1997an abiaturiko bi irrati lizentzien esleipen prozesu luzea amaierara iristen ari da. Iruñerriko euskaldunak behingoz irrati euskalduna modu legezkoan entzun ahal izatetik gero eta gertuago daude. Lizentzia lortzeko prozesu luzearen berri ematen da ondoko lerroetan.
Hilaren 8an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko foru agindua bide horretan beste aurrerapauso garrantzitsu bat da. Horren ondotik, eta foru aginduak berak dioenez, “lizentzia dokumentu administratibo batean formalizatuko da”.
Euskalerria Irratia ez da geldirik geratu agiri ofizial horren zain. “Azpiegitura teknikoa prestatzen ari gara, baita hori lortzeko beharrezkoa zaigun finantziazioa ere, eta udaberrirako gure seinalea Iruñerri osora kalitatez eta legalki zabaldu ahal izatea espero dugu”, azaldu du Euskalerria Irratiko zuzendari Mikel Bujandak. “Guretzat zein gure entzuleentzat oso etsigarria izan da, bidegabekeria luze honen ondorioz, urte hauetan guztietan gure seinalea etxeetara behar bezalako indarrarekin ez iristea. Aurrerapauso handia izanen da”, gaineratu du.
Ostiralean argitaraturiko foru aginduaren arabera, bi lizentzietako bat Euskalerria Irratiarentzat izanen da, FMko 98.3ari dagokiona izanen da. Bestea, 106.6rena, banatzeke utziko dute hartzaileak, Medios de Comunicación 21, S.L. enpresak, ez duelako egiaztatu Nafarroako Zerga Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean dituela. Nolanahi ere, aldeek gora egiteko helegitea aurkez dezakete foru aginduaren aurka, eta hori egiteko hilabeteko epea dute. Bestalde, egun Nafarroako Unibertsitatea emititzen ari da 98.3an, horretarako baimenik gabe.
Gogoratzekoa da Yolanda Barcinak izendaturiko kontratazio mahaiaren ebazpena izan dela lizentzia Euskalerria Irratiari eman diona.
Euskalerria Irratiak jasoko duen lizentziaren esleipena 1997an abiatu zen. Bidegabekeriaz eta azpikeriaz beteriko prozesu luzea izan da.
Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren azaroaren 28ko 5121/1997 Foru Aginduaren bidez, frekuentzia modulatuko uhin metrikoen soinuzko irrati-difusioko zerbitzuaren kontzesioen deialdia eta kontratazio espedientea onetsi ziren.
Bestalde, Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren urtarrilaren 20ko 177/1998 Foru Aginduaren bidez, deialdian jardun behar zuen kontratazio mahaia izendatu zen.
Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren uztailaren 15eko 2343/1998 Foru Aginduaren bidez, Universidad de Navarrari eta Medios de Comunicación 21 enpresari esleitu zitzaien Iruñeko bi emisoren kontzesioa.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2005eko abenduaren 22ko 1140/2005 epaiak partez baietsi zuen Iruñeko Komunikabideak, S.A.k foru agindu horren kontra jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, eta, horrenbestez, foru agindua baliogabetzea ezarri zuen. Orobat, agindu zuen espediente administratiboa atzera eramatea, kontratazio mahaiak behar den proposamena egin zezan, osoki eta xeheki baloratuz eta administrazio klausula partikularren orrian ezarritako irizpide guztiei behar den puntuazio zehatza emanez, eta behin egiaztaturik, prozedurak aurrera egin zezala.
Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren urtarrilaren 24ko 17/2006 Foru Aginduaren bidez, xedatu zen aipatutako epaia bete zedila.
2006ko martxoaren 6an, kontratazio mahaiak erabaki zuen zer puntuazio eman Iruñeko bi emisoretarako aurkeztutako eskaintzei, eta ezarri zuen puntuaziorik altuenak Universidad de Navarrak eta Medios de Comunicación 21, S.L.k lortu zituztela. Horrenbestez, 2006ko martxoaren 29an bi entitate horien aldeko esleipen proposamena egin zuen.
Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren irailaren 8ko 278/2006 Foru Aginduak Universidad de Navarrari eta Medios de Comunicación 21, S.L.ri esleitu zizkien behin-behinekoz irrati-difusioko bi kontzesioak.
