Euskadiko Euskal Pilota Federazioa eskubide osoko kide izatea onartu du Nazioarteko Pilota Federazioak, larunbatean Iruñean egindako batzarrean. Ofizialtasuna lortzeko bidean urrats handia da, "lorpen historikoa", Euskadiko Federazioak adierazi duenez, baina gogorarazi du Madrilek baiezkoa eman beharko duela, eta beste federazio batzuek helegiteak jar ditzaketela.
Nazioarteko Federazioak eskubide osoko kide izatea onartuta, Euskadiko Federazioa 2026 eta 2030eko hiztorduetara begira dago. Litekeena baita, bere historian lehenbizikoz, euskal selekzioak 2026an Munduko Pilota Txapelketan parte hartzea –Argentinan jokatuko da–, baita 2030ean Bilbon eta Gernika-Lumon egingo den txapelketan ere. Hasiera batean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pilotariek soilik osatuko lukete euskal selekzioa.
"Lorpen historiko honek euskal pilota selekzioak Nazioarteko Federazioak antolatutako txapelketetan ofizialki lehiatzeko aukera zabaltzen du", dio Euskadiko Federazioak plazaratutako oharrak. Dena den, federazioko presidente Gotzon Enbilek albistea "pozik baina kautelaz" hartu dutela esan du, federazioren batek helegitea jartzea espero dutelako, EITBk jaso duenez.
Enbil: "Nazioarteko Federazioak onartu gaituen momentutik, ulertzen dugu badugula ofizial izateko baimen hori"
Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiari begira dago orain Euskadiko Euskal Pilota Federazioa, ez dagoelako guztiz argi hark baimena emango duen ala ez. Enbilen ustez, kontseiluak ez du argudiorik erabakia atzera botatzeko: "Nazioarteko Federazioak onartu gaituen momentutik, ulertzen dugu badugula ofizial izateko baimen hori". Hala ere, oraindik "borrokatu" egin beharko dela esan dio EITBri, ikusi beharko delako alegazioak dauden eta zein norabidetan datozen, "guk aurreikusi ez dugun zerbaitekin etor daitezkeelako beharbada".
"Federazioak bazituen orain arte selekzioko talde batzuk [joko zuzeneko pilota kiroletan], baina orain, modalitate denetan eta munduko txapelketa guztietan parte hartu ahal izango dugu. Euskal Selekzio bezala jokatuko dugu Espainiaren kontra, Frantziaren kontra edo Mexikoren kontra, esaterako", gaineratu du Euskal Federazioko presidenteak.
Espainiako Federazioaren haserrea
Alegazioak aipatuta, bereziki Espainiako Federazioa datorkio jendeari burura. Hain justu, Berria egunkariak jakin duenaren arabera, Espainiako ordezkaria denari, Julián García Angulori, ez diote batzarrera sartzen ere utzi, izatez haren karguaren aldia amaitu egin baita, eta hauteskundeak ez baitira egin. Haren iloba ere saiatu da bilkuran sartzen bozketan parte hartzeko, baina hari ere ez diote utzi, Iñaut Matauko Rada kazetariak azaldu duenez. Bestalde, Kubak ere ezin izan du bozkatu, zorrak dituelako Nazioarteko Federazioan. Espero zen Espainiako eta Kubako ordezkari horiek ezetz bozkatzea, eta, ezin izan dutenez parte hartu, aurrera atera da proposamena. Txilek bakarrik bozkatu du proposamenaren kontra; Costa Rica abstenitu egin da, eta gainontzeko guztiek aldeko botoa eman dute.
Julián García Angulok gertatutakoa "bidegabea" dela esan du bere sare sozialetara igotako mezuan, eta gaia "azken muturreraino" eramango dutela gaineratu. "Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak ez dauka bidegabekeria hau onartzerik. Argi dago gu [Espainia] babesten gaituzten herrialdeei oztopoak jarri nahi zizkietela, batzarrean parte hartzerik izan ez zezaten", dio Angulok, ABC egunkariak plazaratutako elkarrizketan. Antzeko terminoetan mintzatu da UPN alderdia, erabakia "bidegabea" dela iritzita. Baita PP ere. "EAJ eta Pedro Sánchezen azken azpijokoak euskal pilotari kalte egiten dio", adierazi du Esther Martínez EAEko PPko idazkari nagusiak. Eta gustukoak ez diren ekintzak gutxiesteko erabili ohi den esaldia gehitu: "Politikakeria ez da kirola".
