatu da ni hemen lanean hasi nintzenetik hona. Batzuetan entzuten dut "kanpoko jendeak ez du euskara ikasi nahi, ez dute ezer jakin nahi euskararekin", oso errore handia da hori, erabatekoa. Hemen Alde Zahar inguruan mugitzen den jendeak, Ramon Bajo eskolan eta ingurukoetan, badaki euskara garrantzitsua dela eta ikasi nahi dute. Gainera, beren seme-alabek euskaraz ikasten dute, eta horrek ere motibatzen ditu. Talde hori Goianen inguruan dabiltzan helduekin osatu dugu eta hogei bat gara. Beka hori egon ez balitz, gehienek ez zuten euskaltegian ikasteko modurik izango.

Korrikan parte hartuko duzu?

Bai, Goianen beroketa egin dugu, pasa den astean zenbait tailer egin genituen: Landatxoko leihoak margotu ditugu, lekukoak egin ditugu umeekin, eta astelehenean, Korrika datorrela, guk ohitura dugu Aniztasunaren kilometroa egiteko “Sareak Josten”ekin. Landatxon geratu gara 18:00etan, eta kalejira bat egingo dugu ARTIUMeraino, gero Bizanetik pasatuko gara, izan ere, Goianen pertsona nagusiekin ere lan egiten dugu eta aurten lekukoa eramango du hango andre batek. Oso parte hartzailea da eta euskararen oso aldekoa, bera super harro dago lekukoa eramatearekin, eta gainera hor ere badago beste hizkuntz arrakala bat: pertsona nagusietan ere badaude asko euskara ez dakitenak. Gero, ideia da, ramadana ere badenez eta Korrika nahiko berandu datorrenez Gasteizera, bada, aprobetxatzea kilometroa egin eta Burulleria plazan zerbait jatea elkarrekin eta Kutxin korrika nola pasatzen den ikustea. Horrela denok era batera edo bestera parte hartu ahal izatea.

Korrika oso berezia da, duela bi korrika, Gasteizen bukatu zenean, eskatu ziguten Goianekoek pankarta eraman genezala, eta super polita izan zen. Plano horretatik jende guztia ikustea, bi aldeetan, plaza bete-bete eginda, sekulako emozioak hor, Andra Mari Zurian sartu nintzen, eta hor ulertu nuen nire kide askok esaten zidaten sentimendu horrena. Kanpotik ez nuen ulertzen, ulertu nuen parte hartu nuenean, barrutik. Flipatu nuen. Baina gauza guztiak dira hola, ezta? Azaltzen dizute, ondo dago, baina gero hori bizitzeko aukera izan behar duzu. Ez baduzu bizitzen...

"Ulertzen dut euskarazko aktibitateak euskaraz izan behar direla, baina batzuetan euskararen mundu horretara gerturatu nahi duen jendearentzat ez dago erraztasun handirik aktibitateetara heldu daitezen"

Zerbait gehiago esan nahiko zenuke?

Azkenik esango dut, oraindik ez dugula guztiz lortu mundu oso euskalduna eta nolabait mobidetan hasi nahi duen edo gauzak ezagutu nahi dituen jendearen artean konexioa egitea. Nik ulertzen dut euskarazko aktibitateak euskaraz izan behar direla, baina batzuetan euskararen mundu horretara gerturatu nahi duen jendearentzat ez dago erraztasun handirik aktibitateetara heldu daitezen, ezta umeak eraman ditzaten ere. Hor badago bide bat egiteko, zerbait sortzea tartean, gerturatu nahi duen jende horrentzat: haiek ezagutzea zer egiten den, parte hartzea erraztu. Hau da, aktibitateak ez geratzea oso publiko berezitu batean, mundu guztiarentzat zabaltzea, zubiak eraikitzea. Goianen horrela funtzionatzen dugu, baina ohitura horiek denok hartu behar ditugu.