Iruñeko Komunikabideak, S.A.k gora jotzeko errekurtsoa jarri zuen foru agindu horren kontra, baina Nafarroako Gobernuak, 2007ko otsailaren 12ko Erabakiaren bidez, ezetsi zuen.
Erabaki horren kontra Iruñeko Komunikabideak, S.A.k administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak, 2009ko abenduaren 30eko 803/2009 epaiaren bidez, partez baietsi zuen. Epai horren epaitzan xedatu zen aipatutako kontzesio administratiboen esleipen prozeduran atzera egitea “gure 2005eko abenduaren 22ko epaian ezarri zen uneraino. Horrenbestez, inpugnatutako ebazpena baliogabeturik, eta espediente administratiboan atzera eginik, kontratazio mahaiak behar den proposamena eginen du, osoki eta xeheki baloratuz eta administrazio klausula partikularren orrian ezarritako irizpide guztiei behar den puntuazio zehatza emanez, eta, behin egiaztaturik, prozedurak aurrera egin dezala”.
2009ko abenduaren 30eko epai horren kontra kasazio-errekurtso bana jarri zuten Nafarroako Gobernuak eta Universidad de Navarrak.
Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salak, 2013ko abenduaren 4an emandako epaian, deklaratu zuen kasazio-errekurtso horiek ez zirela bidezkoak.
2014ko martxoaren 10ean, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuan sartu zen Auzitegi Goreneko Hirugarren Salako idazkariaren antolaketarako eginbidea, zeinaren bidez igortzen baitzen Auzitegi Gorenak emandako ebazpenaren lekukotza, behar bezala gauza zedin.
4. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2009ko abenduaren 30eko 803/2009 epaia irmoa izanik, bete egin behar da Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 103. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat.
Ikus-entzunezko zerbitzuen arloko eskumena Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari zegokion orduan, departamentu horren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 67/2012 Foru Dekretuarekin bat. Hortaz, epai horren betearazpena erabakitzeko eta jarduketetan atzera egitea xedatzeko organo eskuduna departamentu horren titularra zen.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren 2005eko abenduaren 22ko eta 2009ko abenduaren 30eko epaiek agindu zuten honako prozedura honetan atzera egitea: frekuentzia modulatuko uhin metrikoen soinuzko irrati-difusioko zerbitzuaren kontzesioen deialdia (Iruñeko bi emisoren esleipenari dagokionez, 98.3 eta 105.6), Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren azaroaren 28ko 5121/1997 Foru Aginduaren bidez onetsia.
Prozedura horri aplikatzekoa zaio azaroaren 14ko 13/1986 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Kontratuei buruzkoa, eta tramitazioa administrazio klausula partikularren eta ustiapenekoen orriari egokitu beharko zaio, hots, aipatutako azaroaren 28ko 5121/1997 Foru Aginduaren bidez onetsitakoari.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren 2009ko abenduaren 30eko 803/2009 epaia irmoa izanik, betetzeari ekin zaio, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 103. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat. Helburu horrekin eman zen Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren maiatzaren 2ko 28/2014 Foru Agindua, Kontratazio Mahaia eguneratzen duena eta espedientea atzera eramatea xedatzen duena, hain zuzen, Kontratazio Mahaiak bidezko proposamena egin dezan, proposamen guztiak osoki eta xeheki baloratuz eta administrazio klausula partikularren orrian ezarritako irizpide guztiei behar den puntuazio zehatza emanez, betearazten den epaian halaxe xedatzen baita.
Izendatutako Kontratazio Mahaiak lizitatzaileek aurkeztutako proposamenak ebaluatu ditu, administrazio klausula partikularren orrian ezarritako esleipen-irizpide guztiei jarraikiz, eta foru agindu honen eranskinean zehazten diren puntuazioak eman ditu. Era berean, Mahaiak proposatu du lizentziak puntuaziorik handiena atera duten bi lizitatzaileei esleitzea, hauek baitira hurrenkeran: Medios de Comunicación 21, S.L., 71,40 punturekin, eta Iruñeko Komunikabideak, S.A., 70,98 punturekin.
Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren uztailaren 22ko 8/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren egitura berriaren arabera, komunikabide sozialen arloko eskumena Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuari dagokio. Departamentu horren oinarrizko egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 12ko 55/2015 Foru Dekretuaren arabera eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen abuztuaren 28ko 129/2015 Foru Dekretuaren arabera, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiari dagokio bi irrati-lizentzia horiek emateko administrazio prozedura sustatzea.
Ikus-entzuneko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren bigarren xedapen iragankorrean eta Nafarroako Foru Komunitateko Ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraikiz, 1997. urtean irratien lehiaketarako aukeratu zen forma juridikoa administrazio kontzesioena izan baldin bazen ere, deialdi hura ebatzi behar den garai honetan ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua zeharka kudeatzeko kontzesio haiek ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua emateko lizentzia bihurtu dira, eta, horrenbestez, aipatutako urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretua aplikatu behar zaie.
Horregatik, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak, Kontratazio Mahaiak egindako esleipen proposamenarekin bat, eta ikus-entzunezkoen arloan indarra duen araudia aplikatuz (Ikus-entzuneko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorra eta Nafarroako Foru Komunitateko Ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretua), Kontratazio Mahaiak proposatutako bi enpresei eskatu zitzaien behar zen dokumentazio administratiboa aurkez zezaten, eta, horretarako, 15 eguneko epea eman zitzaien, aipatutako urtarrilaren 25eko Foru Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoarekin bat. Zehazki, honako agiri hauek eskatu zitzaizkien:
a) Merkataritza-sozietatea dagokion merkataritza-erregistroan inskribatua dagoela egiaztatzeko dokumentazioa, eta notario-ahalordea, irrati-lizentzia hau emateko prozeduran merkataritza-sozietatearen ordezkaria izateko baimendu den pertsona fisikoa izendatzen duena.
b) Kasuan kasuko Ogasunek (Nafarroako Foru Ogasuna eta/edo Estatuko Ogasuna eta/edo Foru Ogasunak) eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiriak, lizitatzaileak bere zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko, hurrenez hurren.
Lizitatzailea ez bada subjektu pasibo gisa ageri inolako zerga-kontzepturengatik Nafarroako Foru Komunitatean, egoera hori Nafarroako Foru Ogasuneko ziurtagiri baten bidez frogatuko da.
c) Jarduera ekonomikoen gaineko zergan, lehiaketa honen xedeari dagokion kategorian, alta emanda dagoela frogatzen duen agiria; edo zerga horretatik salbuetsita dagoela frogatzen duen agiria.
d) Erantzukizuneko aitorpena, zehazteko Nafarroako Foru Komunitatean edo Estatuko beste lurralde batzuetan zuzenean edo zeharka kontrolatzen dituen edo jabetzan dituen soinuzko irrati-difusioko zerbitzuaren lizentziak. Horren ondorioetarako, kontrolatzen dituela ulertuko da baldin eta lizentzia horien titularrak Merkataritza Kodearen 42. artikuluan aipatutako kasuetan baldin badaude. Lizentzia bakoitzaren estaldura-eremu geografikoa, esleitutako frekuentzia, merkataritza-izena eta programa mota adierazi beharko dira.
e) Erantzukizuneko aitorpena, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 26.1. artikuluan ezarritako debekuetatik bat bera ere ez duela adierazteko.
f) Erantzukizuneko aitorpena, merkataritza-sozietateak 1997ko lehiaketan aurkeztutako programazio baldintzak eta enplegua sortzeko eta inbertsioa egiteko baldintzak beteko dituela berresteko, izan ere, baldintza horiengatik proposatu baitute lizentzia hartzeko.
g) Kontuan harturik arrazoi teknikoengatik lizentzietako baten frekuentzia aldatu dela (FM 105.1 lizentzia 105.6 dialera aldatu da), idazki baten bidez adierazi beharko du Iruñeko FMaren 105.6 diala ala 98.3 nahiago duen. Lizentzia horiek Kontratazio Mahaiak ezarritako puntuazio-hurrenkerari jarraikiz banatuko dira.
Aurkeztutako dokumentazioa azterturik, ikusi da Iruñeko Komunikabideak, S.A. merkataritza-sozietateak aurkeztu duela eskatu zaion dokumentazioa, baina Medios de Comunicación 21, S.L.k ez du egiaztatu Nafarroako Zerga Ogasunarekiko zerga betebeharrak egunean dituela.