Imanol Pradales: "Berri bikaina da"
"Berri bikaina da pilotarentzat, euskal kirolarentzat eta baita euskararentzat ere", idatzi du, berriz, EAEko lehendakari Imanol Pradalesek bere sare sozialetan. "Ofizialtasun hori urrats bat gehiago da gure nazioa aitortzeko. Urrats garrantzitsua da gure Herriaren nazioarteko proiekziorako eta gure hizkuntza eta kulturarentzako espazio berriak konkistatzeko. Izan ere, euskara nazioarteko pilota txapelketetako hizkuntza ofiziala izango da. Eusko Jaurlaritzak euskal kirol federazioei ofizialtasuna lortzen laguntzen jarraituko du".
EH Bai-k eta EH Bildu-k ere baikortasunez jaso dute albistea. "Dei egiten diegu euskal herritarrei eta instituzioei Euskal Herri osoa aintzat hartuko dituen esparru guztietan, kirolean bezalaxe gainontzeko guztietan, naziotasunaren bidean lanean jarraitzeko. Helburua Euskal Herria osoa barnebilduko dituen kiroletako euskal selekzioak erdiestea baita", dio bi alderdiek zabaldutako oharrak.
Gu ere bai ekimenak, halaber, "balorazio ona" egin du Nazioarteko Federazioaren erabakiaz. "Bide baten emaitza da", adierazi dute taldeko kideek Euskadi Irratian. "Ikusi da kirolariak, gizarte zibila eta arduradun tekniko eta politikoak norabide berean doazenean posible dela. Honek kirolari egiten dio mesede, herriari". Nazioartean lehiatzeko aukera gauzatzekotan, "euskal lurralde guztietako pilotarien parte-hartzea" bermatu beharko litzatekeela nabarmendu du ekimen herritarrak.
Euskal Herriko ardi moztaileek ofizialtasuna lortu dute nazioarteko lehiaketetarako, eta 2026ko munduko txapelketan parte hartzeko asmoa daukate. Lehenago, 2025ean, Euskal Herriko txapelketa egin nahi dute.
Iruñeko Labrit pilotalekuan ari da jokatzen 22 urtez azpiko XI. Munduko Euskal Pilota Txapelketa. Abuztuaren 31ra bitartean zazpi herrialdetako 200 pilotari baino gehiagok hartuko dute parte. Euskal selekzioak lehiatzerik ez duela-eta, haren ofizialtasuna eskatu dute... [+]
Euskal Herriko pilota selekzioa aldarrikatu du dozenaka pilotarik Hendaian egindako ekitaldi batean. Erabakia larunbatean, Hendaiako Beltzenia pilotalekuan egindako ekitaldi batean ezagutzera eman zuten.
Esquerra Republicanak egindako lege proposamena onartu du Espainiako Kongresuak, eta 2022ko Kirol Legea aldatuko dute.
Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak batzarra egingo du, lehen aldiz euskal pilotarien estatusaren aldaketa aztertzeko prest azaldu ostean. Espainiako Pilota Federazioak bere aurkako "iraintzat" jo du asmoa, eta gaineratu du "izaera nazionalista aitortzea"... [+]
Ostegun arratsaldean dira onartzekoak legea Diputatuen Kongresuan. Aurretik ere Espainiako Selekzioarekin lehiatzeari ezezkoa ematen zion kirolariak zigorra zuen, baina lege berriak klubei ere ezarriko dizkie. Bi eta hamabost urte bitartez federazio lizentzia galtzea ekar... [+]
Hilaren bukaeran jokatuko da Biarritzen Munduko Pilota Txapelketa, baina euskal pilotariek ezingo dute haiek nahiko luketen taldearekin lehiatu. Ekintzak eskatu dizkiete instituzio, eragile eta alderdi politikoei.
Grabatutako mezu baten bidez erantzun digu Athleticeko atzelaria den Mikel Balentziagak (Zumarraga, 1988). Klubari dagokionez zein kirolari gisa une goxoak bizi dituen arren, ez ditu izkutatzen Euskal Selekzioaren egoerak sortzen dizkion kezkak. Iraganean egindako akatsak... [+]