2022ko Korrikan Goian elkarteko kideak. / Argazkia: Goian elkartea.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Korrika
2024-10-31 | Leire Ibar
Korrikaren karbono isuria nola murriztu daitekeen ikertu dute lehenengo aldiz

Ingurumen-inpaktuaren berri izateko eta, hurrengo edizioei begira emisioak murrizteko egin du azterketa Lander Crespo klima adituak. Garraioa izan zen Korrikako azken edizioan isurketa gehienen jatorria.


2024-10-28 | Uriola.eus
Bilboko Alde Zaharreko Korrika batzordeak Udalaren 1.500 euroko isuna salatu du

Bilboko Alde Zaharreko Korrika batzordeak auzoan egin zuten ekimen bat baimenik gabe antolatzeagatik udalaren 1.500 euroko isuna salatu du. Ekintza hau arau-hauste larritzat jo zuen udalak, eta auzokideek espazio publikoaren erabilera defendatu dute.


2024-03-25 | Leire Artola Arin
Burbuilaren ostean badago zer erein

Irundik Baionara, ezin ezkutatuzkoa izan da 23. Korrikak eragindako harrotasuna. ‘Herri Harro’ leloak zentzua hartu duela ikusi dugu lekuko hartzaileen aurpegietan, eta atzetik euskararen alde oihuka aritu diren korrikalariengan. Bakoitzak bere gorputzetik eta bere... [+]


Inoizko Korrikarik ikusiena izan da

1.700.000 ikustaldi izan ditu EiTBren emanaldiak –Hamaika TBrenak gehitu behar zaizkio–. Pozik agertu dira AEKko arduradunak: “Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa”.


Ane Elordi: “Batasunaren Korrika izan da”

11 egunetan bizipen hunkigarri asko bizi dituela esan du Ane Elordik Euskadi Irratian. “Aje emozionala, bi urtetan egindako lana, kideak ondoan izanik, eskertza, babesa, Euskal Herri osoa Baionan elkartu da... Momentu oso bereziak bizi izan ditugu azken egunean”.


2024-03-24 | Leire Artola Arin
Milaka lagun Korrikaren amaiera ospatzen ari dira Baionan

2.700 kilometro eginda, martxoaren 24arekin heldu da Korrikaren lekukoa Baionako Askatasun plazara, eta mezu sekretua irakurri du Garazi Arrulak. Egun osoko festa handia antolatu dute kultur eragileekin auzolanean: Ibil Bedi, Anje Duhalde, Xiberoots, txarangak,... [+]


2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


2024-03-23 | ARGIA
GARAZI ARRULAREN MEZUA

Garazi Arrrula Ruiz izan da aurtengo Korrikaren mezugilea. Txalaparta argitaletxeko editorea da tafallarra. Baionan, milaka euskaltzaleren aurrean, esan du euskara ez dela "ez altxor, ez oroitarri, ez toponimia. Euskarak hegemonia hartzeaz ari gara". Eta gehitu du... [+]


2024-03-23 | ARGIA
AEK: “Harro gara... baina ez konforme!”

AEKren mezua bertako kide Maider Heguyk eta Bixente Claveriek irakurri dute. Erakundeei “hizkuntza politika ausarta eta sendoa” eskatu diete eta ez “brilli-brillizko bilgarria”. Konpromiso eta baliabide gehiago eskatu dituzte. Gogorarazi dute oraindik... [+]


2024-03-23 | Leire Artola Arin
KRONIKA
Larunbateko gaupasa Korrikarekin egiten duten horiek

23. Korrika makina bat irudi esanguratsu egiten ari da, eta dagoeneko oso ohituta gaude jendetza ikustera "Harro Herri" leloaren atzetik korrika. Baina gauean zer pasatzen da? Larunbatetan ere, jendea festan dagoen bitartean, lekukoa norbaitek sostengatzen du. Nafarroa... [+]


2024-03-20 | Leire Artola Arin
KRONIKA
Euskara harrotasunez transmititu dutenen lekukoa

Korrika egunez egun erakusten ari da pasatzen den txoko guztietan nola pizten duen harrotasun sentimendua, euskaldun izatearen harrotasunarena. Emozio horixe da, batik bat, euskara transmititzen jardun duten adineko pertsona horiena.


Eguneraketa berriak daude