“Euskaldun izatea hautua da, baina hautu horri bide eman behar zaio”

  • Nolakoa behar du euskal herritar berriei egiten diegun harrera? Nola josi aliantzak euskararen normalizazio eta biziberritze prozesurako? Premiazko erronkei heldu diete Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako Ongi etorri Euskararen Mundura jardunaldietan, Gasteizen. Hausnarketak eta praktikak partekatu dituzte bi egunez, hainbat herri ekimenetako kide, migratzaile euskaldun, teknikari zein unibertsitateko adituek. Ostegunean Euskal Herrira bizitzera etorri diren pertsonen bizipenak jaso zituen Cira Crespok ARGIAan. Ostiral goizeko mahai inguruan hezkuntza eta aisialdiaren alorretik jorratu dituzte migrazioa eta hizkuntzaren normalizazioa.

Larraitz Fagundez Osa

2024ko urriaren 14an - 08:00

Ruben Sánchez, Aitor Barriocanal, Egoitz Urrutikoetxea, Yasmine Khris eta Arantxa Caminosek hartu dute hitza. Euskararen periferietatik hitz egiten dutela (Zuberoa, Gasteiz eta Iruñea), baliabide falta oso handia dela eta zapalduen arteko aliantzak eraiki behar direla nabarmendu dute denek ere.

Errekurtso gutxirekin, herri mailako euskalgintzatik, zer egin dezakegu etorri berriei euskarara hurbiltzeko aukera emateko? LABA gunea eta Kabia programak elkarlanean martxan jarritako Ongi Etorri Iruñera proiektuaren irakaspenak azaldu dituzte Khris eta Caminosek. Lagun arteko ziklo itxi bat antolatu zuten, Nafarroan sortuak eta atzerritik etorritako pertsonak elkartuz. Euskara irakastea baino, hizkuntza eta kultura ezagutzera ematea izan dute helburu, atxikimendua sortu eta harremanak eraikitzea. Harreman sareen, proiektu komunitarioen eta “bizi zaren hiriaren parte” izatearen garrantzia azpimarratu dituzte, ongizate emozionala bermatu eta loturak sortzeko.

Gasteizko Alde Zaharreko komunitate egitasmo hezitzailea da Goian, eta aisialdiaren bidez, “euskara dinamika guztien erdigunean” jartzen dihardute sortu zirenetik. Aitor Barriocanal koordinatzaileetako bat da eta, iruñarren antzera, komunitatea du haien jardunaren elementu zentraltzat, euskara zabaltzeko.

“Euskarara harrera polita egin diezaiokegu pertsonari, baina gero ikasten jarraitzeko baliabide nahikorik ez dago. Gaztelania eta frantsesa ikastea guztiz doakoa da" (Ruben Sánchez)

Baina nahikoa al da harreman informalen bidez pertsona batzuk euskarara gerturatzea? Polita den harren, noraino iritsi gaitezke horrela? Ruben Sanchez ez da horren baikorra: “Ahal duguna egiten dugu eta ondo dago, baina errealitatea da ehuneko handi-handi batengana ez garela iristen”. Mapa “osoari” begiratu behar zaiola ohartarazi du Sanchezek: “Euskarara harrera polita egin diezaiokegu pertsonari, baina gero ikasten jarraitzeko baliabide nahikorik ez dago. Gaztelania eta frantsesa ikastea guztiz doakoa da. Euskara ikasteak izan behar du, gutxienez, gaztelania eta frantsesa ikastea bezain doakoa”.

Proiektu herrikoien baliabide falta da hutsuneetako bat, baina administrazioaren hizkuntza politikez zer? Hegoaldean aurrekontuak eta eragiteko gaitasunak oso txikiak badira, zer esanik ez Ipar Euskal Herrian. Frantziako Estatuaren pean euskarak pairatzen duen “segregazioa” seinalatu du Urrutikoetxeak: ez du babes instituzionalik, estatuak ukatu egiten duen herria eta kultura da, eta ezezaguna etortzen diren gehienentzako. Hori bakarrik ez, euskaldunok eraikitzen ditugun diskurtsoetan Iparradeko errealitatea ere oinarrian izan behar dela ohartarazi du, sarri ez baita kontuan hartzen Hegoaldetik.

Testuinguru horretan, erronka honela planteatu du Seaskako pedagogia arduradunak: lehenik, euskaldun “egin egiten dela” izan behar dugu kontuan, hautua dela, beraz; bigarrenik, hautu horri “bide eman” behar zaiola. Hau da, “baldintza egokiak sortu behar ditugu Euskal Herrira bizitzera etortzen diren pertsonek hautu hori egin eta garatu ahal dezaten, komunitate bat eskaini”. Tamalez, gaur gaurkoz, Ipar Euskal Herrian murgiltze eredua eta Ikastolak dira hori egiten duten bakarrak, “geuk egin behar dugu ahal dugunarekin, estatuak ez baitu inolako baliabiderik ematen”.

