Euskaldun berpiztuak

  • Txikitatik euskaraz mintzo eta bizi izan dena euskaldun zaharra da, Euskal Herriko bastioi euskaldunetan hezi izandakoa. Amak eta aitak euskaraz bota zioten errieta, lagunekin kalean euskaraz egiten zuen, euskaraz zirikatzen zuten elkar, muxu eman, maitasuna egin. Erdara geroago etorri zitzaien, betiere makuluekin dabilen bigarren hizkuntza, haien ama-hizkuntzaren zimenduen gainean. Azentuan nabaritzen zaie, jariotasunean, jatortasunean. Atlantidako azken biztanleak dira.


2019ko abenduaren 13an - 08:48

Euskaldun berriek, ordea, erdara dute ama-hizkuntza. Euskaltegian, ikastolan edo kalean hizketan barneratu dute euskara. Asko sinplifikatzen, Euskal Herritik kanpo jaio direnak edo A ereduan ikasi dutenak. Saiakeran, esfortzuan eta, askotan, gehiegizko konplexutasunean nabaritzen zaie. Batzuk euskararekin enamoratu dira eta sarritan bestelako euskaldunak baino zuzenago hitz egiten dute, beste batzuk, euskara gorrotatzen amaitu dute, esfortzuak ez dielako inolako etekinik eman.

Azken urteotan hirugarren euskaldun espezie bat azaldu da, besteengandik ezberdintzen dituen ezaugarri eta xelebrekeria propioak dituena: euskaldun berpiztua.

Euskaldun berpiztua

1.- adj/iz. Ama-hizkuntza erdara izan duena, euskaraz ikasi baina nerabezaro partean bazter batean ahaztuta utzi eta gero hizkuntzarekin berriz aurkitu dena, euskararekiko maitasuna berreskuratuz.

Berpiztuok ikastola modernoetan ikasitako lehenengo belaunaldiak gara, baina etxean erderaz egiten zen

Berpiztuok ikastola modernoetan ikasitako lehenengo belaunaldiak gara, baina etxean erderaz egiten zen. Aitak eta amak ez zuten euskara ikasi eta etorkizunean garrantzitsua izango zelakoan, edo lan-munduan ate gehiago irekiko zizkigulakoan, D ereduan matrikulatu gintuzten. Goizetan euskaldun eta arratsaldetan erdaldun, euskaraz ikasi baina errietak erderaz jaso, muxu goiztiarrak, bromak eta irainak erderaz ere.

Hala ere, klasetik bueltan Etb1 pizten genuen Super Bat-en ateratzen ziren marrazki bizidunak ikusteko. Abestiak buruz genekizkien eta lagunarteko jolasetan gure pertsonai gustukoenen esaldiak errepikatzen genituen (asko ulertzen ez genuen hikako forma horretan bazen ere), akatuko haut!, ez diat berriro aukerarik emango!

Berpiztuontzat euskara irakasleen hizkuntza zen, testu-liburuena, hezkuntza-sistemarena. Etsaiarena. Errekreo orduetan erdaraz egiten genuen, maisu-maistren bigilantziatik urrun geundela, lotsatiak ginenak ahopeka, ozen eta harro ausartak zirenak. Eskolatik kanpo euskaraz egitea herriko festetan aljebra arazoak ebaztea bezalakoa zen, “nahikoa izan dugu klasean, isil zaitez hostia!”. Euskara hizkuntza-hegemonikoa zen gure haurtzaro eta nerabezaroan, giltzaperatzen gintuen sistemaren lengoaia.

Euskara, motxila barruan, astuna egiten zitzaigun. Urte hauetan bizio txar propioak garatu genituen euskaldun berpiztuok. Subjektuaren marka adibidez. “K” zikin hura ez zitzaigun buruan sartzen, Ander beltzarana da edo Ander pilota bat dauka berdin-berdinak ziren guretzat. Bagenekien nor zen Ander, morfologiak ez zigun esan behar objektu zuzenik zegoen esaldian edo ez.

Dena den, bere garaian Super Batek egin zuen bezala, nortasuna eraikitzen genuen heinean euskarak aisialdiaren eta identitatearen zirrikituetatik pasatzen jarraitu zuen. Askoren kasuan musikak paper izugarri garrantzitsua izan zuen identitate politikoan eta geroago etorriko zen nortasun linguistiko korapilatsu horretan. Euskal musika gurea sentitzen genuen: Su ta Gar, Berri Txarrak, Betagarri, Hemendik At, Kortatu, Urtz, Alaitz eta Maider, Gatibu, Latzen, Itoiz, EH Sukarra eta beste hainbestek belarriak berotzen zizkiguten walkmanetako kaskoen bitartez. Kanta haiek, “ez dakit zer pasatzen den azken aldi hontan jendea hasi dela dantzatzen sarritan”,haien berri onak gure berri txarrak direlako”, “kaixo!, kaixo! zelan, ondo, ta zu, beno, zer ba, beira”, “libre izateko haiz jaioa, Mari ez zara izango niretzat”, orbain zaharren antzera ditugu gure euskaldun-nortasunean, patioan jolasten belaunetan egindakoak bezalaxe.

