Eguraldi euritsuari aurre eginez, ehunka lagunek osatu dute manifestazioa Durangon "Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika" lelopean. Euskal Herrian Euskaraz antolatzaileak egoeraren larritasuna azpimarratu du amaierako hitzartzean: "Datozkigun astinaldiak bizirik gauden euskaldun gehienok inoiz ezagutu ez ditugun dimentsio eta intentsitatekoak izango dira eta horiei herri gisa baturik soilik aurre egin ahalko diegu". Hiru dei egiteko baliatu du aukera: Euskalgintzako gainontzeko eragileei borroka euskaltzalea berrindartu eta instituzioak presionatzera hizkuntza-politika burujabea erdiesteko; eragile independentistei euskara proiektu soberanistaren erdigunean jartzera eta euskaltzaleei ahal duten guztietan euskarari eustera.
Gogotik egin du euria manifestazio nazionala Durangoko Landako gunetik atera denean. Herriko kaleak zeharkatu ondoren, Santa Ana plazan amaitu dute martxa. Ekitaldiaren hasieran Igor Galarzak testu poetiko bat irakurri du musikaz lagunduta, ondoren Kurdistandik Euskal Herrira bisitan etorritako ordezkaritzak hitz batzuk egin ditu kurdueraz. Kurdistan eta Euskal Herria beren askatasunaren eta hizkuntzen biziraupenaren alde borrokan dauden bi herri direla nabarmendu dute. "Nire hizkuntzak zure estatuaren oinarriak astintzen baditu, horrek esan nahi du, ziur asko, zure estatua nire lurrean eraiki duzula”, Musa Anter idazle kurduaren esaldia berreskuratu zuen egoeraren isla eta kurduei eginiko keinu gisa azken hitzartzea egin zuen Koldo Zarate EHEko kideak.
“Neoliberalismo homogeneizatzailearen eta estatuen zentralismo linguiziden olatuak harrapatuko gaitu”
Euskaldunen aurkako erasoak ez direla gauza berria gogoratu du Zaratek: "Erdarak derrigortu izan dituzte, debekuak, zigorrak, irainak… Lehen casero eta aldeano ginen, orain supremazista inposatzaileak. Lehen gorri separatistak, orain burges pribilejiodunak. Hitz ezberdinak baina helburu bakarra: gu desagerraraztea".
Mezu gordina zabaldu du EHEk: euskaldunak arnasik gabe nahi gaituzte. "Espainiar eta Frantziar estatuek eta beren aldeko indarrek itota nahi gaituzte. Gure hizkuntza gure gorputzetatik ostu nahi digute. Herri izatea ematen digun osagaia, euskara, zokoratu nahi dute. Euskararen herriari bizigaia kendu nahi diote".
Estatuen botere eta ahalmen guztiak euskara gutxiagotu eta euskaldunen eskubideak urratzeko baliatu dituztela ikusten dute. "Batzuetan zuzenean eta bortizki; bestetan zeharka eta maltzurrago. Frantziar eta Espainiar estatuak ez daude prest euskararen berreskurapen eta normalizazio osoa gerta dadin uztera. Ez daude prest euskaldunok normaltasunez euskaraz bizi ahal izatera irits gaitezen. Zapalkuntza hau da euskaldunok pairatzen dugun hizkuntza-gatazkaren muina eta euskararen egoeraren jatorria. Ez besterik", utzi nahi izan zuten argi.
Hala ere, euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzen jarraitu dela azpimarratu jarri eta baieztatu dute "herri bizi bat" badagoela, bere hizkuntza maite eta bere hizkuntzan bizi nahi duena. "Ez dira konturatzen gu euskaldun izateaz harro gaudela eta gure hizkuntzari eta nortasunari eutsiko diogula etorkizuneko enbatak direnak izanda ere".
Euskararen Errepublika helburu politiko
Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak otsailean plazaratu zuen barne-gogoeta eta bere sorrera-printzipioak eguneratuta jaso dituen Ikusmira agiria aurkeztu du. Bertan adierazi zuten, besteren artean, euskal errepublikaren alde eta honen aldeko pedagogian indar egingo zutela mugimendu gisa.
"Burujabetza osoa eskuratu behar dugu ezinbestean. Inolako kanpo-eskuhartzerik gabe soilik Euskal Herrian erabaki behar dugu zein nolako hizkuntza-politika garatu nahi dugun berton. Horretarako, Euskararen Errepublika independentea eskuratu behar dugu ezinbestean. Soilik horrela lortuko dugu Euskal Herri euskalduna berreraikitzea", adierazi dute Durangon egin manifestazioan. Txillardegiren esaldi mitiko bat berreskuratu zuten ideia hau indartzeko: “Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz”.
Hiru dei, hiru hartzailerentzat
Amaitzeko, EHE mugimenduak hiru hartzaileri dei bana luzatzeko baliatu zuen ilunabarra:
Lehenik euskalgintzako gainontzeko eragileei eskatu zien euskararen borroka biderkatzeko. "Inertziak eta bertan goxo egotea astindu behar ditugu, euskararen aurka datorren oldarraldiaz jabetu eta horri aurre egiteko euskaltzaleon harresia altxatzeko erantzukizuna du euskalgintzak. Aktiba ditzagun beraz euskalgintzak dituen indarrak norabide horretan instituzio eta eragileak presionatzeko: hizkuntza-politika burujabea izango da".
