Hori da EHUko hiru irakaslek egindako ikerketaren ondorio nagusietakoa. Haien arabera, 2012ko salgai kopuru berdintsua garraiatuko du Euskal Y-ak 2030ean, ordurako abian jartzen bada. Bidaiariei dagokionez, 2030erako Euskal Y-ak 5,8 milioiko bidaiari dentsitatea izango duela aurreikusten da. Mundu mailako kalkulu estandarren arabera, abiadura handiko linea bat errentagarri izateko, urteko bidaiari dentsitatea 10 milioi bidaiarikoa litzateke.
Azterketa lana EHUko irakasle Gorka Bueno, Andoni Kortazar eta David Hoyos irakasleek egin dute, erakunde publikoek egindako azterketetan oinarrituta. Bidaiari datuak Espainiako Trenbide Egituretako Kudeatzaileak (Adif) 2015ean egindako azterlanetik atera dituzte (publiko egindako azkena da). Salgaien garraio kalkuluak, ordea, Arabako Jundizeko industriagunean egiten ari diren tren terminalerako datuekin egin dituzte batez ere. Terminal hau klabea da salgaien garraiorako, han egingo direlako iparraldetik zein hegoaldetik datozen salgaien transakzioak trenbide mota batetik bestera.
Unibertsitateko Ekopol taldeko kideak ere badira hiru irakasleak eta argitaratutako artikuluan ohartarazten dute ez dela ulergarria Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak ez ematea daturik Euskal Y-ak izango duen salgaien garraioaz: “Harrigarria da EAEn inoiz proiektatu den obrarik garestienak, lanak 1992an hasi zirenetik jada 30 urte bete direnean, itxuraz 10.000 milioi euroko inbertsioa justifikatzen duen garraio eskari azterketa sendorik ez izatea”.
"Ez du bermatuko gutxieneko errentagarritasun sozioekonomikoa, ez du lagunduko klima-aldaketaren aurkako borrokan edo ibilgailuak errepidetik trenbidera desplazatzen"
Ikerlariek, halaber, zalantzan jartzen dute eraikitzen ari diren azpiegitura erraldoiaren errentagarritasuna: “Urte hori erreferentziatzat hartuta (2030), agerian dago eskari horrek ez duela bermatzen gutxieneko errentagarritasun sozioekonomikoa, eta ez duela lagunduko klima-aldaketaren aurkako borrokan edo ibilgailuak errepidetik trenbidera modu esanguratsuan desplazatzen”.
Bidaiari gutxi, errentagarritasunik ez
Aipatu dugun Adif-eko 2015eko azterketan hainbat aukera lantzen dira, eta horietako baikorrenean honako bidaiari kopuruak aurreikusten dira ondorengo 30 urteetarako: “2020an 3,8 milioi bidaiari, 2030ean 5,8 milioi, 2040an 6,9 milioi eta 2049an 7,6 milioi”. Bistan da 2020koa ez dela bete, azpiegitura oraindik eraiki barik dagoelako. 2030erako hipotesiak ere baditu zailtasunak: batetik, hiriburuetako geltokiak martxan egon beharko lukete ordurako, eta hori oso zaila da; horrek, aldiz, izan lezake konponbiderik, agintarien aurreikuspenetan tren lasterra behin-behineko geltokiekin hasi daitekeelako bere lehen urratsetan.
Badira zailtasun handiagoak, aldiz, 5,8 milioi bidaiarien datu baikor hori betetzeko, inguruetan eraikitzen ari diren abiadura handiko azpiegiturak ere martxan egon beharko luketelako 2030erako: Burgos eta Gasteizko zatia bukatuta, Nafarroako korridorea ere bai, Madrid eta Lisboaren arteko linea martxan, eta Akize eta Hendaia arteko linea ere eginda. “Horiek gabe, trafikoak askoz apalagoak lirateke”, diote ikerlariek. Edozein kasutan, inongo aurreikuspenetan ez dira iristen sozioekonomikoki errentagarritzat jotzen diren urteko 10 milioi bidaiarietara.
Munduko beste herrialdeek dituzten bidaiari dentsitatearekin konparatuta, halaber, urriak dira Euskal Y-aren aurreikuspenak: Trenaren Nazioarteko Batasunaren COVID-19ko pandemiaren aurreko datuetan, Frantziako bidaiari dentsitatea urteko 22 milioikoa zen; Txinan beste 22 milioikoa, eta Taiwan eta Japoniakoak 35 milioi ingurukoak. Hau da, Frantziak eta Txinak baino lau aldiz bidaiari gutxiago, eta Taiwanek edo Japoniak baino sei aldiz gutxiago.
2012ko salgai kopurua eramango du AHTk 2030ean
Lehenik argitu behar da Espainiako edota Frantziako AHT sareak ez daudela prestatuak salgaiak garraiatzeko. Euskal Y-a edo Nafarroako korridoreak bai ordea, eta horregatik ofizialki prestazio handiko trenbide gisa izendatzen dira. Horrek esan nahi du bidaiariak daramatzaten trenek ezin dutela 220 km/h-ko abiadura gainditu, eta salgaien kasuan 120 km/h-koa.