Hortaz, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Komunikazio Zerbitzuak Herri Lan, Garraio eta Komunikazioetako kontseilariaren azaroaren 28ko 5121/1997 Foru Aginduaren bidez deitutako irrati lehiaketa ebazteko proposamena egin du, Iruñeko FM irrati-difusiorako bi emisorei dagokienez. Hala, irrati bidezko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzurako lizentzia bat Iruñeko Komunikabideak, S.A. merkataritza-sozietateari ematea proposatu du, 98,3 FM frekuentziakoa, legez eskatutako betebehar guztiak betetzen dituelako, eta Iruñeko 105,6 frekuentziarako lizentzia eman gabe uztea, Medios de Comunicación 21, S.L. merkataritza-sozietateak ez dituelako betetzen lizentziaren titularra izateko betebeharrak. Era berean, lehiaketara aurkeztutako gainerako eskaerak ezestea proposatu da.
(Albiste hau Euskalerria Irratitik hartu da CC lizentzia baliatuta)
1988ko azaroaren 7an egin zuen lehen emisioa Iruñerriko irratiak. Urteurrena aitzaki hartuta, Zentral aretoan “musika eta hitza” uztartuko dituen ekitaldi bat antolatu dute.
Irrati urtea astelehenean, hilaren 18arekin, abiatuko dute, albistegiak eta arratsaldeko magazina indartuta. Azaroaren 7an, irratiak 35 urte beteko ditu eta hainbat ekimen gauzatuko dituzte urteurrena ospatzeko.
Kalkulua zehatza da. Iruñeko biztanleen %10,5 da euskalduna. Navarra Sumak gidatutako Iruñeko Udalak publizitate instituzionala lortzeko gutxienez audientzia osoaren %10 izatea exijitu die hedabideei. Euskarazko hedabideek publizitatea lortzeko hiriko biztanle... [+]
Euskalerria Irratiak helegitea aurkeztu du Nafarroako Auzitegi Administratiboaren aitzinean, Iruñeko Udalaren publizitate instituzionalaren esleipenaren kontra.
Martxoaren 28an Iruñeko Kondestable aretotik zuzenean antolatu du emisioa Euskalerria Irratiak, herritarrei bertatik bertara ikusi eta entzuteko aukera eskainiz. Bi orduan hamaika pertsonak aurten mendea bete duen euskarazko hedabideari buruzko ertzak landu dituzte.
Euskalerria Irratiak atzo ospatu zuen bere 30. urteurrena Iruñeko Kafe Zentral Antzokia betez. Bertan bildu zuen bere komunitate sendoa: langile, kolaboratzaile, iragarle, bazkide eta entzuleak, besteak beste.
Euskalerria Irratiak hiru hamarkada beteko ditu azaroaren zazpian. Lizentzia ukapen guztien gainetik eta bazterkeria ekonomiko guztien azpitik irrati iruindarra hiru hamarkada betetzera iritsi bada, bere komunitate ahaltsu eta eskuzabalari esker izan da. Eta komunitate horretako... [+]
Astelehenean hasiko da Eukalerria irratia FMko 98.3 frekuentzian emititzen. Legezkotasun, indar eta kalitate osoz.
Iruñerriko euskal munduaren ispilu zen asteazken gauean Iruñeko Zentral Kafe Antzokia. Eta Nafarroak bizi duen aldaketarena ere bai. Euskalerria Irratiak 27 urteren ondoren lizentzia lortu duela ospatzen ari ziren guztiak.
Irailaren 30ean, Iruñeko Kafe Antzokian egingo den ekitaldi batekin ospatuko dute "euskaldun eta euskaltzaleekin" Euskalerria Irratiari lizentzia eman diotela.
Duela 30 urte ekin zion Euskalerria Irratiak uhinak airean jartzeko baimenak bideratzeari. Azkenean, 1987an lizentziarik gabe ekin zion irratigintzari eta 27 urteren ondoren etorri da hainbeste desiotako baimena. Mikel Bujanda ibilbide horren guztiaren lehen lerroko lekuko... [+]
Azkar esaten da, 30 urteren ondoren Euskalerria Irratiak bere jarduerarako legezko lizentzia lortu du. Azkenean, 1987ko azaroan ekin zion emititzeari, baina lizentziarik gabe.