"Ni ez naiz Euskal Herrian jaioa, baina euskalduna naiz, eta herri egite horretan ikasi nuen euskara" (Yasmine Khris)

Baldintza horiek eraikitzeko, Sanchezen ikuspegitik, geure buruari galdetu beharko genioke “zer eskaini dezakeen Euskal Herriak, estaturik edo instituzio propiorik gabe, hizkuntza gutxitu batekin, Espainiak eta Frantziak eskaini ezin dutena”. Gasteizko Alde Zaharrean gauzatutako harrera proiektuetako esperientziak gogoan, garrantzia eman dio jatorri guztietako pertsonei eta komunitateei, euskararen parte izateko aukera emateaz gain, norbere hizkuntza eta kultura mantentzeko eta transmititzeko baldintzak ere eskaintzeari. “Horrela lortuko dugu antzeko arazoak ditugun komunitateak aktibatzea. Herri baten eraikuntza da eskaini dezakeguna, Frantziak eta Espainiak ez bezala, hizkuntza guztiak aintzat hartuko dituena. Elebakar inperialista izango ez den herri bat egin dezakegula ikusarazi, hori da gaur egungo baldintzekin, hainbeste diru gabe, egin dezakegun zerbait”.

Ildo horrekin bat egin dute gainontzeko hizlariek ere. “Gakoa herria egitea” dela berretsi du Khrisek, bizipen propiotik egin ere: “Ni ez naiz Euskal Herrian jaioa, baina euskalduna naiz, eta herri egite horretan ikasi nuen euskara. Herria zer den definitzen ez dakit, baina gizarte honetan parte hartzeko ikasi nuen hizkuntza”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migratzaileak eta euskara
2024-10-11 | Cira Crespo
Ongi etorri Euskararen Mundura jardunaldiak
“Ederra litzateke euskaraz kalean ikastea”

Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako "Ongi etorri Euskararen Mundura" jardunaldiak izan dira Gasteizen ostegunean eta ostiralean. Egun bi bete-beteak,  eta mahai gainean Euskararen normalizazio prozesuan euskal herritar berriak integratzeari buruzko praktikak... [+]


Migratzaileei hizkuntza harrera egiteko jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen

Urriaren 10 eta 11n Gasteizko Europa Jauregian egingo dira Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lankidetzan urtero antolatzen dituzten jardunaldiak.


Harrera bizkorreko gelak etorri berrientzat

Eroriko askoren artean badira lorpenak ere. 35 urte inguruko ama gazte batek galdetzen zidan aurreko batean nola arraio lortzen zuten beraien eskolan etxean euskara jaso ez zuten ikaskideek etxetik euskaldunak ziren neska-mutikoek bezain ongi ikastea eta hitz egitea euskaraz... [+]


Etorri berriak
Hizkuntza lan giroan ikasteko beharra

Lanaren bidez migratzaileei hizkuntzak irakasteko metodologiak eta estandarrak aztertu edota landu dituzte Aitor Montes Osakidetzako familia medikuak, Petra Elser itzultzaileak eta Mireia Plana Plataforma per la Llenguako lehendakariordeak. Ondorioztatu dute egon badaudela... [+]


Nevada

– Zelan zaude, tio?
– Txarto, txarto. Makinara lotuta.
– Emango diozu buelta, zu gogorra zara eta.
– Ez dakit, ba. Oraingotan ez dakit.

Horixe izan zen Ameriketako osabarekin izandako azken elkarrizketa. Artzain joan zen Nevadara, aspaldi, eta... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


Etorkin helduei ez diegu euskara eman behar?

UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Egin nirekin euskaraz leloa daraman kanpaina aurkeztu zuen komunikabideen aurrean pasa den hilabetean. Jatorria Euskal Herrian ez duten familiak agertu dira, UEMAko ordezkariekin batera. Esan dute maiz haur horiengana euskaldunok... [+]


2023-10-04 | Aingeru Epaltza
Diskurtso arriskutsua

Euskal Herriko azken inkesta soziolinguistikoaren Nafarroako emaitzak argitaratzean ikasi genuen: 2011tik hona, Foru Komunitatean indartu egin da euskararen erabilera sustatzearen kontrako jarrera, eta ahuldu, berriz, aldekoena. Euskal txio herrian, jendea ez da posible-ka... [+]


2023-02-08 | Reyes Ilintxeta
Luzio Tabar. Trapuketaria
“Munduko pertsona guztientzat posible ez dena pribilegioa da, ez eskubidea”

50 urte bete berri dituzte Iruñeko Arturo Campion euskaltegiak eta Nafarroako Emausko Trapuketariek, eta bietan buru belarri lanean Luzio Tabar, lehenbizi euskaltegian eta trapuketariekin orain. Bietan ezaugarri komun asko: biak herri ekimenak, behar sozial bati ... [+]


Euskarara gerturatzeko urrats txikiak Lekeition

Saltsa guztietan egon ohi dira eta Lekeitioko Ikastolak proposatutako erronkari ere ez diote iskin egin espeja-gartziatarrek. Alina Diadoma ukrainarrak prestutasun hori baliatu eta gogoz hartu du aste betez familia euskaldun batean bizitzeko erronka. Ikasleek eta familiek... [+]


Deserria

“Maketoa naiz eta arto nago”. Hala zioen udaberri aldera auzoko pareta batean loratutako pintadak. Lerro hauen atzean denari irri bihurria atera zion esaldiak, baina oso bestelako irakurketak ere izan zituen. Bigarren zentzua izan zezakeen esaldia izatetik urruti,... [+]


Migrazio erdalduna herri euskaldunetan
Zergatik gerturatzen dira euskarara? Eta zergatik urrutiratu?

Migratzaile erdaldunek euskararekin sortzen duten harremanean aldagai askok eragiten dute, eta gainera, faktoreok pertsona beraren bizi zikloan alda daitezke. Migrazio erdalduna herri euskaldunetan: euskararen inguruko bizipenak eta iritziak ikerlanean udalerri euskaldunetan... [+]


Eguneraketa berriak daude