Garraiatuko diren salgaien kopuruak finkatzeko, eraikitzen ari diren Jundizko terminalerako Eusko Jaurlaritzak eta Adifek 2019an aurreikusitako datuak erabili dituzte Ekopoleko irakasleek. Bi egoera aurreikusten dira, eta baikorrena erabili dute. Horren arabera, 2030ean 1,58 megatona (Mt) salgai pasatuko lirateke Euskal Y-tik.
Datu horiek beteko ote diren ere zalantzak dituzte txosten honen egileek, nagusiki bi arrazoirengatik: batetik 1,58 Mt horietatik 0,25 Mt kaietara doazen salgaiak lirateke, baina horretarako Bilboko Hegoaldeko Trenbideak eta Serantes mendiko tunelak eginda egon beharko lukete Bilboko portura iritsi ahal izateko; gainera, irakasleek diotenez, Bilbok dagoeneko badu portu lehor bat Arasur-en, Miranda de Ebrotik (Burgos) gertu. Horrez gain, tren autobideak ere ez dira oso arrakastatsuak izaten ari eta Jundizeko terminalerako aurreikusten diren datuen arabera, kamioez kargatutako hamabi tren bakarrik pasatuko lirateke eguneko geltoki hartatik, edo bestela esanda, 194 bat kamioi eguneko. Hori litzateke errepidetik AHT-k kenduko lukeen kamioi kopurua. Irundik egunero 10.000 kamioi pasatzen dira.
Euskal Y-ak trantsizio energetikoa zailtzen du
Laburtuta: Euskal Y-ak 500 tonako 12 tren izango lituzke eguneko, hau da, 2012an Bilboko portura ohiko trenbideak (720. linea) eramaten zituen salgaien trafikoaren gisakoa. Edo bestela esanda, 2015ean egindako Errentagarritasun ekonomiko-soziala eta finantzieroaren ikerketa ofizialek 2030. urterako aurreikusten zituzten 13.06 Mt-etatik %12,1 bakarrik garraiatuko duela Euskal Y-ak.
Datu horietatik bi ondorio ateratzen dituzte: bat, Euskal Y-an egindako inbertsioak zaildu egiten duela aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan egin beharreko trantsizio energetikoa; bi, agintariek aurreikuspen eskasak egiten dituztela AHTko azpiegituretan, Espainiako Airef-ek (Erantzukizun Fiskalaren Agintaritza Independentea) edo Europar Batasuneko Kontuen Auzitegiek dagoneko ohartarazi duten moduan.
Frantziako Gobernuak Espainiakoari baieztatu dionez, Abiadura Handiko Trena ez da Hego Euskal Herrira iritsiko (Irungo loturara) gutxienez 2042 urtera arte. Ez dago Parisen lehentasunen artean.
Espainiako Garraio Jasangarrirako estatu idazkari José Antonio Santanok adierazi du Eusko Jaurlaritzaren helegite bat onartu dutela Ezkio-Itsasoko konexioari buruz, Aralarri "hainbeste" kalte egingo ez liokeena.
2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko... [+]
Informaziorik helarazi gabe eta baimen eskaerarik gabe hasi dituzte Abiadura Handiko Trena eraikitzeko asmoz lehenago egin beharrak diren zundaketa lanak Otsobi kontzejuaren lurretan. Stop Zundaketak plataformak jakinarazi du egoera: "Izako Udalari edo Otsobiko kontzejuari... [+]
Lapurdi zeharkatuko lukeen AHT egitasmoa aitzina doala salatu du ingurumenaren alde dabiltzan elkarteen artean osaturiko CADE kolektiboak. Urriaren 12 eta 13rako jarri du hitzordua, Gironda eskualdean Lurraren Altxamenduak sareak antolaturiko protestari sostengua erakutsiz.
Oscar Puente Espainiako Garraio ministroaren esanetan, Nafarroarekin lotura egiteko aukerarik "onargarriena" Gasteizkoa da, Ezkio-Itsasoko ibilbideak "konplexutasun teknikoak" dituelako.
2017an Gaintxurizketan tunela zulatzen hasi zirenetik etengabeak izan dira AHTko obrek Renferen tren zerbitzuan eragindako murrizketak eta kalteak. Orain, Espainiako Garraio Ministerioak iragarri du udaran hainbat astez etenda egongo dela zerbitzu hori Hernani eta Irun artean... [+]
Manifestazio jendetsua egin dute Altsasun AHTren lanak gelditzea eta gaur egungo trenbidea hobetzea eskatzeko.
AHTren kontrako eta trenaren aldeko eragileek deituta, manifestazioa egingo dute Altsasun apirilaren 20an, larunbatarekin, tren-azpiegiturak berritu eta trenen maiztasuna handitzea eskatzeko. Alternatiba bat badagoela gogorarazi dute deitzaileek eta azterketa hori aurrera... [+]