Abesti hauek haurtzarotik ostikoka bota gintuzten, nerabezarora zuzenean eta, bat-batean DBH amaitu eta Lanbide Heziketa zikloak edo batxilergoak aukeratzen hasi ginen.

Gauzak puntu honetan okertzen hasten dira. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta geroko bideak ireki zitzaizkigunean. Batzuk batxilergoa, euskaraz oraindik, amaitu eta gero karrerak erdaraz aukeratu genituen, beste batzuk Goi Mailako edo Erdi Mailako zikloak ere erdaraz. Ikasi nahi ez zutenek gure eskualde erdaldunera joan ziren lan bila.

Uda hasi berri zenean ganbarara igo eta antzinako jostailuak, DBH 3ko testu-liburuak, Athletic-eko jokalariek sinatutako baloi hura eta eskolaurreko garaian egindako margolanak kartoizko kaxetan pilatu genituen bezala, euskara ere hantxe utzi genuen. Ea han goian, traste zaharren artean, hezetasunak betiko herdoiltzen zuen.

Libre sentitu ginen. Euskaldun izatearen erantzukizuna atzean utzi eta identitate soilarekin geratu: euskalduna naiz eta harro nago. Askok euskara ulertzearekin eta noizbait bi esaldi botatzearekin kontzientzia lasai geneukan.

Urteak eman genituen horrela, euskara mantartzen zitzaigun bitartean. Jaian ginela abestiak kantatzeko, gurasoen aurrean edo atzerritarren aurrean mezuak pasatzeko, beste euskaldunekin topo egitean esaldi eroso pare bat partekatzeko soilik erabiltzen genuen. Ulertu, bai ulertzen genuela baina hitz egitea edo idaztea gehiegi kostatzen zitzaigun. Zintzo izan behar bagara, geneukan maila galdu izanak lotsa ematen zigun. Derrota puntu horrek euskararekiko harremana markatuko zuen betiko.

Konplexu propioak ere garatu genituen, euskaldun berpiztu gehienok batueraz ikasi genuelako eta herri euskaldunetara joaten ginenean gure euskara artifiziala, amaitu gabea, traketsa eta zatarra iruditzen zitzaigun. Euskalkiak ziren benetako euskara, ez gurea. Arrotzak sentitzen hasi ginen.

Orduan, hezkuntza-sistemari, gure bizileku ziren eskualde erdaldunei, Espainiako gobernuari eta Frankismoari leporatzen genien egoera honetara heldu izana. Baina, barne-barnean, bagenekien geurea genuela erru guztia, geurea genuela osoa.

Konplexu propioak ere garatu genituen, euskaldun berpiztu gehienok batueraz ikasi genuelako eta herri euskaldunetara joaten ginenean gure euskara artifiziala, amaitu gabea, traketsa eta zatarra iruditzen zitzaigun

Konplexuak ez ezik, kontraesanak ere garatu izan ditugu. Aberria zela eta ez zela, abertzale izatea zer zen, zer zen euskaldun izatea. Berpiztu askok nahiko argi izan dugu beti: Euskal Herritarrak gara. Arazoa zen espainolez bizi ginela. Pribilejio handia da elebiduna izatea, barne-diglosian bada ere, baina bere aberriko hizkuntza hitz egiteko aukera daukanak eta egiten ez duenak kostata aberri horren parte sentitu daiteke, nahi eta nahi ez.

Eztabaida handia izan da euskaldun berpiztuen artean, eta ondorioa beti izan da berdina: norberak nahi duen aberria aukeratu dezake, nola ez, baina, bada hipokresia puntu bat herri baten parte sentitzea, herri horren eskubide linguistiko eta historikoak defendatzea eta, aukera garbia izanda ere, bere hizkuntza ez mintzatzea.

Haserre eta aitzakien geruzaren beheko sakonera abisaletan bizi zen hipokresia, antsietatea, segurtasun falta edo beldurra bezala. Barne-barnean mugitzen zen emozio bat berriro ere. Inpostore hutsak ginen.

