Euskaltelen ehunka bezerori gutun bat iritsi zaie azken asteetan: 150 euro ordaintzeko eskatzen diete bost eguneko epean eta hori egiten ez badute epaitegietara eramango dituztela adierazi diete, P2P sareen bidez pelikulak partekatu izana leporatuz.
2017ra joan behar da gutun horien historia esplikatzeko: urte hartako apirilaren 3an, Bilboko Merkataritza alorreko 2. epaitegiak Euskaltelen kontrako epaia eman zuen AEBetako ekoiztetxe batek jarritako salaketan. Enpresak ez zuen goragoko instantziatara jo, beste telekomunikazio enpresa batzuek egin zuten bezala.
Auzia galdutzat emanda, bezeroen IP helbideak eman zizkion ekoiztetxeari eta orain, datu horiei esker, produktora horren izenean ehunka herritar hormaren kontra jarri dituzte: partekatutako pelikula bakoitzeko 150 euro ordaindu ala salaketa judiziala jaso. Egoitza Leioan daukan Alfa Guardian SL enpresaren izenean dagoen kontu korronte batean dirua sartzeko eskatzen diete kaltetuei.
Kasua berezia da, beste epaitegi batzuetan antzeko auziak sortu direnean ez baitiote telefono-konpainiari bezeroen informazio hori emateko obligaziorik ezarri, Datuen Babeserako Legean oinarrituta. Bilboko epaitegiak, ordea, Venice PI, LLC ekoiztetxeari arrazoia eman eta ustez Once Upon a Time in Venice pelikula P2P sareetan partekatu zuten bezeroen IPak ematera derrigortu zuten Euskaltel.
Beste pelikula batzuengatik ere Euskaltelen bezero askok jaso dituzte antzeko mezuak: The Titan eta Wind River adibidez.
Zer diote kaltetutako pertsonek?
Maiatzaren amaieran Euskaltelek iragarri zuen salaketa jarri duela Venice PI, LLC ekoizlearen aurka, bezeroen datuak horrela erabili izanagatik. Enpresaren ustez, filmak partekatu omen zituzten erabiltzaileei bidalitako gutunek ez dute errespetatzen Espainiako Estatuan indarrean dagoen datuen babeserako legea.
Egunetik egunera hazten ari da aipatutako mezuak jasotzen ari diren pertsonen kopurua. Horren aurrean, kaltetuen kolektiboa sortzea erabaki dute eta mota honetako auzietan espezializatuta dagoen abokatu batekin harremanetan jarri dira, euren defentsa prestatzeko.
Talde horrek ohar bat zabaldu du sare sozialetan. Idatzian dioenez, Euskaltel da egoeraren erantzulea, bezeroen interesen alde azkeneraino ez borrokatzeagatik. “Erabat babesgabe utzi gaitu”, adierazi dute.
Arriskua benetakoa dela ere nabarmendu dute: “Ezinezkoa da ziurtatzea gure routerrak libre daudenik kanpoko norbait sartzetik eta horri gehitu behar zaio routerren seinalea erabiltzen dela Wifi Kalean zerbitzurako. Era berean, wifi irekia eskaintzen duten zentro publikoei, tabernei, kafetegiei, hotelei, ikastolei eta era guztietako elkarteei ohartarazten diegu Euskaltelen bezero izateak dakarkien arriskuaz, prozedura judizial kafkiar honetan harrapakin erraza bihurtu baikara gu ere Euskaltelen bezero gisa”.
Kaltetuek adierazi dutenez, auzi honek eragindako babesgabetasunaren aurrean, bezero askok Euskaltel uztea erabaki dute eta orduan jo du enpresak Espainiako Datuen Babeserako Agentziara. Urrats hori, ordea, “bezeroen aurrean aurpegia garbitzeko” egin dutela salatu du kolektiboak.
Gogora ekarri dute, era berean, kaltetutako gehienek Euskalteleko bezero izaten jarraitzen dutela eta espero dutela enpresak babestuko dituela, eskura dauzkan bitarteko ekonomikoak jarriz eta defentsarako beharrezkoak liratekeen baliabideak.