Alternatiben Herriko 6 gune (5 auzo + Karpa Nagusia) nagusietako bi izango dira "Arragoa" eta "Parte hartzea, demokrazia eta subirautza" auzoak. Lehenengoak euskara eta hezkuntza jorratuko ditu: sorkuntzari, hizkuntzari eta hezkuntzari buruzko hausnarketak aditu, esperientziak partekatu eta material didaktikoa eskuratzeko aukera izango da.
“Eraldaketa soziala euskaratik izango da ala ez al da izango?” mahai-inguruak emango dio hasiera auzo honetako egitarauari. Hizlariak Berdin elkarteko Ainhoa Larrañaga, Ereindajan elkarteko Naroa Elortza, Kontseiluko Paul Bilbao eta EHUko Unai Fdz. de Betoño izango dira, eta dinamizatzaile lanetan Berriako kazetari Maite Asensiok jardungo du. Antolatzaileen hitzetan, mahai-inguru honek publikoaren artean “eztabaida partehartzailea” sustatzea izango du xede.
Ondoren, 12:30etik 14:30era bitarte, kulturako hainbat eragileri buruzko hausnarketak egingo dituzte “Kultur sorkuntzak gaur egungo gizartea aldatzeko balio du?” izenburupean. Hitza hartuko dutenak, besteak beste, Gotzon Barandiaran (euskal idazle eta kulturgilea), Irantzu Lekue (artista) eta Maider Beloki (Iruñeko udaleko kultura zinegotzia) izango dira.
Arratsaldeko saioari dagokionez, “Hezkuntza esperientzien trukaketa” parte hartze tailerra eskainiko dute 16:00etatik aurrera. Hezkuntza eremuan martxan dauden esperientzietan oinarrituz, Euskal Herriko auzo zein herrietan hezkuntza proiektu alternatibo bat egiteko giltzarriak azalduko dituzte. Tailerrek hezkuntzarekin loturiko gai ugari jorratuko dituzte, hala nola, Orioko herri kurrikuluma, ikasleen eleaniztasuna, Herri Unibertsitateak edota landa eremuko eskolak.
Mintza poteo kultural batekin amaituko da eguna. Tragoak hartzearekin batera, hainbat geldialdi kultural egingo dituzte Plaza Berria eta Areatza arteko bidean. Giroa jartzeaz Bilboko Berbalagunak eta trikitilariak arduratuko dira.
Mahai-inguruak eta “doku-zine forumak", burujabetzaz hausnartzeko
Burujabetza eta demokrazia izango ditu ardatz “Parte hartzea, demokrazia eta subirautza” auzoak. Berezitasun bezala, gune honetako ekintzak ez dira karpa batean eginen, Arriaga antzokitik bi minutura dagoen “Bilborock” lokalean baizik.
Goizeko saioan mahai-inguruak izango dira nagusi. Lehenik eta behin, ELAko Txiki Muñoz eta LABeko Ainhoa Etxaide “Hemen lan eta bizi. Berton erabaki” mahai-inguruan solastuko dira. Ondoren, Euskal Herrian burujabetza eraikitzeko estrategiez arituko dira Txutxi Ariznabarreta (Independentistak sarea), M. Begiristain (Eleak mugimendua), Saioa Iraola (Bilgune Feminista), Iñaki Barcena (Ekologistak Martxan) eta Joseba Gines (EH 11 kolore).
Arratsaldean Naomi Klein idazle eta ikertzaile kanadiarraren azken liburuaren inguruko filma (Euskal Herrian lehen aldiz ikusiko da) eta Bilgune Feministak eta Emaginek ekoiztutako “Sukaldetik plazara. Ipar Euskal Herriko emazteen askapen mugimenduaren historia” dokumentala eskainiko dituzte. Ikusitakoaz hausnartze aldera, dokumentalaren ostean solasaldia egingo dute.
Euskal Gizarte Ekonomia Sareak emandako datuen arabera, erakunde horretan dauden enpresen kopuruak gora egin du eta fakturazioa 10.000 milioi eurotara irits liteke. Hemen hainbat irakurketa eta grafiko bat.
Euskal Herria aberatsa da, baina ez dirudi ondo banatuta dagoenik, pobrezia handia baitago. Ondorio hori atera liteke joan den astean Gaindegia behategiak publiko egindako txostenetik. Euskal Herriaren biztanleriaren %16,7, hau da, 3.124.259 lagunetik 521.751 pobrezian edo... [+]
Jendetza bildu zen larunbatean Bilbon, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak sustatutako eta hamaika eragileren atxikimendua jasotako Alternatiben Herrian (160 eragile inguruk egin dute bat deialdiarekin). "Erakusten ari gara bizi gaitezkeela beste era batera,... [+]
Bestelako mundua posiblea bakarrik ez, egingarria ere badela erakutsi nahi dute larunbat honetan Bilbon antolatu duten Alternatiben Herrian. Euskal Herriko eragile sozial askoren topaleku, aurrerantzean denen artean sor ditzaketen dinamiken abiapuntu izan liteke.
“Gorputz eta bizi eredu ez-normatiboen esperientzien" berri emango du Alternatiben Herrixkako “Bizitza Anitzak eta Duinak” guneak. Performanceen, musikaren eta animazioen bitartez, maitasun erromantikoa, indarkeria matxista, zeinuen hizkuntza, euskara... [+]
“Natura gure gaia” da zapatuan Alternatiben Herrian izanen den auzoetako bat, Karpa Nagusia, Auzoekonomia eta beste hirurekin batera. Mota guztietako jarduerak izango dira bertan, hasi mahai inguruetatik eta parte hartze tailerretara, tartean performanceak eta... [+]
Alternatiben Herria ekimena Bilbora iritsiko da urriaren 24an. Hilaren hasieran Donibane Garazin izan ondoren, lekukoa hiriburu bizkaitarrak hartuko du.