Halako batean, urteak pasa zitzaizkigun eta EGA atera behar genuen nola edo hala, seme-alabak izan genituen eta euskaraz hitz egin nahi genien, gure bikotea Durangokoa zen eta berarekin euskaraz hitz egin nahi genuen. Gogo txarrez euskaltegian hasi eta euskara berrikasteari ekin genion.

Eta berpiztu ginen.

Hasieran motel doan prozesua dugu, txinparta batekin hasten dena. Baliteke klasean besteok aditz-taulak begiratzen dituzten bitartean gu aditz laguntzaileak pentsatu gabe idaztea, edo urteak mintzatu gabe egon eta gero “txingorra” hitza segituan ateratzen zaigula deskubritzea. Gauzak aldatzen hasten dira.

Gure buruari eman genion iruzurtiaren izen txar hori pixkanaka ezabatzen zaigu, galdutako koherentzia berreskuratuz. Bidean behintzat, bageunden. Euskaldunak (euskara daukatenak) sentitzen hasten gara eta hizkuntzan gero eta gehiago sakontzeari ekiten diogu.

Gure buruari eman genion iruzurtiaren izen txar hori pixkanaka ezabatzen zaigu, galdutako koherentzia berreskuratuz

Prozesu honetan, irakurtzen, ikasten, entzuten, ikaragarriak diren hitzekin egiten dugu topo: kimakaria, erremuskatu, horikaildu, zuhamuxka, iheszuloa, malurusa, urrumara, zamasakua. Euskararen esparru politiko, historiko eta sozialetatik kanpo inoiz jorratu ez dugun eremu estetikoa irekitzen zaigu: nola euskarak konbinatzen dituen soinurik bortitzenak hartz, nork, musikarik goxoenekin kilima, gau-mahaia.

Berpiztuok akatsak egiten jarraitzen dugu eta, euskaldun berri batzuk ez bezala, besteonak ez ditugu zuzentzen, ez gara taliban bilakatu. Ez zaigu axola. Justu kontrakoa, berpiztuok euskaraz bizitzen hasten gara eta beste euskaldunak lotsarik gabe bilatzen ditugu, orain bai.

Helduen begiekin begiratzen dugu gure arbasoen hizkuntza eta hainbeste sufritu duen Europako hizkuntzarik zaharrena omen denaren babesaren parte sentitzen gara. Lehenengo momentuan maisu-maistrekin eta aita-amekin zorrak kitatu izanak lasaitasuna eman zigun, haien esfortzuek pena merezi izan zutela demostratu genielako. Hori hala da, baina, geroago baliteke konturatzea zein ondare baliotsua daukagun hortzen artean, eta honen erantzule sentitzea.

Hizkuntza eta hizkuntzarekin disfrutatzea, hortxe dago gako bat. Gure gakoetako bat. Badira hamaika gehiago.

Ez dugu inoiz gehiago euskara betebehar bat bezala ikusiko. Ez gara berriro errudun sentituko euskara txikitatik ikasteko aukera izan dugulako eta perfektu egiten ez dugulako.

Euskara hor egon delako beti, nahi eta nahi ez. Hizkuntza bat, makuluetan badoa ere, betirako delako, txakurren zintzotasunarekin itxaroten zaituena, zu prest egon arte. Nahi duzun arte.

Damurik ez, perfekziorik ez, betebeharrik ez, zorrik ez, gezurrik ez, plantarik ez, esaldi erosorik ez, ganbararik ez, derrigorrik ez, motxilarik ez eta azterketarik ez.

Konplexurik ez.

Euskara euskaldun berpiztuon ahizpa-hizkuntza da. Betiko.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Analisia
HELarekin, akaso

Jakina da lan ikuskariak falta ditugula geurean. Hala ere, azken egunotan datu argigarriak ematea lortu dute: lan ikuskaritzaren arabera, EAEko enpresen %64ak ez du ordutegien kontrolean legedia betetzen. Era berean, lehendakariordeak gaitzetsi du, absentismoaren eta oinarrizko... [+]


2025-02-26 | Elixabet Etchandy
Martxoaren 8ko, emazte langileak lehen lerrora!