Ondoren, eragile independentistei mintzatu zitzaien: "Euskararik gabe ez dago Euskal Herririk". Euskara ere, gainontzeko aldarrikapenekin batera, prozesu subiranistaren erdigunean kokatu behar dela uste du EHEk. "Bizitzak erdigunean jarri behar ditugu eta herri honen bizigaia euskara da. Herria da gorputza, hizkuntza bihotza. Premisa horretatik abiatuta, bizi dugun egoerak eragile politiko, sindikal eta sozial independentistok elkarrekin esertzea eskatzen du; adostasunak bilatu eta guztion artean Euskararen Errepublikara, Euskal Errepublikara, eramango gaituen gehiengo sozial independentista egituratzeko".
"Euskaraz bizitzea da euskaldunok egin dezakegun ekintzarik desobedienteena"
Adierazi zutenez, "gure herrikideak ilusionatu eta aktibatu behar ditugu askatasunera eramango gaituen ipar baten bueltan. Gure herriak eskatzen du". Madril eta Paristik datozen euskararen aurkako eraso eta neurriak "bizirik gauden euskaldun gehienok inoiz ezagutu ez ditugun dimentsio eta intentsitatekoak" izango direla uste dute. "Horiei herri gisa baturik soilik aurre egin ahalko diegu. Hori epe erdian egin ezean, neoliberalismo homogeneizatzailearen eta estatuen zentralismo linguiziden olatuak gainetik igaroko zaizkigu; herri gisa desagerrarazia izateko arrisku nabarmenarekin".
Azkenik, euskaltzaleei eskatu zieten hizkuntzari eutsi eta ahalik eta gehien euskaraz bizitzeko. "Grin euskaltzalea berpiztu eta euskararen eta gure hizkuntza-eskubideen aldeko borroka biderkatzeko unea dugu, beste hainbatetan egin bezala. Jakitun izan behar baikara euskaraz bizitzea euskaldunok egin dezakegun ekintzarik desobedienteena dela". Adierazi zutenez, norbaitek euskaraz hitz egiten duen bakoitzean Espainiatik eta Frantziatik deskonektatzen da eta beraz, euskaraz bizitzea korronte hegemonikoen kontra egitea dela ikusten dute.
Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika lelopean egin du manifestazioa larunbatean Euskal Herrian Euskarazek, Landako gunetik abiatuta. Euskal Errepublika aldarrikatzera, indarrak batzera eta euskararen aldarria lau haizetara zabaltzera deitu dute Durangoko kaleetan... [+]
Teilatura igo, eta hainbat instituziok Euskararen Nazioarteko Eguna “aurpegi zuriketarako aprobetxatu ohi dutela” salatu du bikote aktibistak. Frantziako eta Espainiako Konstituzioak “supremazistatzat eta euskaldunentzat baztertzailetzat” jo dituzte, bi... [+]
Agorrilaren 27an igorri nizuen gutunean, irailaren 10eko auzian euskaraz deklaratzeko asmoa nuela adierazi nizuen. Auzi honen hastapenean, epaile nagusiari euskaraz zekienez galdegin nion. Gutxiespenarekin ezetz erantzun zidan. Orduan, nere gutuna eskuratu zuenez frantsesez... [+]
Euskal Herrian Euskarazek manifestazio nazionala deitu du abenduaren 7an. "Hizkuntza larrialdiaren aurrean Euskararen Errepublika eraikitzea beharrezkoa" dela aldarrikatu du mugimendu euskaltzaleak. Mundu mailako eskuin muturraren hazkundeari “euskaratik eta... [+]
“Geldi euskara zapaltzea” lema berriz hartu du Euskal Herrian Euskaraz taldeak larunbatean egin duen prentsaurrekoan. Maiatzaren 17an, esaldi hori Baionako suprefeturan tindatzeaz akusaturik, irailaren 10ean epaituko dute Gorka Roca Torre.
Txillardegiren “Estatu batekin, agian, euskara ez da salbatuko; gabe, ziur ezetz” esaldi ezaguna abiapuntu hartuta, bi “mundu” horiek, euskara eta burujabetza, elkarrizketan jartzeko bi mahai-inguru antolatu ditu EHEk, Txillardegi Udal Liburutegia Herri... [+]
Euskal Herrian Euskarazeko kideek "egia, aitortza, erreparazioa" emanaldi eta solasaldi zikloa antolatu dute datorren otsailaren 24rako Baionan, Kalostrape ostatuan.
Euskaltzale eta independentistek elkarrekin hausnartzeko eta Euskararen Errepublika eratzeko helburuz, bi egunetako topagunea antolatuko du Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE). Data eta leku zehatzak aurrerago iragarriko dituzte. Antolakuntzarako lehen bilkura irekia egingo dute... [+]
Euskal Herrian Euskarazek salatu duenez, euskara hutsean mintzatu nahi zuen arraunlari bat derrigortu nahi izan dute adierazpenak gaztelaniaz egitera Eusko Label Ligaren ACT TVn. Joan den uztailaren 25ean izan zen, Lekeition jokatutako estropaden amaieran.