Martxoaren 8a hurbiltzen ari zaigu, eta urtero bezala, instituzioek haien diskurtsoak berdintasun politika eta feminismoz josten dituzte, eta enpresek borroka egun hau “emazteen egunera” murrizten dute, emakumeei bideratutako merkatu estereotipatu oso bati bidea... [+]


2025-02-26 | Roser Espelt Alba
Trumpen ispilua

Trumpen itzulera pizgarri izan da sendotuz doan eskuin muturreko erreakzionarioen mugimenduarentzat. Izan ere, historikoki, faxismoaren gorakada krisi ekonomikoekin lotuta egon da, baita sistemaren zilegitasun politiko eta ideologikoaren krisiarekin ere. Gaur egun, geldialdi... [+]


Musker eta Tranpa

Batzuendako, dirutza izatea ez da nahikoa, eta euren ego hauskorrek diruaren txintxina ez ezik, protagonismoa ere eskatzen dute. Aberats okituak izatea nahikoa izango ez balitz bezala. Beti gehiago behar dute, anbizioa deritzote antsia horri, baina botere gosea eta nabarmendu... [+]


2025-02-26 | Ane Labaka Mayoz
Hatza ezpainetan

Bi neska komisarian, urduri, hiru urtetik gora luzatu den jazarpen egoera salatzen. Izendatzen. Tipo berbera agertzen zaielako nonahi. Presentzia arraro berbera neskek parte hartzen duten ekitaldi kulturaletako atarietan, bietako baten amaren etxepean, bestea korrika egitera... [+]


2025-02-26 | Bea Salaberri
Bretoiera

Iragan urtarrilaren hondarrean, Bretainiako lurraldeko bi hizkuntza gutxituei buruzko azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak publiko egin zituzten bertako arduradunek. Haiek berek aitortu zuten harriturik gertatu zirela emaitzak ikustean. Hain zuzen ere, egoerak eta... [+]


2025-02-26 | Mikel Zurbano
DeepSeeken astindua

Silicon Valley-ko oligarkia AEBetako gobernura iritsi berritan lehertu da adimen artifizialaren (AA) burbuila. Txip aurreratuen erraldoia den Nvidia-k urtarrilaren amaieran izandako %16,8ko balio galera, egun bakar batean inoiz izan den burtsa balio galerarik handiena da... [+]


Teknologia
Suaren inguruan

Gizakiok berezkoa dugu parte garela sentitzeko beharra. Parte izateko modu hori jasotako hezkuntza, ingurua... formateatzen joaten da.

Identitateak ezinegon asko sortzen du gizakiongan. Batzuetan, banaketak ere eragiten ditu, ezin dugulako jasan beste baten identitatearen... [+]


2025-02-26 | June Fernández
Meloi saltzailea
Kongo askatu!

Fermin Muguruza jarraitzen duzu sareetan. Madrilgo kontzertuko bideo bat ikusi duzu bere kontuan: dantzari batek “Kongo askatu!” oihukatu du, bandera esku artean. Haren profila bilatu duzu: @c.kumaaa. Bilboko manifestazioaren deialdia zabaldu du. Ez zara joango,... [+]


Izan, badira salbuespen legeak, bai horixe!

Sare Herritarrak antolatuta, pasa den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen manifestazio jendetsuaren ondoren, berriz sortu da eztabaida, euskal presoei salbuespen legeriarik aplikatzen ote zaion. Gure iritzia azaltzen saiatuko gara.

Espetxe politikan aldaketa nabarmena... [+]


Zedarriak, armagintza, zoru etikoa eta langileok

Duela gutxi think tank izateko jaioa omen den Zedarriak bere 6. txostena aurkeztu zuen. Beren web orrialdean azaltzen dutenaren arabera, zedarriak ebidentea ez den bidea topatzeko erreferentziak dira. Hots, hiru probintzietako jendarteari bidea markatzeko ekimena. Agerraldi... [+]


Asko gara, etorri gurekin euskal eskola publikora

Heldu zaigu EAEn 2025-26 ikasturterako ikastetxeetan matrikula egiteko garaia, eta etxe askotan etxeko txikienak urrats berria emango du hemendik gutxira, irailean, eskolaratzea, alegia. Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneko kideok apustu sendoa egiten dugu eskola publikoaren... [+]


Kuotak, ikastoletan

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege berria onartu zenetik, aurrerantzean hezkuntza doakoa izango dela behin eta berriro entzuten/irakurtzen ari gara. Eragile desberdinei entzun diegu, baita Hezkuntza Sailari ere, eta hedabideei eskaintzen dizkiegun elkarrizketatan... [+]


2025-02-20 | Manex Gurrutxaga
EH Bilduren barne kongresuaz: behin betiko integraziorako bidea

Hilabetearen hasieran egin zuen EH Bilduk III. Kongresua, Iruñean. “Ez ohiko ondorioak” ateratzeko balio duen “ohiko kongresua” omen da, edo horrela jaso dute behintzat Zutunik ponentzian, zuzendaritzak proposatu eta militantziak aho batez onartu... [+]


Eguneraketa berriak daude